Derecho de vuelo

Oskar Arana Ibabe

Hirigintzakoaz ari naiz. Definizio zehatza du gaztelaniazko hiztegi espezializatuetan, eta, bidenabar, abagunea aprobetxatu nahi dut, itzultzaile honek, hiztegi espezializatuen aldeko gorazarrea egiteko; zerbaiten galdez joanda, «x hauxe da, eta ez besterik» esaten dizuten horietaz ari naiz. Beste egun batean egingo dut hitz polisemikoak jasotzen dituzten hiztegien aldeko gorazarrea, eta hitz polisemikoena eurena ere bai. Bai horixe, nori berea.

Hemendik hartu ditut ondorengo aipamenak: PONS GONZÁLEZ, Manuel; DEL ARCO TORRES, Miguel Ángel. Diccionario de derecho urbanístico y de la construcción (5ª ed.).  Granada: Comares/Urbanismo, 2009. Hiztegi bikaina iruditu zait, arlo horretako termino nagusien definizio eta azalpen zehatz eta osoak ematen baititu.

«Derecho de vuelo» sarreran, hain zuzen:

La palabra “vuelo” expresa el espacio aéreo situado en la parte superior del edificio a continuación de la cubierta; y cuando lo que se discute es precisamente el derecho a hacer uso del mismo, tenemos el llamado “derecho de vuelo” o de sobreelevación. Como dice la STS, 23 de feb. 1993, el “derecho de vuelo es el derecho a edificar sobre lo ya edificado. (…) Según la Ley 435 del Fuero Nuevo de Navarra, los derechos reales de sobreedificación conceden a su titular la facultad de construir una o más plantas sobre un edificio ya existente o que se construyere con posterioridad.”

Eta luze samar jarraitzen du, baina zehatz, eskubide horri dagozkion ahalmenez eta mugez, eratzeko moduaz, eskualdatzekoaz, eta abarrez.

Jo dut Euskaltermera, ez definizio bila, baizik eta ordain bila, eta «buelo-eskubide» eman dit. Horraino, ondo. Aldiz, EAEko Lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa Legera jota (2/2006 Legea, ekainaren 30koa) «hegalkin» aurkituko dugu «vuelo» kontzeptua adierazteko. Hona lege horretako pasarte bat:

Las actuaciones de transformación y utilización del suelo, subsuelo y vuelo objeto de ordenación urbanística quedarán sujetos en todo caso a control de su legalidada través de:…/Lurzorua, lurpea eta hegalkina eraldatzeko eta erabiltzeko jarduerei dagokienez, hirigintza-an-tolamenduaren xede baldin badira, legalitate-kontrola ezarriko zaie.

Bien arteko kontraesan horretan, beraz, «buelo-eskubide» da hautatzekoa, eta badu zuribidea legeak, 2006koa izaki, eta Euskaltermek proposatzen duen ordaina, aldiz, 2008ko hiztegi terminologikokoa.

Aurrekoan aipatu nuen indarrean diren zenbait lege nagusi eguneratzeko klausula bat beharko luketela euskara ofizial den lurraldeetako agintaritzek, hizkuntzaren normalizazioan, estandarizazioan edo berritze terminologikoan egindako aurrerapenen arabera egokitzeko eta berrargitaratzeko legeak eta arauak. Pentsatu behar da, gainera, zer ugalkortasun duten lege eta arau nagusiek administrazioan, maila guztietako administrazioek, autonomia-erkidegoetako administrazio nagusiek, foru-administrazioek nahiz toki-administrazioek erabiltzekoak direlarik (pentsa hirigintza-ordenantzetan, lurzoruari eta hirigintzari buruzko legeei men eginez idazten baitira).

Ez da, ez, txiste erraza eginez, hegaz egiteko eskubidea. Hori, gizakiak berak berez ezin baitu, amets egiteko eskubideaz konpentsatuko genuke ameslariok. Amets egiteko eskubideaz gabetzeko modua ere asmatu dukete dagoeneko, ordea. Gizakiaren hobe beharrez, baina…, esango dute.

Amets, amets egingo dugu, ordea, eguberriotan bederen. Eta pentsatu ere bai. Eta, jakina, terminoak finkatzea da, pentsaketarako, hegazkinaren hegalak doitzea bezala. Horregatik nire esker ona hiztegiak, espezializatu zein orotariko, doitzen ari zareten ingeniari terminologikoentzat.

Eguberri on.

Kanta bat, itxaropenaren alde

Oskar Arana Ibabe

Zergatik bihurtzen ditugu testuak ingelesetik euskarara, euskaraz irakurtzeko gauza diren irakurle asko eta asko ingelesez ere gauza izanik, eta etorkizunean are eta gehiago izango direlarik ingelesez irakurtzeko gauza izango diren euskaldunak?

Bruce Springsteenen kanta hau, esaterako, zertarako euskaratu, hain ingeles soilean idatzita egonik…?

Edo, gaztelaniazko hainbat eta hainbat testu, zertarako euskarara itzuli?

Galdera horren erantzuna eta beste honena, “Zertarako bizirik eutsi euskarari?”, bat bera dira, nire ustez.

Hala, gogoak eman ahala beste hizkuntzetako testuak euskaratuz, zabaldu egiten dugu euskararen eremua.

Munduko plazan zer ikusi, zer gogoko izan, zer ekarri nahi izan euskarara plaza horretan beste hizkuntzetan entzundakoetatik, huraxe ekarri neure buruari euskaraz entzunaraztearren “nagusiaren” kantaren hitzak; noizbait adiskideren bati adore eman behar badiot, hitz hauek berak esatearren, bertso egokirik ezagutu ez-eta, beste norbaiten adorezko hitzak entzunaraztearren, premia dagoenean.

“Nagusiaren” sentimendua, indarra, bihotz sendo tolesik gabea, euskaraz ere hautemateko.

Bruce eta euskara elkarren ondoan ikusteko, ingelesa eta euskara elkarren ondoan entzuteko, handietan handiena, eta txikietan txikienetakoa, biak norbaiten bihotz abailduari bero eman nahian, suspertu nahian.

Asteon Ruperren Azukre koxkorrak entzutean gogoratu naiz euskaraz entzun nituen lehenbizikoetako rock kantak entzutean sentitutako zirraraz, Itoitzen Ezekielen prophezia edo Errobiren Kanpo kantak entzun eta euskaraz halakorik egin zitekeenik ere ezin sinetsita.

Igaro da lilura hura, hasierako lilura hura. Orain, atea irekiago dute kanpoko sortzaileek eta haien lanek, eta geureganatu dugu, ikasi dugu ingeles apur bat ere, kanpoan ibiltzeko, etxera kanpotik datorkiguna inork itzuli beharrik gabe ulertzeko. Baina, euskarara ere ekarri nahi, hala ere. Gure hitzekin hori nola esango genukeen jakin nahi, hala ere. Eta, gure hitzekin esanik, euskaldunen bati esan nahiko genizkiokeela sentitu, hala ere. Brucek esaten dituenak, soilak izanagatik, bihotzetik esanak direlako, eta haren hitzetan eta kantetan, batzuetan, guretzat ere esperantza, zirrara, poza, samina edo zeinahi sentimendu kausituko dugulakoan, argi izpiren bat, baliagarri, nork bere baitarako gordetzeko edo baten batekin edo baten batzuekin konpartitzeko. Eta, hala, euskara muga ez, sare bihurtu, hangoak eta hemengoak geureganatzeko.

Horrexegatik itzultzen dugu ingelesetik euskarara, edo gaztelaniatik euskarara.

Hona hemen kanta hori:

Irakurri baino lehen entzun nahi izanez gero:

Eta, euskaratuta:

Land of hope and dreams (Bruce Springsteen) Itxaropenaren eta ametsen lurraldea (Bruce Springsteen)
Grab your ticket and your suitcase
Thunder’s rollin’ down this track
Well, you don’t know where you’re goin’ now
But you know you won’t be back
Well, darlin’ if you’re weary
Lay your head upon my chest
We’ll take what we can carry
Yeah, and we’ll leave the rest
Big wheels roll through fields
Where sunlight streams
Meet me in a land of hope and dreams
Well, I will provide for you
And I’ll stand by your side
You’ll need a good companion now
For this part of the ride
Leave behind your sorrows
Let this day be the last
Tomorrow there’ll be sunshine
And all this darkness past
Big wheels roll through fields
Where sunlight streams
Oh meet me in a land of hope and dreams
This train…
Carries saints and sinners
This train…
Carries losers and winners
This train…
Carries whores and gamblers
This train…
Carries lost souls
I said this train…
Dreams will not be thwarted
This train…
Faith will be rewarded
Hartu zure txartela eta zure puskak,
trumoia dator trenbide honen gainean.
Ez dakizu nora zoazen,
Badakizu, ordea, ez zarela itzuliko;
eta, laztana, nekatuta bazaude,
pausatu zure burua nire bularrean.
Aldean eraman ahal duguna hartu,
eta utzi gainerakoa.
Gurpil tzarrak soroetan,
eguzkia zurrustan haien gainera.
Elkar gaitezen itxaropenaren eta ametsen lurraldean.
Bai, zure kargu hartuko dut,
eta zure ondoan izango naiz,
lagun ona beharko duzu orain,
bidaiaren zati honetarako;
Utzi atzean samin-egunak,
izan dadila hau azkena,
bihar ere argituko du eguna,
eta iluntasun hau guztia joanik izango da.
Gurpil tzarrak soroetan,
eguzkia zurrustan haien gainera.
Ai, elkar gaitezen itxaropenaren eta ametsen lurraldean.
Tren honek…
santuak eta bekatariak daramatza,
Tren honek…
irabazleak eta galtzaileak daramatza,
Tren honek…
putak eta jokulariak daramatza,
Tren honek…
arima herratuak daramatza,
Tren hau, bai…
ametsak ez dira zapuztuak izango,
Tren hau…
fedeak saria izango du.

Eta, ondoren, kantaren euskarazko bertsio bat egin, hitzak musikaren moldera sarturik, baina bai eginkizun zaila hori, itzulpenaz haragokoa, segur.

Amaierako xedapen berezi bat lege testuetan

Oskar Arana Ibabe

Hizkera juridikoaren normalizazioak ekarriko du, edo ekarri beharko luke, batzuetan aurkitu ohi dugun bitasun terminologikoak bateratzera jotzea, ondoko hizkuntzetan bezala. Zenbat eta finkatuago hizkera juridikoa, orduan eta erabiltzen errazago, orduan eta bere xederako egokiago eta eraginkorrago, orduan eta fidagarriago komunitate juridikoko kideentzat, abokatu, epaile, funtzionario nahiz herritarrentzat. Nahiz eta gehiena konbentzioa izan hizkera juridikoan ere, hau da, itun moduko bat, eta nahiz eta bitasun terminologikoa bera ere itundua edo konbentzioz onartua izan daitekeen, ez dirudi hori ontzat ematen duenik metodologia terminologikoak. Badira zenbait urte zuzenbiderako ezinbestekoak diren hainbat testu itzuli zirela euskarara, zuzenbide pribatuaren nahiz publikoaren bizkarrezurra eratzen duten testuak, nolabait esatearren. Hor dira, besteak beste, kode zibila, zuzenbide pribatuan; zigor kodea, zuzenbide publikoaren adarretako batean; edo administrazio-prozeduraren legea, administrazio-zuzenbidean. Eta, harrezkero, hainbat eta hainbat lege eta kode, corpus juridiko euskaratu handi samarra eta aski eratua ekarri digutenak. Koskak leuntzea ere eginbeharra dukegu, beraz, haien arteko koherentziarik eza berdindu beharra, beharbada. Batzuetan, koska horiek terminologikoak izaten dira; beste batzuetan, hizkeraren beste alderdi batzuei dagozkie, ez baitira urteak alferrik igaro, terminologiarako bezala beste arlo batzuetarako ere. Itzultzaileok, tarteka, eguneroko lanean, koska horiek atzematen ditugu, edo atzeman uste ditugu, eta ikerketatxoren bat egin eta koska horiei irtenbiderik ez aurkitzea ere sarri samar gertatzen zaigu. Baliteke ondoren aipatuko dudana kasu horietakoa izatea. Hara:

Gaztelaniazko expreso/tácito bikoteaz ariko naiz.

Frantsesez eta ingelesez, forma beretik abiatzen dira, eta honela definitzen dituzte (zuzenbidearen erabileremuko adiera-markarekin frantsesez):

Frantsesez:

exprès, esse: En droit. Qui exprime formellement la volonté de qqn. Il y a deux conditions expresses. Défense expresse. (Le Robert)

Zeinak, bide batez, Orotarikoan espres artikuluan jasotzen den lehenbiziko adierako lehenbiziko adibidearekin bat datorrela ematen baitu:

Espres

1. Expreso. Eztrauzuegu manamendu expresez defendatu etzinezaten irakats izen horretan? Lç Act 5, 28 (He expresez; Dv hertsiki, Ol zorrozki). Eta hil baino lehen eman zian kargu exprez bere domestikoer. Tt Arima 118.

Ingelesez:

express (adj): Specific or precise; directly and distinctly stated; not merely implied (wikipedian).

I gave him express instructions not to begin until I arrived, but he ignored me.

This book cannot be copied without the express permission of the publisher.

Europar Batasuneko IATE terminologia-bankuan:

ES conformidad expresa de las partes
DE ausdrückliche Zustimmung der Parteien
EL ρητή συναίνεση των διαδίκων
EN express consent of the parties
FR accord exprès des parties
IT espresso consenso delle parti
PT acordo expresso das parte

LAW (Council)

ES consentimiento tácito
DA stiltiende samtykke
EL σιωπηρή συναίνεση
EN implied consent
FI hiljainen suostumus
FR consentement tacite
IT consenso tacito
NL stilzwijgende toestemming
SV tyst samtycke

Euskaraz zer dugun galdetuz gero, Euskaltermek:

consentimiento expreso: adostasun adierazi/esanbidezko adostasun

consentimiento tácito: isilbidezko adostasun

acto expreso: egintza espresu (4. Ponderazio-markarekin)

Eta Euskara Juridikoaren Atariko glosategi juridikoak:

actos expresos y presuntos/Egintza espresu eta presuntziozkoak

Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko legea aipatuz iturritzat.

Eta,

ebazpen espresu/resolución expresa

Lan-prozedurari buruzko legea aipatuz iturritzat.

Testu nagusietan zer dabilen ikusiz gero, berriz:

Kode Zibilean:

A los efectos de la constitución o cesión de  derechos sobre bienes en tránsito, éstos se considerarán situados en el lugar de su expedición, salvo que el remitente y el destinatario hayan convenido, expresa o tácitamente, que se consideren situados en el lugar de destino. Igarobide-ondasunen gaineko eskubideak eratu edo lagatzeari dagokionez, ondasunok nondik igorri eta bertan daudela ulertuko da, salbu eta igortzaileak eta jasotzaileak esanbidez edo isilbidez hitzartu dutenean ondasunok helmugan daudela ulertzea.

Administrazio-prozeduraren legean:

f) Los actos expresos o presuntos contrarios al  ordenamiento jurídico por los que se adquieren  facultades o derechos cuando se carezca de los requisitos esenciales para su adquisición.  f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horiek ahalmen edo eskubideak eskuratzeko bide ematen badiete, horretarako funtsezko betekizunak ez dituztenei 

Beraz, acto expreso: egintza espresu, adierazi, esanbidezko / acto presunto: egintza presuntziozko; acto tácito: isilbidezko, edo consentimiento expreso: esanbidezko adostasun, adostasun espresu / consentimiento tácito: isilbidezko adostasun aukerak dabilzkigu, oraintxe bertan indarrean dabiltzan testuetan.

Bateratasun terminologikorik eza, erabilerak ebatziko du agian, denborarekin, eta ez dago zertan kezkatu.

Dena den –eta litekeena da, nolanahi ere, hor aipatu dudan hori ez izatea adibiderik egokiena orain esango dudana argitzeko–, batzuetan aipatu izan da, zuzenbideko eta administrazioko testuak itzultzen dabiltzanen artean, ea komeniko ote litzatekeen indarrean diren testuak eguneratzea joan deneko urteotan hizkera juridikoaren hainbat arlotan –ez soilik terminologiarenean, baita joskeran eta puntuazioan ere– izan diren aurrerapenen arabera. Ez dakit ba ote den munduan beste inon antzeko egoerarik, alegia, ba ote diren hizkuntza txikiagoak, gurea bezala, ondoko hizkuntza handiagoek zuzenbide- eta administrazio-hizkeran duten mailara iristeko ahaleginean baliabideak eta moldeak berritu eta eguneratu dituztenak eta, zuzenbidearen arloa ere bereganatu ahala, ohartu direnak ezen, indarrean diren lege-testuen edukiari dagokion legezko aldaketarik izan ez denean ere, badagoela horien testu itzuliak eguneratzeko beharra eta, hartara, are indarrean diren testu itzulien aldaera eguneratuak berriro argitaratu beharra ere, legezko indarrez. Hots, litekeena dela hizkuntzaren normalizazioaren poderiozko indargabetze eta berrargitaratzeak egin beharra, nahiz eta jatorrizko hizkuntzazko lege-testuak berean iraun. Ez dakit ba ote den munduan hori egiteko aukera ematen duen lege-ordenamendurik, ez eta nola egiten den ere. Baina hainbat bider aipatu izan da kontu hau, eta ez du irtenbide errazik. Beharbada, lege- eta zuzenbide-arloko itzulpenean, euskarak klausula berezi bat beharko luke lege-ordenamenduan, azken xedapen moduko bat, honako hau edo antzeko zerbait esango lukeena: «Aukeran izango dute euskara ofizial den lurraldeetako agintariek gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko lege-testu jatorrizkoen itzulpen bidezko testu euskaratuak aldatzeko, edukiari ezertan eragin gabe, euskara juridikoan eta administratiboan gertatzen diren berrikuntza, hobekuntza eta garapen terminologiko, joskerazko eta estilozkoen arabera, eta Euskaltzaindiaren arau berrien arabera, jatorrizko testuak bere hartan inongo aldaketarik gabe iraun arren».

Zer, bestela?

(Ederki) sartutako golak ala gol ederki sartuak?

Oskar Arana Ibabe

Erdi lo nengoen, telebista aurrean, honako hau entzun nuenean: «Eta, ondoren, sartutako golak ikusiko ditugu…», eta, iruzkin kaltegabe hori entzunik atera nintzen lokumatxotik, belarriak entzun eta adimenak bitxi iritzitako iruzkinaren bitxiaz galdezka, erdi lo hobeto zegoela jakin arren, beti galdezka adimena, aspaldi ebatzitako kontuez ere, galdezka, eta amaitu zen lokumatxoa. «Nork sartutakoak?», edo «noiz sartutakoak?», edo «zelan sartutakoak?», zer edo zer falta zuela esaldi horrek, neure iritzirako. Eragozpen semantiko hutsa ote? Golak sartu egiten dira, jakina, sartu gabeko golik ez dago (edo golak egin egiten dira, ez dakit ondo, edo lortu, goal-xedea adiera etimologiari helduz gero, baina, honezkero, seguru, golak sartu egiten dira, eta, hori bezain segurua, ez dago gol sartu gaberik…). Orduan? Orduan itzulpen-ariketa izango zela iritzi nion, denok egiten baititugu, barne-diglosia bihurtzen ari zaigun kanpo-diglosia honetan, auto-itzulpen ariketa horiek: «veamos los goles de esta jornada….», «veamos los goles logrados en la jornada de hoy», edo horrelako zerbaiten itzulpen amaitugabea izango zela iritzi nion, eta, hartara, «Eta, ondoren, gaurko jardunaldian sartutako golak ikusiko ditugu…», edo «Ikus ditzagun gaurko egunean izan diren golak» edo «Ikus ditzagun gaurko golak» beharko zukeela, eta, sartutako golak, partizipioak hor huts-hutsean duen balio zehaztailea, alferrekoa zela guztiz.

Aitzakia izan dut pasadizo hori galdera bat egiteko blog honetan. Zergatik ez ote diren maizago ikusten, euskarazko hizkera juridiko eta administratiboan, idazle klasikoen testuetan oso ohikoak ziren adjetibo eta erlatibo jokatu eta jokatugabeen kate luzeak, izen-ardatzaren eskuinera emanik azalpen edo atribuzio balioarekin.

Esate baterako, aste honetan bertan, testu baten itzulpenean, zalantzan izan naiz esaldi baten itzulpena nola eman:

  • 1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, industrialki fabrikatutako gizakientzako sendagaietarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.
  • 1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, gizakientzako sendagai industrialki fabrikatuetarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.

Bigarrena hobetsi nuen, jakin arren lehenak ez duela, itxura batean, eragozpen gramatikalik, aukera ematen duela aditz partizipioa (fabrikatutako) lehenbiziko izenarekin lotu ordez bigarrenarekin lotzeko, alegia, fabrikatutakoak sendagaiak direla, eta ez gizakiak (ez da, ez, klonazioaren bidez fabrikatutako gizakientzako sendagaiez ari errege-dekretua. Bigarren bertsioko egitura (gizakientzako sendagai industrialki fabrikatuetarako…) hobetsi nuen, lehenbiziko irakurraldian interpretazio-ahalegin txikiagoa eskatzen duelakoan, gramatikaz zuzena delakoan, baina ezin irizpide gramatikalik aurkituz neure baitan bigarren bertsio hori lehenaren aldean hobesteko. Izen-ardatzaren eskuin edo ezker egoteak izan ditzakeen balioez eta abantailez eta aukerez gogoeta egin nuen, baina ez nuen, esan bezala, irizpiderik aurkitu bigarrena, ulergarritasun edo egokitasunaz landako irizpideekin (eta hori ere zalantzazkoa), hobesteko.

Ulergarritasuna eta egokitasuna bakarrik hartzen ote zituzten aintzat, Krispin Beobidek Asisko Lorean adibidez, adjektibo-kateetan izen-lagunak eta erlatibozko esaldi jokatu edo jokatugabeak eskuineratzeko? Eta, hala bazen, egokitasuna eta ulergarritasuna bazituzten irizpide izen-sintagma konplexuak horrela antolatzeko, zergatik dute goi-mailako erregistroaren kutsu moduko bat gure prosa administratibo eta juridikoan, haien idazkiak, sarri, jendaurrean irakurtzekoak izanik, eta, hartara, ez bazegoen zertan testu horiek, herritarren aurrean ozen irakurtzekoak izanik, goi-mailako erregistrokotzat jo?

Hona hemen Krispin Beobidek Asisko Loreak lanean erabiltzen dituen gisa horretako baliabide zenbait:

  • Orta zeritzan erri inguruan gelditu ziran elizatxo utzitako batian….
  • …Berrogeita bi egunian, bi ogi eraman zituan aietatik baten erdiya baizik etzuan jan!…
  • Gogorazio gisa onetakuekin juan zan Florentziaruntz Franziskorengana…
  • …zeñak artu zuan emaztetzat Ortulana gazte jator oneko ta bertute aundikua.
  • …ez izan bildurrik, emakumia: zuk argitara emango dezun aurra izango da zuzi piztu bat, argi egingo duena munduan.
  • Argia orandik bere bertute garaien dizdiadurak beste asko birtutetsuen espirituak alaitu zituana, are ta gehiago aurreratu zitezen santutasunian…
  • …Han eman zion San Frantziskok, illiak moztu ondorian, jantzi latz asko balio etzuan bat.
  • …esan zion onek itsas-gizon Jaungoikoaren bildurreko bati:…
  • Aita, hemen dator gazte bat, Milango etxaldeko seme odol oneko galai aberatsa eta jakintsua

Ondo irakurtzen dira sintagma horiek, ezkerretaratutako kate luzeak baino hobeto batzuk, eta Krispinen testuak eliztarrentzat ziren, ez jakintsuentzat, eta, beraz, ezin esan goi-mailako erregistroa zegokiela nahitaez.

Ezin jakin zehazki, ordea, zein irizpideren arabera ematen zituzten izen-sintagma luze horietako batzuk era horretara eta beste batzuk bestera, ez beti luzeragatik… Atribuziozko balioa nabarmentzeagatik ote?

Hitzaldi artez onduak, inondik ere, Krispin Beobiderenak (hala aitortzen du Villasantek hitzaurrean), …testu ederki onduak (eta gol ederki sartuak) idazle fin horrenak!

Hemen eta orain

Oskar Arana Ibabe

Here and Now liburuan, J. M. Coetzee-k eta Paul Auster-ek 2008 eta 2011 artean elkarri igorritako gutunak eta e-mailak datoz argitaratuta. Australian ezagutu omen zuten elkar, literatur biltzar batean, 2008ko otsailean, eta Coetzeek gonbidapena eginik hasi omen ziren elkarri idazten, zernahiren gainean gogoeta eta solas egiteko asmoz. Bi idazleren arteko solas librea da, beraz, liburuak dakarrena, eta kritikariren batek esan duen moduan, hura irakurtzean, irudipena du batek kafetegi edo ostatu batean dagoela, bi idazleren arteko elkarrizketa entzuten, norbera isilik, honako eta harako gaiez hizketan haiek, ahots gorazko gogoetan, zigarroa eta kafea eta gainerako ohiko lagungarri eta osagarriak tartean.

Halako batean, Derridak ama-hizkuntzaz idatzitako liburu bat irakurtzen ibili delakoa aipatzen dio Coetzee-k Auster-i (Monolingualism of the Other, 1996), Derridak elebakartasun, elebitasun, ama-hizkuntza, lehen hizkuntza eta abarrez azaltzen dituenen haritik, gogoetari ekiten dio. Ez da oso gogoeta sakona, bai interesgarria, agian: hizkuntza handienetako batean idazten duten bi idazlek gaiaz zer duten esateko jakin ahal baitugu hartara, mendi tontorretik begira hirurehun eta hirurogei graduko ikuspegitik haran txiki bateko itzal-argiei erreparatzen dion mendizalearen behakoa.

J. M. Coetzee-k, Derrida-k bezala, ama-hizkuntza ez duen batean idazten du, ingelesez lehenak, frantsesez bigarrenak, eskolan ikasitako hizkuntzan. Coetzee-k dio:

«Derridaren baieztapen bat interesatzen zait, zera dioena, hain zuzen, nahiz eta bera frantses elebakarra izan (elebakarra, nolanahi ere, bere estandarren arabera, zeren eta ingelesa bikaina baitzuen, eta alemana ere bai, ziur naiz, eta zer esanik ez greziera), frantsesa ez zela, ordea, bere ama hizkuntza. Hori irakurri nuenean, harritu egin nintzen, zeren eta berdin idatz baitzezakeen hori nitaz eta nik ingelesarekin dudan harremanaz; eta, biharamunean, berriz, zera egin zitzaidan are eta harrigarriago, ez bera ez ni ez ginela bereziak, ezen hainbat eta hainbat idazlek eta intelektualek dutela hitz egiten eta idazten duten hizkuntzarekiko harreman urrutiko eta arroztua, eta, egiaz, norberak erabiltzen duen hizkuntzari “ama-hizkuntza” (langue maternelle) deitzea, esapide zaharkitua bihurtu dela nabarmenki.»

«Hala, Derridak dioenean ezen, nahiz eta frantses hizkuntza maite izan eta frantses zuzenaren aldeko amorratua izan, frantses hizkuntza ez dela bere jabetzakoa, ez dela “berea”, ingelesarekiko neure esperientzia gogorarazten dit, bereziki haurtzarokoa.»

(…)

«Derridak ohartarazten duen bezala, nola jo lezake inork hizkuntza bat norberaren hizkuntza dela? Izan liteke, azken batean, ingelesa ez izatea Ingalaterrako ingelesen jabetzakoa; gauza ziurra da, ordea, ez dela nire jabetzakoa. Hizkuntza beti da bestearen hizkuntza. Hizkuntza baten eremuetan barneratzea beti da inoren jabetzan baimenik gabe sartzea. Eta zenbat okerrago, gainera, ingelesean ona izatea, bolalumatik ateratzen zaizun esaldi bakoitzean lehenagoko erabileraren oihartzunak entzuteko bestean, zu baino lehenago esaldiaren jabe izan zenaren oroitzapenak entzuteko bestean!»

Eta, aurrerago, beste gutun batean, idazle horrek berak:

«Uste dut ez natorrela bat zurekin ama-hizkuntzaren kontu horretan (nahiz eta ohartu naizen joera duzula esapide sentimenduz bete samar hori saihestu eta “lehen hizkuntza” esapidea hobesteko). Bat nator, ordea, ezen norberaren weltanschauung delakoa norberak hobetoen hitz egiten eta idazten duen hizkuntzak –bai eta, hein batean, pentsaketarako darabilenak– eratzen duela. Dena den, ez hain errotik eraturik non ezin duen batek inolaz ere hizkuntzatik behar beste urrundu eta hura kritikatik ikertu (…). Horrexegatik diot posible dela lehen hizkuntza bat edukitzea eta hala ere ez sentitzea haren baitan etxean: hartara, nolabait esatearren, norberaren aurreneko hizkuntza izango litzateke, baina ez norberaren ama-hizkuntza.»

(…). Europan, esaterako, nazio-estatua iritsi eta nazio-hizkuntzak nagusitu baino lehen, latina zen, inoren ama-hizkuntza izan gabe, bizitza intelektualeko moneta. Berdin gertatzen da gaur egun Afrikan ingelesari buruz eta, neurri txikiagoan, frantsesari eta portugesari buruz.»

Urtebetean, bi aldiz ehizatu du nire adimenak “hizkuntza baten baitan etxean sentitzea” ideia, bi idazleren eskutik. Coetzeeren hitzon gainean gogoeta astiroago egiteko aukera izan dut hemen, eta, saiatu naiz, haren adimen zorrotzetik niretzat eta guretzat baliagarririk zer aurkituko, eta izpi batzuk aipatuko nituzke: tradizioaren garrantzia (geurea eta geureganatua, iraganekoa nahiz gaurkoa, tradizioa sortzeko ahalegin ohartutik egina), hizkuntza etxe eroso eta sendo bihurtzeko ahalegina, gu guztiona, eta, ahalegin horretan, blog honetan hainbatek zehaztasunez eta zorroztasunez seinalatu dituzten koskak berdintzeko eta leuntzeko eginkizun baitezpadakoa; eta, azkenik, ama-hizkuntza, lehen hizkuntza eta aurreneko hizkuntzen arteko igarobide erraz eta erosoa, haien arteko iragazkortasuna, behin haren baitan etxean sentitzeko bezalako hizkuntza bihurtuko dugunean euskara, guretzat euskararen eremuan sartu nahi duten guztientzat.

Itzulpengintza eta merkataritza gurutzatzen diren lekua…

Oskar Arana Ibabe

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=okhP3upoUTU]

Egoera benetakoa da. Denok ezagutzen dugu: herri euskaldun batean gaude (euskaldunen ehunekoa handia da). Familia euskalduna da. Atarteko postontzian publizitatea aurkitu du semeak, jaso du, eta etxera sartu da. Kasualitatea, hozkailu berria erosi beharraz jardun ziren aurreko batean ama-semeak, eta etxetresna elektrikoen gainekoa da eskupapera, herriko saltoki batekoa, etxetresnak bakarrik saltzen dituen saltoki batekoa. Izenburua bakarrik du euskaraz: extra astea. Gainerako guztia, gaztelania hutsean dator.

Combi Bosch KGn 39vw23. Ez dut asmorik inor seinalatzeko –seinalatu erruduna, zioen sindikatu baten afixak kalean aste honetan. Ez dut gustuko. Eta, gainera, gure kontu honetan, nire ustean, ez dago errudunik–, gogoeta egiteko bakarrik dakart kontua. Ez dakit oso zuzen zertaz, baina gogoeta egitea, idaztea, kontua aipatzea, etsipena eztitzea. Europan gaude, etxetresnen marka hori europarra da, zenbat eta zenbat egoera eta estatus ezberdin ote dituzte Europan hizkuntza txikiek, gutxituek, eremu urrikoek edo dena delakoek (ahaztu zait jada zein den termino egokia gurea bezalako hizkuntzak izendatzeko). Egoera horietan guztietan, egongo dira hizkuntza gutxitu garatuagoak eta ez hain garatuak, lege-babes sendokoak eta ez hain sendokoak, eta –hauxe da konturik kritikoena, nire ustean– herritarren aldetik atxikimendu handiagoa edo txikiagoa dutenak. Gurean, lege-babesa ez da inor publizitatea euskaraz egitera behartzeko adinakoa. Baina tristea da, gero, inor behartu beharra herri euskaldun batean publizitatea euskaraz egitera, edo, egin ezean, zigortu beharra. Publizitatea euskaraz egitea kostua izango da, nonbait, ez du irabazi handiagorik ekartzen, inondik ere, eta, gainera, publizitate hori euskaraz ondo egiteko beste euskara jakitea zaila da, antza. Eta oraindik ez diogu aurkitu ingeniaritza soziolinguistikoko konponbiderik egoera horri. Elkarrizketa euskaraz gauzatu zen, baina narras, ezin hozkailuen ezaugarriez euskaraz jardun. Hori tragedia! Pentsatuko du euskaldun askok. Tragedia da. Horregatik da, nire ustean, herritarren atxikimendua faktore kritikoa.

Tecnología No Frost. Badago merkataritza saltoki handien enpresa bat lan eredugarria egin duena produktuen ezaugarriak euskaratzeko orduan, etiketetan eta publizitatean euskara erabiltzeko orduan. Denok ezagutzen dugu. Konparazioak gorrotagarriak diren arren, bizipen psikolinguistikoa arras ezberdina da enpresa horren saltokietan. Normal jardun ahal izatea produktuen osagaiez, ezaugarriez, euskaraz, geure eguneroko hitzen errepertoriora ekartzea geure eguneroko bizitzan hain egunorokoak diren jaki, janzki, etxetresna, garbigarri eta abarrak izendatzeko hitzak, bizarra egiteko aparra, esaterako, Landuchioren garaiko berri-emaile eta euskaldunentzat eta gaurko beste askorentzat (neu tartean) osterantzean afeitetako espumie izango zena. Ez da nire asmoa hemen inor saritzeko seinalatzea. Txalotzekoa da enpresa horren konpromisoa, baina konpromisoa, atxikimendua, kritikoa izan arren, ez da nahikoa.

Iluminación interior LED. Ez omen da tragedia. Egin kontu, bost mila zazpiehun kultura ezberdin desagertu dira historian zehar

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=hPgHmPlp5dQ]

Ama horren amak –seme horren amamak– nekez egiten zuen gaztelaniaz; idazten eta irakurtzen jakin, gutxi eta erdaraz. Amama horren alabak, irakurtzen eta idazten, erdaraz, ondo samar; euskaraz, irakurtzen apur bat, Berriak eta tokiko euskarazko hedabideei esker; idazten, ez. Semeak aukera izan du unibertsitatera arteko ikasketa guztiak euskaraz egiteko, eta, han, ikasturte bakoitzeko ikasgai bat, gutxienez, euskaraz egiteko. Gaur hobera egin omen du egoerak. Ba omen dago unibertsitateko ikasturte guztiak eta ikasgai guztiak euskaraz egitea. Hiru belaunaldiotan, asko irabazi dugu, baina galdu ere bai, ez dakit oso ondo zer. Elebakartasunezko egoera desagertzea ezin da gaur egun galeratzat jo, anatema da, ez da argudiobide politiko egokia, ez du balio ezta espekulazio intelektualerako ere. Baina, aipatu, aipatu beharra dut, hiru belaunalditan zerbait galdu delako sentimendua nonbaitetik zehazten eta marrazten hasi behar badut. Norberaren baitako hizkuntza-ahalmenarekin, gaitasunarekin, sormenarekin, senarekin du zerikusia, norberaren baitako itzultzaile bihurtu behar ez izate horrekin, norberaren baitan ere erdara ez nagusitzeko ahalegin batzuetan nekagarri horrekin, herri euskaldunean publizitatea erdara hutsean jasorik areagotu egiten den neke horrekin. Nekagarri bihurtzen da euskaldun izatea are euskaldunentzat ere, era horretako jokabideekin. Irabazi beharra dugu publizitatearen eremua ere, itzulpen bidez edo itzulpen gabe, baina irabazi beharra dugu. Eta, unibertsitate-ikasketa gehienak euskaraz egiteko aukera izanik ere, gazteagoen euskararen alderako jarrera, asko eta asko oharturik zeuden gisan, kezkagarria da. Kezkagarria da bi belaunaldirentzat hain baitezpadako izan den kontua ez izatea axolazko belaun berriagoentzat. Non egin dugu huts, galdetu zuen oraintsu lankide batek. Ez dakit.

Alarma acústica de puerta abierta. Ez da ezer salatzeko artikulua. Hizkuntza-komunitatea komunitate diakronikoa da, hala bizi dut nik, orainak eta iraganak bat egiten duen lekua ere bada, mendeak eta segundoak bat egiten duten lekua ez ezik. Salatu zuen Eric Bertrand gazteak Katalunian produktuak katalanez etiketatzen ez zituen enpresa bat, eta a zer atarramendua hamalau urteko mutikoak (gomendatzen dizuet ikus dezazuen Joel Joan katalanaren Fenix 11.23 filma). Nire iruditerian, hizkuntza txikiagoen normalizazioaren aldeko urrats guztiak, direla corpusean, estatusean nahiz erabileran, beste edozein aitzinamenduren moduko urratsak izan beharko lirateke, ingurumenaren aldeko jarreran edo ekonomia iraunkorrago eta sozialagoaren aldeko jarreran edo era guztietako ongizate eta zoriontasunen aldeko jarreretan egiten diren urratsak bezalakoak. Inondik ere ez gazte katalan hark bizitako kinka eta atakak biziaraztekoa bezalakoa, inondik ere ez normalizazioaren aldeko aldarrikapen horiek komunitate eta diskurtso politikoetan eragiten dituzten asaldurak eragiteko modukoa.

Congelación super.

Hainbarik

Oskar Arana Ibabe

Nahiko zabaldua egongo da, euskararekin lan egiten dugunon artean, niri noizbehinka pizten zaidan ardura txiki bat, alegia, zergatik ez ote duen izaten, ez ahozko ez idatzizko estandarrean, erabilera arrunt eta zabalagoa, norberaren inguruan nahiko bizirik izan ohi den hizkuntza baliabide edo forma batek.

Halaxe gertatu zait «hain barik» formarekin, gure inguruan egunerokoa eta nahiko arrunta den baliabidearekin. Idazteko uzkur, estandarrean jasota ote dagoen eta onartzen ote den ikertzea izan da nire lehenbiziko burubidea. Eta, bai, jasota dator Hiztegi Batuan, ez hor idatzi dudan moduan, baizik eta hitz bakarrean lotuta; adibide eta guzti dator, eta euskalkiaren oharrarekin.

hainbarik: adlag. Bizk.: dela txokolateagaz, dela hainbarik, ondo gozo dago pastel hori.

Esango nuke ezen, zenbait esapidetan, gainera, hainbat aukeren artean hobetsia izaten dela, nik ezagutzen ditudan erabiltzaileen artean bederen.

    1. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, hainbarik geratuko zara-eta bestela.
    2. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, barik geratuko zara-eta bestela.
    3. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, baloi barik geratuko zara eta bestela.
    4. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, hura/bera gabe geratuko zara eta bestela.

Izenordainaren eta postposizio-elementuaren arteko elkartzetik sortutako forma horren aipamenak hizkuntzalarien artean bilatzera joanik, Azkueren hiztegian artikulu luzexka aurkitu dut ain sarreran, eta merezi lezake, agian, hemen darabilgun baliorako zertzuk jaso zituen aipatzea:

Ain : 1° (c), tan, tanto – 2° (B), tal, tel. (V. Aen.) AIN EDERRA, tan hermoso (como aquello), si beau (que cela). AIN MENDITAN, en tal montaña, sur telle montagne. AIN AIÑEAN, poco más ó menos, à peux près (Añ.) AIN AIÑETAN (B-a-o-t8), indeciso, indécis. AlJ.in (S, Sal.), ligero, léger. Val’. de ARIN. (V. Introd.) Hain (BN, L, S, Sal.), ain: 1° tan (de 3er grado): si, aussi. – 2° (L), Contr. de HAGIN. – 3° tanto, autant. EZTITU HAIN SENTITZEN, no los siente tanto, il ne les sent pas autant. (Ax. :l. a-90-13.) – 4° (BNald), promedio, moyenne. OREN BATEN HAINA, cosa de una hora, une heure  environ.

HAINA: 1° (BN-ald), casi, presque. OREN BATEN HAINA (BN-ald), cosa de una hora, une heure environ. – 2° (L), aquel, aquella, aquello: celui-la, celle-la, cela. NORK ERE  MAITEAGO BAITU AITA EDO AMA NI BAINO, HAINA EZTA ENETZAT ON; ETA NORK ERE MAITEAGO BAITU SEMEA EDO ALABA NI BAINO, HAINA EZTA ENETZAT GAI: el que ama á padre ó á madre más que a mí, no es digno de mí; el que ama á hijo ó á hija más que á mí, no es digno de mí: celui qui aime son pere ou sa mere plus que moi, n’est pas digne de moi; celui qui aime son fils ou sa fille plus que moi, n’est pas digne de moi. (Har. Matth. x-37.) HAINA HAEK (L-s), aquel de marras, celui d’autrefois. HAINA HARK, aquel, celui-la. HALAKOARI ETA HALAKOEI, HAINARI ETA HAINEI: á semejante y semejantes, á aquel y á aquellos: a tel et tels, a celui-la et aceux-la. (Ax. 3′-166-14.) HAINA BATEK (BN-ald), una persona, certaine personnc. HAINA HURA (Lc), aquella persona, cette personne-la.

Aiña: 1° (B, G), tanto como, autant que. Zu AIÑA ONA (B-m), tan bueno como V., aussi bon que vous. – 2° (B), proporción, medida: proportion, mesure. IHABAZI ERAN AIÑAAN, en la proporción que mereció, dans la proportion qu’il mérita. (Baser. 268-5.) – 3° (B, BN-s, R), nodriza, ama, nourrice. = En BN y R no da pecho á los niños, en BN et R elle n’allaite pas les enfants. – 4° (L), aquel, celui-la. ~ 5° segunda llanta de la rueda para afirmarla, second bandage de fer autour de la roue pour la renforcer. _6° (B-m), escarpias, trozos de hierro que se fijan á la rueda del carro para consolidarla: crampons, morceaux de fer qui se fixent a la roue d’une charrette pour la consolider. – iD (R), cabrito, chevreau.

Bestalde, bi aldaera jasotzen ditu Labayru hiztegiak, eta adibide aski argigarriak, gaurko mintzairan eman dezaken joko oparoaren erakusgarri:

hainbarik
1
adb. aparte de, además de. Sarritan be(re)/ere indargarriagaz. Diru gitxitxugaz gabilz, baina hainbarik ondo. Behar asko emoten deustazu, baina hainbarik be badaukat zeregina!
~ bestela, osterantzean

2 adb. sin ello, sin nada. Ogitan joan eta atzenean hainbarik etorri naz etxera. Indabak txorizoagaz gozo dagoz, baina hainbarik be ondo pozik jango doguz guk. Dala gogo txarrez dala hainbarik, agintzen jakona egiten dau beti.
~ hainbaga (bizk.), haingabe (bat.)

hainbaga (bizk.)
1 adb. sin ello, privado de. Jakituria beharrezkoa da; esaterako, ez dago hainbaga mediku ona izaterik. Edozertarako behar dozu dirua, hainbaga ezer ez dago eta.
~ faltaz, hainbarik

Eta esapidea izenlagun bihurturik, Hiztegi Batuak, ahozkoan bizi-bizirik dagoen forma:

hainbako izond. Bizk.: botoiduna hainbakoa baino gehiago gustatzen zaio.

Erlatiboetako korrelato-izenordain anaforikoaren balioa ere hartu zuen gure idazle klasikoen eskutik, lehen aipatu ditugun egungo erabilera arruntagoetako balio anaforikoaren bidetik, baliagarritasun anaforiko horrek aurreko perpausako izena ez baizik eta izenaren inguruan eratutako erlatiboa jasotzen zuela:

Nork ere maiteago baidu aita edo ama ni baiño, haina ezta enetzat on: eta nork ere maiteago baidu semea edo alaba ni baiño, haina ezta enetzat gai (J. Haraneder, Mt 10, 37).

Balio anaforiko horren erabilera murriztuz joan zaigu, antza. Gaurko hainbarik esapidekoa baino erabilera zabalagoa zukeelako aierua egin izan dut, eta are klasikoen erlatiboetako izenordain-korrelato anaforikoarena baino erabilera zabalagoa ere, eta, inoiz, aurkitu ere bai, aditzera ematen duen ahal horrekin, gaurko testuren batean, Manu Erzillaren Ez eleberrian, esaterako. Baina ez diot antzematen zertan izan zitekeen espezifikoa izenordain hori, non eta ez zen anaforikotasun horretan bertan, eta izenordain arruntagoen eta gaur guztiz erabilien aldean anaforikotasun horrekin hobetsiak izan zitezkeelako susmoan (Hura/haina, …). Baina susmoak, susmo.

Gainera, erraztasunak eta ekonomiak ez dute gupidarik izaten beharrezkoak ez diren formekin. Orotarikoan, argi eta garbi ematen da aditzera posposizioak aurrekaria errepikatu beharrik ez duela:

e) (Lar, Dv, A Apend). (Empleado sólo, ref. gralmte. a un antecedente sobreentendido). Sin nada, sin ello. “Carecer, […] bage egon, gabe egon, baga egon” Lar. “(Quedarse en) cruz y en cuadro, uts eta gabe geratzea” Ib. “Baga, bage, gabe egon, ez izan, iduki, euki, carecer, n’avoir pas, manquer de” Dv. “Faltar, […] carecer, […] gabe izan (S). Me falta, […] gabe niz” A DBols. “Gabe zira, no tiene Vd.” A Apend. Cf. …ALA GABE. v. GABEKO IZAN. Tr. De uso general, salvo en vizcaíno. Ezen zuri behar bezala eskatu zaitzunik gabe bihurtu dela eztut egundaino enzun. Harb 100. Ezta pobrearen gabe egotzterik eta ez athean oihuz edukitzerik ere. Ax 228 (V 152). Purga ezin bertzez, eri zarenean, premia duzunean hartzen duzu […]; eta baldin gabe iragan al bazindezi, […]. Ib. 255 (V 171). Ezta nihor ere hain konplirik eta hain saindurik, non eztuen noizpait zenbait tentazione, eta ezin gaudezke osoki gabe. SP Imit I 13, 1 (Ch, Mst, Leon -rik gabe, Echve 35 aiek gabe). Ondasun gutirekin edo gabe arkitzen dira. Mb IArg I 203 (II 269 bage). Zerbait [eritarzün] hetarik dükianak ükhen, zer balio dian bage izaitia daki. Egiat 184. Segitzendúte [Jesus guruzifikatua] ón diren guziék, nork bere gurutzearéki, gábe niór ez. LE Ong 15r.

Eta abar luzea, adibide-zerrenda horren ostetik.

Tematu naiz, tematu naizenez, gogoko dudan baliabide baten apologia egiten, euskalkiarena baino hedapen handiagoa merezi lezakeelako iradokizuna egiten, baina alferrik, seguru asko.

Badarik, bizirik dugu esapidea, eta ez gaitezen, bada, hainbarik geratu.

Kontzesioa eta emakida

Oskar Arana Ibabe

Erromatarrek, latinarekin, eta inguruko hizkuntza erromanikoek ere bai, bide luzea egina zuten, gu bidegurutzera orduko:

Orotariko Euskal Hiztegia:

kontzesio, konzesio. Concesión. Bula guruzádakoa da Aita Sanduarén konzésio edo emakida bát. LE in BOEanm 575;

emakida. “Concesión” Lar. –Zer dá Bula gurutzadákoa? —Dá aita Sanduarén konzésio edo emakida bát. LE Urt ms. 36.;

Biek dute sarrera Orotariko Euskal Hiztegian, emakidak eta kontzesiok, eta berbera aipua. Lizarraga Elkanokoak jarri gintuen bidegurutzean, Urteko igande guztietarako platicak edo itzaldiac idatzi zituenean, aipuaren xehetasunez Orotariko Euskal Hiztegiak ematen duen informazioaren arabera. Definizioetarako molde bat ere utzi zuen –definizioa laburra izanik ere, balio zuena– garai hartan, euskara erromanizatuagoa bide zen eskualde bateko erretoreak, zuzenbide kanonikoaren kontzeptu bat, edo elizaren ohitura bitxietako bat, garai eta eskualde hartako euskaldunentzat argitzeko.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, trenkaturik geratuko da kontua, non eta ez zaion beste adieraren bat gehitzen, juridikoa baina arrunta, kontzesio sarrerari, eta non eta ez den emakidarentzat soilik gordetzen zuzenbideko adiera espezializatuagoa:

Euskaltzaindiaren Hiztegian:

Kontzesio: amore ematea. Bi aldeek kontzesioak egin behar izan dituzte.

Kontzesionario: Zerbitzu edo produktu jakin bat saltzeko eskua duen pertsona edo enpresa.

Emakidak ez du sarrerarik.

Gérard Cornuren Vocabulaire Juridique hiztegian, artikulu luzea du concession hitzak:

Concession:

1. Acte juridique bilatéral ou unilatéral en vertu duquel une personne, le concédant, accorde à une autre, le concessionnaire, la jouissance d’un droit ou d’un avantage particulier. Comp. cession, location, licence

2. Par ext. et plus spécialement, le type d’activité ou le mode d’exploitation ouvert au bénéficiaire de la concession.

3. Plus particulièrement encore (lorsque la concession porte sur un espace déterminé), le terrain ou le territoire concédé.

I (adm)

Terme générique désignant des actes très divers, unilatéraux ou conventionnels, par lesquels l’administration (*concedant) soit confère à un particulier (*concédant) soit confère á un particulier (*concessionnaire) des droits et avantages spéciaux sur le domaine, soit confie à une tierce personne l’exécution d’une opération administrative.

Concessionnaire: le titulaire d’une concession; son bénéficiaire; désigne ainsi le preneur dans la concession immobilière et le béneficiarie de la concession commerciale (encore appelé fourni).

Horien arteko lehenbiziko adiera emateko, ezingo genuke, gaurko hiztegiaren arabera, eta aurreragoko hiztegi juridiko batek besterik esan ezean, kontzesio erabili: amore ematearen adiera eman zaio. Emakidak ez du sarrerarik oraindik, eta, pentsatzekoa da, sarrera ematekotan, administrazio-zuzenbideko sarrera emango zaiola, edo Lizarraga Elkanokoak «bula gurutzadakoa» definitzeko baliatu zuena.

Hemen azaldu nahi dut zergatik, emakida eta kontzesioren arteko bidegurutze horretan, hautatuko nukeen Cornúren hiztegiko lehenbiziko adiera horretarako —zuzenbide orokorreko adiera da, ez soilik administrazio-zuzenbidekoa— kontzesio. (Ohartua zegokeen lehendik baten bat; haren lerrora lerratzen naiz ni).

Alegia, kontzesio bat duelako da kontzesionarioa kontzesionario, ez emakida bat duelako. Kontzeptua bat bera da, jatorriz, zuzenbide pribaturako eta zuzenbide publikorako, eta adar bietarako balio duelako, hain zuzen, hartuko nuke kontzesio.

Bide luzeegia hain bidegurutze soilerako, pentsatuko duzue.

Hori, orain arteko kasuistika laburrean, kasu bakarra, gaurkoz.

Batere enpirikoa ez den metodologiaz baliatuta, gogoeta bat, estrapolazio bat, edo proiekzio bat, edo aieru bat, orain: iruditzen zait, batzuetan, terminologia in vitro egitea ere zilegi izan litekeela, batzuetan.

Zeren eta berdin gertatzen baitzait dibertsitate hitzarekin.

Hiztegi Batuan:

dibertsitate 1 iz. Biol. 2 iz. (Bestelakoetan erabil aniztasun, bestelakotasun, desberdintasun, eta abar)

Mahai hau jabilt ikara, hanka bakarraren gainean zutik egon beharrez…

Objxedeak eta beste…

Oskar Arana Ibabe

Abiatu naiz ikertzera ea zein den egokiena objeto del contrato emateko baliatu izan ditugun kontratuaren xede, kontratuaren gai, kontratuaren helburu eta kontratuaren objektu ordainen artean, ustez eta inkoherentziaz jokatzen genuela.

Eta ondorioa atera dut polisemia bitxi baten aurrean gaudela.

Hara zergatik:

Kontratuen teoriara jotzen badugu, eta kontratuaren objektua zer den definitu behar badugu, Deustuko Unibertsitatearen Betebehar eta kontratuei buruzko zuzenbidea [1] liburuan aipamen hau aurkituko dugu.

«Kontratuaren objektuaz ari dira KZren 1271 eta 1273. artikuluak. Horien arabera, gauzak eta zerbitzuak izan daitezke kontratuaren objektu. Horrek berez ekartzen digu gogora aurreko gaietan prestazioaren objektuari buruz azaldutakoa. KZren 1261. art.aren arabera, materiazko errealitateak eta errealitate juridikoak kontratuaren objektutzat har daitezke, baldin eta errealitate horien gainekoak badira kontratua bera eta horrek alderdiei eratxikitzen dizkien betebeharrak. Horrela definituz gero, kontratuaren objektua eta prestazioaren objektua (hau da, betebeharren muina) bat datoz.»

Horiekin bat letorke frantsesezko definizio hauetako lehena[2]:

«Objet du contrat:

a) En un sens matériel, la chose relativement à laquelle le contrat est conclu (en ce sens la vente et le bail d’un immeuble on le même objet).

b) En un sens technique, l’ensemble des droits et des obligations que le contrat est destiné à faire naître (en ce sens, la vente a pour objet de transférer al propriété d’un bien moyennant le paiement du prix convenu, le bail de conférer l’usage d’un bien moyennant le versement d’un loyer).»

Lehenbiziko definizioari, objektu legokioke. Bigarrenari, xede ez legokioke gaizki.

Eta, hala, bai objektu bai xede izango genituzke ordain egokiak, zein mailatan ari garen.

Sektore publiko Kontratuen Legea itzuli genuenean, lehen maila horri zegozkion aipamen gehienak:

Artículo 26. Contenido mínimo del contrato. 26. artikulua. Kontratuaren gutxieneko edukia.
1. Salvo que ya se encuentren recogidas en los pliegos, los contratos que celebren los entes, organismos y entidades del sector público deben incluir, necesariamente, las siguientes menciones: 1. Sektore publikoko ente, organismo eta erakundeek egiten dituzten kontratuek aipamen hauek jaso behar dituzte nahitaez, pleguetan azaltzen ez badira:
a) La identificación de las partes. a) Alderdien identifikazioa.
b) La acreditación de la capacidad de los firmantes para suscribir el contrato. b) Alderdiek kontratua izenpetzeko duten gaitasunaren egiaztapena.
c) Definición del objeto del contrato. c) Kontratuaren objektuaren definizioa.
d) Referencia a la legislación aplicable al contrato. d) Kontratuari aplikatzekoa zaion legediaren aipamena egitea.
e) La enumeración de los documentos que integran el contrato. e) Kontratua osatzen duten dokumentuen zerrenda zenbakitua.
Si así se expresa en el contrato, esta enumeración podrá estar jerarquizada, ordenándose según el orden de prioridad acordado por las partes, en cuyo supuesto, y salvo caso de error manifiesto, el orden pactado se utilizará para determinar la prevalencia respectiva, en caso de que existan contradicciones entre diversos documentos. Kontratuan hala adieraziz gero, adierazpen hori hierarkizatua izan daiteke, alderdiek erabakitako lehentasun-hurrenkeraren arabera; horrelakoetan, ageriko akatsik ezean, hitzartutako hurrenkera erabiliko da dokumentuen artean kontraesanak daudenean bakoitzari dagokion prebalentzia zehazteko.
Objeto, precio y cuantía del contrato. Kontratuaren objektua, prezioa eta zenbatekoa.
En el caso de que una parte de la prestación objeto del contrato tenga que ser realizada por empresas especializadas que cuenten con una determinada habilitación o autorización profesional, la clasificación en el grupo correspondiente a esa especialización, en caso de ser exigida, podrá suplirse por el compromiso del empresario de subcontratar la ejecución de esta porción con otros empresarios que dispongan de la habilitación y, en su caso, clasificación necesarias, siempre que el importe de la parte que debe ser ejecutada por éstos no exceda del 50 por 100 del precio del contrato. Kontratuaren objektu den prestazioaren zati bat gaikuntza edo lanbide-baimen jakin bat behar duten enpresa espezializatuek egin behar badute eta sailkapena eskatzen bada, espezializazio horri dagokion taldean sailkatuta egon ordez, enpresaburuak konpromisoa har dezake zati hori azpikontratatzeko eta, beraz, beharrezko gaikuntza eta, hala badagokio, sailkapena duten beste enpresaburu batzuen esku uzteko, baina enpresaburu horiek gauzatu beharreko zatiak kontratuaren prezioaren 100eko 50 gainditzen ez badu bakar-bakarrik.
Artículo 86. Objeto del contrato. 86. artikulua. Kontratuaren objektua.
1. El objeto de los contratos del sector público deberá ser determinado. 1. Sektore publikoko kontratuen objektuak zehatza izan behar du.
2. No podrá fraccionarse un contrato con la finalidad de disminuir la cuantía del mismo y eludir así los requisitos de publicidad o los relativos al procedimiento de adjudicación que correspondan. 2. Ezin dira kontratuak zatitu beren zenbatekoa gutxitzeko, publizitate-baldintzak edota esleipen-prozedurari dagozkionak saihestearren.
3. Cuando el objeto del contrato admita fraccionamiento y así se justifique debidamente en el expediente, podrá preverse la realización independiente de cada una de sus partes mediante su división en lotes, siempre que éstos sean susceptibles de utilización o aprovechamiento separado y constituyan una unidad funcional, o así lo exija la naturaleza del objeto. 3. Kontratuaren objektua zatitu ahal denean, eta espedientean behar bezala justifikatzen bada, zati bakoitza banan-banan gauzatzea aurreikus daiteke, kontratua lotetan zatituz, betiere loteok bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira eta unitate funtzionala osatzen badute, edo objektuaren ezaugarriek hala egitea eskatzen badute.

Baina, beste testu batzuetan, ez zen horrela itzuli:

Período exacto durante el cual podrá ejercerse el derecho objeto del contrato y, si es necesario, su duración: Kontratuaren xede den eskubidea baliatu ahal izango den denbora‑tarte zehatza, eta beharrezkoa izanez gero, haren iraupena:

Lege horretan bertan, finalidad del contrato eman beharra ere suertatu zen, kontratuaren objektuaz besteko kontzeptu gisa.

Descripción de la finalidad del contrato. Kontratuaren xedearen deskribapena.

Baina, gero, lege horiek aplikatuz egiten diren kontratuetan, objeto del contrato ematen dugunean, kontratuaren xede ematen dugu maiz, frantsesezko hiztegi horretako bigarren definizioaren arabera.

b) En un sens technique, l’ensemble des droits et des obligations que le contrat est destiné à faire naître (en ce sens, la vente a pour objet de transférer al propriété d’un bien moyennant le paiement du prix convenu, le bail de conférer l’usage d’un bien moyennant le versement d’un loyer).

Ez dakit polisemia deitu behar ote zaion horri, estu hartuta bai agian, baina oso gertu dauden adierak dira. Horregatik, ahalegin ttiki hori egitera abiaturik, ondorio ttiki hau atera dut, alegia, bereizi egin behar dugula «objeto del contrato» darabilgunean zein mailatan darabilgun, ez xede ez objektu ez direlarik baztertu beharreko ordainak. Ezingo genuke kontratuen teoriako definizio horren araberako kontzeptua xederekin eman; bestaldera, aldiz, frantsesezko bigarren definizio horren araberako kontzeptua ezingo genuke euskaraz objekturekin eman, eta horregatik behar dugu xede.

Testu juridikoak eta administratiboak itzultzen ari naizeneko zalantza bat argitzeko ahalegintxoa besterik ez duzue hau.


[1] VALPUESTA FERNÁNDEZ, M.ª R.. Betebehar eta kontratuei buruzko zuzenbidea. (2. argitaraldia). Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1996.

[2] CORNU, GÉRARD. Vocabulaire Juridique. (Troisième édition revue et augmentée). Paris: Presses Universitaires de France, 1997.

Zuzenbide- eta administrazio-itzulpengintza, ahatetxo itsusia?

Oskar Arana Ibabe

Batek nahi izaten du jakin lanean egiten duen hori zertarako den, norentzako den, nola dabilen, direla arropa-garbigailuak, ontzi-garbigailuak, nahiz autoak edo zuzenbide- eta administrazio-testu euskarara bihurtuak. Bezeroen gogobetetzea, esaten diote. Edo ez, gerta liteke ez jakin nahi izatea.

Literatur itzulpengintzan ere bai, nahi izaten du batek jakin; eta, hor, benetan, gauzarik pozgarrienetakoa izaten da baten batek esatea “hi, oso gustura irakurri nian hik itzulitako liburua”, edo “kaka zuan, bai istorioa, bai itzulpena.” Bietakoak entzun ditut, erdi eta erdi esango nuke, estatistika eginez gero; nahiz eta bigarren iruzkin hori ez den aurrez aurre esaten, bizkarretik baizik, edo zeharka, edo kalean pasaeran entzuteko ozentasun kalkulatuaz, edo elkarrizketan aritzeko plantak egiten ari diren bik zu pasatzean ozen aipaturik (baina begiratu gabe, edo zeharbegiratu oso zeharkakoaz), edo norbaitekin bestelako elkarrizketa batean zabiltzala solaskideak ahotsaren lastertasuna eta bolumena doitu eta zinemako iragarki subliminal haien antzeko efektua eraginez ahapetik esanik, zer entzun duzun oso ondo ez dakizula, Athleticen partidaren gaineko iruzkinen artean beste hori ahapetik zergatik tartekatu den ez dakizula, gogoan edo garunean edo bihotzean edo zelularen batzuetan halako zirkuitulabur bat eraginez, eta, iruzkinak berak ez, baizik eta jokabide doilorrak sortutako nahigabea kentzen lanak hartuta joaten zara etxera, zeure buruari galdez ea hipersentikorra ote zaren, ea horiek ote diren gaurko manerak, ea hori ote den gaurko gizalegea, edo literatur irakurleen unibertsoko ethosa. Ea galdu egin ote dugun egia minik eragin gabe edo minik eragin nahi izan gabe esateko antze diplomatikoa. Ondorio garbirik atera ezinik, burumakur ‒jakina‒, joaten zara etxera. Eta, alditxo bat igaro ostean, sentitzen duzu arnasa bere onera itzultzen eta barruko ahots horrek, sugandila belarritik berriro aterarazita, zauritxoa eztitzen eta esaten: “ez, ondo eramaten duzu zure lana edo zu zeu norbaiten gustuko ez izatea,… min emateko asmoak egin dizu min, ez dakizu zergatik esan behar diren halakoak modu horretan, ez zabiltza droga-trafikoan edo mafiako kideekin tratuan gauzak ahapeko manera hain harrigarri horretan esateko,… lasai, ez zara hain egolatra, nartzisismo onaren eremuan zabiltza oraindik… Eta, okerrenean, bizirik zaude, gustuko duzu jendeari gustu ematea lan txukunarekin, edo lana txukun egiten saiatuz. Badakizu porrotak kirol-legez irensten, eta, bizirik zaude, okerrenean bizirik, axolazko kontua delako ahalegin hori norbaiten gogobetegarri izatea”.

Baina bizimodua (orain arte) administrazioan itzultzaile arituz ateratzen duen honek ez daki oso zuzen nork irakurtzen dituen gure testuak, ea betetzen ote diogun gogoa irakurleari, bihotza nekez beteko diogu-eta, edo, beharbada bai, beharbada gaztelaniazkoak baino argiago ulertzen ditu euskarazko testu juridikoak, eta esaldiak hain luze ezin emanez eta paragrafoak euskararen antolamoldeetara ekarririk goxoagotu ere egiten dugu testua (hala esaten diogu geure buruari) balizko irakurlearentzat. Gero, badakigu baliokidetasun juridikoaren ezpataren pean itzultzen dugula, eta hori ez da txantxa, jaun-andreak, ez baita txantxa… alegia, garbitzen ote duten garbigailuek arropa…

Gaur, asmo gaiztoko iruzkinak gorabehera, trinkoturik dago euskarazko literatur unibertsoko irakurleen komunitatea, geroz eta sofistikatuagoa da ‒behar duen gisan‒, geroz eta zabalagoa, askotarikoagoa, geroz eta profesionalagoa da literatur itzultzaileen kalitatea (nahiz ezin lanbidetik bizi, gainerako profesionalak bezala), aro onean dago sail horretako lurra, ematen ditu fruituak, eta emango ditu hor ereiten den haziak ere, seguru, geroz eta hobea da-eta. Bada irakurle-komunitate bat, eta ezagutzen du itzultzaileak, zelanbait, komunitate hori.

Eta zuzenbideko, administrazioko eta politikako komunitate euskaldunak zer dio gure beste testuez? Baliokidetasun juridikoaren ezpataren beldurra, ez ote dugu besterik sentitzen sail horretan gabiltzanean? Edo ezaxola? Feedbackik ez dugula darabilt buruan aspaldian. Geu gara geure testuak juzgatzen ditugunak, galbahetik iragazten, baina komunitate hori ez dago aski trinkoturik edo antolaturik. Hala, corpusa eratzen gabiltzalako fedearekin egiten dugu aurrera, baina, beharko genuke, literatur itzulpengintzan bezala, norabide argiago bat, koordinazio sendoago bat, premia eta lehentasunen mapa argiago bat. Iruditzen zait.

Urte batzuetatik hona, korredakzioa sartu zaigu mapa horretan. Euskarak eremu horretan egin dezakeen normalizazio-bidean urratsik handienetako bat. Berriki, Ugartemendia terminologia-jardunaldietan, nanogunearen zuzendari Jose Maria Pitarkek esan zuen, esparru horretan euskarak duen presentziari buruz, euskaraz egiten dutela eta egin dezaketela lan arlo horretan euskaldunek, elkarren artean ari direnean, beste edozein arlotan bezala, nahiz eta nazioarteko komunitate zabala ingelesez jardun. Komunitate juridiko euskaldunaren kasua bestelakoa da. Gaztelaniazko mundua du alboan, edo gainean itogarri, edo beraren neurria, gaztelaniazkoaren aldean, nano-nanoa da. Ba omen dira munduan, Kanadan kasu, legea sortzetik bi eletan ematen duten gizarteak. Litekeena da gizarte horiek bereiztea, Kanada eta Quebec bereiztea, eta gizarte elebakar bana eta komunitate juridiko elebakar bana sortzea. Baina, bitartean, badabil eredu hori hango gizartean. Hemen, ez dakit zer leku izango lukeen korredakzioak. Lekurik izanez gero, itzulpengintzak beste era batera kokatu beharko luke bere burua mapa horretan. Ekarriko lukeen abantailetako bat, ez makala, gure hizkera juridiko eta administratiboak autonomia handiagoa izatea sortzetik, berezko hizkera juridiko eta administratibo bat lantzeko aukera, hor ere, gure tradizioa, berria, urria edo eskasa izanik. Hala aipatu izan dute lankide batzuek noizbait, susmo lauso baten moduan, zehazteko areagoko ahaleginik gabe.

Susmoak baino ez, momentuz.