Selektibitatea eta terminologia akademikoa

Igone Zabala Unzalu

Laster hasiko dira unibertsitatera sartzeko hautaprobak eta, ohi denez, askotariko berriak plazaratuko dituzte komunikabideek: horrenbeste ikaslek egingo dituztela probak aurten, oso urduri eta estresatuta daudela nahi duten graduan sartzeko behar duten nota lortu nahian, LOMCE legea aurrera badoa azken selektibitatea 2017koa izango dela… Euskararekin lotutako berriak ere ez dira faltako: hautaprobak ikasle gehiagok egiten dituztela euskaraz gaztelaniaz baino eta, gainditu ere, ikasle gehiagok gainditzen dituztela euskaraz egiten dituztenen artean gaztelaniaz egiten dituztenen artean baino… Poza eta autoestimu-gorakada eragiten digute halako berriek baina, zoritxarrez, albiste ezkorragoak ere egon izan dira maiz, adibidez, itzulpenean egindako akats bategatik azterketa euskaraz egin behar zuten ikasleek galderaren bat egiterik ez dutela izan edo, duela urte pare bat gertatu zen bezala, Biologiako azterketan erretikulu endoplasmiko granulotsuaz galdetu eta zenbait ikaslek galdera erantzun gabe utzi dutela, ez baitute ezer ere ikasi erretikulu horretaz: erretikulu leuna eta pikortsua ikasi dituzte, baina zer ote da erretikulu granulotsua? (Buruz ari naiz, ez baitut aurkitu albiste edo gutuna, eta baliteke nire memoria faltak datu zehatza distortsionatu izana). Akats larriak dira. Eragin zuzena dute okerrok azterketak euskaraz egiten dituzten ikasleen kalifikazioetan, eta dezima bat gorabehera erabakigarria izan daiteke aukeratutako graduan onartua izateko. Euskararen balioa eta prestigioa ere kolokan jar ditzakete horrelakoek.

Bigarren hezkuntzan ezartzen dira terminologia espezializatuaren oinarriak. Izan ere, ez da posible kontzeptu espezializatuak adieraztea terminologiarik gabe eta, beraz, kontzeptu espezializatuak komunitate zientifikoak erabiltzen dituen denominazioekin batera ikasten dira hezkuntza-sistemaren mailaz maila. Testu akademikoen hezurdura kontzeptuala terminoak dira, eta ez dago testuok ulertzerik terminologia aditu gabe. Burura datorkit nire semearekin duela pare bat urte gertatutakoa. Fisikako ariketa batean ibilbidea eta desplazamendua definitzeko eskatzen zioten. Desesperazioak jota zegoen etxera heldu nintzenean. Liburuan ibilbidea bai, baina desplazamendurik ez zegoen inon. Liburura jo eta berehala aurkitu nuen nire semearen desesperazioaren arrazoia: desplazamendu gabe lekualdaketa ageri zen. Hiztegi Batuan biak daude jasota, baina desplazamenduk bakarrik darama Fis. marka. Euskaltermen ere desplazamendu ageri da Fisika alorrean.

Ziur naiz irakurle guztioi etorri zaizuela berehala azalpen edo gogoetaren bat hona ekarri dizuedan pasadizoaren harira baina, bestalde, zalantza handirik ere ez daukat zuetako batzuek Kepa Altonagaren Back to Leizarraga[1] liburuaren ildotik bideratuko zenutela zuen argudio-ildoa eta, beste batzuek, aldiz, Ibon Sarasolaren Euskara Batuaren Ajeak[2] liburuarenetik. Gure artean maiz aurkakotzat hartu izan diren iritzi-ildoez ari naiz, jakina, ez baitut uste aipatutako kasu zehatza ez Sarasolak ez Altonagak mintzagai izan dutenik. Ni ez naiz sartuko ildo horiek erkatzen edota eztabaidatzen, nire iritzia baita hizkuntza-zaindariek eta iritzi-emaileok jomugan dituzten (/ditugun) hizkuntza-ereduen balizko erroten gainetik daudela diskurtso-komunitateen erabilera errealak. Euskararen erregistro akademikoek badituzte hezur-haragizko erabiltzaileak, eta hil ala bizikoa da erregistro horien funtzionaltasuna zalantzan jar lezaketen jardunak eta interbentzioak saihestea. Iritziak iritzi, oraingoan parte interesatu bezala eskatzen diet hautaproben arduradunei zain ditzatela euskarazko azterketak akatsetatik, nire semeak aurten egin behar du eta selektibitatea.

[1] Altonaga, Kepa (2015) Back to Leizarraga. Pamiela.
[2] Sarasola, Ibon (1997) Euskara batuaren ajeak. Alberdania.

Ingelesa euskararekin lehian esparru akademikoetan

Igone Zabala Unzalu

Louis-Jean Calvet hizkuntzalariak Pour une écologie des langues du monde[1] liburu interesgarrian Hegoafrikan egindako gizarte-psikologiaren alorreko esperimentu bat[2] azaltzen du, hizkuntza-estereotipoen gaiari sarrera emateko. Hegoafrikako hamaika hizkuntza ofizialetatik hiru (afrikaans, ingelesa eta xhosa) menderatzen zituzten hiru hiztuni eskatu zieten testu bat hiru hizkuntza horietan irakurtzeko, eta 298 epaileri inkestak pasatu zizkieten grabazioak ebalua zitzaten. Egindako inkesten emaitzek bi joera garbi erakutsi zituzten: a) Ingelesa, edozein azenturekin ahoskatuta ere, balorazio onena zuen hizkuntza zen eta, gainera, xhosa eta afrikaans hizkuntzetako hiztunek anglofonoek baino irudi positiboagoa zuten ingelesari buruz. b) Epaileek iritzi hobea erakusten zuten ingeleseko eta xhosako azentuaren aurrean afrikaans ukituko azentuaren aurrean baino. Eta are adierazgarriagoa dena, epaileei testuen irakurleak lanbide batekin lotzeko eskatu zitzaienean, estatus altuko lanbideak (irakasle, negozio-gizon, ministro, abokatu…) egotzi zizkieten azentu ingelesa zutenei eta, afrikaans edo xhosa azentudun irakurleei, aldiz, estatus ertainekoak (teknikaria, funtzionarioa, burokrata…). Halako azterketek agerian uzten dute hizkuntzei buruzko estereotipoek garrantzi handia dutela gizarte-bizitzan eta lotura zuzenak daudela estereotipoen eta egoera soziopolitikoen artean.  Izan ere, esperimentuaren egileek diotenaren arabera, afrikaans zuriek, 1948 urtean boterea hartu zutenetik, populazioaren zati handi bat zuten kontra eta, ingeles hizkuntzak, aldiz, irudi positiboa omen zuen, oro har, Afrikan.

Calvet-ek hizkuntza-jardunak eta hizkuntza-errepresentazioak bereizten ditu. Errepresentazio deritze hizkuntzez eta hizkuntzak hitz egiteko edo, oro har, erabiltzeko moduez ditugun iritziei, eta dio halako iritziak askotan estereotipo bihurtzen direla.  Hiztunok joera dugu gure jokaera linguistikoak gure iritzi eta jarrerei egokitzeko eta, beraz, hizkuntzen (edo hizkeren) errepresentazioek eragina dute hizkuntza-jardunetan. Azken batean, hizkuntzei buruz ditugun errepresentazioek aldatu egiten dituzte hizkuntzak eta haien funtzioak. Globalizazioa dela eta ingelesari buruz orokortu diren (edo behintzat areagotu diren) errepresentazioek eragina izan dezakete, nire iritzi apalean, euskararen biziberritze prozesuan. Moreno Cabreraren hitzak[3] ekarriko ditut hona, harira datozelakoan.

La ideología imperialista que, por desgracia para esta lengua, se centra en el inglés, tanto en el Reino de España como en otros estados de Europa, es un ejemplo palmario de las consecuencias de las ideas del imperialismo lingüístico que tanto éxito están teniendo en la actualidad. Existe una serie de ideas muy difundidas entre mucha gente según las cuales quien no sepa bien o no domine el inglés es poco menos que analfabeto.

Moreno Cabrerak dio, ingelesa oso baliagarria izanda ere, Espainiako estatuaren barruan askoz ere baliagarriagoak direla jende gehienarentzat katalana, galegoa, euskara edo, jakina, gaztelania bera, baina, hala ere, ingelesa ikasten saiatzen dela jende gehiena, baita hizkuntza hori erabiltzeko oso aukera gutxi izango dutenak ere. Izan ere, ingelesaren gaingorespenak  beste hizkuntzen gutxiespena dakar hiztunen errepresentazioetan. Jakina, hizkuntza gutxituen kasuan, gutxiespenek beste maila eta eskala batzuk dituzte, Pako Aristik Euskararen isobarak[4] liburuan ezin hobeto azaltzen duenez. Baina nago analogiaren bat egin litekeela gure gizartean zabaldutako hizkuntza-estereotipoen eta goian aipatutako esperimentuak agerian utzitakoen artean: gaztelania eta frantsesa hizkuntza menderatzailetzat ditugu euskaldun askok, baina ingelesa, nazioarteko komunikaziorako ezinbesteko tresnatzat hartuta,  prestigio eta balio erantsia ematen duen hizkuntzatzat daukagu.

Aipatu ideologiak eragin nabarmena du gure ingurunean. Adibidez, Elixabete Garmendiak ingelesa gure paisaian hartzen ari den gero eta presentzia handiagoa izan zuen hizpide Berrian. Baina abiadura handiz zabaltzen eta sendotzen ari den ideologia horrek beste agerpen asko ere baditu, hala nola, komunikabideetan politikarien edota bestelako pertsona ezagunen ingeles mailari ematen zaion garrantzia, batzuetan barregarri uzteko eta, beste batzuetan, handiesteko, edota gazteen eta horren gazte ez garenon artean pelikulak, seriek, dokumentalak, reality showak  eta denetarikoak ingelesez ikusteko (eta besteei gure jardunaren berri emateko) behar konpultsiboa. (Zer nolako eragina izango ote du horrek ETB1en audientzian?)

Mundu akademikora pasatuta, soka luzea ekarri du Nafarroako Gobernuak aipatu ideologia hori nola erabili duen, ingelesaren eskaintza areagotuz, hezkuntza-sisteman euskara areago zokoratzen saiatzeko (ik. Aniceto Moralesen artikulua, besteak beste). EAEn ere, badirudi nahikoa oinarri pedagogiko sendorik gabe ematen ari direla zenbait urrats, adibidez, ingelesaren irakaskuntza goiztiarra, Aiora Jakak blog honetan bertan zalantzan jarri zuena. Bestelako ikuspegiak ere badaude, jakina, adibidez, Patxi Alañak erabili.eus gunean plazaratutakoa. Ez dut nahikoa ezagutzarik gai horren inguruan iritzia emateko, baina uste dut gogoeta sakona behar dela ingelesaren pisua areagotzeko egiten den ahalegina emankorra izan dadin, baina euskararen irakaskuntzak argi eta garbi behar dituen hobekuntzak oztopatu gabe. Zalantzarik ez dago guraso askok eta askok bere seme-alabentzat euskarazko hezkuntza aukeratu izana erabakigarria izan dela euskal hiztunen kopurua era esangarrian handitzeko, eta atzerapausoa litzateke guraso berriek pentsatzea ingelesaren eta euskararen artean hautatu behar dutela.

Unibertsitatera etorrita, sarri hitz egin da hautaprobak euskaraz egiten dituzten ikasle kopuruaren (12-13 ikasturtean % 62,67) eta euskaraz matrikulatzen diren ikasle kopuruaren artean (12-13 ikasturtean % 48,07) dagoen aldeaz, eta hainbat azalpen ere eman izan dira: Iñaki Santamarina medikuntzako ikasleak erabili.eus gunean azaldu zituen ezin hobeto horietako batzuk. Baina euskarak, gaztelania ez ezik, ingelesa ere badu lehiakide egun. Guztiz zentzuzkoa da masterretako eta graduetako hainbat irakasgai ingelesez eskaintzea, beste herrialde batzuetako ikasleak erakartzeko, eta bertako ikasleei eskolak eta mintegiak kanpoko ikasle eta irakasleekin partekatzeko aukera emateko. Baina lan akademikoetan (gradu bukaerako lanetan, master-tesietan eta doktoretza-tesietan) ere, gero eta presentzia handiagoa du ingelesak. Zenbaitetan ekonomia kontua izaten da. Izan ere, askotan master- eta doktoretza-tesiak nazioarteko aldizkarietan argitaratutako zenbait artikulu zientifikoren bildumak izaten dira, eta ahalegin gehigarria da lan horiek euskaraz ere jartzea. Bestalde, tesia ingelesez idazteak posible egiten du euskaraz ez dakiten kanpoko ikertzaileak egotea epaimahaian. Gainera, hobeto balioesten den tesi europarra aurkeztu ahal izateko, kanpoko egonaldi bat ez ezik, tesiaren zati bat behintzat atzerriko hizkuntza batean idatzita egotea eskatzen da. Nolanahi ere, beste batzuetan ez dakit ez ote dagoen atzean bertako lankide eta ikaskideei ingelesez komunikatzeko gaitasun ezin hobea erakusteko gogoa ere.

Joera horrek ondorioak ditu euskararen erregistro akademiko-profesionalen garapen eta finkapenean. Izan ere, halako lan akademikoak dira lekuan-lekuko hizkuntzetan  idazten diren testu-genero espezializatuenak. Beste hizkuntzen erregistro espezializatuen galera edo garapen eza da ingelesak komunikazio akademiko-profesionalean duen lingua franca moduko erabileraren albo-kalteetako bat. Zenbait hamarkadatan xede akademikoetarako ingeleseko irakasle modura aritu den John M. Swales biziki kezkatzen du kontuak:[5]

…This is not the loss of language per se, but the loss of specialized registers in otherwise healthy languages as a clear consequence of the global advance of English…

…there are the attempts being made to create and foster modern scientific varieties of languages…; more specifically, the attempt to nurture scientific or academic varieties of languages such as Swahili, Arabic, Bahasa Melayu, Hebrew and Pilipino… Of course, the evolution of such registers is fraught with difficulties. To our shame, one is a relative lack of interest in them on the part of linguists and applied linguists. Another is the well-attested tendency of off-center scholars to try and publish ‘their best in the West’, offering more minor works for local publication. A thirth, and relatively new trend, is for promotion in Third World countries (and many othes) to become much more directly tied to publication in international refereed journals.

Mehatxuak mehatxu, artikulu honi bukaera baikorra eman nahi diot nabarmenduz euskararen erregistro espezializatuen garapenerako arriskutsuak diren joerak konpentsatzen dituzten ekimenak. Esate baterako, biziki balioestekoak dira (gaztelaniaz edo ingelesez ez ezik) euskaraz idazten diren doktoretza-tesiak eta bestelako lan akademikoak, bai eta horiek sustatzeko UPV/EHUko Euskara Errektoreordetzak ematen dituen diru-laguntzak ere. Bigarrenik, aipatu beharrekoak dira UEUk euskaraz antolatzen dituen biltzar zientifikoak, esate baterako, datorren astean Durangon egingo den Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz  kongresua. Azkenik, nabarmendu nahi ditut ikerlanak euskaraz argitaratzen dituzten zenbait aldizkari (Uztaro, Euskera…) indexatzeko horien arduradunek egin dituzten ahaleginak.

[1] Louis-Jean Calvet (19999 Pour une écologie des langues du monde. Paris: Didier Erudition.

[2] Vivian de Klerk eta Barbara Bosh (1995) “Linguistic stereotypes: nice accent-nice person?” International Journal of the Sociology of Language, 116 zb., 1995, 17-37.

[3] Juan Carlos Moreno Cabrera (2015) Errores y horrores del españolismo lingüístico. Txalaparta.

[4] Pako Aristi (2014) Euskararen isobarak. Hamasei gezur handi eta koda bat. Erein.

[5] John M. Swales (1997) “English as Tyrannosaurus  rexWorld Englishes, 16 zb. 3, 1997, 373-382.

Izen arinak sendotzen direnean

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntza-gertakariak aztertzeko ikuspegiak eta motibazioak nabariki eragiten diete azterketari berari, karakterizazio- eta sailkapen-moduei eta, azken batean, gure ondorioei. Gaur hona ekarri nahi ditugun “izen arinak” hitz-elkarketa prozesuen ikuspegitik aztertu dira gure artean[1], baina beste hizkuntza batzuetako hizkuntzalarien arreta erakarri dute, besteak beste, diskurtso espezializatuaren azterketaren[2], erregistro espezializatuen jabekuntzaren[3], terminologiaren erauzketa automatikoaren[4] edota haien ezaugarri semantiko-pragmatikoen ikuspegitik[5]. Guretzat ikuspegi horiek guztiak dira interesgarriak, eta integratzen saiatuko gara oso azaleko hurbilketa baino ez den gogoeta txiki honetan.

Hurbilenetik hasita, hemen “izen arinak” esan diegunek Euskaltzaindiak mendekotasunezko hitz elkartuen barruan “mugakizun bereziko izen-elkarteak” atalean sartzen dituenetako batzuetan hartzen dute parte, zehazkiago, multzo-elkarteetan (multzo, talde, sorta…), zati-elkarteetan (zati, atal, izpi, mutur, hondar…) eta mota-elkarteetan (mota, klase, era, gisa, modu, molde…). Hitz-elkarteen mugakizun berezitzat hartzen ditu horiek Euskaltzaindiak hainbat arrazoirengatik[6]:

  • Maiztasun handiz hartzen dute parte hitz elkartuetan.
  • Aski esanahi zabala dute.
  • Zenbaitetan hitzez hitzeko esanahiaz gain, beste adiera batzuk ere hartzen dituzte.
  • Mugatzaile modura hitz elkartuak (mahats-pikor multzo, esne-koipe puska, baso-zuhaitz mota… ) edo izen-sintagmak (ke beltz mordo, gazta zahar pusketa…) izan ditzakete, eta horrek nabariki bereizten ditu bi osagaikoak izan ohi diren beste hitz elkartuetatik.
  • Koordinazio-egituretan ere agertu ohi dira maiz: ardi- eta abere-talde, urdai edo txorizo puska, formazio edo produkzio modu

Jokaera sintaktiko-semantikoa kontuan hartuta deritzegu “izen arinak”, hain zuzen ere ere, Grimshaw eta Mester-ek[7] definitutako light verb (aditz arin) kategoriarekin parekatu nahian. Kategoria semantiko arinen bereizgarria dateke semantikoki defektiboak izatea. Aditzen kasuan, beren osagarriari paper tematikoa ezartzeko ezintasunean bide datza defektibotasun hori, eta egoera edo gertaera bat adierazten duen osagarria behar dute predikatu sendoak osatzeko: harrikoa egin, hanka egin, min eman… Izen arinen kasuan, erreferentzialtasuna dateke ezaugarri defektiboa, eta beste izen edo izen-sintagma baten beharra bide dute diskurtsoan gauzatzeko.

Izen arinen defektibotasun semantikoa agerian geratzen da hizpide ditugun sekuentziak mendekotasunezko hitz elkartu arruntekin alderatzen ditugunean. Izan ere, mendekotasunezko izen elkartu arruntetan (1) eskuineko osagaiak (mugakizunak) darama erreferentzia eta, ezabatuz gero, bestelako erreferentzia (mugatzailearena) hartzen du hizkuntza-segidak: behi-esnea esnea da, eta ez behi eta esne-behi behi da eta ez esnea.

(1)
Behi-esnea erosi dugu. ~ Esnea erosi dugu. Behia erosi dugu.
Esne-behia erosi dugu. ~ Behia erosi dugu. Esnea erosi dugu.

Eskuinaldean izen arina daramaten hitz-elkarteetan (2), aldiz, hitz elkartu osoaren erreferentzia nagusia ezkerreko osagaiak darama, alegia, ikasle talde bat ikasleak dira eta gazta zati bat gazta da. Ezkerreko osagaia ezabatzen badugu, posible da izen arinaren erreferentzia eskuratzea testuingurutik. Hortaz, ikuspegi semantikotik honelako izen arinek hizkuntza-unitatearen burua baino modifikatzaile dirudite eta, ikuspegi diskurtsibotik, bakarrik erabiltzen direnean anafora izaera dute, erreferentzia testuingurutik berreskuratu behar baitute.

(2)
Ikasle talde bat dago han. ~ Ikasleak daude han. ~ Talde bat dago han.
Gazta zati bat emango didazu? ~ Gaztarik emango didazu. ~ Zati bat emango didazu

Baina hizpide ditugun izen horiek ez dute beti izen arin modura jokatzen, ezabatzearen probak agerian uzten duen bezala. Fenomeno hori Hiz-elkarketa/2 lanaren egileek ere azpimarratu dute, eta ereduzko jokaeratik urruntzen diren hitz elkartuak eguzki-lore arrunten taldean sartu behar direla diote. Adibidez, (3) adibidean, talde izenak ‘hainbat osagaiko multzoa’ zenbatzaile antzeko esanahia galtzen du eta, ezabatzen denean, singularreko izenak (zuzendaritza) bete dezake bere lekua. (4) adibidean, aldiz, urrats luzeagoa eman da esanahiaren sendotzean, izen elkartua ezin ordezka baitaiteke ezkerreko osagaiarekin:

(3)
Zuzendaritza-taldea bilduta dago. ~ Zuzendaritza bilduta dago. ~ Taldea bilduta dago.

(4)
Gure ikerketa-taldeak 20 kide ditu. ~ Gure taldeak 20 kide ditu. #Gure ikerketak 20 kide ditu.

Aztertzen ari garen izen horiek, beste askorekin batera (efektu, faktore, egoera, prozesu, sistema, sektore…), espezialitateko diskurtsoen eta terminologiaren zenbait azterketatan vocabulaire de soutien, semitermino edo paratermino deitu izan direnen artean sailka daitezke. Izan ere, bi ezaugarri partekatzen dituzte: a) maiztasun handiz agertzen dira diskurtso mota guztietan eta b) oso esanahi orokorra dute.

Diskurtso espezializatuaren ikuspuntutik, garrantzitsua da azpimarratzea esanahi orokorreko hiztegi-elementu horiek maiz balio espezializatuko elementuekin elkartu eta termino espezializatuak osatzen dituztela. Paratermino deritze halako jokaera dutenean. Adibidez, talde izenak paratermino modura jokatzen du Ekonomian enpresa-talde edo talde bertikal bezalako terminoak osatzen dituenean, baita Kimikan talde elektroi-emaile, talde haptoforo edo amino talde terminoen euskarri modura jokatzen duenean ere. Paratermino modura jokatzen du baita faktore izenak ere, Ingurumen Zientzietan faktore topografiko, faktore klimatiko, klima-faktore edo segurtasun-faktore terminoetan parte hartzen duenean edota Biologia Molekularrean transkripzio-faktore, aktibazio-faktore edo faktore erreumatoide terminoak osatzen dituenean. Paratermino jokaera horretan azpimarratzekoak dira hiru ezaugarri:

a) Esanahi orokorreko izenak, bakarrik dagoenean (talde, faktore), ez du aktibatzen balio espezializatua eta, beraz, ezin da terminotzat hartu. Euskarri modura erabiltzen da balio espezializatua duen hiztegi-elementu bati termino izaera emateko.

b) Diskurtsoan esanahi orokorreko izena bakarrik aurkitzen dugunean, balio anaforikoa du, eta termino osoaren diskurtso-aldakitzat hartu behar da, ez erabateko aldaki lexikotzat.

c) Espezialitate-alor batzuetan paratermino moduko erabilera horretan izenok erabilera orokorretan duten esanahia neurri handian mantentzen badute ere (enpresa-talde, faktore topografiko), beste espezialitate-alor batzuetan, aldaketa semantiko nabariak pairatzen dituzte. Adibidez, amino talde bezalako terminoek konposatu kimikoen atalak adierazten dituzte eta, transkripzio-faktore erako terminoek biomolekula mota jakin batzuk.

Baina post honetara ekarri ditugun izenek are urrats sendoagoa ematen dute, zenbaitetan, aldaketa semantikoan. Izan ere, espezialitate-alor batzuetan, bereziki abstrakzio mailarik altuenean kokatu ohi den Matematikaren alorrean, balio espezializatua aktibatu eta erabateko terminoak dira: multzo, talde, elementu, faktore eta funtzio besteak beste. Azken kasu honetan, izenok, bakarrik erabiltzen direnean ere, unitate lexiko sendoak dira eta ez anafora diskurtsiboak. Horretaz gain, beste termino askok bezala, termino konplexuak ere osatzen dituzte: talde isomorfiko, talde abeldar, faktore lineal, faktore integratzaile, funtzio sinusoidal, funtzio beherakor, multzo ganbil, multzo bornatu, multzo ireki, elementu alderanzgarri, elementu neutro

Hortaz, izen berak balio semantiko desberdinak aktiba ditzake diskurtso espezializatuetan eta hainbat jokaera erakutsi:

  1. Izen arina: animalia talde, irizpide mota, datu multzo
  2. Paraterminoa: enpresa-talde (Ekon.), amino talde (Kim.), datu-mota (Infor.)
  3. Terminoa: talde, multzo, talde abeldar, multzo ireki (Mat.)

Ondorio modura esan daiteke esanahi orokorra duten izen horien jokaeran sakontzeak garrantzi handia duela diskurtso-espezializatuen eraketa- eta interpretazio-arauen jabekuntzari laguntzeko irakaskuntza/ikaskuntza prozesuak diseinatzeari begira. Garrantzi handia dute baita termino-erauzle automatikoen doitasuna eta estaldura handitzeko estrategiak garatzeari begira eta terminografia-lanari begira, oro har.

Azkenik, izen horiek hitz elkartuetan parte hartzen dutenean, idazkeraren auzia ere badago. Euskal bibliografian mugakizun berezi esaten zaien izen horiek testu akademikoetan marrarik gabe idazteko proposamena egin da Zabalaren (1999)[8] eta Zubimendiren (2004)[9] lanetan, besteak beste. Semantikoki sendotzen direnenean, aldiz, marratxoa erabiltzea proposatu du Zubimendik. Post honetan azpimarratu nahi dugu marratxoaren erabilerak hizkuntza-unitateen balio terminologikoa nabarmentzeko diskurtsoan duen garrantzia. Ildo horretatik, izen arin modura jokatzen dutenean marratxorik gabe idaztea proposatu nahi dugu eta paratermino edo termino modura jokatzen dutenean, marratxoa erabiltzea esanahiaren sendotzea eta espezializazioa idazkeran islatzeko.

[1] AZKARATE; M. eta PEREZ GAZTELU, E. (2014) Hitz-elkarketa /2. LEF batzordearen emaitza. Euskaltzaindia

[2] DARBELNET, J. (1979) “Réflexion sur le discours judirique” Meta: journal des traducteurs,  24, 1, 1979: 26-35

[3] BLAISTEN, N. KORNFELD, L., MAZER, V. eta SIMONI, M.E. (1998) “Caracterización del funcionamiento de los semitérminos en el vocabulario especializado” In Terminologia desenvolvimiento e identidade nacional. VI Simposio Iberoamericano de Terminología (La Habana, 1998). Lisboa: ILTEC-Ediçoes Colibri, 2002.

[4] ESTOPÀ, R. eta LORENTE, M. (2008) “Los paratérminos en la extracción automática de terminología”. In. GLAT2008: Terminologie, discours, technologie, acteur sociaux. Brest: ENST Bretagne: 35-47

[5] ESTOPÀ, R. eta LORENTE, M. (2010) “De los aspectos semántico-pragmáticos de los paratérminos”. In. GLAT-LISBOA2010: Le multiculturalisme et le role des langues spécialisées. Brest: ENST Bretagne: 35-47

[6] Euskaltzaindiak arrazoi desberdinengatik sartzen ditu mugakizun berezikoen artean mota bateko eta besteko izen-elkarteak, baina hemen jomugan hartu ditugun hiru mota horiek bakarrik hartuko ditugu kontuan.

[7] GRIMSHAW, J. eta MESTER, A. (1988) “Light Verbs and θ-Marking”. Linguistic Inquiry 19(2): 205-232

[8] ZABALA, I. (1999) “Zehaztasuna eta gardentasuna” In. J.C. Odriozola (koord.) Zenbait gai euskara teknikoaren inguruan. Bilbo. EHUko Argitalpen Zerbitzua: 159-188

[9] ZUBIMENDI, J.R. (2004) Ortotipografia. Ikasmaterialen Aholku Batzordea. Estilo-liburuaren lehen atala. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza

“Egokitasuna” zenbait hiztegitan

Igone Zabala Unzalu

Otsaileko artikuluan zenbait hiztegiren sarrerei buruz aritu ginenean, oraingorako utzi genuen Zehazki Hiztegiak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ordainen, adieren edota joskera-ereduen hurrenkera edota kopurua azaltzeko erabiltzen duten “egokitasun” terminoari buruzko gogoeta. Bada, egindako iragarpena betetzen saiatuko gara artikulu honetan.

Sarasolaren Zehazki hiztegiaren sareko bertsioaren erabiltzaileentzako oharretan ondoko paragrafoarekin egingo dugu topo erabiltzaileok, hasiera-hasieratik:

ERDAL SARRERA-HITZEN EUSKAL ORDAINAK egokitasunaren arabera paratu ditut, nire ustez egokiena dena aurrena jarriaz. Ene iritziz, aurren hori saiatu behar luke lehendabizi erabiltzaileak, eta arrazoiren batengatik ez badu gogoko, hurrengora jo, gogokoena gertatzen zaiona aurkitu arte. Bestalde, erdal sarrera bakoitzean euskal ordain gutxi paratzen saiatu naiz, erdarazkoari gehiena hurbiltzen direnak hautatuz: kontrara jokatzeak euskal hitzen esanahia areago lausotzea besterik ez dakar nire ustez.

Euskaltzaindiaren Hiztegian ere, egoki(tasun) terminoa aurkituko du hiztegiari buruzko xehetasunen bila sarreran murgilduko denak:

Sarrera bakoitzaren adiera bakoitzean berariaz saiatu gara gure tradizio idatziko joera nagusiei men egiten, eta joskera maizkoenak eta ongien dokumentatuak jasotzen. Hau da, joskera-eredu guztien argazki moduko bat eratzen saiatu gara, eredu bakoitzari bere pisua, maiztasunaren edo egokitasunaren arabera ematen saiatuz, hots, maizko ereduei edo eredu egokienei adibide gehiago eskainiz…

Jakina da egokitasunarena kontzeptu erlatiboa dela, alegia, zerbait egokia dela diogunean zertarako den egoki zehaztea ezinbestekoa dela. Hizkuntzaz ari garela ere, blog honen irakurleok ondo asko dakigu hizkuntza-baliabideak komunikazio-egoera jakin baterako direla egokiak edo desegokiak, eta ezin dela egokitasunaz hitz egin komunikazio-egoera kontuan hartu gabe. Erreferentziazko dokumentu bat aipatzeagatik, Euskararen Aholku Batzordeak 2004 urtean argitaratutako Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako txosten ezagunean dioenez, «bere xederako egokia dena da euskara egokia».

Nola ulertu behar dira, orduan, goian aipatutako bi ohar horiek hiztegien testuinguruan? Garbi dago bi hiztegi horien sarreretan egokitasun terminoa ez dagoela erabilita kontzeptu hori erabili ohi dugunok espero genezakeen bezala. Sarasolak berak ematen digu gakoa «euskal ordainak egokitasunaren arabera paratu ditut, nire ustez egokiena dena aurrena jarriaz…» dioenean. Euskaltzaindiaren Hiztegiak, aldiz, hitzen adieren egokitasun maila eskaintzen duten adibide kopuruarekin lotzen du eta ez adiera horiek agertu ohi diren komunikazio-egoerekin. Hortaz, euskal ordainen edo adieren hurrenkerak edota horietako bakoitzerako adibide kopuruak ez digute inolako argibiderik emango ordain horiek erabili ohi diren komunikazio-egoerei buruz. Hizkuntzaren normalizazioa edota estandarizazioa ulertzeko modu jakin batekin dute zerikusia egokitasun terminoaren erabilera horiek. Ikuspegi hori azaltzen saiatzeko, James and Lesley Milroy soziolinguisten hitzak[1] baliatuko ditugu, guk baino askoz ere prestigio, jakintza eta errekonozimendu handiagoa dutelarik, gure argudioei oinarri sendoa emango dietelakoan:

Language guardians do not usually make explicit reference to the distinction between language system and language use. Their comments usually focus on certain particular points of usage… Thus they appear to be comments about language use rather than system. Yet these comments often have implications for language system, as appeals for preferring one usage over another are often based on some limited aspect of language system …

… We should merely like to emphasise two things. First, language guardians usually feel a strong compulsion to select one, and only one, from a set of equivalent usages and recommend that as the ‘correct’ form. Second, their choice of a preferred form is often arbitrary –in linguistic terms: the other variants are quite serviceable. Arguments that are advanced in support of the preferred form can usually be matched by equally good arguments in support of the rejected form...

Batek esan lezake Zehazki hiztegian eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ordain/adiera bat baino gehiago jasotzen direla eta horregatik hitz egiten dutela ‘egokitasunaz’ eta ez ‘zuzentasunaz’. Baina egokitasunaz hitz egitea komunikazio-egoera, diskurtso-ingurua edo erregistroa zehaztu gabe, absolutu bihurtzen du ‘egokitasuna’ eta, beraz, zuzentasunarekin parekatzen du: testuinguru honetan ‘egokiago’ adjektiboak esan nahi du ‘zuzenago’. Bestalde, kontuan hartu behar da Sarasolak sarrera bakoitzeko ordain kopuruaz dioena: «erdal sarrera bakoitzean euskal ordain gutxi paratzen saiatu naiz, erdarazkoari gehiena hurbiltzen direnak hautatuz: kontrara jokatzeak euskal hitzen esanahia areago lausotzea besterik ez dakar…». Jokaera horrek dakar erdarazko hitz baten ordainak izan litezkeen batzuk baztertzea, eta hobesten diren beste batzuen erabilera sustatzea, kontuan hartu gabe ordain horietako batzuen behar semantiko-pragmatikoa. Ikus, adibidez, estimación sarreran ez direla ageri ez estimazio ez zenbatespen ordainak, zenbait erabileratan erabat ezinbestekoak direnak. Murrizketarako ematen den arrazoiak ezkutatu egiten du, gainera, euskal hitz askoren esanahi lausoa eta gehiegizko polisemia. Adibide bat emateagatik, eficacia, eficiencia zein efectividad sarreretan ordain bakarra aurkituko dugu Zehazkin, alegia, eraginkortasun, erdal hiztegietan esanahi desberdinekin lotzen badira ere.

Ordain edo adiera batzuk beste batzuk baino ‘zuzenagotzat’ hartzeko irizpideak direla eta, Euskara Batuaren Ajeak[2] liburura jo dugu gure argudioak argitzen lagun gaitzakeen adibide baten bila, eta abiadura (handiko trena) hautatu dugu. Zehazki hiztegian velocidad bilatu eta ondoko hurrenkera aurkituko dugu ordainetan eta adibideetan:

velocidad 1 f lastertasun, abiadura: una calculadora de gran velocidad, lastertasun handiko kalkulagailua; velocidad: 12 metros por segundo, lastertasuna: 12 metro segundoko; con una velocidad de doce metros por segundo, segundoko hamabi metroko lastertasunez; vector perpendicular a la velocidad, abiadurarekiko zuta den bektorea.

Eta, tren sarreran, aldiz, ondoko esapide hau aurkituko dugu:

tren de alta velocidad, lastertasun handiko, abiadura handiko tren.

Ibon Sarasolak lastertasun formaren alde egiteko bere garaian azaldu zituen arrazoiak sobera ezagunak dira, eta agian bere zentzua zuten azaldu zituenean. Baina gaur egun ez dirudi ordainetan erakusten duen hurrenkerak zentzua duenik. Izan ere, Lexikoaren Behatokiaren Corpusean, 888 agerraldi ditu abiadura handiko trena segidak eta 0 agerraldi lastertasun handiko trena segidak, 3438 agerraldi abiadura lemak eta 8 baino ez lastertasun lemak. Beste corpus batzuetan antzekoa da banaketa: ZT corpusean, abiadura (940) / lastertasun (4) eta Garaterm corpusean abiadura (2084) / lastertasun (5). Lastertasun lemaren erabilera gehienak, gainera, ez datoz bat velocidad sarrerak eskatuko lituzkeen ordainekin, Euskaltzaindiaren Hiztegian aurki dezakegun lastertasun izenaren definizioarekin baizik:

lastertasun iz. Lasterra denaren nolakotasuna. Erantzunaren lastertasuna.

Demagun euskararen egungo erabileren ezagutza txikia duen erabiltzaile batek Zehazki hiztegira jotzen duela velocidad edo tren de alta velocidad terminoetarako ordain bila. Hiztegiak egokiagotzat hartzen dituen aukerak hautatzen baditu, ziur da ez duela gaur egungo euskal hiztunek, agian bere testuaren hartzaileak izango direnek, egokitzat hartuko duten forma hautatuko.

[1] James Milroy & Lesley Milroy (1991) Authority in language. Investigating language prescription and standardization. London: Routledge

[2] Ibon Sarasola (1997) Euskara batuaren ajeak. Donostia: Alberdania

Hiztegien sarrerak: ohar txiki batzuk

Igone Zabala Unzalu

Aitortu behar dut hiztegien sarrerak irakurtzen dituztenetakoa naizela. Funtsezkoa iruditzen zait irakurtzea hiztegigileen oharrak, hiztegiaren makro eta mikroegitura hobeto ulertzeko, eta hiztegiak ematen duen informazioa egokiro interpretatu ahal izateko. Ikasleei hiztegien erabilerari buruzko gogoetak eskaintzeko ere balio dit sarreren irakurketak. Baina, jakina, kritikagarria iruditzen zaidan konturen bat edo beste ere ikustarazten didate irakurketok.

Duela hilabete pare bat Alfontso Mujikak hiztegi digitalek paperezkoak ia erabat ordezkatu dituztela defendatzen zuen Hiztegigintza bere onenean ez badago ere artikuluan. Oro har bat nator bere ikuspuntuarekin baina, nolanahi ere, nabarmendu behar dut zenbait hiztegiren bertsio digitalei ikusten diedan hutsunea, alegia, erabiltzaileei hiztegiko informazioa interpretatzen laguntzen dien sarrerarik eza. Hutsune hori ikusten diot, adibidez, Elhuyar Hiztegiak webguneari. Hasierako interfazean ez du inolako azalpenik eskaintzen webguneak eta, bilaketa bat egiten dugunean, askotariko baliabideak eta informazioak eskaintzen dizkigu, baina ez hiztegia osatzeko erabili diren iturriak eta irizpideak azaltzen duen sarrerarik. 2013ko paperezko bertsioan, berriz, hamar orri pasatxo dituen sarrera xehea aurkituko dugu. Kontrakoa esan behar da Ibon Sarasolaren Zehazki Hiztegiaz askoz ere xeheagoa baita bertsio digitalaren sarrera, 2006ko paperezko bertsioarena baino. Azkenik, euskara batuaren garapenerako erreferentziatzat hartu behar den Hiztegi Batua kontsultagai dago sarean, eta badu sarrera xehe bat, eskaintzen duen informazioa nola interpretatu azaltzen duena. Hala ere, Hiztegi Batuaren hainbat sarrera interpretatzeko funtsezkoa den 2012 urtean argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegiak, nik dakidala, paperezko bertsioa baino ez du une honetan. Ez dakit zer arrazoi dagoen hutsune horren atzean, baina uste dut bertsio digitalik ezak nabarmenki ahultzen duela hiztegi horrek hiztunen komunitatearen erabileretan izan dezakeen eragina eta, hedapenaz, Hiztegi Batuarena berarena ere.

Hiztegien bertsio paperezkoen eta digitalen sarrerei buruzko gogoeta orokorraren ostean, iruzkin labur batzuk egingo ditut goian aipatu ditudan hiztegietako sarreretan ageri diren iruzkin, nire iritziz, inkoherente bakan batzuei buruz. Inkoherentzia txiki horietako batzuk seguruenik datoz hiztegien argitalpen batetik bestera oharkabean pasatu diren zenbait aldaketatik. Elhuyar gazt.-eusk. /eusk.-gazt hiztegiaren 2013ko edizioarekin hasiko naiz, eta aipatuko dut aurreko edizioetan ere ageri zen ohar harrigarri bat:

«Euskarazko sarrera-hitzaren ondoan agertzen den marketako bat neol. da; argitu egin behar da, ordea, euskarazko hitz berri guztiak ez direla neologismotzat jotzen, eta izendapen hori mende honen lehen erdialdean era berezian asmatutako hitz batzuetarako gorde dela: aberri, ikurrin, lehendakari. »

Bitxia deritzot iruzkin horri, eta bai hiztegian neol. ikurra horrela erabiltzeari berari ere. Izan ere, oharrean bertan irakur daitekeen bezala, neologismoak dira hitz berriak (neologismo formalak) edota hitzen adiera berriak (neologismo semantikoak). Hortaz, ordura arte erabileran detektatu ez den hitz edo adiera berri bat antzematen denean esan daiteke neologismo baten aurrean gaudela. Batzuetan berritasuna subjektiboa izan daitekeenez, irizpide lexikografikoa erabili ohi da neologismoen detekziorako eta, ildo horretatik, neologismotzat hartuko dira esklusio-corpus modura erabiltzen diren hiztegietan ageri ez diren hitzak edo adierak. Ez irizpide bat ez bestea ez dira egokiak Elhuyar Hiztegietan neol. laburdurarekin markatzen diren hitzak neologismotzat hartzeko. Izan ere, maiztasun handiz ageri dira corpusetan duela zenbait hamarkada, eta hiztegietan ere jasota daude. Nabarmenena da lehendakari hitza, ETC corpusean 41.037 agerraldi baititu eta Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 11.578 agerraldi. Hitz horren sorrera edozein delarik ere, soberan irabazita du euskal hitz estatusa. Ikusi besterik ez dago zenbat eratorri eman dituen: lehendakari, lehendakaritza, lehendakarigai, lehendakarikide, lehendakariorde, lehendakariordetza. Uste dut askoz ere egokiagoa litzatekeela oharra eta marka bera kentzea hiztegiaren argitalpen berrietan. Egia da muturreko hizkuntza-eredu garbizalea jomugan izanda sortutako hitz horietako batzuek ez dutela horrenbesteko arrakastarik izan, esate baterako, urrutizkin hitzak 38 agerraldi ditu ETC corpusean eta 1 Lexikoaren Behatokiaren Corpusean. Horrelakoetan egokiago deritzot Hiztegi Batuak harturiko bideari, alegia, g.g.er. marka, edo antzekoa jartzeari.

Hiztegi Batuaren sarrerara jauzi eginez, esan beharra dago 2000ko data daramala eta, ondoren hainbat bertsio argitaratu direlarik, baduela inkoherentzia txiki (baina, nire iritziz, garrantzitsu) bat ere. Honela dio azken paragrafoan:

«Orobat, beharrezko ikusi denean, hitzen erabilera zuzenaz ere egin dira oharrak, zuzenean nahiz zeharka. Esaterako, akabatu-ri ‘hil’ adiera ezarri zaionean, uste dugu irakurle zuhurrak horrenbestez ‘amaitu’ adieran onartzen ez dela ulertuko duela. Hiztegi honek, arau kontu guztiak bezala, letra eta espiritua du. Esan gabe doa Hiztegi Batu hau ontzean erabili dugun filosofia dela, batez ere, euskaldunek aintzat hartzea nahi genukeena. »

Egun, aldiz, zaharkituta geratu da ohar hori, akabatu sarreran informazio hau ageri baita:

akabatu, akaba, akabatzen. 1 du ad. ‘animaliak bortxaz hil’ 2 da/du ad. ‘amaitu, bukatu’ 3 du ad. ‘azken ukituak egin’

Nire iritziz, egokiena litzateke sarreran ageri den azken paragrafo hori kentzea. Izan ere, aipatzen duen adibidearen gaur eguneko inkoherentziaren anekdota baino garrantzitsuagoa da erabiltzaileei hiztegiaren erabileraz helarazten dien instrukzio okerra: Hiztegi Batua bukatu gabeko hiztegia da, bai sarrerei dagokienez eta bai azpisarrera edo adierei dagokienez ere eta, beraz, ez da ulertu behar aipatzen ez dituen adierak edota erabilerak baztertu beharrekoak direnik. Askotan deskripzioa bukatu gabe egoteari zor zaio hitz jakin batean zenbait adiera jaso gabe egotea. Euskaltzaindiaren Hiztegian, jakina, 2000ko bertsioan oinarrituta dagoenez, lehen adiera baino ez dago jasota akabatu sarreran, eta aipatu paragrafoak irudikatzen duen jarraibide okerra zuzendu beharrean, indartu ere egin liteke.

Bukatzeko, Zehazki Hiztegiak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ordainen, adieren edota joskera-ereduen hurrenkera azaltzeko erabiltzen duten “egokitasun” terminoaz aritzeko asmoa izan dut baina, kontua korapilatsua delarik, post hau areago luzatu beharrean, hurrengo baterako uztea erabaki dut.

Lexikalizazioak trinkotzea dakarrenean

Igone Zabala Unzalu

Sintagma-egitura duten zenbait hizkuntza-elementu lexikalizazio-prozesuen ondorio dira: etxekoandre, udaberri… Lexikalizazioaren ondorioz, elementuen trinkotzea, gramatika-kategoriaren edota esanahiaren aldaketa, edo/eta konbinatzeko aukeren murrizketa gertatzen dira batzuetan. Adibidez, lexikalizazioa azaltzeko erabili ohi den adibidea da udaberri eta udazken baditugula, baina ez #udazahar edo #udalehen. Kontuan hartu behar da, bestalde, sintagmen lexikalizazio maila denboran zehar alda daitekeela, dela hizkuntza-elementua oso erabilia delako, dela errealitate berriak izendatzeko beharra sortzen delako. Esate baterako, duela gutxi arte etxekoandre izenaren adibidea erabiltzen genuen azaltzeko horren ondoan ez zegoela #etxekogizon hiztegi-sarrerarik. Nahi genukeena baino astiroago, eta seguruenik ez nahi genukeen bidetik, baina garaiak aldatu egin dira eta egun etxeko gizon eta etxegizon ordainak aurki ditzakegu Elhuyar Hiztegietan ‘amo de casa’ sarreratik abiatzen bagara. Etxeko gizon bereiz idatzita ageri da, ordea, seguruenik, hiztegigileak ez direlako ausartu hitz berriari lexikalizazio eta trinkotze mailarik gorena esleitzen.

Beste kasu batzuetan, lexikalizazioa askotariko izenak modifikatzen dituen adjektibo edo izenlagun baten nominalizazioaren eskutik dator: batez besteko {erikortasuna / kontsumoa / egreso kopurua…} > batezbesteko(a). Elhuyar Hiztegietan edota Zehazki hiztegian, adibidez. Antzekoak dira atzera begirako {azterketa / erakusketa} modukoak, baina atzerabegirako(a) izenak hartzen duen adiera ezin da lotu edozein motatako izen-sintagmarekin, eta Zehazki hiztegian baino ez dugu ikusi jasota. Azpimarratu beharrekoa da idazkerak nabarmenki laguntzen duela aukeratzen dugun hiztegi-sarreraren lexikalizazio maila diskurtsoan islatzen eta erabateko koherentzia duela hizkuntza-sistemaren funtzionamenduari buruz egin ditzakegun gogoetekin:

 

Batez besteko adina 20 urte da

Kalkulatu adinen batezbestekoa.

Oteizaren lanaren atzera begirako erakusketa antolatu dute.

Oteizaren lanaren atzerabegirako bat antolatu dute.

Atzera begirako azterketa egin dugu. / # Atzerabegirako bat egin dugu.

 

‘Retrospectivo’ edo ‘media’ euskaraz nola eman erabakitzekotan Adorez 5000 hiztegira jotzen duenak, aldiz, ‘retrospectivo’ sarreran atzerabegirako erakusketa adibidea aurkituko du, eta ‘media’ sarreran, honako azpisarrera honekin egingo dute topo: 3. f (Mat.) promedio: batez besteko; media aritmética: batez besteko aritmetikoa; media ponderada: batez besteko haztatua; media geométrica: batez besteko geometrikoa. Hiztegi Batuko informazioaren interpretazio baten ondorio izan liteke hori, Euskaltzaindiaren hiztegi arauemaileak batez besteko jasotzen baitu baina ez batezbesteko izen kategoriako elementu lexikalizatua. Euskalterm terminologia-banku publikoan ere bereiz idatzia ageri da izen-kategoriako sarrera (batez besteko aritmetiko).

Bestelakoa da lagunarteko eta nazioarteko adjektiboen kasua, lagunarte edo nazioarte lexikalizatutako izenetatik heredatzen baitute trinkotasuna. Hiztegietan jasota daude forma trinkoak, baina ez dirudi erabileran bi izenlagunek berdin jokatzen dutenik. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean, esate baterako, 12.209 agerraldi ditu nazioarteko forma trinkoak, eta 8 agerraldi baino ez nazio arteko forma analitikoak, baina askoz ere alde txikiagoa dago lagunarteko eta lagun arteko formen artean, hurrenez hurren, 350 eta 74 agerraldi baitituzte. Azken aldian maiz ikusten dira nazioarte mailan eta nazioarte mailako modukoak, idazleek testuinguruaren araberako ñabardurak egiteko izaten dituzten beharretan pentsarazten dutenak.

Nazioarte osoaren sostengua izango luke.

Nazioarteko segurtasuna kolokan dago.

Emakumeen nazio arteko eguna da gaur, martxoak 8.

Ingeniaritza elektronikoan nazioarte mailan sari ugari ditu.

Nazioarte mailako harreman gehiago behar dituzte gure unibertsitateek.

 

Zailago ikusten dut, ordea, azaltzea zergatik ageri den diziplinarteko lotuta idatzita Hiztegi Batuan eta berdin, Elhuyar hiztegietan, diziplinarteko, jakintza-alorrarteko, ez baitago #diziplinarte edo #jakintza-alorrarte moduko izenik. (Ikus abenduko posta) Egia da, nolanahi ere, diziplinartekotasun izena egoteak zerikusia izan lezakeela lotuta idazteko joerarekin. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 17 agerraldi ditu diziplinarteko formak eta 16 agerraldi, aldiz, diziplina arteko. Ereduzko Prosa Gaur corpusean 2 agerraldi diziplinarteko formak eta 10 agerraldi diziplina arteko formak. ETC corpusean 150 agerraldi diziplinarteko forma trinkoak eta 190 diziplina arteko bereiz idatzitakoak. Beraz, ez dirudi egituraren analisiak ez eta erabilerak lotuta idaztearen alde egiten dutenik.

Leku-izenak daramatzaten termino sintagmatikoen idazkeraz

Igone Zabala Unzalu

Osasun-alorreko termino-sorkuntzan funtsezko prozesua da sintagmazioa, eta alor horretako profesionalak gai izan behar dira termino konplexuak eraikitzeko eta deseraikitzeko haien diskurtsoak egokiro garatuko badituzte. Hiztegiak, datu-base terminologikoak eta corpusak erabiltzen irakasten diegu ikasleei baina, jakina, euskarazko terminoak sortzeko bideak ere irakatsi behar dizkiegu, askotan behar dituzten terminoak ez baitituzte aurkituko kontsulta-baliabideetan. Zenbaitetan, behar dituzten terminoen zatiak (edo zati batzuk) aurkituko dituzte, eta gai izan beharko dira zati horietatik abiatuta termino konplexuak osatzeko. Beste batzuetan, aldiz, behar duten terminoa habiatua duen termino konplexuago bat aurkituko dute eta, orduan, deseraikitzen eta osagaiak egokiro berrerabiltzen trebatu beharko dira. Horretaz guztiaz gain, hiztegi eta datu-base terminologikoetatik lortzen duten informazioa kritikoki aztertzen eta balioztatzen trebatu behar ditugu ikasleak; izan ere, zenbaitetan terminoak eraikitzeari eta deseraikitzeari buruz irakasten dieguna kontraesanean sartzen da kontsulta-baliabideetan aurkitzen dutenarekin. Hitz elkartuen idazkerari buruz aritu nintzen aspaldian blog honetan. Oraingoan hitz-elkarketaren eta sintagmazioaren arteko mugez eta horiek idazkeran duten islaz arituko naiz.

Osasun-alorreko terminologiari berariaz erreparatzen badiogu, berehala konturatuko gara protagonismo handia hartzen dutela lekua eta denbora adierazten duten izen arinek (aurre, atze, gain, azpi, arte, ondo…), eta izen horien ezaugarri bereizgarrienetako bat da hitz-elkarketaren eta sintagmazioaren arteko zalantzak eragiten dituztela. Leku-izenek izen-elkartuak osa ditzakete, baina baita postposizio konplexuak ere:

[Etxaurre]I-a garbitu behar dugu.

[Etxe]I [aurre-an]P dago.

Hartara, -ko leku-genitiboa gaineratzen diegunean, oso antzekoak diren sekuentziak lortuko ditugu, eta idazkerak bide batetik edo bestetik eramango du gure kontzeptualizazioa. Etxaurre izen elkartutik abiatuta, etxe aurreko espazioa izendatu eta fokalizatzen dugu eta etxea, berriz, bigarren planoan geratzen da. Aurrean postposizio konplexua erabiltzen dugunean, aldiz, etxea erabiltzen dugu kokapenaren erreferentzia bezala.

[Etxaurre]I-ko eserlekua.

[Etxe]I [aurreko]P eserlekua.

Kontzeptu anatomikoak euskaraz egokiro islatzeko garrantzi handikoa da goiko adibideetan egin dugun bereizketa. Azter ditzagun euskarazko zenbait termino, Giza Anatomiaren terminologia akademikoaren erreferentziatzat hartzen den Terminologia Anatomica (TA) lanetik hartuak. Leku-izenak daramatzaten izen elkartuak erabili dituzte anatomistek berezko kategoriadun espazio anatomiko bat bereizten dutenean (belaunatze, oinazpi, hezurrarte). Halako espazio anatomiko bereizirik ez dagoenean, aldiz, kokapenaren erreferentzia ematen duen izena (baraila, betazal, metakarpo) eta kokapena adierazten duen postposizioa (atzeko, azpiko, arteko) bereiz erabili dituzte.

Baraila atzeko zaina                                     ‘Vena retromandibularis’

Belaunatze-zaina                                         ‘Vena poplitea’

Betazal azpiko ildoa                                     ‘Sulcus infrapalpebralis’

Behatzen oinazpiko aurpegiak                  ‘Facies plantaris digitorum’

Metakarpo arteko giltzadurak                    ‘Articulationes intercarpales’

Hezurrarteko metakarpo-lotailuak         ‘Ligg. metacarpalia interossea’

Metakarpoaren hezurrarte-espazioak     ‘Spatia metacarpalia interossea’

Aipatu beharrekoa da euskararen logikatik areago trinkotu litekeela azken terminoa eta Metakarpoaren hezurrarteak egin diskurtsoan. Nolanahi ere, pentsa daiteke TA bezalako erreferentzia-terminologia euskarara ekartzeko garrantzitsutzat hartu dela erreferentzia-denominazioan egitura bakoitzaren hiperonimoa (espazio, zain, giltzadura, lotailu…) gordetzea.

Deskribatu ditugun irizpideek sendo dirudite euskararen sistemaren logikatik begiratuta, baina hiztegi eta datu-base terminologikoetara jotzen dugunean, berehala aurkituko ditugu inkoherentziak. Esate baterako, ‘hemorragia intraparenquimatosa’ euskaraz emateko argibideen bila Euskaltermera jotzen badugu, termino hori osorik ez, baina ‘hematoma parenquimatoso frontal’ aurkituko dugu, honela emanda #parenkima-barneko hematoma frontal. Nolanahi ere, parenkima-barne espazio anatomiko modura bereizten ez delarik, bereiz idaztekoa litzateke euskaraz eman nahi dugun sekuentzia: parenkima barneko odoljario.

‘Dispositibo intrauterino’ terminoaren ordainen bila Euskaltermera edo Elhuyar Hiztegietara jotzen badugu, umetoki barneko gailu aurkituko dugu. Baina Zehazki hiztegira edo 5000 hiztegira joz gero, #umetoki-barneko gailu aurkituko dugu, idazkera desegokia, osasun alorreko adituek ez baitute bereizten umetoki-barne izeneko espazio anatomikorik.

Denbora-kokapena adierazten duten modifikatzaileen kasua antzekoa da, eta hiztegietan aurkitzen ditugun baliabideak ez dira beti erabat koherenteak. Demagun ‘depresión postparto’ terminoaren euskal ordainaren bila ari garela. Elhuyar hiztegietan ‘postparto’ sarrera bilatuz gero, zenbait datu argigarri aurkituko ditugu. Hasteko, ikusiko dugu ‘postparto’ izena edo adjektiboa izan daitekeela gaztelaniaz, eta izenerako erdiondo edo sabelondo izen elkartuak proposatzen dituela hiztegi horrek. Izan ere, haurdunaldi prozesuetan osasun-alorreko profesionalek bereizten dituzten faseetako bat da umeaz erditu ondorengo denbora-tarteari dagokiona. Adjektibo kategoriako sarrerarako, aldiz, erdiondoko eta erditu ondorengo baliokideak eta erditu ondorengo depresioa adibidea aurkituko ditugu. Erdiondo izenaren bidetik, erdiondoko depresio termino trinkoagoa ere osa liteke hiztegiak ematen duen informazioa egokiro erabilita. Zehazki hiztegian eta 5000 hiztegian, ‘postparto’ sarrera kontsultatzen badugu, erditzeondo izen elkartua aurkituko dugu eta, Zehazki hiztegian, gainera, “depresión postparto, erditzeondoko beheraldia” adibidea ere aurkituko dugu, behar dugun terminoaren ordain egokia osatzen lagunduko diguna. Euskaltermera jotzen badugu, aldiz, ez dugu aurkituko termino sintagmatikoaren ordainik, eta ‘postparto’ sarreraren ordain modura erdiondoko baino ez dugu aurkituko. Bereziki harrigarria da emaitza hori, terminoak izen edo izen-sintagma kategoriakoak izaten baitira eta, beraz, datu-base terminologiko batean izen(-sintagma) kategoriako sarrerak aurkitzea espero baitugu, alegia, erdiondo / erditzeondo edo erdiondoko depresio / erditzeondoko beheraldi modukoak.

Bukatzeko, ‘stress post-traumático’ terminoaren euskal ordainaren bila abiatzen bagara, aztertzen ari garen hiztegietatik, Euskaltermen baino ez dugu euskal ordainik aurkituko: trauma-ondoko estres. Antzeko egiturako beste termino bat ere aurkituko dugu: traumaosteko hezur-atrofia ‘atrofia ósea post-traumática’. Kasu honetan, ez dugu horren garbi osasun-alorreko profesionalek traumaoste edo traumaondo esan ahal zaion fase bat bereizten ote duten, baina ez da pentsaezina, eta euskararen sistemak bidea ematen du horretarako. Ingelesez ere posttraumatic stress moduko terminoak ez ezik, post trauma stress disorders, post-trauma support, post-trauma patients edo post-trauma psychosocial training bezalakoak ere aurki ditzakegu Interneten, izen modura ere lexikalizatzen dela agerian uzten dutenak. Nolanahi ere, hiztegietan trauma baten osteko garaia adierazteko traumaoste edo trauma-ondo izen elkartu lexikalizatua jasotzeko intentzioa egonez gero, uste dugu lagungarria litzatekeela termino sintagmatikoen abiapuntutzat hartuko liratekeen termino monolexiko horiek ere kodifikatzea, kontsultagileei erabilitako erabideaz jabetzeko aukera eskaintzeko.

Laburbilduz, osasun-alorreko ikasleei, hiztegiak eta datu-base terminologikoak kontsultatzen irakatsi behar diegu baina, horretaz gain, trebatu behar ditugu termino sintagmatikoak aztertzen, egokiro eraikitzen eta deseraikitzen eta, bestalde, trebetasun horiek baliatzen hiztegi eta datu-base terminologikoetako informazioa kritikoki aztertzeko eta balioztatzeko. Lagungarria litzateke hiztegigileek ere behar horien kontzientzia hartzea, eta sarrerak, azpisarrerak eta adibideak prozesu horiek aintzat hartuta diseinatzea.

I(ra)kasgaiak

Igone Zabala Unzalu

Blog honen jarraitzaileak zareten hiztun, idazle eta irakurle finentzat, agian ezaguna eta begi-bistakoa izango da, baina niri atentzioa eman zidan gaurkoan azalduko dizuedan gertaerak. Zuetako batzuek agian ez duzue jakingo, baina egun unibertsitatean ebaluazio jarraitua lehenesten da bukaerako azterketa bakarraren bidezko ebaluazioaren aurretik, eta irakaskuntzaren kudeaketarako araudian zehaztuta ageri dira ikasleei bukaerako azterketa bakarraren bidez ebaluatuak izateko onartzen zaizkien arrazoiak. Araudi horren testuingurua baliatzen dugu Komunikazioa Euskaraz irakasgaian ikasleei eskatzeko idatz diezaiotela eskabide bat Fakultateko Idazkari Akademikoari, araudian zehazten den arrazoiren batean oinarrituta, bukaerako azterketa egiteko baimena eman diezaien.

Ikasleen lanak zuzendu nituenean, deigarri gertatu zitzaidan ikasle guztiek erabili zutela ikasgai hitza, abiapuntutzat hartu genuen araudian eta gure instrukzioetan irakasgai hitza ageri bazen ere. Berehala konturatu nintzen erabat logikoa zela ikasleen eta irakasleen hautuen arteko aldea. Izan ere, unibertsitatean edo beste edozein irakaskuntza-zentrotan irakasten direnak ‘irakatsi beharreko gaiak’ dira irakasleontzat eta, ikasleentzat aldiz, ‘ikasi beharreko gaiak’. Euskararen morfologia lexikoaren gardentasunaren ondorio da objektu beraren esanahia bi ikuspuntutatik kontzeptualizatzeko aukera hori. Irakasleok irakasgai edo ikasgai hitzak erabil ditzakegu testuinguruaren eta xedearen arabera, baina irakasgai hitza ez da ondo uztartzen ikasleek ekoitz ditzaketen enuntziatuekin.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, jakina, ez da ageri enuntziatuaren ekoizlearen izaeran oinarritutako bereizketarik, baina adiera batean bi hitzak erdisinonimotzat hartzen dira. Nolanahi ere, batean eta bestean ageri diren definizioak (‘irakasten den gaia, irakasteko gaia’ vs ‘ikasteko gaia, ikaskizuna’ erraz asko uztar daitezke hizpide dugun bereizketa semantiko-pragmatikoarekin.

irakasgai 1 iz. Irakasten den gaia, irakasteko gaia. Ik. ikasgai, Gizarte antolaketa zuen bere irakasgairik behinena. Hizkuntzak ere sarbidea aurki lezake Unibertsitatean, ikasgai eta irakasgai bezala, noski, eta agian, zenbait gaitan, ikasbide eta irakasbide gisa.
2 iz. Ikastaro baten gaia, eta, batez ere, ikasketa plan bat osatzen duten gaietako bakoitza. Oraingo batxilergoko irakasgaiak. Bigarren ikasturteko irakasgai guztiak gainditu ditu.

ikasgai 1 iz. Ikasliburu edo ikasbide bat banatzen den zati edo gai bakoitza. Hamar irakasgaitan zatitutako irakasbidea. Bederatzigarren ikasgaia.
2 iz. Ikasteko gaia, ikaskizuna. Ik. irakasgai. Udako unibertsitatean ikasgai guztiak ematen dira euskaraz.

Adierazpenak eta erantzuleak

Igone Zabala Unzalu

Artikulu honetan erantzule izenaren zenbait erabilera zuzenez eta okerrez, eta horien diagnosia egiteko arrazoibideez arituko gara. Izan ere, erantzule izenaren eta antzeko beste batzuen erabilerak zalantzagarritzat jotzeko arrazoibideek askotariko gogoetak uztartzea eskatzen digute.

Jakina da diskurtso espezializatuaren garapenak hiztegi-baliabide zehatz eta sistematikoagoak baliatzea eskatzen digula eta behar hori hiztegi-elementu berriak sortzeko motibazio indartsua dela. Hain zuzen ere, hiztegi-elementu espezializatuak sortzeko motibazioak eta bideak izan genituen hizpide “Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika” artikuluan. Ezaguna da, halaber, arrazonamendu metaforikoak garrantzi handia duela diskurtso espezializatuen garapenean. Arrazonamendu metaforiko horren ondorioetako batzuk dira hizkuntza-sistemaren baliabide lexikoen erabilera berriak eta zabalkuntza semantikoa. Arrazonamendu metaforiko termino-sortzailea, blog honetako ekarpenei hasiera emateko plazaratu genuen artikuluan (“Geneen adierazpen-askatasuna”) ere izan genuen hizpide, baina orduan ezkutatuta eta guztiz garatu gabe geratu ziren, artikuluaren iruzkin eta eztabaidetan, erabilera berriek eta zabalkuntza semantikoak hiztegi-elementuen interpretazioan, semantikan eta sintaxian dituzten zenbait ondorio.

Hasteko, euskal hiztegiek aditzek eraman ohi dituzten laguntzaileen berri ematen digute, baita adiera edo interpretazio desberdinetara eramaten dituzten aditz horien definizioak edota adibideak ere. Nolanahi ere, hiztegietako informazioa maiz ez da nahikoa erabilera berrien interpretazioa eta diagnostikoa egiteko. Adibidez, hiztegietan adierazi aditzak edun laguntzailea hartzen duela irakur dezakegu, baina izan laguntzailea daramaten (5) eta (6) adibideak ere zuzentzat hartu behar dira. Izan ere, gure diskurtsoaren gaia aldatzen denean, aldatu egiten dira aditzen subjektuen tasun semantikoak, eta subjektuaren ezaugarri semantikoek isla dute sintaxian. Geneek proteinen sintesia gidatzeko (daramaten informazioa adierazteko) berezko kasualitatea dute, Jaungoikoak adierazteko berezko kausalitatea duen bezala, eta berezko kausalitatea duten subjektuek izan laguntzaile iragangaitza eskatu ohi dute (zuhaitza loratu da, txoria lumatu da…): aditz inakusatiboak dira.[i] Gainera, aditz iragankorraren forma pertsonala (1-3) edo inpertsonala (4) daramaten adibideetako bakoitzean desberdin interpretatzen dugu adierazi aditza, subjektu mota desberdinekin (egilea, baliabidea, seinalea) konbinatzen denean esanahi konposizional desberdinak lortzen baitira.

(1) Medikuek adierazi dute gaixoaren osasun-egoera larria dela.
(2) Seinale horrek adierazten du arrisku biologikoa dagoela.
(3) Gaixoaren sukar altuak adierazten du infekzioren batek jota dagoela.
(4) Multzo hau Z/3Z moduan adierazten da.
(5) Adierazten diren DNAren sekuentziei exon deritze.
(6) Jainkoa bereala adierazo zan. [Lard 95.][ii]

Aditzetiko izenek haien oinarri den aditzaren eta haren argumentuen semantika heredatu, xurgatu edo blokeatu egiten dute. Hartara, (1-6) adibideen semantika konposizionalaren arabera interpretatuko ditugu medikuen adierazpena (=esandakoa), DNAren adierazpena (=proteinen sintesia), Jainkoaren adierazpena (=agerpena) eta Z/3Z adierazpena (=idazteko modua), konbinatutako aditzaren eta argumentuen semantika konposizionala heredatuko baitute. Sukar altua infekzioaren adierazlea da esaldian, aldiz, adierazle izenak sukar altuak subjektuaren semantika xurgatu duela esan daiteke.

Ildo horretatik, ikus dezagun zer harreman dagoen erantzun aditzaren adiera-erabileren eta hizpide dugun erantzule izenaren artean. Euskaltzaindiaren Hiztegiak erantzun aditzaren hiru adiera jasotzen ditu.

erantzun, erantzun, erantzuten 1 du/dio ad. Galde, oihu edo keinu bat egiten duenari, bere galde, oihu edo keinuari dagozkion hitzak edo egiteak zuzendu. (dio ad. denean, nor osagarririk gabea da). Ik. ihardetsi. Norbaiti zerbait erantzun. Galdetu nion baina ez zidan erantzun…Galdera bati erantzun. Norbaiten agurrari erantzun… Tiroka erantzun zuten. Desafioari erantzun. 2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Mesede, ondasun, maitasun edo kidekoez mintzatuz, jasotakoaren arabera bihurtu. Haren eskutik hartutako mesedeei ondo erantzuteko. Indarrari indarraren bidez erantzun3 dio ad. (nor osagarririk gabe). Zorrez, betebeharrez, premiez eta kidekoez mintzatuz, kitatu, bete, lagundu. Eskabideei erantzun. Egungo premiei erantzuteko… Eginbideei erantzun. Zorrari erantzuteko.

Ikus daitekeen bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotako adiera eta adibide guztietan [+gizaki] tasun semantikoa duten subjektuak ageri dira eta, gainera, aditzaren ekintzaren gaineko kontrola edo intentzionalitatea dutenak. Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri ez diren (7) bezalako esaldietan ere, [+gizaki] tasuna du subjektuak.

(7) Hiltzen saiatzeko eta eraso egiteko delituengatik ere erantzun beharko du epailearen aurrean.

Nolanahi ere, ez da zaila erantzun aditza [-gizaki] tasuna duten subjektuekin konbinatuta aurkitzea (8-10),

(8) Material honek oso ondo erantzuten du tenperatura-aldaketen aurrean.
(9) Auto honek nire premiei erantzuten die.
(10) Hasieran gorputzak ondo erantzun zion tratamenduari, baina okerrera jo du berriki.

Gainera, [+gizaki] tasuna duten subjektu guztiak ere ez dira berdinak. Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibide guztietan, aditzak adierazten duen ekintzaren gaineko kontrola du subjektuak eta, (11) adibidean aldiz, subjektuak ez du ekintzaren gaineko kontrolik.

(11) Gaixoen % 80k bakarrik erantzuten diote tratamenduari.

Aditzaren ekintzaren gaineko kontrola sintaxian eragin handia duen tasun semantikoa da. Galdera bati, desafio bati, agur bati edo zor bati erantzuteko, ekintzaren gaineko kontrola eduki behar du subjektuak. Azken lau adibideen kasuan, aldiz, subjektua ez da ekintzaren kontrolatzailea, eta horrek isla du helburuzko perpausekin konbinatzekorakoan (12-14 vs 15-16) edota kontrol-egiturak onartzeko edo ez onartzeko orduan (17-18 vs 19).

(12) Galdera guztiak erantzun ditu, gertaerak argitzearren.
(13) Zorrari erantzun dio, etxean jarraitu ahal izateko.
(14) Bere delituengatik erantzun beharko du, gizartearekin duen zorra kitatzeko.
(15) Materialak ondo erantzuten du tenperatura-aldaketen aurrean, #arkitektoa pozik egon dadin.
(16) Gaixoek tratamenduari erantzun diote, #medikua lasaitzeko.
(17) Akusatua behartuta dago epailearen galdera guztiei erantzuten.
(18) Delitugileek beren delituengatik erantzun behar dute.
(19) # Organismoa behartuta dago tratamenduari erantzuten.

Ekintzaren gaineko kontrolaren tasun semantikoa heredatu egiten du erantzun izenak (20 vs 21-22).

(20) Mikelen erantzun azkarra / egokia / behartua
(21) Organismoaren erantzun azkarra / egokia / #behartua
(22) Materialaren erantzun #azkarra / egokia / #behartua

Azpimarratu beharrekoa da (18) bezalako esaldien semantika ezin duela heredatu erantzun izenak, (23) esaldiaren interpretazioak agerian uzten duen bezala:

(23) Delitugileen erantzuna (= ihardespena)

Baina zer nolako semantika du –le/-tzaile atzizkiaren bidez eratorritako erantzule izenak? Espero zitekeen bezala, adiera desberdinetako erantzun aditzaren subjektuen semantika xurgatzen du erantzule izenak. Euskaltzaindiak jasotako lehen adierak (12) adibidearen antzeko esaldiekin du harremana eta, bigarren adierak, aldiz, (7) adibidearen modukoekin.

erantzule 1 iz. Erantzuten duen pertsona. Erantzulea bortxatu gabe bai ala ez esatera. Inkestaren erantzuleetatik erdiak gazteak dira. 2 iz. Zerbaitek eragindako ondorioak bere gain hartu behar dituen pertsona. Hilketaren erantzulea. Aldizkari honetan argitaratzen diren lanen erantzulea egilea da.

Ez da zaila Euskaltzaindiaren definizioekin ondo uztartzen diren adibideak aurkitzea corpusetan:

(24) Erantzulea ez dago derrigortua galdegilearen presuposizio joko bera  onartzera, nahiz bai, kooperazio printzipioz, galderari erantzun pertinente bat ematera.
(25) Ingurumenaz arduratzea gizarteko alor guztiei dagokie, eta guztiak dira erantzule (administrazioa, gobernuz kanpoko erakundeak, finantza-erakundeak, enpresak eta, jakina, biztanle oro).
(26) Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak erantzule solidarioak dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean beren kudeaketa politikoa dela-eta.
(27) Komunikabideetan norbera da sinatzen duen albistearen, iritziaren edo sormenlanaren erantzule bakarra; baina askotan horien barruan beste protagonistek emandako azalpenak, iritziak, kontakizunak eta abar jasotzen dira.

Bestalde, Euskaltzaindiak jasotako adierekin bat ez datozen, baina erabat zuzentzat har daitezkeen adibideak ere aurki daitezke. Esate baterako (28) adibidea (10) eta (11) adibideetako adierekin lotutako adibideak dira: immunizazioei erantzuten dieten eta erantzuten ez dieten anduiak.

(28) Peptido konkretuekin egindako immunizazioetan, andui erantzuleak eta ez-erantzuleak aurkitu dira.

Nolanahi ere, oso maiz aurkitzen dira zuzenak ez diren adibideak ere, askotariko jakintza-alorretan koka daitezkeen testu espezializatuetan. Kasu gehienetan eragile (zerbait eragiten duena) beharko litzateke erantzule ageri den tokian. Izan ere, (29-37) adibideetan adierazi nahi dena ez da zerbaiti erantzuten diona edo zerbaitegatik erantzun behar duena, zerbait eragiten duena baizik.

(29) Anomalia magnetikoen #erantzule diren mineralen orientazioa lurrazal ozeanikoaren azaleko 2 kilometrotara mugatuta dago.
(30) Lehenengo grafikoak erakusten digun bezala, ekoizpenaren hazkundea izugarria izan zen, eta arma-motak azterturik, argi dago, errebolberra izan zela salmentetan izandako arrakastaren #erantzule
(31) Teknologia informatikoak lagundutako jarrera-aldaketa hori da, beraz, mapagintzan izan den iraultzarik handienaren #erantzule.
(32) Distantzia handitzean indar nuklear ahula agudo txikitzen da ( 10 -17 m ); elektroien, protoien eta neutroien desintegrazio erradiaktiboan beta erradiazioa sortzearen #erantzulea da indar hori (prozesu erradiaktiboen #erantzule).
(33) Hirugarren Munduko lurzoruaren narriaduraren #erantzule nabarmenen artean hiru faktore aipa daitezke: deforestazioa eta landaretza naturalaren ezabapena, abereen gehiegizko larratzea, eta uztekin erlazionatutako nekazaritzako gain-ustiakuntza.
(34) Konposatu hori da lurraren usain bereizgarriaren #erantzulea.
(35) Bakterioen zelula-horman bada geruza zurrun bat, hasiera batean haren gogortasunaren #erantzulea
(36) Gaitz askoren (baina ez guztien) #erantzule direnez, oso interesgarriak dira birusak ikerketarako.
(37) Nolabait, aldagai askea diferentzien #erantzulea dela esan dezakegu, tratamendua diferentzien sorburua delakoan edo.

[i] Subjektuen ezaugarri semantikoek sintaxian duten islari buruz, ikus artikulu hau: Zabala, Igone (2003) “Causation and semantic control. Diagnosis of incorrect uses in minorized languages”. ASJU 46, 255-283
Ikus baita blog honetako “Geneen adierazpen-askatasuna” artikuluarekin lotutako eztabaida.

[ii] Ikus Orotariko Euskal Hiztegian adierazi sarreraren 6. adiera (Manifestarse, pronunciarse).

Ikusi eta ikasi

Igone Zabala Unzalu

Uste dut edozein euskaldunek esan lezakeela ikustea eta ikastea oso gauza diferenteak direla, nahiz eta ikusteak ikasten laguntzen digula ere esan lezakeen batek baino gehiagok. Esanahi konposizionalari begiratuko bagenio, erakutsi ‘ikusarazi’ eta irakatsi ‘ikasarazi’ ere jarduera mota desberdintzat joko genituzke. Nolanahi ere, maiz entzun edota irakur ditzakegu honelako esaldiak:

Ez naiz hona etorri inori erakustera euskara maitatzen.
Amak erakusten die janaria bilatzen.
Euskara erakusten du.

Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzen badugu, hiru adiera aurkituko ditugu erakutsi sarreran.

1 Ikusarazi, begien aurrean ipini; ikusten utzi: …Gorputz zuria biluzik erakutsi zionean. Idatzi nion gutuna bere emazteari erakutsi ziola
2 (Gauza abstraktuez mintzatuz) Guregana erakutsi duzuen leialtasunagatik.
3 Zerbait egiteko jakituria edo trebetasuna eman. Ez dakienari erakutsi.

Hizpide dugun hirugarren adiera hori jasota dago baita Orotariko Euskal Hiztegian, eta ohar hau darama: «Menos usado en esta acepción, aunque encontramos testimonios de todas las épocas y dialectos.». Hortaz, euskararen hizkera desberdinetan ondo sustraitutzat har daitekeela dirudi erakutsi aditzaren adiera ez konposizional hori. Nolanahi ere, erregistro berekotzat hartuko genituzke gaur egun irakatsi eta erakutsi testuinguru berean erabilita? Duela gutxi sortutako adiera balitz, ez ote genuke hartuko erakutsi aditzaren adiera hori estilo zaindutik baztertzekotzat edota “kalko okertzat”?

Kontu honek gogorarazten dit unibertsitatean euskaraz ikasten hasi nintzenean Gaur ez dago eskolarik edota Lau eskola-ordu ditut entzuten nuen bakoitzean berehala burura etortzen zitzaidan txikitako esperientzia bat. Izan ere, nire txikitako ingurune erdaldunean ohikoa zen zenbait umek “Hoy no hay escuela” eta antzekoak esatea. Eta ohikoa zen baita baten batek berehala erantzutea “Escuela si pero clase no” leloarekin. Zalantzarik ez dago gaztelaniaz eskola gutxiko hiztunen hizkerakotzat hartuko genituzkeela halako esaldiak. Euskaraz, ordea, bestelako ibilbidea izan du eskola izenak. Aitzakia modura erabili nahi izan dut gogoeta txiki hau agerian uzten saiatzeko “hizkuntzaren zaintzaileek” adiera edo erabilera bat estigmatizatzeak (edo ontzat emateak) erabateko eragina duela hiztunok hizkuntza-baliabide jakin bat zuzentzat edota estilo zaindukotzat edukitzeko.