Latindar literatura euskaratzeko proiektuak: Orixeren 1919ko asmoetatik UPV/EHUren ADDIra

Gidor Bilbao Telletxea

Poz handia hartu nuen latindar literaturako euskal itzulpenek 2022an izan zuten loralditxoarekin. Fokua emakume idazleengan jarrita, Maite López Las Herasek Poetandreak literatura greko-latindarrean antologia poetikoa argitaratu zuen 2022an, Balea Zuria argitaletxearekin, eta, egun bertsuetan, Enara San Juan Mansok Erromatar emakume idazleak: jakingarriak eta lekukokatsunakartikulu luzea, euskarazko itzulpenekin eta lekukotasun horien inguruko hainbat jakingarrirekin, Uztaro aldizkarian. Gero, Maite Lópezek berak Egeriaren Ibilbidea argitaratu zuen, Testu Zaharrak argitaletxean; eta laster, Enara San Juanek Rosvitaren Lan dramatikoak argitaratuko ditu UEUrekin.

Latin irakaslea izan naiz hogeita hamapiku urtez UPV/EHUn, eta aitortu behar dut pozarekin batera harrotasuntxoa ere sentitu nuela, bai Maite eta bai Enara ikasle izan nituelako Filologia Klasikoan; pentsatu nahi dut nirekin ere ikasiko zutela zeozertxo.

Ikasketa Klasikoen Sailean lanean hasi nintzeneko urteekin gogoratu naiz, oroitzapen goxoekin. Langile gazteen indarrarekin, Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica bilduma sortu genuen 1995ean, UPV/EHUren argitalpen zerbitzuaren babespean, latinezko eta grekozko klasikoen argitalpen elebidunak argitaratzeko asmoarekin.

Orduan ez genekien Orixek 1919an antzeko proiektua aurkeztu ziola Euskaltzaindiari. 2017an aurkitu genuen Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan, Nikolas Ormaetxea “Orixe” idazleak 1919an Pedro Lardizabal euskaltzain urgazleari bidalitako gutuna, zeinean bere bitartekaritza eskatzen baitio, Euskaltzaindiari egitasmo bat aurkezteko: bilduma bat sortzea klasiko greko-latindarrak euskaratu eta argitaratzeko, jesuiten ikastetxeekin lankidetzan. Guk dakigula, ez zuen erantzunik jaso, edo ez behintzat proiektuaren aldeko erantzunik, Euskaltzaindiaren hurrengo batzar-agirietan (1919ko abendutik 1920ko uztailera artekoetan) ez baita Orixeren proposamena aipatzen, ezta klasikoen argitalpenarekin edo itzulpenarekin erlazionaturiko beste ezer ere.

1928an agertzen da, Euskaltzaindian, autore klasiko greko-latindarrak euskaratzeko beste egitasmo bat. Kasu honetan, Euskaltzaindiko zuzendaritza (Azkue euskaltzainburua) proiektuan zuzenean inplikaturik agertzen da, 1928ko otsailean Euskaltzaindiko idazkariak, Gregorio Maidaganek, Azkueren izenean, hainbat gazteri idatzi baitzien (besteak beste atzerrian ikasten ari ziren Piarres Lafitte eta Juan Gorostiaga 23-27 urteko gazteei), grekozko eta latinezko autore klasikoak euskaratzeko. Dirudienez, bakoitzaren esku geratzen zen zein autore euskaratu nahi zuen erabakitzea eta, seguruenik, asmoa ez zen liburu osoak euskaratzea, zati hautatuak baino.

Latinetik euskaraturiko literaturari dagokionez (ez dugu hemen jardungo grekozkoaz), ez dugu beste egitasmo handirik ezagutzen (itzulpen solte oso onak argitaratu dira, jakina, lehenago eta geroago), gure Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica bilduma sortu arte. Eta bilduma horretan hiru liburu baino ez genituen argitaratu. Lehenengoa 1995ean, Salustioren Jugurtaren aurkako gerra, nire ardurapean; bigarrena Zesarren Galietako guda, Guadalupe Lopetegiren ardurapean, 1999an; eta bildumako hirugarrena, baina bigarrena baino lehenago, 1997an, Virgilioren Bukolikak eta Georgikak, Iñigo Ruiz Arzalluzen ardurapean. Bildumak ez zuen izan jarraipenik.

2002an Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak antologia argitaratu genuen, UEUn, ordura arte argitaraturiko itzulpenen laginekin eta guk geuk eginiko itzulpen berriekin.

Geroztik ez diogu lehentasunik eman latin-literatura euskaraturik argitaratzeari, baina etengabe jarraitu dugu langintza horretan. Azken urteetan, Filologia Klasikoko ikasleekin baino harreman handiagoa izan dut Itzulpengintzako ikasleekin, eta urtero izan naiz gradu amaierako lanen baten tutore; eta lan horiek beti izan dira latindar literaturako testuak euskaratzea, zubi-testuak baliatuz. Bakarra argitaratu da liburuan, irakaskuntzarako premiazkotzat jotzen genuelako: Plautoren Militar harroputza, Paula Garcia Iraeta eta Maialen Utrilla Aranaren Gradu Amaierako Lanetan oinarritua.

Baina beste asko ere (ez guztiak[1], irakurtzeko moduan daude UPV/EHUren ADDI gordailu digitalean:

Unai Guillén Bilbao (itz.): Ovidio, Amores III

Ane Zurutuza Irastorza (itz.): Ovidio, Heroides VII-XII

Iñigo Urrestarazu Porta (itz.): Ovidio, Heroides XIII-XV eta XVII

Naiara de la Hoz Arregi (itz.): Ovidio, Heroides XVI eta XVIII-XX

Leire Palenzuela Badiola (itz.): Plauto, Curculio

Maialen Fernández Martínez (itz.): Terentzio, Eunuchus 1-548

Inari Plazaola Zabala (itz.): Terentzio, Eunuchus 549-1094

Oihane Gurrutxaga Luengo (itz.): Seneka, Feniziar emakumeak 1-362

Ane de la Presa Urturi (itz.): Seneka, Medea 1-514

Ez du gure gaztetako Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica hark bezalako izen hanpaturik, baina bilduma polita da, ezta? Kasuren batean, itzulpena grabatu ere egin du itzultzaileak. Ane de la Presak, adibidez, Medearen lehenengo monologoaren irakurketa dramatizatua grabatu zuen bere GrALerako. Entzun hemen:


[1] Hauek ez ditut aurkitu ADDIn:

Aitor Blanco Leoz (itz.): Ovidio, Amores I

Joseba Lacambra Mujika (itz.): Ovidio, Amores II

Sara Arregi Alkorta (itz.): Ovidio, Heroides II-VI

Lierni Etxebarria Mondragon (itz.): Paluto, Epidicus

Miren Irizar Belaunzaran (itz.): Seneka, Medea 515-1027

“Inguruan” erabiltzearen gainean

Fernando Rey Escalera

Aspaldi honetan zer pentsatua eman didan kontu bat aipatu nahi dut gure blog honetan: “-ren inguruan” barra-barra aditzen eta irakurtzen dugu azken urteotan orain arte horretarako erabiltzen ziren beste egitura batzuen kaltetan:

“Klima aldaketaren inguruan hitz egin genuen”
“Klima aldaketaz hitz egin genuen”
“Klima aldaketaren gainean hitz egin genuen”
“Klima aldaketari buruz hitz egin genuen”

Duda piztu zait “-ren inguruan” egokia ote den horretarako, kalko okerra edo egokia den, eta zenbateraino dagoen errotua. Begi-bistakoa iruditzen zait, nolanahi ere, fenomenoak gure arteko joera batzuk salatzen dituela. Noizean behin moda batzuk pizten dira euskararen erabileran –hizkuntza guztietan, segur aski–, eta, batzuetan, zaila izaten da erabakitzea hizkuntzaren bilakaera naturala den edo, besterik gabe, gure egoera diglosikoaren adierazgarria, zergatik jartzen diren modan egitura batzuk eta zergatik baztertzen diren orain arte oso erabiliak ziren beste batzuk, zer hartzen den egokitzat edo dotoretzat… Adibide asko eman genitzake zenbait moda nola zabaltzen ari diren ikusteko, baina nik, orain, bi aipatuko ditut: “balioan jarri” eta “-tze aldera”. Bi horietako lehenbizikoari buruz Irantzu Epeldek 2012an idatzi zuen horri buruz gure blogean, eta Berrian berriki eman du horri buruzko gomendio bat. Bigarrenez, beharbada, noizbait idatziko dut blog honetan berean.

Baina natorren harira:“Hablar de…, hablar sobre…, hablar acerca de…” esateko (barkatu, baina ez dakit frantsesez), hiztegietan begiratuz gero, hiru dira baliabide nagusiak: a) -i buruz; b) -z; c) -ren gainean.

Elhuyar:
[acerca de] -z, -i buruz, -en gainean.
¿qué piensas tú sobre ese asunto?: zer diozu zuk gai horri buruz?
no quiero discutir más sobre eso: ez dut horretaz gehiago eztabaidatu nahi.

Labayru:
-(r)en ga(i)nean, -(e)z, -(r)i buruz.
No quiero oír hablar más sobre política; Politikearen ganean ez dot berba erdirik bere entzun gura.
Están hablando sobre mí; Nitaz ari dira zerbait esaten.

Adorez:
-z, -i buruz, -en gainean.
sobre eso ya hablaremos; hitz egingo dugu horretaz.
¿qué dices sobre la economía?; zer diok ekonomiaz?
no sé nada sobre tu quehacer; zure egitekoaren gainean ez dakit ezer.

Zehazki:
-i buruz, -z, -en gainean.
el primer capítulo trata sobre los derechos humanos, lehenengo kapitulua giza eskubideei buruz ari da; dos palabras sobre el jabalí, bi hitz basurdearen gainean.

Harrigarria da “-ren gainean” egitura nola ari den desagertzen euskararen erabilera jasoan, nahiz eta toki askotan zabalduena eta naturalena izan. Galdeka ibili naiz nire inguruko euskaldun batzuei, eta hori dute erabiliena. Dena dela, nekez irakurriko dugu inon eta gutxitan entzunen dugu telebistan. Arrazoia agerikoa da: jende askori kalko desegokia iruditzen zaio, erdarakada. Jatorria edozein dela ere –batek daki noiz pasatzen den hitz edo esamolde bat kalko izatetik hizkuntzaren parte onartua izatera–, oso errotua dago eta egon da gure hizkuntzan. Dena dela, badirudi gero eta zokoratuago dagoela, batez ere euskara jasoan, euskara ona izanagatik eta Euskaltzaindiak onartua egonagatik.

“-i buruz” egiturak, berriz, sekulako arrakasta izan du, gaur egun euskaldun askoren ahoan modu bakarra izateraino. Egitura horren adiera nagusia beste bat izanik ere –Orotariko Euskal Hiztegian esaten digunez, “Hacia, en dirección a; mirando a, frente a, contra…”, gutxitan erabiltzen da gaur egun horretarako.“Acerca de…, sobre…, de…” adiera du orain erabilera zabalduena. Eta arrakasta izan badu, ederki, baliatu gaitezen horretaz, baina, ahal dela, Iparraldeko euskaretan erabilera nagusia zein izan den ahaztu gabe.

Kasu instrumentala ere hortxe dugu, eta, nire irudiko, oso bizirik dago, aski osasun onean.

Eta “-ren inguruan”? Ba al dugu horren lekukotasunik? Esan dudan bezala, hiztegietan ez da aipatu ere egiten. Berdin da “sobre”, “acerca” bilatu edo beste modu batez bilatu. Aipatu ere ez. Horregatik, harriturik, Orotariko Euskal Hiztegian begiratu nuen, eta hor ere, aipatu ere ez.

Euskara Batuaren Eskuliburuan ere begiratu dut, gure oraingo biblia txikiak zerbait esanen duelakoan, baina ez du auzia aipatzen. Dena dela, gaiari heltzen ez badio ere, beste gai batzuez ari dela, adibideetan, egitura horretaz baliatu da. Nik lau adibide aurkitu ditut:

“Euskaltzaindiak ez du araurik eman hitzarmen edo konbentzio honen inguruan”.
“Egoki eta premiazko deritzogu, ordea, obra honetan auzi horren inguruan zerbait esateari”.
“Horien inguruan Euskaltzaindiak ez du araurik eman euskara estandarrerako”.
“Gai honen inguruan, oinarrizkoa da 38. araua ere”.

Egungo Euskararen Hiztegian eta Gaur Egungo Prosan ere egin dut bilaketa, eta ia-ia ez dago horren aipamenik.

Santiago Iruretagoienaren adibide pare bat ikusi dut, Oskar Aranaren esaldi bat edo Pello Zabalaren Euskal baserriaren inguruan liburuaren izenburua. Luis Elberdinen esaldi bat ere bada eta Berria egunkariaren esaldi bat edo beste. Eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren esaldi hau ere bai: “Hari luze horren matazak korapilatu egiten dira, behin eta berriro, XIX. eta XX. mendeetan, lekukotza nabarmenak baititugu aurretiaz esandako horien inguruan”.

EIMAren Kalko okerrak izeneko lanean ere begiratu dut. Ez da aipamenik egiten, baina, harrigarriro, azalpenak ematerakoan egitura horretaz baliatzen da liburua:

“Interferentzien eta kalkoen inguruko sarrera teoriko labur baten ondoren,… / Azken ohartxo pare bat egin beharra dago baldintzazko adizkien inguruan / Hona hemen, hala ere, oinarri eta jarraibide batzuk kalko-arrisku zabal horren inguruan / Ez genuke hainbestetan kezkatu behar halako aditzen inguruko zalantzez”.

Laburbilduz: beste modu bat zabaldu da azken hamarkada hauetan. Kalkoa ematen du (“hablar en torno a”), baina kalko egokitzat hartu behar dugu? Hasi beharko genuke sartzen hiztegietan-eta? Eskertuko nuke zuen iritzia.

Nominalizazioaren ekologia

Igone Zabala Unzalu

Hasiera-hasieratik aitortuko dut izenburua Rochelle Lieber morfologo ospetsuari kopiatu diodala. Izan ere, oso erakargarria egin zitzaidan 2016an argitaratu zuen liburuaren izenburua (English Nouns. The Ecology of Nominalization[1]), eta are erakargarriago liburuaren aurkezpena:

«Using extensive data from the Corpus of Contemporary American English, this groundbreaking book shows that the syntactic patterns in which English nominalizations can be found and the range of possible readings they can express are very different from what has been claimed in past theoretical treatment and, therefore, that previous treatments cannot be correct. Lieber argues that the relationship between form and meaning in the nominalization processes of English is virtually never one-to-one, but rather forms a complex web that can be likened to a derivational ecosystem. Using the Lexical Semantic Framework (LSF), she develops an analysis that captures the interrelatedness and context dependence of nominal readings and suggests that the key to the behavior of nominalizations is that their underlying semantic representations are underspecified in specific ways and that their ultimate interpretation must be fixed in context using processes available within LSF.»

Lieber-ek zalantzan jartzen ditu morfologia lexikoan tradizionalki erabilitako eratorpen-paradigmak, forma morfologikoak eta eratorrien esanahiak lotzen dituztenak. Morfologia lexikoaren oinarria den eratorpen-paradigmaren arabera, ohikoena dateke formen eta esanahien arteko harremana biunibokoa izatea, eta oso ezohikoa dateke hainbat forma egotea esanahi bakarrerako edota hainbat esanahi egotea forma bakarrerako. CCAE corpusean oinarritutako ikerketetatik abiatuta, ondorioztatzen du horren urrun dagoela formaren eta interpretazioaren arteko harremana aurreikusi bezalakoa izatetik, ezen eratorpen-paradigmaren kontzeptua bera zalantzan jarri behar baita. Hartara, formaren eta esanahiaren arteko harremana konplexua denez, nominalizazioa eratorpen-ekosistema modura irudikatzea proposatzen du.

Ekosistemaren metaforan, tipo morfologikoak (askotariko atzizkiak, Ø atzizkia edo bihurketa) bizidunen antzekoak lirateke eta, esanahiak (egilea, kokapena), aldiz, habitat edo txoko ekologikoen antzekoak. Ildo horretatik, atzizki bakoitzak txoko semantiko bat edo gehiago bete lezake, eta zenbait tipo morfologiko bizi litezke batera zenbait txoko semantikotan. Zenbait txoko semantikok oso populazio murritza izango lukete, eta atzizki bakarrak edo tipo morfologiko batek ere ez luke emango txoko horren esanahia. Edozein kasutan ere, ekosistemak betetzen dituzten bizidunak bezala, tipo morfologikoak ere elkarrekiko menpekotasuna duten sistema konplexutzat hartu beharko lirateke.

Eratorpen-ekosistema hori irudikatzeko, CCAV corpusetik ateratako adibideak erabiltzen ditu, eta atzizkiz atzizki doa erakusten askotariko esanahiak ematen dituztela, alegia, aurreikusitakoak baino askoz ere “txoko ekologiko” gehiago betetzen dituztela. Adibide bat ekarriko dut hona, kontzeptua ulergarriago egiteko:

AffixReadingWordExample in context
ationeventinvasionWashington Monthy 2004: The administration’s invasion of Iraq seems to have given bin Laden a historic gift.
resultassassinationPBS_NewsHour 2009: Syrian agents are suspected in the assassination.
agentadministrationAssociated Press 2012: The administration denied speculation that the sessions were moved for security reasons.
instrumentdecorationCountry Living 2007: Rather than being painted by hand, the decoration was likely a decal outlined with hand coloring.
inanimate patientacquisitionInc. 1996: So Smith is shopping for an acquisition.
locationexhibitionMagazine Antiques 2000: This too is now in the Victoria and Albert Museum, which also owns a tazza by Deck entitled La Bella Marguerite bought at the exhibition.
pathcontinuationAdolescence 2005: Figure 2 shows the results for the female adolescents, and again we use the frequency of delinquency in late adolescence to study the continuation of the different trajectories.

Atzizki bakoitzak sortutako eratorriek izan ditzaketen interpretazioak ez ezik, alegia, biztanle batek bete ditzakeen txoko semantikoak ez ezik, txoko bakoitzak izan ditzakeen biztanleak biltzen ditu, mapa moduko batean. Liever-ek inhabitant erabiltzen du atzizkien metafora modura, eta habitat eta semantic niche metaforak erabiltzen ditu esanahi edo interpretazioei erreferentzia egiteko. Adibide gutxi batzuk baino ez ditugu ekarriko hona, erakusteko txoko semantiko batzuk oso populatuta daudela eta beste batzuek oso biztanle gutxi dituztela. Bestalde, aukeratutako adibideetan ikus daitekeen bezala, txoko semantiko batzuek berariazko biztanleak badituzte ere, beste txoko semantiko batzuk berariazkoak ez diren denetariko biztanleek betetzen dituzte. Beltzez nabarmenduta ageri dira esanahi jakin baterako berariazkotzat har daitezkeen atzizkiak.

Haren analisiaren bidez, agerian uzten du azterketa teorikoek aurreikusitako eratorpenaren paradigmek benetako erabileraren zati bat deskribatzen dutela, baina tipo morfologiko guztien mugak gainditzen dituztela corpusetatik erauzitako adibideek. Zenbait tipo morfologikok lehen mailako irakurketa batzuk partekatzen dituzte, eta elkarrengandik bereizten dira beste batzuetan. Adibidez, agente/esperimentatzaile izen-sortzaileak diren zenbait atzizkik tresna-izenen sortzaileak ere badira, baina -ist atzizkiak ez du inoiz ematen tresna-izenik. Izen abstraktuen sortzaileak diren atzizki gehienek talde-izenak sortzeko bigarren erabilera ere badute, baina –ness atzizkiak ez du inoiz ematen horrelako irakurketarik. Atzizki ugarik sor ditzakete paziente bizigabeen izenak baita kokapen-izenak ere, baina atzizki baterako ere ez da berariazko funtzioa halako izenak sortzea. ‘Sinesmen-sistema’ adierazteko erabiltzen den atzizki bakarra –ism da, baina atzizki hori polisemikoa da  eta beste esanahi batzuk dituzten eratorriak ere sortu ditu: ‘jokaera’ (absenteeism), ‘hizkera-moduak’ (colloquialism) edo ‘gaixotasun mota’ (alcoholism). Liever-ek ateratzen duen ondorioa da forma morfologikoen eta esanahien arteko askotariko harremanak gertatzea dela norma eta ez salbuespena.

Oso azterketa sakona da, eta gogoeta pausatua eskatzen du horren ertz guztiak ondo ulertzera heltzeko. Nolanahi ere, uste dut kontuan hartzeko ondorio batzuk atera daitezkeela lehen hurbilketa batean. 

Hasteko, euskararen garapen lexiko-diskurtsiboaren jomuga hobeto irudikatzen laguntzen digu azterketa honek. Izan ere, ondo garatutako hizkuntzetan eratorpenaren emaitza ez bada forma bat = esanahi bat modukoa, eratorpen-paradigmek aurreikusten zuten bezala, euskararen garapenaren jomuga ere ez da izango halako paradigma bat, baizik eta web konplexu bat, Liever-ek eratorpen-ekosistema modura irudikatzen duena. Hortaz, euskararen garapen lexiko-diskurtsiborako oztopo izan liteke hitz eratorri batzuk okertzat hartzea euskararen eratorpen-paradigma teorikoaren aurreikuspenekin ondo egokitzen ez direlako. Ondo aztertu beharko lirateke betetzen dituzten txoko semantikoak eta azpian dauden motibazioak, sortutako eratorriak itsu-itsuan baztertu gabe.

Bestalde, tipo morfologikoak txoko semantikoen biztanletzat hartu beharrean, agian espezietzat hartu beharko lirateke, eta sortzen duten izen bakoitza biztanletzat. Izan ere, espezie bateko elementu batzuek betetzen dute txoko semantiko jakin bat, eta ez espezieko elementu guztiek. Gainera, txoko semantiko jakin batean espezie autoktonoen eta kanpotik etorritako espezieen arteko bizikidetza gertatzen da, eta espezie desberdinen arteko harremanak ere hartu behar dira kontuan, ekosistemaren funtzionamendua bere osotasunean deskribatuko badugu[2]. Izan ere, mailegatutako hitz eratorriekin batera jatorrizko hizkuntzaren sistema polisemikoaren konplexutasuna ere ekartzen dugu euskarara: absentismo, kolokialismo, alkoholismo… Gainera, gerta daiteke mailegu horietako batek txoko semantiko baten beharra asetzea, eta hori dela eta euskararen hitz-eraketarako sistema ez aktibatzea, adibidez, alkoholismo maileguak betetzen duen txokorako ez sortzea #alkoholzaletasun edo #alkohol-menpekotasun. Baina beste kasu batzuetan, gerta daiteke mailegua ez ezik, euskal hitz eratorria ere sortzea txoko semantiko berean erabiltzeko, edo hurbileko beste txoko semantiko batzuetarako: ebaluazio / ebaluaketa; konposizio / osaera. Gai konplexua da mailegutzaren eta hitz-eraketaren arteko harremanarena, baina kontuan hartu beharrekoa. Hortaz, saiatuko gara beste artikuluren batean garatzen.

Hizkuntza eranskarien ezaugarritzat hartu ohi da flexio-atzizkien eta esanahien arteko harremana estuagoa izatea hizkuntza flexiboetan baino: por preposizioa vs -k, -tik, -gatik, -gandik. Zenbait atzizki eratorle ere, estuki lotuta daude esanahi jakin batekin, adibidez, –keria atzizkiak beti ematen ditu kualitate gaitzetsiak adierazten dituzten izenak (alferkeria, erokeria, zerrikeria, indarkeria…) baina, beste atzizki batzuk, aldiz, askoz ere txoko semantiko gehiagotan hedatuta daude, esate baterako, –goa atzizkia: artzaingoa ‘ofizioa’, ikuslegoa ‘kolektiboa’, adiskidegoa ‘kualitatea’, zabalgoa ‘neurria’, edangoa ‘lekua’[3]. Areago, atzizki batzuek kategoria desberdinetako oinarriei lotzen zaizkie, eta askotariko txoko ekologikoak betetzen dituzte. Adibidez, –era atzizkia adjektiboei lotzen zaienean, dimentsioa adierazten duten izen abstraktuak sortzen ditu: luzera, zabalera, sakonera… Aditzei lotzen zaienean, aldiz, (-era /-kera), ‘gertaera’ (etorrera, igoera, joera…) edo ‘modua’ (orrazkera, idazkera, jarrera…) esanahi paradigmatikoak betetzen ditu. Hala ere, zenbait eratorrik txoko semantiko ugaritan barneratzen dira: sarrera eta irteera ‘lekua’, (kontzerturako) sarrera ‘objektua’, (artikuluaren) sarrera ‘objektuaren atala’, (hiztegiko) sarrera ‘objektuaren atala’.

Txoko semantiko beraren barruan ere denominazio-behar xeheagoak daudenean, oinarri bera erabili eta atzizki desberdinekin konbina daiteke, eratorpen-paradigma teorikoetatik urrunduta ere. Adibide ezagunak dira idatzi aditzetik eratorritako idazle eta idazkari egile-izenak, behar semantikoek bultzatuta sortu direnak nahiz eta –(k)ari atzizkiaren ohiko jokaera den izen kategoriako oinarriekin konbinatzea. Areago, -le/-tzaile askotan atzizki beraren halomorfotzat hartzen badira ere, esanahi desberdineko izenak ematen dituzte eskat oinarritik abiatta: eskale eta eskatzaile. Garbi dago horiek guztiek ez dutela esanahi konposizionalik, eta horien esanahia esperientzia linguistikoaren bitartez ikasten dugula. Ñabardura horiek harmonizatzen joatea izan beharko litzateke hiztegien eginkizuna, eta ez eratorri batzuei ezikusia egitea, edota gaitzestea. Adibide bat emateagatik, nire intuizioaren arabera erabilera eta erabilpen ñabardura semantikoren bat duten izen eratorriak dira, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak (EH) erabilpen sarreratik zuzenean bideratzen gaitu erabilera sarrera polisemikora: «erabilera iz. Erabiltzea; erabiltzeko modua». Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarritutako Egungo Euskararen Hiztegiak (EEH), aldiz, bi sarrera bereizten ditu:

erabilera ( ) 1 iz erabiltzea, eskuarki erabiltzeko modua. ik erabilketa; erabilbide.
erabilpen ( ) 1 iz erabiltzea. ik erabilketa; erabilera.

Hortaz, EEHren arabera, erabilpen erabil liteke ‘gertaera’ adierazteko eta, erabilera, aldiz, polisemikoa da, eta EHk jasotzen dituen bi adierak ditu. EEHren informazio hori EHkoa baino hobeto uztartzen da Garaterm corpus akademikotik atera ditzakegun datuekin: erabilera 7.133 agerraldi (% 79,48); erabilpen 1.842 agerraldi (% 20,52). EEHk jasotzen duen erabilketa sarrerak, aldiz, 7 agerraldi baino ez ditu Garaterm corpus osoan, eta erabilpen lemarekin alderatuta, % 0,38 baino ez dira agerraldi horiek. EPG corpusean ere erabilpen lemak 360 agerraldi ditu (% 98,4) eta erabilketa lemak, aldiz, 6 agerraldi (% 1,6). Bazterrekotzat har liteke, beraz, erabilketa eratorria, eta motibazio semantiko edo pragmatiko berezirik aurkitu ezean, alde batera utz liteke hiztegiak osatzeko orduan.

Luzeegi geratzen ari den artikulu hau ezin dut bukatutzat eman, ordea, erregistroen ikuspuntua gaineratu gabe. Lieber-ek ematen dituen adibide gehienak komunikabideetako testuetatik aterata daude eta, nire iritziz, eratorpen-ekosistemaz hitz egin beharrean, eratorpen-ekosistemez hitz egin beharko litzateke, pluralean, erabilera-eremuak eta erregistroak kontuan hartuz gero. Izan ere, hizkuntzaren erabilera orokorrak ez ezik erabilera espezializatuak kontuan hartuz gero, maila batean edo bestean definitutako espezialitate-alorrek eratorpen-ekosistema bereiziak osatzen dituztela  pentsatu behar dugu. Espezialitate-alor bakoitza ekosistema bat litzateke, eta barruan txoko semantiko batzuk lituzke espezie morfologiko desberdinek beteko lituzketenak. Espezie desberdinetako bizidunak (eratorri autoktonoak, maileguak) ez dira elkarrekiko independente, eta espezialitate-alorreko ekosistemaren barruan antolatzen dira. Hartara, elementu batzuk beste ekosistema batzuetan bezalakoak izango dira, baina beste batzuk bereizi egingo dira beste ekosistemetatik. Atzizkiei begiratuz gero, hainbat hizkuntzalarik[4][5][6] aldarrikatu duten atzizkien banaketa morfopragmatikora eramaten gaitu gogoeta-ildo honek. Gaia aspaldian tratatu nuen blog honetan Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika artikuluan.

Izen eratorri jakin batzuen erabileraren azterketa baliatuz saiatuko naiz erakusten semantikak ez ezik pragmatikak ere parte hartzen duela nominalizazioaren ekologian. Demagun erauzi aditzetik eratorritako erauzketa gertaera-izena. Hainbat espezialitate-alorretan erabiltzen dela ikus dezakegu Garaterm corpusean. Hona hemen banaketa, oso erabilera murritza duten alorrak baztertuta:

EremuaAgerraldi kopurua
Kimika674
Zientzia Teknologikoak222
Biziaren Zientziak119
Fisika61
Osasun Zientziak49
Matematika21
Hizkuntzaren Zientziak15

Alor batzuetan, ‘erauzten denak’ ez du lotura zuzenik erauzi aditzarekin, adibidez, hizkuntzalaritzan termino-hautagaiak edota bestelako hizkuntza-elementuak erauzten dira, baina beste alor batzuetan ‘erauzten den hori’ adierazteko, erauzkin edo erauzi erabiltzen da, alegia, emaitza-izen konkretuak sortzen espezializatuta dagoen –kin atzizkiaren bidezko eratorria, edo Ø atzizkiaren bidezko bihurketa. Hiztegi gehienetan dago jasota erauzi aditza, baina ez erauzi izena ez eta erauzkin izena ere. Salbuespena dira Elhuyar Hiztegiak eta Elhuyarren ZT Hiztegia. Hiztegi horietan erauzkin baino ez dago jasota, eta Kim. eremu-marka darama. Hain zuzen ere, kontsulta bat egin zidaten duela gutxi fakultateko kide batzuek kimika alorrean idazten ari ziren doktoretza-tesi baten harira: itzultzaile neuronalek eta hiztegiek erauzkin proposatzen bazieten ere, beren intuizioaren arabera, erauzi izena zen nagusiki erabiltzen zena kimikaren alorrean. Garaterm corpusera jotzen badugu, berehala ikusiko dugu  erauzkin izena baino ez dela ageri Biziaren Zientzietan eta Osasun Zientzietan. Kimikan eta Zientzia Teknologikoen barruan txertatu dagoen Ingeniaritza Kimikoan, aldiz, bi izenak ageri badira ere, erauzi izena nagusitzen da. Areago, erauzi izen modura ez ezik, fase izenaren modifikatzaile modura (fase erauzia) erabilita ere ageri da zenbait testuingurutan. Garbi dago erauzkin izena ezinezkoa dela beste izen baten modifikatzaile modura.

Hautatutako peptido proteotipiko guztiak erauzkin osoaren liseriketa-triptikoan monitorizatu ziren. (Biziaren Zientziak)

Epitelioen erauzkin gordinak aztertzen zirenean, hormonak parakrino eta entzimekin nahastuta agertzen ziren. (Osasun Zientziak)

Erauzketa etapan jaso genituen kannabinoideekin aberastutako oliba olioko erauzkinak MeOH-tan diluitu genituen 1:20 (mL) erlazioan.  (Kimika)

Behin xiringa prest zegoela, analitoak 25 mL DCM-tan eluitzen ziren eta lortutako erauzia Turbovap LV Evaporator-aren bidez lurruntzen zen guztiz, N2fluxu arin bat erabiliz. (Kimika)

Lurrundu ostean saiodiak berriro pisatu eta 4 mL tetrakloroetilenotan birdisolbatu ziren. Erauziak IR bidez analizatu ziren. (Kimika)

Ekipo baten bi faseak nahastu eta bereizi ondoren, fase findua hurrengo ekipora sartzen da elikadura gisa, eta fase erauzia kanporatu egiten da. (Ingeniaritza Kimikoa)

Atzizki ageriak dituzten aditzetiko izenak detektatzen errazagoak dira Ø atzizkiaren bidezko bihurketak baino, baina garrantzitsua da horiek ere deskribatzea garapen lexiko-diskurtsiboaren emaitza desiragarriak eta zaindu beharrekoak baitira. Hizkuntzalarion eta hiztegigileen eginkizuna da nominalizazioaren ekosistema konplexuen “bioaniztasuna” zaintzea eta sustatzea. Horretarako, irizpide semantiko eta pragmatikoak aintzat hartzen dituzten eta corpus esangarrietan oinarritzen diren deskripzio xeheak egin behar dira, eta hiztegien helburua izan behar da halako irizpideak erabiliz hurbileko aldakiak harmonizatzen joatea[7].


[1] Lieber, Rochelle (2016) English Nouns. The Ecology of Nominalization. Cambridge University Press.

[2] Hacken, Puis ten & Panocová, Renáta (arg.) (2020) The interaction of borrowing and word formation. Edinburgh University Press.

[3] Azkarate, Miren (1991) UPV/EHUko Irakaskuntza Proiektua. Argitaratu gabea.

[4] Gallegos, Alfonso (2003). Nominalización y registro técnico. Algunas relaciones entre morfopragmática, tradiciones discursivas y desarrollo de la lengua en español. Doktoretza-tesia, Albert-Ludwigs-Universität.

[5] Guz, Wojciech (2009): “English Affixal Nominalizations Across Language Registers”, Poznań Studies in Contemporary Linguistics 45(4), 461–485.

[6] San Martin, Itziar; Ezeiza, Joseba; Zabal, Igone a (2010): “Aditzetiko izenak erregistro bereizle gisa: corpus espezializatu baten azterketa morfopragmatikoa”, InXabier Alberdi & Pello Salaburu (arg.).  Ugarteburu Terminologia Jardunaldiak. Euskararen garapena esparru akademikoetan, Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua.

[7] Zabala, Igone (2021). “Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ekarpena lexiko espezializatuaren eta ez-espezializatuaren harmonizazioan”. In Andres Urrutia (arg.). Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. IKER 40, 285-299. Bilbo-Madrid-Frankfurt: Euskaltzaindia-Iberoamericana Vervuert.

Gure Moby Dickak eta zakilak

Iñigo Satrustegi Andrés

Han nago ni, sofan botata, gauero moduan, edozein serie ikusten.  Begiak zabalik mantentzeko apenas  dut indarrik, baina, azkenerako Upright telesailaren bigarren denboraldia aukeratu dut gaurkoan. Filminen jarri dute. Eta spoiler gehiegirik egin gabe, lehenengo denboraldia luzaz hobea da. Baina behin ikusten hasita…

Filminek, bere on eta txarrekin, orain gutxi arte katalanez eta espainolez baino ez zituen azpidatziak. Beraz, aukera bakarra izan dut bigarren horiek hautatzea zerbait harrapatu nahi badut (gogoratu: sofan, gauez, erdi lo…).

Eta halako batean, ziup, esnatzeraino harritu nauen zerbait pasa da: bi pertsonaia nagusien elkarrizketak alarma guztiak piztu ditu. Tira, horrek eta ziztu bizian pasa den itzulpenak ere bai. “Ni izan ote naiz?”, pentsatu dut. Eta atzera egin dut agintearekin, rewind. Ez, ez nenbilen oker, itzulpenak bazuen bitxitik, eta ziur, buruhauste baten ondoriotik asko ere bai. Horrelaxe esan du aktoreetako batek Australiako ingelesean:

Yeah, you know, school is bullshit anyway, like “Mobydick is not just a whale”. No fucking dick. No just a dick either.

Boom! Horratx hainbeste gustatzen zaizkigun hitz-jolas horietako bat. Melvillen eleberriak ez du, antza, protagonista sobera motibatzen. Are, eskola-porrota justifikatzeko ez ezik, sistema osoari rude-ki kritika egiteko ere baliatu du Meg-en roletik ari denak. Baina jolas horrek baino gehiago, harritu egin nauena, zera da, itzulpena/egokitzapena. Prest?

Sí. Pero igualmente, estudiar es una chorrada. Te sueltan “Lo del quijote no eran molinos”. No jodas. Ni tampoco una mancha.

Klasiko kontua, beraz. Ez nuke sartu nahiko itzultzailearen jarduna epaitzera. Egokiagoa edo okerragoa, esango nuke lan zaila izan zuela, eta proposatutakoa ez dela inondik inora disparate bat. Kontrara, ariketa bat proposatzera natorkizue. Nondik joko zenukete zuek? Nola uztartu kulturkeria bat hizkera kaletarrarekin?

Hainbat bide irekitzea okurritzen zait niri:

  • Jatorrizkoaren garaikide bat bilatzea: hots, XIX. mendera jo beharko genuke.
Gernikako arbola ez da arbola bat bakarrik”. Ez putza. Ia arbolarik ere ez da.*

Gaixo dagoen kontu horrengatik diot… Baina azaldu behar badut, grazia gutxi.
  • Euskal literatura klasiko eta kanonikoaren artean bilatu, jokatzeko adina ematen duena topatu arte:
Kresala ez da soilik eleberri bat”. Ez putza. Ez da puzker bat ere.**

Haizeen kontu horrekin hasita…  Baina, hemen zalantza, zein literatur lanek izango luke Moby Dick eta On Kixoteren efektu bera? Etxepareren Linguae-k, Axularren Gero-k? Haur besoetakoa txertatzea politikoki ez litzateke zuzenegia, ezta?
  • Hoskidetasuna errespetatzea: literatur erreferentzia mantendu, eta errima soil bat egitea.
Moby Dick ez da balea bat bakarrik”. Ez putza. Ez balea, ezta potrorik (ere).***

Kasu honetan, berriz, elementu falikoa galtzen da.
  • Hitz jokoa errespetatzea: Bai horixe, badakizue… zakilak, buztanak, faloak, pitilinak… erabilita eta bestelako genitalak, jakina. Kasu, aluak izan baitezake kutsu negatiboa.
“Makilakixki ez da soilik ipuin bat”. Ez putza. Makila bat bakarrik ere ez.****

Eta interpretazio librera utziko genuke hemen makilaren adiera.

Tira. Unibertsitateko garaietako klaseak ekarri dizkit burura ariketak. Orduak eman genitzakeen gai bati bueltaka, eta erantzun bakar bat aurkitu beharrean, zalantzaz josirik itzultzen ginen etxera, edo, onenean, poteatzera.

Horixe, bada. Hortxe luzatzen dizuet proposamena. Zeintzuk dira gure Moby Dickak eta zakilak?

Ordena naturala

Esti Lizaso

Aiora Jakak idatzitako «”Garrantzi”-ren garrantziaz» artikuluaren ildotik, zer aurkituko dugun jakin arren, behin eta berriz azalpen eske hiztegira eramaten gaituzten hitzei helduko diet gaur. Bada, nire kasuan, “ordena” da horietako bat.

Iñigo Roquek itzulitako Gauzen ordena naturala eleberriaren izenburua oximoron bat iruditu izan zait beti. Izan ere, nire buruan, “ordena” ez da hitz batere naturala.

Gure inguruan –a itsatsia jateko dugun joeragatik izango da, akaso. Berandutxo ikasi genuen barra-barra esaten genituen egi, anai, atton ta gauz haiek denak –a bat behar zutela bukaeran. Eta jakin genuenean ere, txorakeri galanta iruditu zitzaigun, hitza hondatzea, arau logikoa haustea.

Gehiago edo gutxiago kostata, barneratu ditut gehientsuenak. Hala ere, zerbait “ordenan” jarri behar dudan bakoitzean, kalanbre bat sentitzen dut buruan, hainbesterainokoa, ezen, ez batean eta ez bitan, azkenean gauzak “hurrenkeran” uztera iritsi bainaiz. #Daitort

Hala ere, -a itsatsien komeriak arintzeko, eman ziguten zeri eutsi, –a hura noiz jarri asmatzeko trikimailu edo logika berri bat; erdaretara jotzea, alegia. Hitzak erdaraz –a bazeraman, euskaraz ere bai. Eta hala ibili izan naiz, tarteka, -a haren bila.

Latineko ordo, ordinis hitza omen dago jatorrian.

Ingelesez, order eman du.

Frantsesez eta katalanez, ordre.

Orain arte, a-ren arrastorik ez.

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan oraindik ez dago berariazko sarrerarik. “Ordu” sarreran egiten zaio aipamen ordo-ri, baina ez diote funts handirik ikusten proposamen hari:

Schuchardten ustez, lat. ordo, -inis ‘hurrenkera’ da hitzaren jatorri formala, baina lat. hora-ri hartu omen zion esanahia: “in zer ordu da? setzt ordu zwar dem Laut nach das lat. ordo fort, dem Sinne nach aber hora” (1922a: 69). Proposamen honek bi arazo nagusi ditu: esanahi aldaketarena, batetik, eta lat. ordo nominatiboa, ez akusatiboa, jatorri moduan proposatzea, bestetik. Horretaz gain, orde eta ordu batera aztertzen ditu Schuchardtek (1893b: 336), lehenak ordena espaziala eta bigarrenak ordena tenporala adierazten dutela esanez.

Egungo Euskararen Hiztegian “orden” jasota badator, baina gutxi erabiltzen dela dioen oharrarekin. Euskaltzaindiaren Hiztegian “ordena” aipatzen da bakar-bakarrik. Beraz, Orotariko Euskal Hiztegiak dioenarekin bizi behar; hau da, tradiziozko hitza delako eta literaturan (Bizkaian izan ezik) hala jasoa dagoelako erabili behar dugula “ordena” –a eta guzti. Oraingo honetan, tradizioa gailentzen zaio logikak sortu ohi dizkigun arauei. Tradizioa nondik datorren, bota hemen zuen hipotesiak, txukun-txukun, ordenean. Erantzunik bada, kontatuko dizuet hurrenean.

Nil igitur mors est (II)

Xabier Olarra

Jon Miranderen Nil igitur mors est poemaren gaztelaniazko itzulpena hizpide hartuta, hasi nintzen artikuluxka hau idazten. Baina honen aurreko artikuluaren dokumentazio lanean ari nintzela, erabat desbideratu nintzen, eta Lukrezioren jatorrizkoaren gaztelaniazko itzulpenetara lerratu nintzen (nire desbiderapen eta digresiorako joera ez oso ohikoak eramanda), eta bereziki Marchena Abatearenari eskaini nion komentario bat edo beste. Beraz, ziaboga eginda, banator hasierako puntura.

Gaurko ibilbidea, beraz, poesiaren itzulpenari buruzko oinarrizko betebehar batzuk aipatuz hasiko da, eta irakurleari utziko diot Miranderen poema horren gaztelaniazko itzulpenari buruz –Felipe Juaristirena da itzulpena– bere ondorioak atera ditzan.

Hasteko, egin diezaiodan leku pixka bat Adimen Artifizialari (hola, letra larri eta guzti), naturala flakotzen edo urritzen ari zaidan/gun garaian.

Honako galdera hau egin diot ChatGPTri, besteok ere “alferraren txokoa” erabiltzen noizbait hasi beharko dugula pentsatuta:

¿Qué me dices, amigo, sobre la traducción de la poesía?

 Txat bat denez, adiskide-jarreran mintzatu natzaio makinari. Eman dit bere erantzuna. Eta segidan honako mezu hau bidali diot:

La traducción de la poesía.

Baina Adimen Artifizialak ez du erantzun bera ematen bietan, agian lehenbizikoan “adiskide” deitu diodalako. Edo agian robotari norbaitek “makinalege” pixka bat erakutsi diolako. Izan ere, orain dela egun batzuk eman zidan erantzuna ere ez zen berdina izan. Baina bai oso antzekoa, ez dakit makinak pixkanaka ikasi duen erantzun zehatzagoak edo sendoagoak ematen, ala berdintsu jarraitzen duen. Hura oso didaktikoa izan zen, eta sarrera orokor baten ondoren lau baldintza edo betebehar aipatzen zituen poesia itzultzeko:

“Poesia itzultzea lan konplexua da, hizkuntza batetik bestera hitz eta egitura gramatikalen transposizioa egiteaz gain, jatorrizkoaren berariazko ñabardura eta konnotazio poetikoak atzeman eta transmititzea ere eskatzen duena.

1.- Esanahia ulertzea
2.- Erritmoari eta metrikari eustea
3.- Kultura-baliokidetasunak bilatzea
4.- Poesia-hizkuntza erabiltzea”.

Eta hau zioen, hurrena:

“Laburbilduz, poesiaren itzulpena prozesu delikatua da, eta jatorrizko poesia idatzi zen hizkuntza, kultura eta testuinguru historikoa sakon ulertzea eskatzen du. Jarraibide orokor horiei jarraituz, jatorrizko poemaren esentzia eta edertasuna atzemango dituen itzulpen eraginkorra lor daiteke[1]”.

Azpimarra nirea da, eta salbuespenak salbuespen, esan nezake funtsean ados naizela. Noski, abiapuntutzat hartzen badugu “poesia, hain zuzen ere, itzulpenean galtzen dena” dela, jai dugu. Oso definizio “poetikoa”, baina ez oso praktikoa. Betidanik itzuli da poesia, baina, geroxeago ikusiko dugunez, ez dago modu bakarra poesia itzultzeko.

Ondoriorik garrantzitsuena da itzulpenak “hizkuntza poetikoa” behar duela: hizkuntza artistiko eta sormenezkoa.

Hona zer dioen honi guztiari buruz Fernando García de la Bandak “Traducción de poesía y traducción poética” artikuluan[2]:

Esan genezake itzulpen poetikoa dela poesia-itzulpen mota bat, xede hizkuntzaren sisteman nolabaiteko autonomiaz integratzeko modukoa izan nahi lukeena, eta, horrenbestez, sistema horren konbentzio formalekiko egokia dena erritmoari, neurriari eta, behar izanez gero, errimari dagozkion kontuetan, eta aldi berean ahalegintzen dena jatorrizko hizkuntzan sorkari poetiko gisa duen mailaren parekoa lortzen bai lexikoaren sotiltasunaren arloan bai adierazkortasunaren egokitasunean, hurbiltasunean, sormenean, iradokizun-ahalmenean, indarrean etab.

Itzulpen poetikoa, beraz, poesiaren itzulpen mota ugarietako moduetako bat  baizik ez da, baina ez bakarra (cfr. Holmes 1970) ez eta, purismoak alde batera utzita, poesia-itzultzaile guztiek eta testu poetiko guztietan erdietsi nahi beharko luketen ideal bat: gauza jakina da autore batzuk, autore batzuen poema batzuk eta poesiaren egitura batzuk –errima eta neurria, adibidez— gogorragoak direla itzulpen poetikorako, eta zilegi dela itzultzaileak arazo horiei neurria hartu ondoren itzulpen ez-poetiko bat egitea erabakitzea, dela literala, prosazkoa, etab. (azpimarrak nireak dira).

Txatetik etorri zaigun erantzunean ikasi dugu poesia itzultzea “lan konplexua” dela, eta “prozesu delikatua”. Eta ikusi ditugu zein baldintza jartzen dituen prozesu delikatu hori ondo burutzeko: testua ulertzea, erritmoari eta metrikari eustea, kultur baliokidetasunak bilatzea eta poesia-hizkuntza erabiltzea. Bistan da AAk lan konplexua deitzen duen horren helburua “itzulpen poetikoa” lortzea dela. Eta hala ere, esango nuke baldintza funtsezko bat falta dela, begi-bistakoa bada ere gogoraraztea komeni dena: jatorrizko hizkuntzan poema batek dioena (adierazten duena, iradokitzen duena, gogora ekartzen duena, konnotatzen duena) xede-hizkuntzan ematea.

Orain ikus dezagun nola betetzen diren baldintza horiek Nil igitur mors est poemaren itzulpenean:

1.- Testua ulertzea. Berez nahiko kriptikoa den arren, Mirandek berak eman zuen poema ulertzeko “giltza”[3]. Itzultzaileak funtsean ulertu duela esan daiteke, nahiz eta baden irristadaren bat, aski nabarmena.

2.- Erritmoari eta metrikari eustea. Kontu honetan, bistan da itzultzaileak paso egin duela. Jatorrizkoan 5+4 silabako lerroak dira. Ez dago errimarik, baina hiru lehen ahapaldiek –tan hotsaz bukatzen dira. Eta Mirandek bere “giltzan” dio poema –la bukaera aho-zabalaz errematatu nahi izan duela poema. Horren trazarik ez dugu itzulpenean. Hori, Mirandek erritmoari ematen zion garrantzia kontuan izanda, aski larria iruditzen zait, besterik gabe paso egiteko. Alde batera utziko ditut jatorrizkoan ageri diren aliterazio nabarmenak, zeinen arrastorik itzulpenean aurkitzen ez den oso erraza.

3.- Kultur baliokidetasunak bilatzea. Kultur eremu orokor berdintsuan sortutako poesia denez, ez dut uste zailtasunik handienak hortik datozenik.

4.- Hizkuntza poetikoa erabiltzea. Bai, dudarik gabe Juaristiren itzulpenak betetzen du baldintza hori. Lortutako testua sar liteke gaztelaniaren hizkuntza poetikoaren sisteman.

5.- Baina itzulpenak ematen al du jatorrizkoak adierazten duena? Esango nuke gaztelaniazkoa askoz hizkera hanpatuagoa, hanpurutsuagoa eta “edertuagoa” dela, jatorrizkoa “bere horretan” itzuliz gero soilegi, trauskilegi edo sinpleegi iritzita edo.

Nik esango nuke itzultzaile-poetak bere sistema poetikoaren arabera berregin duela testua bere baitan, eta horren itzulpena eman duela. Eta hemen utziko dut kontua, azterketa sakonagoetan sartu gabe. Irakurleak bi testuak erantsita dituenez[4], erabaki beza nire inpresioa den ala berari ere hala iruditzen zaion.


[1] Orain artekoa ChatGPTk ingelesez edo gaztelaniaz eman didanaz elikatu dut elia, Elhuyarren itzulpen automatikoko tresna alegia, eta ohartu naiz makinek ederki ulertzen dutela elkar. Ukitu bat baizik ez diot egin behar izan eliak emandako itzulpenari. Hor goian dagoena eliaren itzulpena da, ez nirea.

[2] “Traducción de poesía y traducción poética”, Fernando García de la Banda, Universidad Complutense de Madrid.

https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=5308826: 2023/05/09

[3] Ene jainko-eidol zaharra, Lur!, Jon Mirande, Donostia, Elkar, 141.-144. or.

[4] Ilhun-argiak – Claroscuros. Jon Mirande, EHU, 2008. 68.-71. or.

Benetan garestiegiak ote?

Maitane Uriarte Atxikallende

Interpretazio-zerbitzua garestiegia dela esan izan digute askotan eta gure aurrekontua ikusitakoan eskuak burura eraman omen ditu batek baino gehiagok. Bada, Netflixek interpretazio-lanari eta oro har gure akrobaziei buruzko dokumental bat atera bitartean, pedagogia-lana egitea eta yoga eskoletara joatea tokatuko zaigu, pazientzia ez galtzeko.

Oro har, egia da interpretazio-lana ondo ordainduta dagoela. Ondo ordainduta baino, behar bezala ordainduta dagoela esango nuke nik, enkargu bakoitza prestatzen igarotzen dugun denbora kontuan hartuta. Sorpresa! Enkarguak aldez aurretik prestatzen ditugu, bai, askok besterik gabe jatorrizko hitzaldia entzun bezain pronto magia egiteko gai garela uste duten arren. Nik ez diet pertsona horiei ilusioa kendu nahi, niri ere asko gustatuko litzaidakeelako David Copperfield izatea, baina zoritxarrez honek ere trukoa dauka: interpretazio-lan bakoitzaren aurretik, orduak eta orduak (egunak, baita) pasatzen ditugu ikasten. Pena da, baina ez gara gai guztietan adituak, eta, hitzaldiak ondo jarraitu ahal izateko, aldez aurreko prestaketa-lan handia egitea da bide bakarra.

Ez dizuet gezurrik esango: jada urte batzuk daramatzat interprete-lanetan, eta, gai askotan adituak ez bagara ere, gure jakin-minari esker eta enkargu bakoitzerako egin behar izandako prestaketa-lan horri esker, ia-ia entziklopedia ibiltariak bihurtu garela esango nuke. Tira, ez gara Wikipedia, kuadrillako lagunek hala uste badute ere, baina egia da interpretazio-lanari esker gairik imajinaezinenen inguruko gauzak ere dakizkigula. Adibidez, ba al zenekiten Amerikako Estatu Batuetako sezesio-gerran, tropak kuartelera bajarik gabe itzultzen zirenean, arbel handi batean “ 0 killed” idazten zutela (zero hildako) eta hortik datorrela gaur egun dena ondo dagoela esateko erabiltzen dugun “OK” esaera?

Aldez aurreko prestaketa-lanaz ari garen honetan, guztiz logikoa dirudien baina oraindik bezero batzuei asko kostatzen zaien zerbait aipatu beharra dut: enkargu bat aldez aurretik prestatu ahal izateko, enkargu horren inguruko informazioa eman behar zaigu lehenbizi. Hizlari batzuei ahaztu egiten zaie, beste batzuei azken orduko adrenalina gustatzen zaie eta bi minutu lehenago pasatzen digute, beste batzuk ezer pasatzeko beldur dira konfidentzialtasuna dela-eta (guk beti diogu jasotako informazio guztiaren konfidentzialtasuna bermatzen dugula eta diskrezioz dihardugula)… Beraz, esan bezala, Sherlock Holmes-en pare ibiltzea tokatzen zaigu sarritan, dokumentazio faltaren aurrean guk geuk ikertu behar izaten baitugu, gure kabuz.

Prestaketa-lanaren ostean, lan egin behar dugun tokiraino joatea tokatzen da. Askotan Willy Fog-ek baino kilometro gehiago egiten ditugu eta baliteke kanpoan lo egin behar izatea (gehienetan gasolina, bidesariak eta hotela interpretearen poltsikotik ordaintzen dira). Horra hor, ba, garestiak ez garela ikusarazteko beste arrazoi bat.

Laburbilduz, irakurle maiteok: ez gara garestiak, profesional sakrifikatuak gara, beste asko bezalaxe. Gure lana maite dugu eta behar den guztia egiten dugu gure hizlariek eta entzuleek elkar uler dezaten, horrek egun bakarreko enkargu baterako astebete ikastea eta ehun kilometro egitea eskatzen badu ere. Ni ez naiz matematiketan aditua, baina kalkulu bat edo beste eginez gero, horrelako enkarguetarako merke ateratzen garela esango nuke nik. Merke, batzuetan Cirque du Soleil-eko akrobaten pare dabiltzan artistak izateko.

Zer da hain mingarriki estutzen nauen zera hau?

Santi Leoné

[OHARRA: Testu honek, autoironiaren mozorropean, txertatua du propaganda]

“Katalanaren hamar solas itzulezin” du izenburua VilaWeben Jordi Badiak argitaratu zuen artikuluak, edo “Deu mots catalans intraduïbles”, jatorrizko bertsioan. Tituluak promes egiten duen bezala, Badiak gaztelaniaz –eta agian, gehitzen dut nik, ezta bertze hizkuntza batzuetan ere– ordain doirik ez duten hamar solas –hala nola caldre, feinada, pas edo plegar; zerrenda osoa ikusi nahi duenak irakur dezala artilulua– komentatzen ditu. Komentarioaren gibelean, diglosiaren kezka dago: hitz bereziak dira, eta arriskuan paratzen ditu espainolean, auzo hizkuntza indartsuan alegia, ordain zehatzik ez izateak.

Arriskuan egon ala ez, hizkuntza guzietan aurkitzen ditugu horrelako solasak: arruntak eta hiztun natiboek arrunt erabiliak, baina bertze hizkuntza batera bihurtu nahi dituen itzultzaileari buruhauste ederrak sortzeko gauza direnak. Horrelako hitz bat parafraseatuz hasten da, adibidez, Gregor von Rezzoriren Memoiren eines Antisemiten (Antisemita baten memoriak). Skutschno du izena lehen kapituluak, eta honela diote lehen lerroek:

Skutschno alemanera itzultzen zaila den errusierazko hitza da. Gogaitze aspergarria baino gehiago da: huts existentzial bat, zeinaren zurrunbiloak sortzen baitu halako irrika zehaztugabe baina aldi berean biziki hertsagarri bat”.

“Irrika” idatzi dut, baina ez dakit asmatu dudan. Jatorrizkoan, eine unbestimmte aber heftig drängende Sehnsucht ikusten dugu, eta zalantza egiten dut “irrika” hitzak Sehnsucht horren esanahaia ongi harrapatzen duen, Sehnsucht ere itzultzen zailak diren eleen klubekoa baita. Marlene Dietrichek sarrera bat eskaini zion bere Das ABC meines Lebens (Nire biziaren alfabetoa) lanean, eta hasmentatik afera argi utzi zigun aktoreak: “Bertze hizkuntzetan zehaztasun osoz aurkitzen ez dugun kontzeptua”. Eta ondotik: “Sasiordezkoa da dena. Bi hitzen arteko lotura –‘irrikatu’ [‘Sehnen’] eta ‘adikzioa’ [‘Sucht’]– ez da bertze inon gertatzen”. Duden hiztegiaren arabera, Sehnsucht norbaitenganako edo zerbaitekiko desira sakon eta mingarria da.

Osagaiak zein diren azaldu digu Dietrichek, eta definizioa eman Dudenek. Euskarara nola ekarri da orain kontua, iduri bailuke Dietrichek emandako pisten eta Dudenen irakurritako definizioaren mugen barnean hainbat aukera direla posible. Zalantzak zalantza, goitian aipatu Rezzoriren testuan “irrika” utziko nuke, izenondoek ongi lagunduta betiere, baina bertze testuinguru batean diferente euskaratuko nuke. “Haben Sie dann Sehnsucht nach Österreich?”, galdegin dio Krista Fleischmannek Thomas Bernhardi, honi Mallorcan egin zion elkarrizketa luzean; eta, hor, agian “herrimina” izan liteke ordain egokia: “Baduzu Austriarekiko herriminik?”. Bertze adibide bat emate aldera, Hugo Bettauerren Die Stadt ohne Juden (Judurik gabeko hiria) nobelan, berriz, Lotte Spinederrek zera azaldu dio erbestera joan behar izan duen Leo Strakosch senargaiari, medikuak erraten duena erraten duela, berak badakiela “dass es nur meine Sehnsucht nach Dir ist, die mich schwach und krank macht” –eta esaldia akaso “zureganako nahia dela ahuldu eta eritzen nauena” gisa eman liteke–.

Adibideak aise biderkatzen ahal dira, Sehnsucht zaila baita itzultzen, ez, ordea, han-hemenka harrapatzen. Eta sasiordezko dietrichtarren eremutik atera ez garelako sentsazioa izanda ere, testu eta testuinguru bakoitzean ahalik eta ordain doiena hautatzen saiatu bertze erremediorik ez dugu. Zer egin, bertzenaz, berez itzulpena baino gehiago parafrasia eskatzen duten solasekin? Ikus dezagun bertze adibide bat: berriki, Argia aldizkarian Nosferatu filmaren gaineko erreportajea argitaratu du Santi Leoné izeneko batek. “Bertze munduko haize hormatua” du izenburua erreportajeak, eta, antza, Lotte Eisner kritikariari ebatsi dio esaldia Leonék; izan ere, geroago aipu osoa dakar testuak, honela euskaratua: “Eta gaur oraindik benetan sentitzen dugu, filma ikusten dugularik, bertze munduko haize hormatua dabilela irudi errealistetan”. Alta bada, jatorrizko testura joz gero, hauxe aurkituko dugu: “Und wirklich fühlen wir noch heute, wenn wir den Film sehen, dass ‘ein frostiger Luftzug aus dem Jenseits’, wie Béla Balázs es nennt, in den ‘naturmöglichen Bildern’ weht”. Hara! Alemanezko testua irakurrita, bi gauza deskubritu dugu: Leonék Eisnerri lotsagabeki egotzi dion aipua ez dela benetan Eisnerrena, Béla Balázs izeneko kritikari batena baizik, eta, oraindik larriagoa dena, naturmöglich –naturan gertatzen ahal dena, naturan posible dena– bidegabeki errealista ziztrin batera murriztu duela eta, horrela, Nosferatu genero fantastikotik erauzi eta kasik Kammerspiel bat bihurtu duela. Agian itsuskeria horiek barkatzen ahalko genizkioke Leoné delako horri, kontuan hartuta Argiako erreportajearen helburua ez zela Eisnerren liburua euskaratzea, film klasiko baten berri ematea baizik, eta akaso horregatik egileak ez zuela testua izen gehiegirekin zamatu edo bere burua hitz batekin katramilatu nahi izan; halere, horrelako gauzak egiten dituen morroi batek, bistan dena, neketan mereziko luke itzulpengintzari buruzko hau bezalako blog batean idaztea.

Itzulpen traketsak alde batera utzita, Skutschno, Sehnsucht, naturmöglich eta ordain zehatzen faltan parafrasia eskatzen diguten solas guziek gogorarazten digute itzulpengintza ariketa zaila eta inperfektua dela. Marlene Dietrichek zorrotz ebatzi zuen kontua bere Alfabetoan: “Bi hitzen arteko lotura –‘irrikatu’ [‘Sehnen’] eta ‘adikzioa’ [‘Sucht’]– ez da bertze inon gertatzen. Horregatik iduritzen zait beti ez duela benetan Sehnsucht sentitzen sentsazio horri ‘Nostalgia’ edo ‘Nostalgie’ deitzen dionak”.

Nola ekarri xede-hizkuntzara jatorri-hizkuntzak bere-berezko duen kontzeptua? Are gehiago, sentitzen edo atzematen ahal dugu sentsazio bat, sentimendu bat, gure hizkuntzak hura izendatzeko kontzeptua eskas badu? Arratsalde batzuetan –igande arratsaldeetan batez ere, baina ez orduan bakarrik– mingarriki estutzen nauen zera hori nostalgia ote da, edo Sehnsucht? Ez dakit; baina berriz heldu dela sumatzen hasia naizenez –eta artikulu hau neurrikoa dena baino gehiago luzatu dudala iduritzen zaidanez–, hemen utzi eta banoa musika pixka bat aditzera. Rammstein, jakina. Sehnsucht diskoa: glücklich werde ich nirgendwo

Hiztegitik hiztegira jauzika

Alfontso Mujika

“Urtxintxak oihanean jauzika, aldaxkatik aldaxkarat” eta itzultzaileak ere jauzika hiztegitik hiztegira. Halaxe ibili ohi gara itzultzaileok maiz, aseko gaituen erantzunaren bila. Hiztegi elebidunak, hiztegi terminologikoak, hiztegi orokorrak, hiztegi historikoak, hiztegi modernoak… eta, hiztegietatik harago, corpusak ere baditugu arakagai.

Zorionez, gero eta tresna gehiago ditugu eskura sarean, eta azken hiztegiek corpusen bermea dute atzean (paperezko hiztegiak hautsa biltzen dauzkagu apaletan, haienak egin du). Aurtengo lehen hiru hilabeteetan, bi hiztegi orokor elebakarren azken bertsioak kaleratu dira.

Batetik, otsailean, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) azken bertsioa (urtean bitan eguneratzen da). Poliki baina sendo, koskortzen eta are heltzen ari da: 2012an paperean argitaratu zen 1. bertsioa, 20.000 sarrera inguru zituela; orduko jaioberri hark 10 urte ditu orain, eta 48.000 sarrera inguru: 38.000 sarreraburu eta 10.000 azpisarrera inguru. Bide emankorra.

Bestetik, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) amaitu du Euskal Herriko Unibertsitateak. Honela dio EHUk:

“Euskara modernoaren hiztegi handien eta zehatzena. 2008an abiatua, hamabost urtetako lanaren ondoren, 2023ko urtarrilean amaitu zen.”

Beharbada, arrandia-puntutxoren bat egon liteke izenburu horretako lehen esaldian, baina hobe da izenburuak alde batera uztea eta EEH interesgarri horren mamian sartzea eta zertarako gerta dakigukeen baliagarri aztertzen saiatzea.

EEHn sartuta, lan horren beste definizio bat ageri da, taxuzkoagoa nire ustez:

Ereduzko Prosa Gaur corpusa oinarri hartuta egiten ari den hiztegia, egungo erabileraren ispilua izan nahi lukeena”.

Hau da, 25,1 milioi hitzeko corpus baten hiztegia da, 2000tik 2006ra bitartean argitaratuko hainbat liburu (287 liburu, 13,1 milioi hitz) eta egunkari (Berria eta Herria, 12 milioi hitz) arakatu dituena. Corpus hori ustiatuz egindako hiztegia da, hau da, corpus hori zukutuz egina, zer den baliagarri eta zer ez epaitu gabe. Eta hori argi eduki behar dugu, hartan ageri den guztia ez baita estandarra, obra horren asmoa ez baita inola ere arautzaile izatea, 2000‑2006 bitarteko euskararen argazkitxo bat (partziala, ezinbestean) ematea baizik.

Hala, Euskaltzaindiak arautu ez bezala idatzita ageri dira hainbat hitz: balutxi (EH: balutx), kanakiar (EH: kanak), waloniar (EH: valoniar), matriuska (EH: matrioxka), accessit (EH: accesit), abordaje eta abordaia (EH: abordatze)… Eta Euskaltzaindiak berariaz gaitzetsitako edo ez erabiltzeko gomendioa eman duen beste hainbat hitz inolako oharrik gabe ageri dira: abenida, adaptatu, administradore, aeroplano, afirmazio, agintekera, aguakate, ahapeko, aheria, ajedrez, aktualizazio, aktuatu, aktuazio, akzesit, akzionista, alarmagarri, alarmatu, albondiga, aldeanitz, alderanzketa, algodoi, alkanfor, alkilatu, alkitran, altaboz, aluzinatu, aluzinazio, amapola… Alegia, estandarizazioak azken urteetan egin duen bidea ez da EEHn islatzen.

Horregatik beragatik, sarrera asko eta asko hitz beraren aldaerak dira. EEHk dio 70.751 sarrera dituela, baina milaka eta milaka sarrera “ikusak” dira, hau da, honelakoak: “jostagailu ik. jostailu”, “juduteria ik. judueria”, “yaourt ik. jogurt”, “yogourth ik. jogurt”, “yogur ik. jogurt”, “yogurt ik. jogurt”. Ez dakit zenbat, baina, lagin batzuk aztertuta, esango nuke sarrera “ofizialen” % 15-20 inguru horrelakoak direla, aldaera grafiko hutsak. Horrek esan nahi du sarrera “errealak” edo definituta daudenak nabarmen gutxiago direla, 10.000 edo 15.000 gutxiago.

Nolanahi ere, sarrera erreal asko dira. Beraz, pentsatu behar dugu hor material baliagarri bat dagoela beste hiztegi batzuk, edo norberaren hiztegia, elikatzeko.

Proba txiki bat egin dut: EEHn sarrera diren eta EHn sarrera ez diren lehen 25 hitzak apartatu ditut, eta begiratu dut zenbat adibide dituzten EEHn eta zenbat agerraldi dituzten corpus hauetan: Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia (XXI. mendeko 98 milioi hitz zituen 2021ean), EHUren Egungo Testuen Corpusa (XXI. mendeko 355 milioi hitz ditu) eta Elhuyarren Dabilena (Interneteko 300 milioi hitz ditu). Hau da, Ereduzko Prosa Gaur corpusa baina askoz handiagoak diren beste hiru corpusekin alderatu ditut, ikustearren zenbateraino diren hitz horiek hizkuntzan ondo finkatutako eta erabilitako hitzak edo zenbateraino diren bazter-hitz. Hona hemen datuak:

EEHn sarrera eta EHn ezLBETCDabilenaZenbat adibide EEHn
abadetxo00104
abadezale0222
abadezulo0202
abailetan1013
abailgarri240134
abaka22101
abakozale0051
abalatu11902133
abalorio511271
abanderatu35181
abandonismo0111
abanikatu31861
abantailadun3081
abantailatxo160285
abantailazko130514
abantailoski0021
abante170647
abantzamendu0952
abantzarazi0022
abanzada0021
abarketatxo0011
abarogabetza0001
abarotsu1011
abarotu0591
abarrakitzaile0001

Garbi dago gehienak ez direla oso hitz erabiliak edo berez sor daitezkeela lexikoa sortzeko ohiko baliabideak erabiliz —eratorpena, adibidez—, hiztegi batean esplizitatu beharrik gabe (abadetxo, abadezale, abakozale, abarketatxo…). Horiz nabarmendu ditut nire ustez lehen begiratu batean (corpusetan duten agerraldi-kopurua ikusirik) hiztegi arauemaile batera lehen urrats batean pasatzeko interesgarrienak izan litezkeenak. Nolanahi ere, zalantzarik ez da EEH badela hitz-iturri interesgarria, corpusekin batera kontuan hartzekoa, Euskaltzaindiaren Hiztegia osatuz joateko.

Beste galdera bat egin nion neure buruari: Egungo Euskararen Hiztegia zenbateraino da benetan egungo? Eta, erantzuteko, beste alderaketatxo bat egin nuen galdera honetan oinarrituta: EHk ba ote du bera baino handiagoa den EEHn sarrera ez den egungo hitzik? Eta erantzuna ezin argiagoa da: bai, EHk gaur egungo hitz asko eta asko ditu EEHk ez dituenak. Hona hemen erakusgarri txiki bat, 100 hitzez bakarrik osatua:

ahaldundu, alergeniko, animalista, arretagune, astur, audiometro, azelerometro, azidifikatu, bakterizida, biodinamiko, birmasterizatu, birzentralizazio, chic, curling, curry, desmarkatu, desmuntagarri, dogon, drone, ekintzailetza, feminizidio, fotodepilazio, friki, garnatxa, gatzapen, geoingeniaritza, geolokalizazio, gobernabide, heteroarau, hidrofugo, hijab, hipotekadun, hostoerorkor, hostoiraunkor, immunitario, in vitro, intersexual, jibaro, jokatugabe, kationiko, koadrizeps, koedizio, konpostagailu, kontziliazio, lignina, lodigarri, lurrintzaile, maori, mariatxi, masai, mastaba, matriarka, mikrobiologiko, minorizazio, miss, muesli, nanomaterial, nanometriko, nanozientzia, neuroendekapen, ninja, nitruro, oleiko, ordainduko, paintball, papuar, pilates, plazandre, positroi, prebalentzia, proaktibo, propileo, psoriasi, pultsometro, quad, sismologo, skate, skater, sorbiko, sudoku, superprodukzio, surimi, tajik, tenporizadore, tentsioaktibo, tentsiometro, tortso, tory, traol, trazabilitate, tuit, tuper, txosnagune, ultraeramangarri, wifi, zamaleku, ziklogenesi, zistitis, zordunketa.

Alegia, EEH hiztegia egungoa da, baina ez da egungoena. Eta normala da hala izatea, EEH elikatu duen corpusa mugatu samarra delako hala kopuruz (25,1 milioi hitz) nola denboraz (2000tik 2006ra bitarteko testuak). Horretaz gainera, Ereduzko Prosa Gaur corpusa ez da orekatua, haren testuak ez baiziren estatistikoki hautatu; beraz, 2000-2006 bitarteko hizkuntza idatziaren parte bat baino ez du islatzen.

Eta, bestalde, ez da hiztegi “ohikoa”. Sarrera nagusiez gainera, baditu azpisarrerak ere, baina gutxi; asko falta dira. Esate baterako, abiadura hitzak, EHn, lau adiera (bakoitza bere definizioarekin) eta azpisarrera definiziodun hauek ditu: abiadura-aldagailu, abiadura angeluar, abiadura-muga, abiadura-neurgailu, abiadura-palanka.

abiadura
1 iz. Korritzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. Ik. lastertasun. Abiadura handiko trenaren inguruko jardunaldiak. Argiaren abiadura.
2 iz. Abiada, abaila. Txalogarria da benetan Auspoa bildumak hartu duen joera eta abiadura.
3 iz. Ibilgailuetan, abiadura-aldagailuaren engranaje-konbinazio bakoitzari dagokion higidura modua. Ik. martxa 2. Sei abiadurako motorra.
4 iz. Ipar. eta Naf. Hastapena. Tentaldiaren abiaduran. Erromatarren garaian, Elizaren lehen abiaduran.
abiadura aldagailu, abiadura-aldagailu
iz. Ibilgailuetan, abiadura edo martxa aldatzeko erabiltzen den tresna. Motorra eta abiadura aldagailua Ferrarirenak dira.
abiadura angeluar
iz. Errotazio mugimenduetan, biratutako angelua denbora-unitateko. Eguzkia ekliptikan zehar abiadura angeluar konstantean mugitzen da.
abiadura muga, abiadura-muga
iz. Legeak errepideetan ibilgailuentzat ezartzen duen gehieneko zirkulazio abiadura. Espainiako Gobernuak orduko 110 kilometrora jaitsi du berriki autobide eta autobietako abiadura muga. Argi uzten du horrek, inork ez dituela abiadura mugak errespetatzen.
abiadura neurgailu, abiadura-neurgailu
iz. Ibilgailu baten abiadura neurtzen duen tresna.
abiadura palanka, abiadura-palanka
iz. Abiadura aldagailuari eragiten dion palanka.

EEHn, berriz, adiera bakarra definitzen da, eta beste sei sail (hitzaren testuinguru morfosintaktikoaren arabera osatutako sailkapena), definiziorik gabe, adibide ugariz hornituak (adibide bakoitzaren jatorria zehaztuta), eta azpisarreratzat har litekeen beste sail bat (sailetako adibide bana baino ez dut hemen jarriko, ez luzatzearren).

abiadura (ETCn 32.060 agerraldi)
1 iz ibiltzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. 15 adibide.
                Abiadura horretan ehun metro korritzen dira segundoko.
2 (izenondo eta izenlagunekin) 15 adibide.
                Begiak itxita dagoen bidaiariak ezin du esan hegazkina abiadura konstantean doan ala lurrean geldi dagoen.
3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa) 15 adibide.
                Gidariek motoaren esku utzi nahi izan zuten abiadura murrizketa, eta elektronikak egiten du lan hori.
4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa) 5 adibide.
                Nahikoa da bere keinu metodikoak ikustea, neurtuak, abiadura-kaxa segundo zehatzean erabiltzen dakienaren keinuak dira.
5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa) 4 adibide.
                Bertatik haize-abiadura puntakoena jaso.
6 irud/hed 5 adibide.
                Urkia eta Lujanek ahal zuten guztietan partidaren abiadura aldatzeari ekin zioten.
7 abiaduran abiadan. Adibide bat
                Polizia patruila bat pasa zen abiaduran eta argiak keinuka.

Hirurogei adibide ditu abiadura sarrerak EEHn (hamar adibide, berriz, EHn), baina adibide horietako batean ere ez dira agertzen EHn definituta dauden bost azpisarrerak (abiadura‑aldagailu, abiadura angeluar, abiadura-muga, abiadura-neurgailu, abiadura‑palanka).

ETC corpusean bost azpisarrera horiek bilatzen baditugu, berehala ikusiko dugu garrantzitsuak direla, hau da, abiadura hitza beste hitz batzuekin konbinatzen denean nagusietakoak direla elkartze horiek. Hala, abiadura izena adjektiboekin elkartzen denean, abiadura angeluar nagusietan bigarrena da (abiadura konstante bakarrik du aurrean). Eta abiadura izena beste izen batzuekin elkartzen denean, abiadura lehen hitza izanda, ETC corpusak < abiadura + izena > motako 314 konbinazio eskaintzen dizkigu erabilera‑maiztasunaren arabera ordenatuta, eta bost horiek oso goian daude zerrendan. Zehazki, postu hauetan ageri dira: abiadura‑aldagailu 4.a, abiadura-muga 7.a, abiadura-neurgailu 22.a eta abiadura‑palanka 38.a. Horrek guztiak erakusten digu EEHk ematen digun argazkiak ez duela islatzen euskara idatziaren unibertsoa, unibertso horren zati bat baizik, atzean dagoen Ereduzko Prosa Gaur corpusaren edukia orekatua ez izatearen ondorioz.

Balio mugatua duela esateak ez du esan nahi balio ez duenik, jakina. EEHren bi arlo iruditu zaizkit bereziki interesgarriak. Batetik, sarrera batzuetan adierak bereizteko egin den ahalegina. Adibidez, gurutze sarrera hartu eta EH eta EEH alderatzen baditugu, ikusiko dugu lau adiera komun dituztela baina EEHn badirela beste lau adiera EHn ageri ez direnak. Ez daude zehazki definituta (hitz batez edo biz iradokitzen da zertaz ari den), baina hor daude (adibide bakarra ekarri dut, ez luzatzearren, baina adibide gehiago dituzte):

4 (dominetan)
Haren bular zabalaren gainean gurutze batek eta hiruzpalau dominak egiten zuten dirdai.
5 (ikurra)
Liburutegiko zenbait liburu gurutze gorri batez markaturik daude.
6 (kaleen artean)
Hortaz, eraman nazazu Lexington eta 47.aren arteko gurutzera.
7 (elizen egituran)
Ezin konta ahal eliza eta monasterio daude […] beren kupula, gopoil eta gurutzeekin.

Bestetik, hitz-multzoen atala: sarrera bakoitzean, behin eta berriro errepikatzen diren biko eta hiruko hitz-multzoak ageri dira. Hitz bat gehienbat zer hitzekin elkartzen den ikusteko balio du, eta informazio hori interesgarria da joerak ikusteko, “kolokazio” direlakoak edo terminoak izan litezkeenei antzemateko eta, oro har, ikusteko hitz bakoitzak zer “lagun” dituen gogokoenak. Esan behar da, dena dela, hitz-multzoen hautaketa modu automatikoan egin dela eta, itxuraz, ez dela iragazi. Horrek esan nahi du atal horretan ageri den informazio asko ez dela esanguratsua edo itzultzaileontzat baliagarria, aski erredundantea delako edo baliagarria ez delako; hau da, bihia bilatu behar dela lastoen artean. Adibidez, har dezagun rally sarrera. Hau agertuko zaigu:

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

munduko rally txapelketa (14); munduko rally txapelketako (6); munduko rally txapelketan (8); rally denboraldia (5); rally txapelketan (10)

argentinako rallya (8); australiako rallya (5); dakar rallya (11); erresuma batuko rallya (4); italiako rallya (3); kataluniako rallya (10); lehen rallya (4); mexikoko rallya (13); mexikoko rallya utzi (3); montecarloko rallya (3)

rallya hasiko (5); rallya hasiko da (4); rallya irabazi (7); rallya irabazi zuen (7); rallya irabazteko (3); rallya utzi (6); suediako rallya (8); suediako rallya irabazi (3)

akropolis rallyan (3); argentinako rallyan (3); dakar rallyan (15); faraoien rallyan (4); kataluniako rallyan (7); korsikako rallyan (4); lider kataluniako rallyan (3); liderra suediako rallyan (3); montecarloko rallyan (3); suediako rallyan (8)

dakar rallyaren (4)

mendiko rallyetako (3); rallyetako gidari (3)

dakar rallyko (8); japoniako rallyko (3); kataluniako rallyko (4); korsikako rallyko (3); rallyko lehen etapa (4); rallyko lehen etapan (3); rallyko lehen liderra (4); suediako rallyko (6)

Interesgarria da ikustea rally txapelketa multzoa hor dugula edo munduko rally txapelketa, baina, aurreko horiek hor izanda, munduko rally txapelketan eta rally txapelketan ez dira esanguratsuak. Edo argentinako rallya, argentinako rallyan, australiako rallya, erresuma batuko rallya, italiako rallya, kataluniako rallya, kataluniako rallyan, kataluniako rallyko, mexikoko rallya, montecarloko rallya, korsikako rallyan, korsikako rallyko, suediako rallyan, suediako rallyko, japoniako rallyko… Alegia, informazio asko dago, baina itzultzailearentzat baliagarria izan daitekeena apartatzen badago lana.

Beraz, ongi etorri EEH gure hiztegien biltegira, itzultzaileon “armategira”. Ez da izango tiradera birtuala zabaldu eta kontsultatzeko erabiliko dugun lehen hiztegia, baina baliagarria gertatuko zaigu ñabarduren bila, adiera ezkutu baten bila edo hitz jakin baten “lagunen” bila gabiltzanerako.

Itzulpen ariketak II. ‘Puta’ (Nelly Arcan)

Miel A. Elustondo

Nire aitak behin eta berriz esaten zuen hiritzar handia izugarria egiten zitzaiola, hiria gauza gaitzesgarriz betea dagoela, bateko putak eta besteko homosexualak, bateko aberatsak eta besteko famatuak, sasoi beteko ekonomia eta indartsuenaren legea, hirian gauza guztiak ere hondamendia eta ulertezinak direla, hizkuntzen eta arkitekturaren kakofonia, udaberriko lokatza eta eraikin modernoen itsuskeria, eta nola liteke elizako fatxada bat unibertsitaterako sarbidea izatea, galdetzen zuen sumindurik nik horretan parterik banu bezala, mutilatu batek bedeinkatu gabeko gurutzearen antza du elizak, Jainkoaz gabetua da, eta nola liteke unibertsitateko pabiloiek peep showen aldera izatea irteera, nora goaz unibertsitatetik prostituziora urrats bat baizik ez badago, eta egia da, eta zientifikoki froga daiteke, eliza bateko fatxada hura nik klase gehienak ditudan pabiloirako sarbidea da, ondarearen izenean mantendu eta zaharberritutako fatxada da, ongi ematen duelako utzi zuten horrela, eta ikasgeletako leiho asko dantzariak larrugorritan diharduten tabernetara begira daude, feminitatearen neon arrosetara, klaseak eta klaseak eman nituen sexu-langile pila hura aztertzen, eta aurkikuntza galanta izan nuen izendapen hori, munduko lanbiderik zaharrenari, funtzio sozial zaharrenari bestek egiten dion aitortza ageri da izendapen horretan, liluragarria zait ore bat lantzen den moduan lantzea sexua, plazera lana izatea, atsegina nondik-bait erauzi ahal izatea, horrek ahalegina eskatzea eta ordainetan soldata jasotzea, murrizketak izatea, arauak behar izatea, eta ikasle gehien-gehienen irudiko putekiko elkarbizitza horretan txarrik ez zegoen, horixe da deigarriena, azkar ohitzen gara gauzetara haietatik ihes egin ezin duzunean, espaloia gainditu eta zure apunteetara heltzen direnean, eta hurbiltasun horrek eragin handia izan zuen nigan, kontrako espaloira aldatzeko gogoa piztu zidan, eta esadazu nola eutsi behar zion teoriak hainbeste plazer tentaldiri, nolanahi ere han inork ez ninduen ezagutzen eta udaberria oso zegoen aurreratua, eta udaberriak beti jardutera, soka zeure lepoan jartzera, bultzatzen zaitu, eta mendiko arropa eranzteko aukera sortu zenean, nik gogo onez onartu nuen eskaintza.

Prostituitzea oso erraza gertatu zitzaidan, zeren betidanik jakin nuen besteren batena izango nintzela, izen bat bilatuko zidan komunitate batena, eta sarrera-irteerak arautuko zizkidatela, zer egin behar nuen eta nola, aginduko zidan nagusi bat izango nuela, zer esan behar nuen eta zer ez, betidanik jakin dut denetan txikiena izaten, denetan sexiena, eta gainera ordurako zerbitzari-lanean ari nintzen tabernan, non alde batean putak zeuden eta bestean bezeroak, eta behar baino eskupeko handixeagoa ematen zidaten, nik ere behar baino arreta handixeagoa eskaintzearen ordainetan, eta poliki-poliki eta modurik naturalenean anbiguotasun halako bat sortu zen gure artean, zenbait hilabetez bezeroek erabili egin ninduten ni eta nik erabili egin nituen bezeroak, harik eta indarrez erakartzen ninduen hartaraxe joatea erabaki nuen arte, eta pentsatzen jarriz gero, iruditzen zait beste aukerarik ez nuela, ordurako puta izatera destinaturik nengoela, puta nintzela puta izan baino lehen ere; aski izan nuen La Gazette egunkari anglofonoa gainbegiratzea, eta hantxe azaldu zitzaidan escort agentzien orrialdea, aski izan nuen telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzea, Montrealgo agentziarik garrantzizkoenarena, iragarkiak zioenaren arabera, agentziak escort onenak baizik ez zituen kontratatzen eta bezerorik onenak baizik ez zituen onartzen, alegia, han emakumerik gazteenak eta gizonik aberatsenak biltzen zirela, gizonen aberastasunak beti konbinatu izan du ongi emakumeen gaztetasunarekin, hori mundu guztiak daki, eta ni oso gaztea nintzenez batere pentsatu gabe onartu ninduten, etxe batera eraman ninduten eta gela batera sartu ninduten luzamendurik gabe, eta bospasei bezero errezibitu nituen, bata bestearen atzetik, hasiberriak oso ospetsuak dira, esan zidaten, politak izan beharrik ez dute, gela hartan egun bat aski izan nuen irudipena edukitzeko zera hura bizi guztian egiten ari nintzela, bat-batean zahartu nintzen, baina dirutza ere irabazi nuen, lagunak egin nituen, bai, posible zen konplizitatea izatea, ikaragarria da, kidetasun horren oinarrian gorroto komun bat baitzegoen, bezeroekiko gorrotoa, baina prostituzio girotik irteten ginen orduko atzera emakume normalak izatera itzultzen ginen, sozialak, bata bestearen etsai.

Eta ziztu bizian zahartzen hasi nintzen, bezero segida handi haren aurrean belauniko jartzeari utzi ahal izateko zer edo zer asmatu behar nuela pentsatu nuen, gela hartantxe ematen bainuen denbora guztia, eta terapia egiten hasi nintzen hitzik esaten ez zuen gizon batekin, eta halako burutaziorik, ni diban batean etzanaraztea, kontuan harturik egun osoa ohean ematen nuela gizon haren adin bertsuko gizonezkoekin, nire aita izan zitezkeen gizonekin, eta psikoanalisi hark inora ez ninderamanez, ezin nuenez hitz egin, gizonaren isiltasunak zeharo lotzen ninduelako eta esan behar nuena esateko beldurrez bizi nintzelako, erabakia hartu eta idazten hasi nintzen denboran eta denboran barruan isilik gorde nuena ateratzeko; halakoren batean, adierazi nahi nuen seduzitzeko neukan premia haren atzean zer ezkutatzen zen, ez nuen premia hura gainditzen asmatzen, ezin esplikatu prostituzioaren gehiegikeriara bota ninduen zera hura, bestek zu izatea espero dutena izateko premia, eta idazten dudanean ere inoren gogoko izateko nahia nagusitzen baldin bada, da baitezpadakoa zaidalako hitzetara ekartzea nire baitan ezkutaturik dagoena eta nahikoa delako inork hitz batzuk irakurtzea haiek hitz desegoki bihurtzeko, eta idatzi ahala, etenarazi nahi nukeenak indar handiagoa hartu zuen, askatu nahi nuen korapiloa are gehiago estutu zen, leku guztia betetzera heldu zen, eta korapilo horrexetatik sortu zen nire idatziaren lehengaia, agortezina eta alienatua, lotan dagoen ama baten eta munduaren azkenaren zain dagoen aita baten artean bizirauteko borroka.

Eta horregatik dago liburu hau osoki asoziazioz egina (…)