Igone Zabala Unzalu
31 eskutik blogaren bigarren urteko ibilbideari hasiera ematea egokitu zait oraingoan. Abiapuntu egokiaren bila, labur aritzea ezarri nahi izan diot nire buruari, eta aspaldian iruzkin labur baterako apuntatuta nuen erdibizitza terminoaz aritzea pentsatu dut. Behin baino gehiagotan egin dut topo termino horrekin gainbegiratzeko heldu zaizkidan testuetan edota termino-zerrendetan, eta begi-bistakoa iruditu zait txarto osatuta dagoela. Hala ere, hiztegietara eta corpusetara jo eta han aurkitu dut erdibizitza behin eta berriro, half-life terminoaren ordain modura. Hiztegi-sorkuntzarako bideez dudan ezagutzak edota intuizioak eskatuko lidakeen bizitza-erdi formaren arrastorik ez, ordea, inon ere ez. Hasiera batean Fisika Nuklearraren alorreko terminoa zela uste nuen, baina beste alor askotan ere aurkitu dut, adibidez, Kimika Fisikoan, Meteorologian, Biokimikan eta Farmakologian: erabilera zabaleko terminoa da. Paragrafo pare batean garbitzeko gaia zelakoan nengoen, baina nire argudio-ildoa garatzen hasi bezain laster konturatu naiz labur aritzearena zaila izango zela eta, gainera, gaia ez nuela agortuko artikulu bakar batean.
Jakina da duela hogeita hamar urte baino gehiago unibertsitatean euskara akademikoari buruz eskaintzen diren irakasgai eta ikastaroetan pisu handia dutela hiztegi-sorkuntzari buruzko gaiek, euskararen normalizazio prozesuan hiztegia aberastea eta eguneratzea funtsezko prozesuak direlako baina, era berean, hiztegi-sorkuntzarako bideen inguruko intuizio txikia izan ohi dutelako hiztunek: sintaxiaren eraketa-arauak etengabe baliatzen ditugu edozein hizkuntza erabiltzen dugunean, baina hiztegi-sorkuntza oso gutxitan da hiztunen jarduera indibiduala. Euskararen hiztegi-sorkuntzan funtsezko gaietako bat da, hain zuzen, erdal aurrizki bakarrarekin lotuta euskarak eskatzen dituen egitura eta hurrenkera desberdinena. Izan ere, maiz gertatzen da erdal aurrizki bakar batek euskaraz hitz desberdinetan egitura desberdineko ordainak behar izatea. Adibidez, prejuicio eta prehistoria hitzek aurreiritzi eta historiaurre ordainak behar dituzte. Joera horren arrazoiek oinarri sendoa dute latinetiko hizkuntzak eta euskara kontuan hartzen dituzten morfologia-azterketa kontrastiboetan: pre- bezalako erdal aurrizkiak hitzaren modifikatzaileak dira batzuetan eta, beste batzuetan aldiz, hitzaren buruak. Adibidez, prejuicio esaten zaio behar diren datuak izan aurretik egiten den «juicio»ari, baina prehistoria deritzo historiaren aurreko «garaiari». Beraz, lehen hitzean modifikatzailea dugu pre– aurrizkia eta, bigarrenean aldiz, burua. Euskara, latinetiko hizkuntzak ez bezala, «burua azken» hizkuntza denez, eta hitz-eraketan modifikatzaileak ezkerrean joan ohi direnez, aurre izena eskuinean doa hitzaren burua denean (historiaurre) eta ezkerrean, aldiz, mofikatzailea denean (aurreiritzi). Nolakoak dira, baina, half-life / semivida / demi-vie hitz konplexuak? Zirkuluerdi eta eguerdi bezalakoak dira? Ala erdibide, erdigune, erdiuharte bezalakoak al dira?
Hizpide dudan terminoarekin lotuta dagoen kontzeptuaren bila, Wikipediara jo, eta definizio hau aurkitu dut:
Half-life (t½) is the time required for a quantity to fall to half its value as measured at the beginning of the time period. In physics, it is typically used to describe a property of radioactive decay, but may be used to describe any quantity which follows an exponential decay.
Elhuyarren ZT Hiztegi Entziklopedikoak Fisikaren alorrean kokatzen du definizioa. Bestalde, batez besteko bizitza ‘mean life, average life’ terminoak bestelakoa den kontzeptura garamatzala ere ikus dezakegu hiztegi horretan:
erdibizitza
1. Fis. Substantzia erradioaktibo baten atomoen erdiak desintegratzeko behar den denbora.
Ikurra T1/2
batez besteko bizitza
1. Fis./Kim.Substantzia erradioaktibo baten atomoak desintegratzeko batez beste behar den denbora. Erdibizitza baino 1,4142 aldiz handiagoa da.
Erdi izenak askotariko egiturak osatzen ditu, sintagma-egitura analitikoetatik hasi (1) eta lexikalizatutako hitz bakarreko egituretaraino (2); modifikatzaile modura jokatzen duen egituretatik hasi (1a, 2a) eta buru modura jokatzen duen egituretaraino (1b, 2b).
(1)
a. Erdiko etxea erosi du.
b. Etxearen erdia konpondu du.
(2)
a. Arabiako erdiuharteari bira ematea erabaki zuen.
b. Zirkuluerdi bat marraztu du.
Egitura horiei erdi izenak bi eratako ekarpen semantikoak egiten dizkie: ‘kokapena’ (3) edo ‘kuantifikazioa’ (4):
(3)
a. Kaleraren erdian / erdi-erdian dago.
b. Kale erdian dago.
c. Oihuka aritu da gau erdian.
d. Erdiko kalea da.
e. Aurreko / atzeko / erdiko garun-arteria
f. Ziklo horiek goi mailakoak nahiz erdi mailakoak dira.
(4)
a. Kalearen erdia garbitu du.
b. Egun erdi bat eman dut etxea garbitzen.
c. Eguerdia da.
d. Erdi ilun dago.
e. Material hori erdieroalea da.
f. Erdieginda dago. (Erdizka eginda)
Kokapeneko irakurketen artean bi mota bereiz daitezke. Batetik, objektu, leku edo denbora-tarte baten barruko kokapena dago (3 a-c) eta, bestetik, objektu baten antzeko objektuekiko kokapen erlatiboa (3d-f). Kuantifikazio-irakurketen artean, aldiz, ‘zatiki- irakurketa’ (4 a-c) eta ‘eskala-irakurketa’ (eskalarra) ditugu (4 d-f). Zatiki-irakurketa gertatzen da erdi laguntzen duen izenaren eskuinean kokatzen denean: kalearen erdia / herena / laurdena… Eskala-irakurketa dagoela diogu, aldiz, hizkuntza-elementu bat interpretatzerakoan elementu horren ezaugarri bat (kopurua edo nolakotasuna) eskala batean kokatzen dugunean. Adibidez, erdi ilun interpretatzen dugunean, argi > apur bat ilun > erdi ilun > oso ilun > erabat ilun moduko eskala batean kokatzen dugu. Era berean, erdieroale edo erdiuharte interpretatzen ditugunean, «eroaletasunaren» edo «uhartetasunaren» eskalan gorago dauden elementuen azpian kokatzen ditugu erdi daramaten horiek. Euskaraz badirudi oro har eskala-irakurketa gertatzen dela erdi ezkerrean kokatzen denean.
Erdibizitza terminora bueltatuz, azterketa semantikoak ‘kokapena’ alde batera (edo beste baterako agian) uztera eta ‘kuantifikazioaren’ eremura narama. Euskalterm datu-basean erdi osagaidun terminoen artean kuantifikazio-esanahia daramatenak aztertuta, badirudi termino-sorkuntzan ere, salbuespen batzuk alde batera utzita, erdi eskuinean ageri dela zatiki-irakurketa dagoenean eta ezkerrean eskala-irakurketa dagoenean. (Ikus taula.)
Beste hizkuntza batzuei erreparatuta, taulan bildu ditugun terminoetan behintzat, gaztelaniaz semi- aurrizkia bai zatiki-irakurketa duten terminoetan bai eta eskala-irakurketa dutenetan ageri da eta, media eta mitad aldiz, bakarrik zatiki-irakurketa dutenetan. Ingeleseko eta frantseseko half eta demi/mi elementuak bi irakurketa motekin lotuta ageri dira, baina semi- aurrizkia ere erabiltzen da zenbaitetan hizkuntza horietan.
Euskaltermen bi jakintza-alorretan ageri da erdibizitza terminoa: Ingurumena eta Fisika. Baina, lehenago aipatu dudanez, beste alor askotan ere erabiltzen den terminoa da. Definizioak beti dira antzekoak: «zerbaiten kantitatea erdira jaisteko behar den denbora». Hortaz, «zerbait» hori guztia desagertzeko behar den denbora guztia «zerbait» horren «bizitza» dateke, eta hizpide dudan terminoaren bidez adierazten dena «bizitza» horren zatiki bat. Ez dirudi inola ere terminoak «bizitza» ezaugarriaren araberako eskala bateko interpretaziora eramaten gaituen esanahia duenik. Beste hitz batzuetan esanda, half-life edo semivida hori ez da bizitzaren ezaugarri guztiak izatera heltzen ez den gutxi gorabeherako bizitza bat edo horrelako zerbait. Nire argudio-ildoa zuzena bada, beraz, bizitza-erdi beharko luke. Ingeleseko eta frantseseko ordainetan bi sinonimo eskaintzen ditu Euskaltermek: half-life, half-life period / période de demi-vie, demi-vie. Gaztelaniarako, aldiz, semivida ordaina baino ez du ematen, baina Interneten hemivida eta vida mitad sinonimoak ere aurkitu ditut. Ordain horiek ere nire argudio-ildoarekin bat datozela deritzot, eta bizitza-erdi formaren alde egin lezakete.
Ezin aipatu gabe utzi Euskaltermek erdibizitza terminoaren erdisinonimo modura ematen duen erdidesintegrazio-periodo forma. Euskararen sistema deskribatu dudan modukoa bada, erdidesintegrazio hitza dagoke zuzen osatuta. Izan ere, aditzetik abiatu beharko ginateke, eta erdidesintegratu aditzaren esanahia ez litzateke ‘erdia desintegratu’ (zatikia), ‘erdizka desintegratu’ (eskalarra) baizik. Horri gaineratu beharko litzaioke erdidesintegratu euskararen sistemaren barruan sortutako aditzari egun maileguak egokitzeko soilik erabiltzen den –zio atzizkia gaineratuko geniokeela. Kasu honetan ere uste dut, terminoa euskaraz sortuz gero, desintegrazio-erdiko denbora edo horrelako zerbait beharko lukeela. Beste aukera bat litzateke, jakina, semidesintegrazio-periodo edo semidesintegrazio-denbora egitea mailegua zuzenean egokituz.
Artikulu hau bukatzeko, aipatuko dut Euskalterm kontsultatu dudanean deigarri gertatu zaidan duela gutxiko aldaketa bat. Izan ere, UZEIren 1991ko Hizkuntzalaritza Hiztegian jasota daude erdibokal eta erdikontsonante terminoak baina, duela gutxiko aldaketak direla medio, irristari (2011 urtea) eta kontsonanterdi (2013 urtea) aurkituko ditugu kontsulta une honetan eginez gero. Seguruenik kontzeptuen eta terminologiaren eboluzioarekin lotuta egongo da erdibokal > irristari aldaketa, eta ni ez naiz gauza ezer esateko horretaz, baina erdikontsonante > kontsonanterdi aldaketaren azpian arrazonamendu linguistikoak daudela pentsa liteke. Eskala-irakurketa ikusten dut nik semiconsonante terminoan eta ez zatiki-irakurketa eta, hori hala balitz, lehengo hiztegiko forma (erdikontsonante) litzateke zuzena eta ez oraingoa.