Deurmekaar

Gotzon Egia Goienetxea

Munduaren beste muturrean ez izatera, berripaperetan maizago izango genuen haren aipu. Kasu berezia da berea, hemimeliaren gaitza zekarren jaiotzetik, umetan bi zangoak moztu behar izan zizkioten belaunetik behera, protesi ikusgarriekin lehiatzera behartu zen, lasterka. Ohore neurriz gaindikoa lortzera iritsi zen Oscar Pistorius hegoafrikarra: 2011ko Olinpiar Jokoetan atleta normalekin lehiatu zen, zilarrezko domina bat paparreratzera heldu zen, 400 m txandakako hegoafrikar taldearen partaide.

Hedabideen ospeak apartuta, beltzen nagusigoan zuri gutxi batzuentzat erreserbatutako bizitza zeraman Pretorian: Reeva Steenkamp modelo ezagunarekin bizi zen, gated community esklusibo batean, elkarrizketa, ekintza karitatetsu eta festa dotoreen gurpilean. Dena eten zen arte, 2013ko otsailaren 14eko gauean, Pistoriusek tiroz hil zuenean Steenkamp. Lapurren bat somatu zuela komunean, atea ireki gabe tiro egin zuela… gauza ziur bakarra hilotza.

Epaiketara auzoak deitu dituzte lekuko, gau hartan entzun zutenaz deklaratzera. Beltzik ez dago horien artean, segurki, bai ordea herbeheretar kolonoen oinordeko afrikaans hitz egiten duten zuri aberatsak. Epaiketan interpreteak ezarri dituzte, denek ingelesez jakin arren bakoitzak bere ama hizkuntzan mintzatzerik izan dezan. Hasi da deklaratzen Michelle Burger afrikaansez, etenka, irudiz interpretearen jardunagatik. Hitz batean trabatu dira gauzak. Tiroak entzun ziren gau hartan, deurmekaar zegoela esan du Burgerrek; confused itzuli du ingelesez. Pistoriusen abokatuak horri heldu dio, benetan nahasirik ote zegoen, entzun zuena ongi identifikatzeko gai ote zen une hartan. Ez, nahasirik ez, artega, kezkaturik, goganbehartuta; interpretearen akatsa, ñabardura ongi ez bereiztea.

Thokozile Masipa epaileak arazorik ote duen galdetuta, interpretearen gainetik jartzeko zalantzarik ez du izan:

She is interpreting what I am saying. Some of the words are not what I am saying and then I am correcting in English

Erabaki dezala erantzun dio emakume epaile beltzak: nahi badu, ingelesez egin dezala. Afrikaansez jarraitzea erabaki du Burguerrek.

Interpretearen akatsa haizatu dute Hegoafrikako hedabide ingeles guztiek, aho batez, enegarrengo lost in translation atal bat osatu nahirik.

Hizkuntza aniztasunaren errespetuzko ikuspen eder bat, esango nuke, 11 hizkuntza ofizial dituen Hegoafrika berrian.

Mi pyeryedayem mislyi posryedstvom ryechyi

Gotzon Egia Goienetxea

Makina bidez egindako itzulpenak 60 urte bete ditu berriki: 1954ko urtarrilaren 7an, IBM 701 konputagailua erabili zuten Georgetown-go Unibertsitatean, errusiera transliteratutik ingelesera bihurtzeko 60 bat esaldi. Goiburuko esaldia («Hizketaren bitartez adierazten ditugu pentsamenduak») izan zen horietako bat, egunkariek gehien zabaldu zutena, esperimentu haren kronika suharretan. Pasadizoa gogora ekartzen zuen @natalykelly blogariak iragan astean, Why Machines Alone Cannot Solve the World’s Translation Problem (Zergatik makinek bakarrik ezin dioten buru egin munduaren itzulpen arazoari) artikuluan.

georgetown_experiment_1954Lasterraldi batean murgildu ziren, harrez geroztik, ingeniari asko, eta hizkuntzalari batzuk, makinei itzulpengintza irakatsi nahian, gizaki itzultzaileen lekua har zezaten albait lasterren. Lantegia ez zen uste bezain erraza, itxura guztien arabera. Sei hamarraldi eta gero, behin-behineko bilan bat egin nahi nuke, euskal itzultzaileok izan dugun jarreraz.

Onberegiak izan gara makinek egindako itzulpenekin, eta, egia esateko, ez dut ulertzen zergatik. Gizaki itzultzailearen emaitzak estu hartzen ditugun neurri berean barkatzen dizkiegu era guztietako akatsak, oinarrizkoenak izanda ere, makina itzultzaileei.

Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaz 2008an garatutako itzultzaile automatikoari (sic) eskatuko diogu esaldi soil bat itzultzea gaztelaniatik euskarara:

es: Miren tiene las llaves en el bolsillo
eu: Begira dezaten du sakelako giltzak

SVO egitura ezin sinpleago bat ez da ulertzeko gai; bai, ohartzen naiz, Miren aditza izan daitekeela gaztelaniaz, baina kasu horretan koma batek bakartuko luke, eta, koma hori idatzita ere, emaitza ez da hobea, baizik are aldrebesagoa.

Barkaberak izan gara makinekin, sobera eta larregi, gizakiekin zorrotz izan garen bitartean. Konfiantza gehiegi ipini dugu makina itzultzaileetan, ikusi besterik ez dago zenbat diru publiko eman dugun horretara, akatsez beteriko emaitzak jaso arren, behin eta berriro. Aski da argudio aringarriez: itzulpengintza oso konplexua dela ez zuten ingeniariek deskubritu, hori itzultzaileek bagenekien aspaldi, nihil novum sub sole alde horretatik.

Mito batetik abiatu zen makina bidezko itzulpena, eta hortik atera ezinik dabil beti: itzultzaile izateko aski dela jatorrizko eta xede hizkuntzak ongi jakitea. Ez, jakina, gizaki elebidun perfektuenetan frogatzen ahal dugun bezala, ez da aski hizkuntzak ongi jakitea; hizkuntzen ertzak –Atxagak zioen bezala– elkartzeko zubia behar da, itzulpengintzaren langintza eta arte konplexua, alegia.

Zenbakiekin jolasean

Gotzon Egia Goienetxea

Aspaldi, @luistxo Fernandez adiskideari entzun nion (edo irakurri? ahaztuta nago) ItzuL zerrenda dela posta sare profesional aktibo eta eraginkorrena Euskal Herrian, ez bakarrik euskaraz aritzen diren posta zerrenden artean, baizik ere erdaraz aritzen direnen aldean.

Joan den abenduaren 8an 15 urte bete dituenez, bizirik eta osasuntsu, nahi nuke euskal itzultzaileen lan tresna profesional honen zenbakiekin pixka bat jolastu.

«Zenbakiek xarmatu egiten naute batzuetanidatzi zuen behin Mark Twainek–, bereziki neronek moldatu behar ditudanean, halakoetan Disraeliren esaldia zuzen eta indartsu etortzen baitzait gogora: “Hiru gezur mota dago: gezurrak, gezur hutsak, eta estatistikak”». Otoi, ez hartu, beraz, hitzez hitz segidan datozenak.

Zer aukera daukazu erantzunen bat jasotzeko ItzuL posta zerrendara galdera bat bidaltzen baduzu? Zerrendan apur bat ibili denak badaki galdera oso gutxi gelditzen dela erantzunen bat jaso gabe; denetarako irtenbideak aurkitzen dira, gaitz da topatzea zerrendan argitzen ez den korapilorik edo ezkutuko daturik. Ederki, baina badago zenbakitan jartzerik zerrendaren eraginkortasun maila?

Horixe egiten saiatuko naiz: hartu ditut azken bost urteetan (2008-2013) martxoan, ekainean eta urrian ItzuL zerrendara bidalitako mezu guztiak, erantzun tasa aurkitzeko. Hil horiek hartu ditut, urterik urte, itzultzaileon lanaren erakusgarri izan daitezkeelakoan, opor garai eta bestelako gorabeheretatik libre.

Esandako hamabost hilabeteotan, 2.506 mezu gurutzatu ditugu ItzuLen; batez beste, hilean 167,07 mezu, zehazki esateko.

Galderak, zalantzak edo laguntza eskeak, nolabaiteko erantzunen baten itxaropenetan bidalitako mezuak, alegia, 546 izan dira. Horien artean, erantzun batere gabekoak 40 izan dira; baina den-denak ez genituzke galdera erantzunen bat eskatzen duten horietakotzat hartu behar: 29 informazio emate hutsak, edo zerrendaren administrazio kontuak (proba, barkatu, harpidetza kendu nahi dut…) dira. Garbi, 11 galdera gelditu dira guztiz umezurtz. Gainera, galderei emandako erantzunak 1.960 mezu izan direla kontuan hartuta…

Ondorioa argi dago: ItzuL posta zerrendara galdera bat bidaltzen duenak % 97,99 probabilitate dauka 3,6 erantzun jasotzeko. Esan daiteke hori dela ItzuLen eraginkortasun tasa.

Azken bitxikeria bat. Kontuan hartu ditudan 15 hilabeteotan erantzun gehien jaso duten galderak izan dira:

  • Zer liburu ari gara irakurtzen?  (2012-10-07) 77 erantzun.
  • Copago (2012-06-04) 54 erantzun.

Zubiaren bi aldeetan

Gotzon Egia Goienetxea

Erantzukizun ederra leporatu zigun itzultzaileoi Bernardo Atxagak: «euskararen auzia itzulpenaren auzia da». Euskaltegien ikasturte hasieran, HABEren deiak jakin-mina piztuta, idazlea aingurez eta kortxoez entzutera inguratu nintzen Gasteizera, baina arrantza tresnak gutxi aipatu zituen, zeharka besterik ez. Aldiz, itzultzaileak izan zituen ekuazio baten itxura duen tesiaren hornigai.

Irakur ezazue, plazer baduzue, edo entzun, begiak gehiegi nekatu gabe, Atxagaren hitzaldia, hitzez hitz, HABEren Ikasbil.net webgune ezin aberatsagoan.

Labur esateko: zubiaren metafora, hainbestetan erabili izan dena itzultzaileen zeregina irudikatzeko, hartzen du Atxagak. Zubiaren alde batera, esparru txiki bat, mugatua, euskararena ikusten du; bestera, berriz, erdaren eremu landu azkengabea. Bi esparru horien arteko lotura, zubia, itzulpenak egiten du; horregatik:

Zubi horrek ondo lan egiten baldin badu eta alde batetik ekarri beharrekoa bestera ondo ekartzen baldin badu, euskara ondo ibiliko da, gure hizkuntzak etorkizuna izango du.

Uler beza irakurleak: zubi horrek ez badu lana ongi egiten, kaput, akabo, euskara ez da ongi ibiliko, etorkizun laburra iragartzen ahal zaio. Izan ere, Atxagaren irudiko, zubiaren norabide batean doaz, batez ere, gauzak:

Euskal Herriko udaletxeek, Aldundiek, erakunde guztiek dokumentu bat kanporatzen duten guztietan, dela ura eta garraioaren inguruko ohar bat, dela akta bat, dela zernahi, hori da testu itzuli bat. Ez da berez. Ez da sortzez. Ez da abiapuntutik, ab ovo, ez da euskalduna. Gogoan hartu behar duzue baita ere gure eskoletan, txikientzako eskoletan, gazteentzako eskoletan, unibertsitatean, (…) hizkuntzaren erabilera ia dena, itzulpena da. Beste hizkuntza batetik ekarri da euskarara. Alegia, zubia zeharkatu behar izan du.

Are eta gehiago, ekuazio moduko bat egiten berriro: «Beraz, berriro esanda, euskara idatzia, edo irakurria, berdin euskara itzulia».

Itzultzaileen lana ona izango den segurantza izateko bide batzuk ere ikusten ditu idazleak, araudi bat irudikatzen du, itzultzaileek bete beharrekoa. Bat: itzulpenak sinatu egin behar dira, itzultzaileak erantzukizuna hartu behar du, idazleak egiten duen eran. Bi: itzulpenek edizio lan bat, zuzenketa bat behar dute. Hiru: itzultzaileek elkarrekin lan egin behar dute. Lau: itzulpengintzaren ardura goi-maila instituzionalean hartu behar du gobernuak. Eta bost: itzultzaileen ahaleginari etekin hobea atera behar zaio:

Eskema da: udaletxean, nonbait, baita herri euskaldunetan ere, egiten da dena erdaraz eta gero hori itzuli egiten da, eta hor daude, itzultzaileak itzultzen. Ez dakit, (…) wikipedia itzultzen jarriko bagenitu aktak egiten dituzten guzti horiek, ez al litzateke askozaz ere leku egokiagoa, askozaz ere toki emankorragoa?

Ez dakit, zientzia zehatzetatik urrun ikusi dut itzulpengintza beti, esango nuke zientziatik edo metodotik duen bezainbatean duela artetik eta eskulangintzatik. Aurkikuntza handirik ez da esatea itzulpen batzuk, asko agian, oker edo gaizki egin izan direla euskarara; alderantzizkoa, zuzen eta ongi, ere ez. Aukera teoriko ugariren artean, hautu zehatzen oreka zaila etengabe berdintzea du itzultzaileak lana. Erraz du, erraz duen bezala, tronpatzea, hanka sartzea, oker edo ezlekuan hautatzea, ulermena erratzea. Etsaiaren itzala begipean duela lan egitera ohituta dagoela esango nuke.

Ederki, hori dena esanda, uste dut esan behar dela baita ere euskara modernoaren garamena ez daitekeela osorik uler, ez bada itzultzaileen lan sistematiko, jarraiki eta grinaz betetakoa gogoan izan gabe. Ez erabilera ofizialetan (udalak…), ez, gutxiago, hezkuntzaren munduan; zer esanik ez, literaturan.

Zuei ez nizueke esan behar, badakizue ongi: ez dut ezagutzen beste lanbiderik, herri honetan, elkarturik lan egiteko tresna berariazko, ongi hedatu eta hain aktibo bat duenik, euskal itzultzaileok dugun ItzuL posta zerrendaren aldean; ezta gaztelaniaz edo frantsesez ere!

Mintzagai luzea du Atxagaren hitzaldiak, proposamen zehatzak tartean. Uste dut ez genukeela kalterik plaza honetan debate pixka bat eginda.

Bide barrijak (eta III)

Gotzon Egia Goienetxea

Corpus elebidun edo eleaniztunen garapena, horra hizkuntza teknologien beste emaitza ikusgarri bat. Funtsean, itzultzaileek egindako lanari jakintza etekin bat ateratzeko tresnak dira corpus elebidun edo eleaniztunak: corpus paraleloak dira, bi zutabe edo gehiagotan antolatuak (hizkuntza kopuruen arabera), non testu multzo (edo segmentu) bakoitza aldameneko(ar)en itzulpena baita.

Hurbileko adibide batez argiago ikusiko duzue: Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako itzulpenen datu basea. Izatez TMX formatu estandarra duten itzulpen memoriak (es<>eu), corpus lerrokatu edo paralelo baten formatuaz erakusten dira. Bilaketak egin daitezke, galdetutako terminoak jatorrizko dokumentuetan kokatuak ikus daitezke, eta —itzultzailearen ikuspegitik, erabilgarriena— itzulpen memoriak sortu eta norberaren ordenagailura esportatu daitezke. Kontuan izateko eragozpen bat du, dena dela: jatorrizko segmentuen datu pribatuak ezkutatuta daude, benetako datuen ordez  beti letra edo zenbaki berak ipinita.

Nazioarteko erakundeei lotuta sortu izan dira —ulergarria da— corpus eleaniztunak. Hiru adibide, ezagunen artean:

  • Vienna INternet Terminology And Reference System (VINTARS): Nazio Batuen termino, izenburu eta siglen itzulpenak gorde eta kudeatzeko on-line aplikazio bat da. Kontsultaren interfazea argiegia ez bada ere, erakundearen sei hizkuntza ofizialetan (en, fr, es, ru, cn, ar) eskaintzen ditu emaitzak.
  • JRC-Acquis Communautaire: Europako Batasunaren lege multzo osoaren corpusa da. Ez du on-line kontsultatzeko aukerarik ematen, baina corpusa osorik eskuratu daiteke, hizkuntza ofizial bakoitzaren arabera, edo hizkuntza horien konbinaketa guztien corpus elebidun paraleloak eskuratu daitezke.
  • Europako Parlamentuaren aktak: Acquis Communautaire-ren tankeran, corpus elebidun paraleloak eskura daitezke, nahiz ez dauden hizkuntza konbinazio guztiak.

Corpus elebidunak sortzeko beste begiratu bat da, norberaren baratzeko datuak eskaini ordez, testuak Internetetik ateratzea. Izan ere, sarean testu elebidun edo eleaniztun asko dago, profesionalek itzuliak. Testu masa erraldoi horiek eskuratu, lerrokatu (hizkuntza bakoitzeko segmentu baliokideak parez pare jarri) eta, teknologia eraginkorrak erabiliz, on-line bilatu eta ustiatzeko aukerak garabide indartsu eta azkarra ezagutzen ari dira. Open source munduan, saio eder bat sortu dute, OPUS… the open parallel corpus izenaz. Suediako unibertsitate baten laguntzaz, eta kode irekiko webguneen soiltasun erdi hippie batez, corpus multzo handi baten gainean bilaketak egiteko eta datuak eskuratzeko aukera asko eskaintzen ditu. Corpus ikaragarri batez ez izan arren, euskara ere eskaintzen du aukeren artean.

Testuak saretik eskuratzen ditu, baita ere, Linguee bilatzaileak, baina bilaketarako hiztegi indartsu batekin konbinatuta eta, batez ere, teknologia oso modu eraginkorrean erabilita. Bilatzaile itxura erabatekoa du, interfaze soil eta garbi batez. Jatorriz Alemanian sortua zenez, alemanetik abiatu zen, baina gaur egun ingelesa, frantsesa, gaztelania, eta portugesa eskaintzen ditu hizkuntza konbinazioetan. Hazkunde azkarra izaten ari da, 100 milioi inguru itzulpen unitate jasotzen baititu dagoenekoz, webgune profesionaletatik, EBren lege iturrietatik eta patenteetatik hartuak.

Amaitzeko, esparru profesionalez kanpo sortutako bitxikeria bat: Sopelako parroko Jose Antonio Pagolak homilien corpus bat eskaintzen du bere webgunean. Testuak bata bestearen atzetik ageri dira, soil, lerrokatu gabe, baina batzuk txineraz ere bai!

Bide barrijak (II)

Gotzon Egia Goienetxea

Itzulpengintzaren bide berrietan aurrera egiteko aukerak aipatu nituen izen bereko aurreko atal batean, itzultzaileak, hizkuntzalariak eta ingeniariak biltzen direnean itzulpengintzari bideak errazteko xedera.

Eztabaidara ekarri nahi nituzke, oraingoan, itzultzaileon eta teknologiaren arteko harreman terminologikoak eta, orobat, itzultzaileok horren aurrean erakusten ditugun jarrerak. Gauzak nola izendatzen diren garrantzizkoa dela ongi daki itzultzaileak, beste inork baino hobeto, agian; izendapenak arbitrarioak izaten baitira gehienetan, oso gutxitan neutroak.

Har dezagun itzulpen automatikoa. Izendapen horren barruan ulertu izan dugu, XX. mendearen erdiaz geroztik:

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=K-HfpsHPmvw?feature=player_embedded&w=640&h=360]

Definizio bat: «iturburu-hizkuntzako testu batetik abiatuta helburu-hizkuntzako testu (ia) baliokide bat lortzea makina bat erabilita», Wikipediak Itzulpengintza automatikoa sarreran ematen duena hitzez hitz hartuta. Artikulu landua da, esan nahi dut ez dela Wikipediaren labur beharrez horietako bat. Ez bakarrik da artikulu landu bat, baizik ere Wikipediako kategoria oso bat.

Izendapen labaingarria, itzulpen eta automatiko horrela, besterik gabe, lotzea. Iruditzen zait ilusio bat gizentzen duela, itzulpengintza balitz bezala mekanismo automatizagarri bat. Izan ere, itzulpen automatikoa baldin badago, itzulpenak (oraingoz, ez dio axola nolako itzulpenak diren) automatikoki egin badaitezke, baldintzatik derrigortasunera hurbil da urratsa: itzulpenak ez bakarrik egin daitezke, baizik egin behar dira automatikoki. Labur, itzulpenak automatikoki egiten dira, horrela, subjektu inpertsonal batez. Itzultzaile orok dakienean, aldiz, itzulpen eta automatiko direla oximoron handi bat: baldin bada itzulpen, ez da automatiko; eta, alderantziz, automatiko bada, ez da itzulpen.

Ingelesez begiratzen badugu Wikipediaren artikulua, Machine translation aurkitzen dugu. Makinak egindako itzulpena: lilura baten ispilua berriro, iraultza industrialetik zainetaraino errotua dugun miresmen bat, makinak ez baitu huts egiten. Behar da, bakarrik, makina ongi eratua eta doitua izatea. Hori lortuz gero, makinak ez du behin ere kale egiten; itzultzaileak bai, makinak ez.

Horrela, itzulpengintza lotzen badugu, ñabardura gabe, makinaren zehaztasun automatikoarekin, elikatzen ari gara jende gehienaren ezjakintasuna gure lanbideaz. Ekuazio errazei ematen diegu bide: gizakiak egindako itzulpengintza da lan astun, luze, garesti eta eztabaidagarri bat; makinak egindako itzulpen automatikoa da gauza arin, merke (doan!) eta berehalako bat, bere inperfekzio guztiekin bada ere. Dena zaku berean, Wikipediak egiten duen moduan, Itzulpengintza automatikoa kategoriaren azpian jarrita Itzulpen memoria artikulua (hau marka, OpenMT-2 wikiproiektuaren barnean gizakien partaidetzarik gabe itzulia!) edo OmegaT ordenagailuz lagundutako itzulpen sistema. Dena aska beretik jan dezagun, gizakiaren ukiturik gabeko itzulpengintza bezala, itzultzaileari laguntzeko sortutako tresna informatikoak.

Nahasbide horrek kalte besterik ez dio egiten itzulpengintzari, bere (g)izatasuna ezkutatzearekin batera, teknologia inkamikarien sorora lerratzen baitu. Esan dezagun argi: gauza bat dira itzulpengintzaren lagungarriak, garai bateko paperezko hiztegiak bezala, ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak; eta beste gauza bat, ordenagailuak sortutako itzulpenak. Horrela esatea hobe, @natalykelly-k aspaldi ez dela proposatzen zuen eran. Erraz ulertzen da; zehazki esaten da ordenagailu batek sortu duela itzulpena, ez gizakiak; ordenagailuak sortu egiten du, prozesu konplexu bat behar du, ez dago automatismorik. Oharpen itxura du esaldiak, esaten ariko bagina bezala: «erne, itzulpen hori ordenagailu batek sortu du, ez itzultzaile batek».

Etsaiez eta adiskideez

Gotzon Egia Goienetxea

Itzultzailearen etsai gaiztoena –irakurri nion aspaldi arkitekturako testuetan aditu den frantses itzultzaile bati– ez da fakturaren bat ordaintzea ahazten duen bezeroa; ez dira kalitateaz batere arduratu gabe gaizki ordaintzen duten agentzia horiek; are gutxiago omen da lanerako epe beti laburregia. Ez, itzultzailearen benetako etsaia itzultzaile ustekoa da.

Itzultzaile usteko hori elebiduna da noski, itzulpengintza hobbytzat hartzen du, ez du ezagutzen zer ote den fideltasuna, ez da halako txikikeriatan trabaturik gelditzen, gutxiago kezkatzen.

Itzultzaile ustekoen paradisua –gure arkitekto itzultzaileari sinestera– Interneten dago, Wikipedia da, oso atzean utzi gabe, baina, hedabide, blog eta webgune asko.

Nire artean diot, galdetzen hasita, nor ote den, euskal itzulpengintzan, itzultzaile-itzultzaile, eta nor itzultzaile ustekoa, sasikoa (edo interpretea, noski). Non dauden eta nolakoak diren gure lanbidearen perimetroak, jakin eta ebatzi dezagun itzulpengintzan ari den bat profesionala dela, eta beste bat, berriz, outsiderra. Perimetro horri marrak aski lauso eta itxuragabeak ikusten dizkiot, alde batetik; eta zalantzaz beteak, besterik.

Itzulpengintza eta interpretazio ikasketak egindako hamar promozio atera dira, honezkero, Euskal Herriko Unibertsitatetik, kontuak ez baditu gaizki eginak. Berariaz landutako ikasketa ofizialak ditugunez, aitzakiarik ez genuke behar uste izateko titulazio horren jabeak direla, berez eta eskubidez, itzultzaile profesional izatera deituak. Jakina, lanbidearen muga-barruak hain zorrozki definituz gero, bistan da kanpoan utziko genituzkeela eskola eta ibilbide luzeeneko itzultzaile benetan praktikante eta aurrendari gehienak.

Zalantza-auzi horrek iraungo du oraindik urte batzuetan, noski, baina epemuga ezagunik gabe libre eta zabalik gelditzea itzultzaile izateko (esku)bidea, norberaren eginahalean, trebetasunetan eta aukeretan saiatze hutsaren truke, hartarako ikasketa –eta titulazio– berezirik behar izan gabe, iruditzen zait itzultzaile lanbidearen teilatura etengabe harrika aritzea dela.

Itzultzaile profesionalen estatusa arautzeko, unibertsitate ikasketetan gurea baino bide luzeagoa egina duten herrialdeetan, egiaztatutako esperientzia izan daiteke, besteak beste, titulazio ofiziala ordezteko modu bat:

Itzultzaile eta interprete asko lanbide honetara zeharbidetik iritsi izanak erakusten du ez dagoela trebakuntza eredu bakarrik, eta unibertsitateak ezin litezkeela mota guztietako itzultzaile edo interpreteen iturri izan.

J.C. Sager, Itzultzaile profesionalentzako azterketa profesionalak

Gehiago hitz egin behar lukete auzi honetaz, batik bat itzulpengintzaren irakaskuntzan ari diren profesionalek, eta, oro har, lanbidearen ertz guztietan ari diren itzultzaile tituludun nahiz titulu gabeek. Itzulpengintzaren eta interpretazioaren barruti batzuetan titulu bidezko araubide bat aise onartzen dugun eran –zinpekoez ari naiz– agian besteetan ere jardun profesionalak eta amateurrak bereizteko garaia heltzen ari da, apurka-apurka.

Bide barrijak

Gotzon Egia Goienetxea

Ken dezagun, aurrera baino lehen, zalantza hori gure gainetik: itzulpenak, itzulpen onak, gizakiok egiten dituzte, ez makinek. Zer esanik ez, interpretazio onak, gizaki interpreteek egiten dituzte.

Bainaka hasi gabe, baina, aitor dezagun saio asko egin direla ordenagailuak itzultzaile lanetan jartzeko. Aurrerabidea galanki hobetzera iritsi dira hizkuntzalariak eta ingeniariak elkar hartuta, egia da hori, tresna ugari dira sarean, hizkuntza batetik bestera esaldiak zehaztasun handi samarrez aldatzeko gai direnak. Adibide ziur aski ezagunenak euskara ere jasotzen du hizkuntzen eskaintza luzean: Google Translate. Esaldi lau gehienak txukun ematen ditu, esanahia ulertzeko adina; aski, agian, esamoldea à la lettre itzultzea ezinbestekoa ez denean.

Alabaina, teknologia itzulpengintzarekin ­(eta, garabidez, ahozko hizkuntzaren interpretazioarekin) konbinatzen denean, bide berrietan abiatzeko aukerak zabaltzen zaizkio gure lanbideari.

Urrutira gabe, gertuko adibide bat, Dualia etxearena, Arrasaten. Interpretazioak telefono bidez eta denbora errealean eskaintzen ditu, 51 hizkuntzatan: telefonoaren alde batean A hizkuntzan esandakoa, B hizkuntzan entzuten da beste aldean, Dualiarenetik igaro ostean. Teknologiak laguntzen du, pertsonak dira interpretatzen, noski.

Aukera bihurrituagoak eratzeko sormena erakusten du Will Powell britainiar teknologoak. Google Glass proiektuan oinarri harturik, Vuzix betaurrekoak, Raspberry pi miniordenagailuak eta beste elementu arrunt batzuk konbinatuta, hizkuntza banatan ari diren bi pertsonen arteko solasa aldi berean itzuli eta azpidatzi gisa erakusten du betaurreko adimendunetan, Projet Glass izeneko esperimentuan.

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=vw6dJDMmnlw]

Xedez eta hedaduraz, ausartagorik ere bada, adibidez Luis von Ahn guatemalarra; ikertzaile ospetsua da, besteak beste, Interneteko formularioetan ordenagailuei bidea oztopatzeko captcha ezagunen asmatzaileetako bat. Orain, proiektu handizale bat du esku artean: Duolingo, Internet osorik itzultzea, gratis et amore hominis, hizkuntza bat doan ikasteko aukeraren truke. Irudi luke asmo guztiz burugabe bat dela, baina erne, hiztun ugari duten hizkuntzen kasuan, hizkuntza bat ikasteko amuari heltzen diotenen kopurua atalase mailara heltzen bada.

Poetak esana: bide berriak? Bide guztiak!

Poetak ez dira itzultzaile onak

Gotzon Egia Goienetxea

Osip Emilievitx Mandelstam (1891-1938) XX. mendeko errusiar poeta onenen artean dago, aditu gehienen iritzia sinestera. Poesiaren uhin akmeista besarkatu zuelarik, haren ordezkari gorena izan zen, Anna Akhmatova, Nikolai Gumiliov eta Mikhail Kuzminekin batera. Poesia kultura unibertsalaren oroimina da beretzat, hitzak materiaren ahots dira, eta ahotsaren materia, harria. Hitz zuzen eta argiak maite ditu. Ez du sinbolisten bidea onartzen, haien ikuspen erlijiosoa, beste munduaren alderdi ezkutuak etengabe aditzera eman nahi hori.

Gaztaroan, boltxebikeen iraultzaren aurretik, ikasketak Frantzian eta Alemanian egin zituen. Iraultzaren osteko lehen urteetan, haurrentzako ipuin laburrak eta itzulpenak eginez irabazten zuen bizibidea. Bere burua outsider-tzat hartu zuen beti, berehala izan zituen arazoak agintari boltxebikeekin. Jazarpen propagandistikoa hasieran, gogortzen joan zena; Armeniara joan zen, gauzak baretuko ote ziren… Horrela, 1932an Stalinen aurkako poema bat idatzi zuen arte: handik aitzina, sobietar boterearen esetsaldi atergabea ibiliko zuen orpoz orpo. Askok diote, baina, epigrama bera baino larriago izan zela Aleksei Tolstoi sobietar idazleen buruzagiari 1934an eman zion masailekoa, auzi eztabaida hutsal baten erdian. Batera izan zein bestera, atxilo hartu zuten, lehenengoz, 1934an; deserrira bidali zuten, Ural mendien bazter ezkutu batera lehenik, Errusia erdialdeko Voronezh hirira gero, hiru urtez. Moskura itzulita, ostera preso altxatu zuten 1938an; hotzak eta goseak hil zen, urtearen amaieran, Ekialde Urruneko Vtoraya Rechka kontzentrazio esparruan, Vladivostoketik hurbil.

Haren alargun Nadezhda Mandelstam-ek Itxaropen guztien aurka oroimen liburuan bildu zituen senarrarekin batera ibili zuen bizialdi oinazetsua. Ihesaren eta miseriaren oldarraren erdian, hausnar egiten du literaturaz, gizatasunaz, poesiaz eta itzulpenez. Gauza gogorrak esaten ditu itzultzaileen gainean, senarraren iritziak bere hitzetara bilduta:

«Itzulpen prozesua guztiz sorkuntza poetikoaren alderantzizkoa da (…) Ez dut horrekin aipatu nahi, jakina, poeten fusioen mirakulua, Zhukovskirenean edo A. K. Tolstoirenean gertatzen dena, itzulpenak arnas berri bat dakarrenean gure poesiara (…) Halako arrakastak benetako poetek bakarrik lortzen ahal dituzte, eta horiek ere, gutxitan. Itzulpen soila ekintza arrazional bat da, hotza, bertsogintza soil bat (…) Itzulpen lana kontraindikatua zaio benetako poetari, poesiaren sorkuntza eragoztera ere iristen baita.(…)

Bolada batez, gure herrian poesia irakurtzeari utzi zion jendeak. Akhmatovak hala esan zuen horretaz: «Benetako poesiaren izatasuna da horrenbesterainokoa, non ordezko zerbait behin irensten duena pozoituta gelditzen baita betiko». Orain ostera irakurtzen da poesia, inoiz baino gehiago, jendeak ikasi baitu itzultzaile lanbidearen emaitza guztietatik bereizten».

Sinetsita hitz egiten dute Mandelstamdarrek pasarte horietan, benetako poeten talaiatik, goitik behera begiratzen digute traduktore aizundu eta faltsutzaileoi. Ez dira bakarrak, zoritxarrez: esango nuke letren hierarkia hori (goien, idazleak; behean, itzultzaileak) ikuspen zabaldua dela, gure artean ere, kirol izpiritu batek gobernatuko balu bezala egileen sailkapena. Idazle izan gaitezke mundura jaiotakoak, baina, horra, batzuek ez dute inoiz sormenaren Parnasora sartzeko giltzarik aurkituko, eta, besterik ezean, itzulpenak egitera ikusiko dute mugatuta beren arrunkeriazko existentzia. Hitz batera, idazle izateko balio ez duenak, itzultzaile izatera nahikotu beharko du. Alderantziz, jakina, Parnasoren giltzak sakelan dituenak ez du debekurik, ez mugarik, itzulpenaren ogiari kosk egiteko, behar duen guztietan, goseak hartara estutzen badu.

Agian, bizi beharrak bultzaturik egindako itzulpenen kalbarioaz ari da Mandelstam, itzulpengintza hain estimu apurrean hartzen duenean, urtetan bizibidea eman dion langintzarekin hain esker txarreko azaltzen denean. Poesiaren barne iturria ahitua aurkitzen zuenean, Mandelstamek frustrazioz beterik atxikitzen zituen ogibidezko itzulpen haiek. Etsipenaren gailurrera iritsi zen 1928an, Till Eulenspiegel, Herbehereetako eta Alemaniako folkloreko kontakizunaren bigarren argitalpen bat itzultzeko eskatu ziotenean. Lehen edizioaren itzultzailearen izena jartzea ahaztu zitzaion Mandelstami; plagio salaketa bat jarri zion hark, eta, atzetik, sobietar agintarien susmo guztiak abiatu ziren Mandelstamen urratsak gertutik zelatatzera. Armeniara joateko garaia heldu zen, baina nori itzuriz? Sobietar jazarpenari ala itzulpenaren lokatzetan zikintzera behartutako poeta zapuztuari?

Poeta onak, gehienetan, itzultzaile kaskarrak izaten dira. Okerrenak, itzulpena zer den ulertu gabe ere itzulpengintzan aritzeko oilarkeria dutenak. Zorionez, salbuespenak badira, noski; hor dugu Gabriel Aresti bat, edo hor dugu itzultzaileen lana eskuzabaltasunez begiratzeko adimena zuen Jorge Luis Borges bat:

«Yo he sido inventado por mis traductores. Y los prefiero, ya que salgo muy mejorado».

Justo R. Molachino, Jorge Luis Borges, Jorge Mejía Prieto, Borges ante el espejo

Hiztegi demokratikoa

Gotzon Egia Goienetxea

Indarrak ahituta aurrera egiteko, ez duela karguan jarraituko iragarri zuen otsailaren 11n Joseph Aloisius Ratzingerrek, Eliza Katolikoaren eta Vatikanoko estatuaren burutzak utzita mojen komentu batera erretiratuko dela. Azken boladan, ez omen zebilen oso katoliko… atx, barka esamoldea!

Aitaren batean —hitz egiteko modu bat da, berriro— zabaldu zen albistea. Eguerdirako, Berria-k emana zuen izenburu azkar bat: «Aita santuak dimisioa emango du», azken ordukoen atalean. Hedabide handiek nola txikiek aho batez heldu diote sokari, besteak beste Sustatu-k, Zuzeu-k, Kazeta.info-k edo naiz:-ek. EITBk ere bideo sail bat zabaldu du, «Aita Santuaren dimisioa» errubrikaz. Wikipediak, zer duda, berehala eguneratu du Benedikto XVI.a orria, «Dimisioa» izeneko atal berri bat erantsita.

Albistearen hotsaz jabetuko zen Berria­-ko kazetaria, ziurrenik, agian berripapereko zuzendaritza ere bai, bi orduren buruan beste jira bat eman baitiote albiste buruari, berriaren gorputza ezertan aldatu gabe: «Aita santuak uko egin dio karguari». Dimisioa eman, estatu buru batez ari gara, estatu txiki bat, arrazoi, baina estatua, azkenean! Berehala hartzen diogu, baina, esamoldeari usain berezi bat, «hartarako hautatua izan zenak» ematen baitu dimisioa. Hala gertatuko zitzaion, diot nik, Berria-ko kazetariari: pentsatzen hasita, demokratikoegia iruditu zitzaion barrukietatik, bitan pentsatu gabe, sortutako dimisio hura.

Izan ere, hiztegi guztiak zentzu demokratiko hori indartzera datoz, nahita edo nahigabe, dimisio hitzaren definizioa argitzeko ematen dituzten adibideetan. Esate baterako, bazoaz Zehazki hiztegira:

dimisión f dimisio, kargu-uzte: el presidente ha aceptado la dimisión del primer ministro, lehendakariak onartu du lehen ministroak kargua uztea, lehendakariak onartu du lehen ministroaren kargu-uztea.

Eta hasten zara pentsatzen, Berria-ko kazetaria izango bazina bezala, nor izan daitekeen gai, katolikoen Erromako artzain nagusiaren dimisioa onartzeko, nor ote den haren gainetik dagoena.

Frantses gehienak, badakizu, ez ditu elizak azpian harrapatuko, gu baino aise ohituagoak dira laikotasunean, barneratuagoa dute demokraziaren zentzu sakona… Frantsesezko Wikipediara joan beharko duzu erantzun eta argi bila:

Renonciation du pape

La traduction française de la constitution apostolique Universi Dominici Gregis (22 février 1996) emploie une fois le mot « démission » et une fois le mot « renonciation ». Mais dans l’original latin, c’est bien le seul mot “renuntiationem” qui est employé les deux fois. Le pape, n’ayant pas de supérieur ecclésiastique, ne peut remettre sa démission à personne. Il ne peut que renoncer à sa charge, ou encore abdiquer, ce qui a le même sens.

Kontrara, baina berdin, gertatzen zaio aita santu berria izendatzeari: hautatu darabilte, orobat, hedabideek. Burua berehala joaten zaizu hauteskunde batzuk irudikatzera, frantsesezko Wikipedia, berriro ere, infernuko etsai guztiak epeltzera datorkizun arte:

Conclave de 2013

Les cardinaux élisent en principe l’un des leurs, bien qu’il leur soit théoriquement possible d’élire tout catholique adulte de sexe masculin.

Elizakin topo egin diagu… Konklabea, giltzez ixten dena zentzu hertsian (hertsiago, ezin!) ulertzen badugu, hautatze libre baten antonimoa da, ilunkeriaren paradigma, itzal arteko deliberamendu sekretuen harpe zuloa. Zer hauteskunde da hori, aukera teorikoak mugatzen badira «tout catholique adulte»-ra, baina, hori bai, «de sexe masculin»?

Eliza Katolikoaren aita santua, Erromako Burulehena edo, nahiago baduzue, ELMEB, sexu bakar eta bereko kardinal guztiek batera bilduta izendatuko dute, kuria iltzez eta giltzez itxirik. Bitartean, arrazoi emango diot Berria-ko kazetariari, hitzak zentzuz hautatzeagatik, bigarren idatzaldian bada ere.