Ttipitzaileak, ttipikeriak eta txikikeriak

Eneko Bidegain

Batzuentzat txikikeriak izan daitezke gaurko solasak; nire ustez, garrantzitsuak dira. Ñabardurek anitz alda dezakete, eta komunikazio arazoak sor daitezke ttipitzaileak ez direnean berdin ulertzen edo idatzizko estiloan ez badira onartzen.

Gertatu zait norbaitek gaizki ulertzea “ttipikeria” hitza, beste batek egindakoa “ttipikeria” zela erran nuenean. Hain zuzen, pentsatu zuen “txikikeria” erran nahi nuela, eta noski, ez zitzaion txikikeria iruditzen. Harluxet hiztegiaren arabera, txikikeria da Huskeria, garrantzi txikiko gauza.”

Hiztegi gehienek ez dakarte, ordea, “ttipikeria” hitza. Ttipikeria da, Orotariko Euskal Hiztegia-k ongi dakarren bezala:

1. Mezquindad, ruindad. “Holako bihotz zikhoitzetarik ezta iguriki behar ttipikeriarik baizen” H. “Acción baja, vil” A. Ezin nitzazke erran beren xehetasunetan geroztik urthearen azken egunetaradino misionestek jasan behar ukhan zituzten ttipikeriak. Prop 1889, 72. Ttipikeria itsusienen, urdekeria ederrenen egiterat haizu. J. Hiriart-Urruty GH 1951, 91. Azken hok ez dira agertu. […] Egin duten ttipikeria ezin onhetsia da! Herr 18-8-1960, 2

Nolaerran.org hiztegian “ttipikeria” proposatzen du “mesquinerie” hitzaren itzulpen gisa.

Azpimarratu behar da, ordea, Orotariko hiztegiarentzat “txikikeria” antzeko zerbait dela:

Mezquindad, vileza. “Petitesse […] de caractère, etc.” y “petitesse d’action” H. “Abyección” A Apend. Gizon handi batek ez onestea eta bertzeak onestetik gibelatzea, berak zuzena daukan galde bat, ez othe da hori ttikikeria? Eskual 11-7-1913, 1. Maitale garbi dan biyotzean / Txikikeririk ez dago. Elzo-Azpiazu EEs 1916, 323. Ez ahal zekien egiazki nolakoa zen, ez ahal zuen haren gogo —eta bihotz— xikikeriaren berri, bere bizi guztian egin, egiten eta eginen zituen xikikerien berri? Mde HaurB 78. Gizonen arteko txikikeriakaitik agertu ez bazan be, Sibelius soñu-idazlea il zanean “El Bidasoa” astekarirako idatzi neban lantxo bat, euskaraz. Alzola Atalak 94. En DFrec hay 4 ejs. de txikikeria.

Kontua da, gaur egun, “txikikeria” erratean, Harluxet-ek dioena ulertzen dela. Eta “ttipikeria” gauza bera dela pentsatuz gero, erabateko gaizki ulertua sor daitekeela. Joaera horrek erranahi oso zehatza duen hitz bat desagertzea eragin lezake.

Ñabardurekin jarraituz, ohiko hitza z hizkiarekin idatzi ordez x hizkia erabiliz egiten denaz hitz egin nahi nuke. Adibide garbia: zakur eta xakur. Hiztegi batuak dio “xakur” Lapurdin erabiltzen dela, eta “zakur” Lapurdin eta Nafarroan, “txakur” adierazteko. “Txakur”, ordea, ez du zehazten mendebaldean erabiltzen dela “zakur” edo “xakur” adierazteko. Orotariko Hiztegiak dakarren bezala, “xakur” erabiltzen da oro har “txakur txikia” adierazteko, edo orokorki “txakur” adierazteko. Guk halaxe erabiltzen dugu. Haatik, ez bada arrazoi afektiboengatik bederen, nekez deituko dugu “xakur” doberman bat. Hori “zakurra” da. “Zakur”-en ttipitzailea “xakur” baldin bada, “xakur”-ek ere badauka bere ttipitzailea: “ttattur”, txakurra haur hizkeran aipatzeko erabiltzen duguna.

Hiztegiek ez dakarte “gaxte” hitza. Alta, Euskal Herriko hainbat lekutan, “gazte” eta “gaxte” ez da gauza bera. Lagun batekin izan nuen elkarrizketa bat datorkit burura:

— Gaztea da? Zenbat urte ditu?
— 12 urte.
— A! Gaxtea da!

Gauza bera “neska” eta “nexka” desberdintzeko.

Adibide gehiago baldin badago ere, azken batekin bukatuko dut: “zahar” eta “xahar”.

Hiztegian ez dut “xahar” aurkitu. Baina desberdintasuna egiten dugu. Guretzat, xaharra da pertsona biziki zahar bat, eta hitz horrek amultsutasuna ere adierazten du. Ez da gauza bera “zahartzea” eta “xahartzea”. 70 edo 80 urtetan “zahartu” da, 90 urtetik gora “xahartu”. Bitxi da, kasu horretan, ttipitzailea handitzaile izatea, baina “xaharra” era afektiboan erabiltzeak eragiten du hori.

Euskadi gehiago

Eneko Bidegain

Hauteskundeetarako lema edo esloganak hautatzea ez bide da beti ariketa erraza. Zaila da zerbait berezia asmatzea. Joan den egunean, afixa bati begira nengoela, lema batek zer erran nahi zuen ezin ulertuz ibili nintzen: «Euskadi gehiago, Europa berrian». Euskadi gehiago? Gatz gehiago, ogi gehiago, ur gehiago, diru gehiago… edo gutxiago, zer izan daitekeen uler dezaket. Edo bestela bi lagun gehiago etorriko dira bazkaltzera, eta horretarako lau haragi xerra gehiago beharko ditugu erosi. Baina zer da «Euskadi gehiago»? Metafora bat baldin bada, ez dut ulertzen. Zer da Euskadi? Likido mota bat? Eta likido horretatik dosi handiagoa nahi da Europan? Edo Euskadi gehiago nahi ditugu? Zenbat? Lau? Bat? Hiru? Bost? Zazpi?

«Aritmetika arazoak» (Koldo Izagirreren hitzak, Tapia ta Leturiak kantatuak) datozkit gogora. Zenbat lurralde, aditu, euskaldun, aurkari, maitale, bekatu, gobernu, arazo, galdera eta erantzun dituen galdetzen du. Denak kuantifikatu daitezke. Bakoitzetik erdia balu poztu beharko genukeela dio kantuak, maisuki. Dauzkan aurkarien erdiak balitu hobe, eta biztanleen erdiak euskaldunak balira ere bai…

Baina zenbat Euskadi nahi ditugu Europan? Kantuaren haritik segituz, konformatu behar ote genuke Euskadi erdiarekin? Baina bi Euskadi izan ez daitezkeen bezala, Euskadi erdia ere nekez…

Itsusi polita

Eneko Bidegain

Duela zenbait egun «deritzen zaio Trabuko» kantua aipatu zuen Borja Ariztimuño Lopezek, blog honetan. Eta aipu hark Goizuetara narama, herri politik baldin bada, hura hala baita, bere euskara ederrarekin. Eta han erabiltzen omen dute «itsusi polita», deskribapen modura. Bi hitz horiek kontraesankorrak diren arren, «polita» beste adiera batean ulertu behar da: «biziki itsusia», «arras itsusia» edo «ontsa itsusia».

Orotariko Euskal Hiztegiak ez dakar adiera hori, baina bai horretara anitz hurbiltzen den bat, ‘nahiko handia’ adierazteko:

Neskatxa pulita, une grande et forte fille. Haur pulita, un gros et bel enfant. Arrantza polit bat egin dugu, nous avons fait une bonne, une jolie pêche.

Hiztegi horretan ageri den ondoko adiera ezagunagoa egiten zait, «polita» ironiaz ere erabili ohi dugulako: «lan polita egin duzu». Hots, «zer desastrea egin duzun!».

Goizuetarrentzat «itsusi polita» kontraesankorra ez bada ere, inkoherentzia zaie «zelai malkarra», zenbait eskualdetan zehar entzuten duten gisan. Iparraldean ere inkoherentea zaigu. Hainbat lekutan, ordea, eta Orotariko Euskal Hiztegiak lehen adieran dioen moduan, zelaiak lur-saila erran nahi du. Hirugarren adieran baizik ez da ageri «leku laua» adierazteko moduan (Harluxet hiztegian, aldiz, alderantziz). Batzuen zelaia (laua edo malkarra), guretzat pentzea da: eta pentzea izan daiteke malkarra edo zelaia.

Basastoa

Eneko Bidegain

Duela zenbait aste nire lankide eta lagun Joxe Aranzabalek galdera zehatz bat egin zidan. Monsieur Lazhar filmaren euskarazko azpitituluak egiten ari zen, eta une batez Balzac-en liburu bat aipatzen zen: La peau de chagrin. Erantzuna ez nekien, baina Joxeri erantzun nahi niolako batetik, eta galderak jakin-mina piztu zidalako bestetik, bilatu nuen.

«Peau de chagrin» esaera baten zatia da frantsesez: «se rétrécir comme une peau de chagrin» esaerak erran nahi du zerbait pixkanaka desegitea, erabat suntsitu arte, adibidez, langileen eskubideak. Nola itzuli esaera bera euskarara? Hori bertzerik da (zergatik ez «izotz zati bat bezala urtu»?), baina has gaitezen hastapenetik.

Zorionez, itxura guztien arabera, esaera Balzac-en liburuaren izenburutik dator, eta ez alderantziz. Beraz lasai bila dezakegu liburuaren itzulpena, esaerari kasu handirik egin gabe. Zailtasuna ez dator «peau» hitzaren itzulpenetik, «larru» erran nahi baitu, dudarik gabe. «Chagrin», ordea «pena» edo «bihotzmina» da euskaraz, eta hori diote hiztegiek. Baina «peau de chagrin» ez daiteke izan «pena larrua»… Beste zerbait erran nahi du.

Trésor de la Langue Française webgunera jo nuen «chagrin» hitzaren beste adiera baten bila, eta «larrugintza» atalean azaltzen du mando, asto edo zaldi larruazalarekin egiten den larru pikortsu bat dela, askotan luxuzko moltsak-eta egiteko erabiltzen dena. «Une peau de chagrin» erraten zaio larru latz bati ere, baina hiztegi honen arabera, Balzac-en liburuaren izena asto larruaren ideiatik dator. Baina larru mota horren ezaugarria da erraz desegiten dela, eta hortik dator hasieran aipatutako esaera bera ere.

Erabaki bat hartu baino lehen, eleberri hori beste hizkuntzetan nola den begiratu nuen. Espainolezko bertsioak «larru latz» hautatzera bultzatuko gintuzke, La piel de zapa izenburuko «zapa» hitzak «f. Piel áspera de algunos peces selacios, como la lija», erran nahi baitu. Ingelesez bi aukera daude: The Magic Skin eta The Wild Ass’s Skin. «Larru magikoa» hautatuz, guztiz beste bide batetik joango ginateke. Bigarrenak, ordea, «asto basaren larrua» erran nahi du, eta hor hurbiltzen gara jatorrira.

Ideiak garbiago edukitzeko asmoz, nolaerran.org hiztegiaren egileengana jo nuen. Beñat Oihartzabalen argibideak heldu zitzaizkidan: «chagrin» hitza turkieratik omen dator, eta «basasto» erran nahi du. Gomendio horiei segituz, Joxe Aranzabalek Balzac-en liburuari Basasto larrua izenburua eman dio.

Hau da

Eneko Bidegain

Gaur hitz egin nahi dut esaldiaren hasierako zatiari azalpen gehiago emateko helburua duten bigarren zatiez, hau da, aurreko zatia argiago azalduko luketen hurrengo zatiak izango dira artikulu honen gaia. Oraintxe idatzi dudan esaldiak badu zerbait bitxi, ez? Hori da, ordea, maiz irakurtzen dudan esaldi mota. Ez dakit aitzineko ikasturteetan hainbeste zabaldua zen joera hori edo aurtengo ikasleek ikaragarriko joera izan duten «hau da» hori erabiltzeko. Egia erran, bestela ere maiz entzuten da, hedabideetan hitz egiten dutenen ahotik bereziki, baina egoki.

«Hau da», «hots» edo «erran nahi baita» gauza bererako erabiltzen dira. Aitortu behar dut nihaurek «hots» anitz erabiltzen dudala. Baina zein da horien helburua? Aitzineko esaldian aipatutakoa argikiago azaltzea, xehetasun berriekin edo adibide zehatzekin. Edo aitzineko esaldiko aipu zehatzak orokortzea. Orotariko Euskal Hiztegitik hartu ditut adibide batzuk.

Informazio zehatzagoa emateko:

Handik ioanentzare bertze bidearen erdian uest noroestean, hau da, Lorrenetik Arroke Tobasat eta Arroke Tobastik Sen Maloarat. INav 57.

Azaltzeko esaldiaren lehen zatian zeri egin nahi genion erreferentzia:

Guzur andija da, diabrubak kristinau askori siniserazoten deutseena, au da, gerora aldatuko jakeela bijotza onerako. Mg CO 112.

Zehaztasuna orokortzeko:

Egiya da euzkeldun geienak arotz, argin, igeltseru, errementari, au da, berarizko lanbiden bat ebenak, opiziodunak, izaten zirala. Kk Ab II 182.

Ulertzen ez dena ulertarazteko, itzulpena eskaintzeko edo definizioa emateko:

Ola daudela, prantses-izkuntzan / esan oi dute iru aldiz: / “Pax avant”, au da, “Pakea aurrera”. Or Eus 209.

Poliandria, au da, emakume bakar batek gizon bat baiño geiago eukitzea. Vill Jaink 158.

Balorazio bat egiteko:

Ektareako larogei zentimetro, au da, metro eskaxa urteko. Munita 66.

Idatzizko komunikazioan edo ahozkoan, joera handia dugu «hau da» edo «hots» erabiltzeko, eta tresna biziki egokia da diskurtso baten garapenean. Ez dakit denborarekin ikasten den, oharkabean, nola erabili behar den, edo pixka bat irakatsi behar den. Irudipena daukat aurten irakurri ditudan ikasleen idazlanetan, «hau da» sistematikoki erabiltzen zela, baina ez esaldiaren lehen zatiko ideia osatzeko edo tresna diskurtsibo gisa. Ez. Maiz, esaldiaren lehen zatiko ideia errepikatzera mugatzen da «hau da»-ren ondoko zatia. Estilo horretakoak dira ikasle askori irakurri dizkiedan adibideak, exajeratu gabe:

Errepide honetako abiadura muga orduko 90 kilometrokoa da, hau da, ezin da ibili 90 kilometro orduko baino bizkorrago.

Gisa horretako baieztapenak egitearen arrazoia ez da, nik uste, «hau da»-ren erabilera okerra; diskurtso bat eraikitzeko zailtasuna islatzen du. Ez dakit arrazoia den ez dakitela orriak nola bete eta beraz esaldia luzatzeko trikimailu gisa erabiltzen dutela, edo ez daudela ziur azaldu nahi duten ideia ongi azaldu dutela, eta horregatik, badaezpada errepikatzen dutela gauza bera ia-ia hitz berekin.

Zozoa, ergela eta mentsa

Eneko Bidegain

Eskolarteko bertsolari txapelketako final batean, ofiziotan elkarrekin aritu ziren Nafarroa Behereko haur bat eta Gipuzkoako beste bat. Ez dut gogoan gaia zein zen, baina bertso batean Nafarroa Beherekoak bere kantukideari «zozoa» zela erran zion. Gipuzkoarrak, gaitziturik, ihardetsi zion ezetz; eta erakutsi nahi zion zein dinamikoa zen, zein ausarta… Hark ulertu zuen Iparraldeko gazteak gatzik gabea izatea leporatu ziola, mugitzen ez dena, aspergarria… Aitzineko bertsoa ulertu ez zuela pentsatuz, haren bertsoa bertso txartzat jo nezakeen ez banu jakin izan Hegoaldean «zozo» erabiltzeko joera dagoela «soso» adierazteko:

“Soso, insípido” Elexp Berg. Il bedi ollasko bigun gozoa: / ollar zarra, ze yateko zozoa! Zav Fab RIEV 1907, 532 (v. tbn. Mg in VMg 96).

«Soso», ordea, gaztelerako hitza da, eta «geza» erran nahi du. Iparraldean «tontoa» izendatzeko erabili ohi dira «zozo» eta «xoxo» hitzak, Orotariko Euskal Hiztegian ongi jasota dagoen bezala. Bien arteko ñabardura ere badago. «Zozo»-ren adibide hauek hartu ditut OEHtik:

Oren batetik bertzerat, egungo nausia izan ziteken biharko muthil, egungo profeta biharko zozo! Hb Egia 124. Gizon hau zozoa da, dio aitzindariak soldadoer, nola hartu duzue zozo hau barrandari batentzat? Laph 66.

Pertsona zozoa da biziki argia ez dena, ez baitezpada gatz eta biperrik gabea. Izan daiteke biziki pertsona alaia, jendakina, baina ez oso adimentsua. Eta norbait ez dela zozoa diogunean, diogu inteligentea dela, Oxobiren aipu eder horrek erakusten duen bezala:

Hegaldatu den xoxoa / Daukat ez dela zozoa.

«Xoxo» hitzak ia gauza bera erran nahi luke, baina amultsuagoa da. Batetik, pertsona «inozentea» errateko erabil daiteke, «Zer xoxoa naizen! Ez naiz ohartu horrela egin nezakeela». Baina funtsean, «tontoa» adierazteko ere erabiltzen da, baina «tontoa» baino gehiago, ia pertsona «atzeratua» aipatzeko, OEHk jaso dituen bi adibide horietan bezala:

Zure burua erakutsi behar duzu kasernan sartu orduko. Etzitela xoxo bat bezala egon, besten beldurrez. JEtchep 94.

Utzi zazu gixaixo ori pakean, xoxoa da ta… Sabiag Y 1934, 30.

Norbait «zozo» deitzea intentsitate apaleko irain gisa har daitekeen bezala, «xoxoa» ez. Amultsuki erabiltzen da batetik, edo buruz osoa ez den baten kasuan, zuzenean ez zaio leporatuko «xoxoa» izatea. Gure artean erranen genuke beste hura xoxoa dela, baina zinezko xoxoa bakean utziko genuke.

Gehiago sakondu daitezke zozoaren eta xoxoaren arteko ñabardurak, edo zozokerien eta xoxokerien artekoak. Baina hasierako gaira itzuliz, batean tontoa eta bestean geza adierazten duen hitz horren gisan, «ergela» ere ez da guztiz berdin ulertzen Hegoaldean eta Iparraldean.

Kasu gehienetan, «ergela» litzateke goraxeago aipatu dudan «xoxo» hori:

Ergela maiz engana daite, zuhurra behin beizi eztaite. O Pr 142.

Guk «ergel» beste adiera batean erabili ohi dugu. Ergela izan daiteke aski pertsona argia, baina buru-arina, pixka bat pailazoa. Haur batzuk ergelak direla diogunean, ez diogu ikasle txarrak direnik, baizik eta jostakinak eta pixka bat bihurriak direla, ergelkeriak egiten dituztela. Haurrak ergeldu ohi dira Olentzero etorri bezperan, elurra ari duenean, oporren bezperan… Baina horrekin ez diogu xoxoak edo adimen urrikoak direnik.

Larriagoa da «mentsa» izatea edo menstea. Ez gara haserretuko haur ergel batekin, batzuetan pazientzia gal genezake ez delako bere lekuan geldirik egoten, baina maite dugu haur hori. Haur mentsa jasangaitza da. Haurrak mensten dira, bai, Olentzero datorrenean, baina orduan ez zaizkigu hain xarmantak.

Ments baten hitzak eta ekintzak ergel batenak baino larriagoak dira. Oro har, «mentsa» hurbilago da «ero»-tik:

Bobo, tonto, simple. “Faible d’esprit, imbécile” VocBN. “Ments hortarik ez duk deusik atherako, tu ne tireras rien de cet imbécile” Lh.

Nehork ez dezake sustenga gauza hori serioski, non ez den arras mentsa edo non ez duen izpiritua osoki makhurra. Elsb Fram 152.

Bigarren adibide hau «burutik ments» edo «buruments»-ari dagokio. Hots, burutik zerbait falta duenaz mintzo da. Erranahi berdintsua du «burutik maingu» diogunean: burutik maingu dagoena ez da «oso osoa», ez da guztiz eroa beharbada, baina…

Dena den, «burutik ments» horren «ments»-ek «falta» adierazten du. Zuberoan, «ments» bereziki horretarako erabiltzen da:

“Heben ez da deus mentsik, orotarik bada!

“Egungo egunean euskaraz ez jakitea ments handia da

Amaren mentsa sentitzen du

Bitxi egiten zait «ments» hitza arrotz duten euskalkietakoek zuberotarren gisan erabiltzen dutenean, gorago aipatu dudan adiera ahanztera heltzen garela iruditzen zaidalako.

Eguberri gaua

Eneko Bidegain

Badauka tradizioa, aspaldiko testu eta kantuetan ageri den bezala, «gabon» edo «gabon gaua» hitzak. Ipar Euskal Herrian arrotz egiten zaigu, nahiz eta ongi asko jakin Hego Euskal Herrian hala erabiltzen dela, handik zabaltzen diren hedabideetatik heltzen zaigulako hitz hori urtero. Iparraldean, «Eguberri gaua» erraten zaio, eta elizako kantuek ere hala diote «Oi Eguberri gaua, bozkariozko gaua…».

Nola erraten diote inguruko beste hizkuntzetan?

  • Gazteleraz: Nochebuena (gau ona)
  • Alemanez: Heiliger Abend (arrats santua)
  • Ingelesez: Christmas Eve (eguberri bezpera)
  • Frantsesez: Veille de Noël (eguberri bezpera)
  • Galizieraz: Noiteboa (gau ona)
  • Italieraz: Vigilia di Natale (eguberri bezpera)
  • Katalanez: Nit de Nadal (eguberri gaua)
  • Portugesez: Véspera de Natal (eguberri bezpera)

Eta abenduaren 31ko gauari nola erraten diogu? Iparraldean, betidanik entzun dut «Urtats gaua», Hegoaldean «Gabon zahar gaua» entzun dut maiz.

  • Gazteleraz: Nochevieja (gau zaharra)
  • Frantsesez: Nuit de la Saint-Sylvestre
  • Alemanez: Silvester
  • Galizieraz: Véspera de ano (urte bezpera)
  • Ingelesez: New Year’s Eve (urte berri bezpera)
  • Katalanez: Nit de cap d’any
  • Portugesez: Noite de São Silvestre edo Véspera de Ano-Novo
Eguberri ez da beste hizkuntzetan ageri, denek «natibitatea» edo sortzea dutelako erroan, eta euskarak ez. Urtats-ek ez du aipatzen urte «berria», baizik eta urtearen hastapena; hori ere berezia.

Deiturak

Eneko Bidegain

Gaur egun, eta beharbada azken hiruzpalau belaunaldietatik hona gutxienez, deituren edo abizenen ortografiak egonkorrak dira. Kasu ohikoena hartzeko, Etcheverry aitak Etcheverry abizena utziko die haurrei, aitatxik zuen bezala; eta Echeberri deiturarekin sortu zenaren seme-alabak Echeberri izanen dira, ez Etcheverry, ez Etxeberri. Baina XIX. mendeko eta lehenagoko ezkontza, sortze eta bataioetako aktetan, abizenak ez ziren beti modu berean idatzirik agertzen.

Hego Euskal Herrian aski sinplea da abizenak euskalduntzeko prozesua. Ipar Euskal Herrian, ordea, buru-hauste handiagoa da: deitura aldatzeko aukera badago, baina ez irizpide beren arabera; eta prozesua bera luzea da eta 100 eurotik gorako kostua du. Besteak beste, Journal Officiel Frantziako aldizkari ofizialean argitaratu behar da deitura aldatzeko xedea. Horrek berak ez du bermatzen aldatzeko eskaera onartuko dutenik.

Abizen ofizialaren ortografia aldatu gabe ere badago lanik egiteko, gehienek ohitura dutelako beren abizena nortasun agirian idatzia duten bezala jartzeko. Elkarrizketa egiten banion bati, maiz zehazten zidaten Etxeberri «tch»-rekin zen edo zer. Eta nik nire baitan: «nahi duzuna, baina Etxeberri idatziko dut, gure egunkarian euskaratzen ditugulako Euskal Herrian bizi direnen euskal abizenak».

Frantses ortografian idazteak badauka ondorio txar bat, Ipar Euskal Herrian bereziki: gure abizenak frantsesez ahoskatzeko joera dagoela, guztiz desitxuratuz. Eta hori ez bakarrik frantsesez mintzo garenean, baita euskaraz mintzo garenean ere. Are txarrago, garbiki euskaraz idatzita dauden abizenak ere frantses ortografiaren arabera ahoskatzeko joera dago, baita Iparraldeo euskarazko irratietan ere.

Lan sakona dugu egiteko gure baitan, gure buruetatik kentzeko frantsesezko ahoskatze modu hori. Ohartu behar dugu «Mendiburr» (Mendiboure, idatzita) ahoskatzen dugunean, buru-buztanik gabeko zerbait erraten ari garela, «buru»-ri r bikoitza jarrita eta u kenduta. Baina bereziki ohartu behar dugu horrela ahoskatzen dugunean agertzen zaigula zenbateraino barneratua dugun frantsesaren eragina, gure nortasuna gure hizkuntzan berean ukatzeraino.

Zaldi esnea?

Eneko Bidegain

Hedabideren batean zaldi-kume entzun edo irakurri nuenean, zerbait bitxi iruditu zitzaidan. Nik beti entzun nuen pottoko (nahasi behar ez dena pottoka-rekin) erraten zitzaiola delako «zaldikumeari». Edo bestela moxal. Behiarena txahala edo ahatxea den bezala, ardiarena, bildotsa edo arkumea, ahuntzarena pitika edo antxumea, oiloarena txita… «Zaldikume» entzutea, «behikume», «ardikume» edo «oilokume» entzutea bezalatsu dela iruditzen zait, edo, hobeki erran, «idikume» edo «zikirokume» entzutea bezala. Nire harridurarako, ordea, hiztegiek onartzen dute «zaldikume» hitza.

Laborariak dio bere bizian ez duela behin ere zaldirik erditzen ikusi. Behin «zaldi esneari» buruzko erreportaje bat entzun nuen. Zaldiari errapea bilatzen dionak beharko du pazientzia, ordea. Errapea duena eta erditzen dena behorra da, ez zaldia. Zaldia, berez, ar zikiratua da, eta arrari garainoa deitu ohi zaio.

Baina «zaldia» hitz generikoa ere bada, cheval, caballo, edo horse bezala. Galdera da, mendiko behorrak kenduta, lasterketetakoak, western filmetakoak, zer diren: arrak, emeak ala zikiratuak? Berez, zikiratzen dira indar gehiago izan dezaten. Dena den, onartu beharko da, hitz generiko gisa erabiltzen dela denak izendatzeko. Baina zehaztu daitekeenean, edo genero zehatz batez ari garenean, hitz generikora jo behar ote dugu?

Nahiz eta hitz generikoa izan, frantsesera joz, ez dut aurkitu «lait de cheval»-ik, eta Google-en bilaturik ere, «lait de jument» atera zait. Zuzen, euskaraz «behor esne» behar litzatekeen bezala.

Ikusia izan da, egina izan da

Eneko Bidegain

Ipar Euskal Herrian arazo bat badugu pasiboarekin, komunikabideetan bereziki. Berriki hau irakurri nuen hedabide baten twitterreko denbora-lerroan:

«Gorpu bat atzemana izan da Ahurtin, eraila izan dela dirudi».

Horrelakoak («izan da») maiz entzuten ditut irratietako albistegietan bereziki, baina idatzizko hedabideetan ere aurkitzen ditut, kasu honetan bezala. Bi arrazoi daude esaldia horrela hasteko. Batetik, garrantzitsuena «gorpua» delako, horrekin hasi nahi zutelako esaldia. Bigarren arrazoia da, erdaraz (eta nik uste frantsesezko prentsan are gehiago), ohikoena delako «Un corps (a été) trouvé» gisako tituluak egitea. Hain zuzen, frantsesez «corps» azpimarratu nahi badute, «corps»-ek subjektu izan behar du, eta horrek dakar pasiboa.

Euskaraz, ordea, ez dugu erdarak duen traba hori, eta beraz gauza bera idatz dezakegu aktiboa baztertu gabe. Esaldia ez al zen hobeki geldituko, horrela?

«Gorpu bat aurkitu dute Ahurtin, eta erail dutela dirudi».