“Inguruan” erabiltzearen gainean

Fernando Rey Escalera

Aspaldi honetan zer pentsatua eman didan kontu bat aipatu nahi dut gure blog honetan: “-ren inguruan” barra-barra aditzen eta irakurtzen dugu azken urteotan orain arte horretarako erabiltzen ziren beste egitura batzuen kaltetan:

“Klima aldaketaren inguruan hitz egin genuen”
“Klima aldaketaz hitz egin genuen”
“Klima aldaketaren gainean hitz egin genuen”
“Klima aldaketari buruz hitz egin genuen”

Duda piztu zait “-ren inguruan” egokia ote den horretarako, kalko okerra edo egokia den, eta zenbateraino dagoen errotua. Begi-bistakoa iruditzen zait, nolanahi ere, fenomenoak gure arteko joera batzuk salatzen dituela. Noizean behin moda batzuk pizten dira euskararen erabileran –hizkuntza guztietan, segur aski–, eta, batzuetan, zaila izaten da erabakitzea hizkuntzaren bilakaera naturala den edo, besterik gabe, gure egoera diglosikoaren adierazgarria, zergatik jartzen diren modan egitura batzuk eta zergatik baztertzen diren orain arte oso erabiliak ziren beste batzuk, zer hartzen den egokitzat edo dotoretzat… Adibide asko eman genitzake zenbait moda nola zabaltzen ari diren ikusteko, baina nik, orain, bi aipatuko ditut: “balioan jarri” eta “-tze aldera”. Bi horietako lehenbizikoari buruz Irantzu Epeldek 2012an idatzi zuen horri buruz gure blogean, eta Berrian berriki eman du horri buruzko gomendio bat. Bigarrenez, beharbada, noizbait idatziko dut blog honetan berean.

Baina natorren harira:“Hablar de…, hablar sobre…, hablar acerca de…” esateko (barkatu, baina ez dakit frantsesez), hiztegietan begiratuz gero, hiru dira baliabide nagusiak: a) -i buruz; b) -z; c) -ren gainean.

Elhuyar:
[acerca de] -z, -i buruz, -en gainean.
¿qué piensas tú sobre ese asunto?: zer diozu zuk gai horri buruz?
no quiero discutir más sobre eso: ez dut horretaz gehiago eztabaidatu nahi.

Labayru:
-(r)en ga(i)nean, -(e)z, -(r)i buruz.
No quiero oír hablar más sobre política; Politikearen ganean ez dot berba erdirik bere entzun gura.
Están hablando sobre mí; Nitaz ari dira zerbait esaten.

Adorez:
-z, -i buruz, -en gainean.
sobre eso ya hablaremos; hitz egingo dugu horretaz.
¿qué dices sobre la economía?; zer diok ekonomiaz?
no sé nada sobre tu quehacer; zure egitekoaren gainean ez dakit ezer.

Zehazki:
-i buruz, -z, -en gainean.
el primer capítulo trata sobre los derechos humanos, lehenengo kapitulua giza eskubideei buruz ari da; dos palabras sobre el jabalí, bi hitz basurdearen gainean.

Harrigarria da “-ren gainean” egitura nola ari den desagertzen euskararen erabilera jasoan, nahiz eta toki askotan zabalduena eta naturalena izan. Galdeka ibili naiz nire inguruko euskaldun batzuei, eta hori dute erabiliena. Dena dela, nekez irakurriko dugu inon eta gutxitan entzunen dugu telebistan. Arrazoia agerikoa da: jende askori kalko desegokia iruditzen zaio, erdarakada. Jatorria edozein dela ere –batek daki noiz pasatzen den hitz edo esamolde bat kalko izatetik hizkuntzaren parte onartua izatera–, oso errotua dago eta egon da gure hizkuntzan. Dena dela, badirudi gero eta zokoratuago dagoela, batez ere euskara jasoan, euskara ona izanagatik eta Euskaltzaindiak onartua egonagatik.

“-i buruz” egiturak, berriz, sekulako arrakasta izan du, gaur egun euskaldun askoren ahoan modu bakarra izateraino. Egitura horren adiera nagusia beste bat izanik ere –Orotariko Euskal Hiztegian esaten digunez, “Hacia, en dirección a; mirando a, frente a, contra…”, gutxitan erabiltzen da gaur egun horretarako.“Acerca de…, sobre…, de…” adiera du orain erabilera zabalduena. Eta arrakasta izan badu, ederki, baliatu gaitezen horretaz, baina, ahal dela, Iparraldeko euskaretan erabilera nagusia zein izan den ahaztu gabe.

Kasu instrumentala ere hortxe dugu, eta, nire irudiko, oso bizirik dago, aski osasun onean.

Eta “-ren inguruan”? Ba al dugu horren lekukotasunik? Esan dudan bezala, hiztegietan ez da aipatu ere egiten. Berdin da “sobre”, “acerca” bilatu edo beste modu batez bilatu. Aipatu ere ez. Horregatik, harriturik, Orotariko Euskal Hiztegian begiratu nuen, eta hor ere, aipatu ere ez.

Euskara Batuaren Eskuliburuan ere begiratu dut, gure oraingo biblia txikiak zerbait esanen duelakoan, baina ez du auzia aipatzen. Dena dela, gaiari heltzen ez badio ere, beste gai batzuez ari dela, adibideetan, egitura horretaz baliatu da. Nik lau adibide aurkitu ditut:

“Euskaltzaindiak ez du araurik eman hitzarmen edo konbentzio honen inguruan”.
“Egoki eta premiazko deritzogu, ordea, obra honetan auzi horren inguruan zerbait esateari”.
“Horien inguruan Euskaltzaindiak ez du araurik eman euskara estandarrerako”.
“Gai honen inguruan, oinarrizkoa da 38. araua ere”.

Egungo Euskararen Hiztegian eta Gaur Egungo Prosan ere egin dut bilaketa, eta ia-ia ez dago horren aipamenik.

Santiago Iruretagoienaren adibide pare bat ikusi dut, Oskar Aranaren esaldi bat edo Pello Zabalaren Euskal baserriaren inguruan liburuaren izenburua. Luis Elberdinen esaldi bat ere bada eta Berria egunkariaren esaldi bat edo beste. Eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren esaldi hau ere bai: “Hari luze horren matazak korapilatu egiten dira, behin eta berriro, XIX. eta XX. mendeetan, lekukotza nabarmenak baititugu aurretiaz esandako horien inguruan”.

EIMAren Kalko okerrak izeneko lanean ere begiratu dut. Ez da aipamenik egiten, baina, harrigarriro, azalpenak ematerakoan egitura horretaz baliatzen da liburua:

“Interferentzien eta kalkoen inguruko sarrera teoriko labur baten ondoren,… / Azken ohartxo pare bat egin beharra dago baldintzazko adizkien inguruan / Hona hemen, hala ere, oinarri eta jarraibide batzuk kalko-arrisku zabal horren inguruan / Ez genuke hainbestetan kezkatu behar halako aditzen inguruko zalantzez”.

Laburbilduz: beste modu bat zabaldu da azken hamarkada hauetan. Kalkoa ematen du (“hablar en torno a”), baina kalko egokitzat hartu behar dugu? Hasi beharko genuke sartzen hiztegietan-eta? Eskertuko nuke zuen iritzia.

4 erantzun ““Inguruan” erabiltzearen gainean” bidalketan

  1. Orotarikoan bai, badago “Inguru” hitzaren 9. adieran, nor eta Mitxelenaren adibideekin:

    9. (En caso ines.). Acerca de, alrededor de, sobre.
    Esamesak ibili dira […] nobela honen inguruan. MEIG III 78. Historia de la literatura vasca-n agertzen diren argitasun eta iritzien inguruan. MEIG I 215. Gogoan zuena ez zen hizkuntza eta hizkuntzaren gorabeherak, hizkuntzaren inguruan egina zegoen eta egiten ari zen ikerlana baizik. MEIG VI 47.

    1. Mila esker, Koldo.
      Begiratzen aritu nintzen, baina ez nuen ikusi.
      Dena dela, artikuluan jarri dudan bezala, harritzekoa iruditzen zait ez dela aipatu ere egiten hiztegietan, nahiz eta barra-barra erabiltzen den gaur egun eta ez dagoen inon kritikaturik.
      Ongi izan.

      1. Egia da Euskaltzaindiaren Hiztegian ez dagoela, beste gauza gehiegi bezala

  2. Bai, Koldo, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez dago, oraindik. Eta pentsatu behar dugu tokia egingo diotela noizbait, hiztegi gaztea baita, egiten ari dena. Hiztegi horretan ez dago adiera hori esplizitaturik, baina hiztegi horretan bertan behin baino gehiagotan erabili da, hala definizioetan nola adibideetan. Hona hemen:

    kalapitari
    2 adj. Ipar. eta Naf. Zaratatsua. Bertako kalakari kalapitariekin batera jardun zuten hainbat gairen inguruan hitz egiten.
    kontrajarri, kontrajar, kontrajartzen
    2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Epaileen artean iritzi kontrajarriak daude gaiaren inguruan.
    kontzientzia
    1 iz. Giza gogoak bere buruaz eta kanpoko errealitateaz duen ezagutza edo hautematea. (…) Kalifornian kontzientzia handia dute energia baliabideen, kutsaduraren eta abarren inguruan.
    legez besteko
    adj. Legebiltzar batean aurkezten diren proposamenez eta kidekoez mintzatuz, legebiltzar horrek gai jakin baten inguruan lege izaera izango ez duen adierazpen bat egin dezan aurkezten dena.
    lotesle
    adj. Zuz., Admin. Bereziki erabakiez eta kidekoez mintzatuz, bete beharrekoa dena. Erraustegien inguruan erreferendum loteslea egitea proposatzen dute.
    plebiszitu
    iz. Erreferendum mota, garrantzi handiko gai baten inguruan (soberania, konstituzioaren erreforma…) herriari galdetzeko egiten dena.
    puntu
    7 iz. Mintzaldi, eztabaida, arrazoibide, auzi edo kideko bateko gaietako bakoitza. Eztabaidan darabiltzagun zenbait puntu garbitzeko. Dotrinaren puntu bakoitzean. Ez dira bat etorriko puntu guztietan. Hau da ukitu nahi nukeen puntua. Hiru punturen inguruan mintzatuko naiz.
    baliozkotasun
    iz. Balioduna denaren, eraginkorra denaren nolakotasuna. Garai hartan oso iritzi gutxi kaleratu ziren Parlamentuak onartutako legearen baliozkotasunaren edo egokitasunaren inguruan.
    arauz besteko
    adj. Batzar Nagusietan aurkezten diren proposamenez eta kidekoez mintzatuz, Batzar Nagusi horiek gai jakin baten inguruan arau izaera izango ez duen adierazpen bat egin dezaten aurkezten dena.
    asanblada
    iz. Heg. Zenbait taldetan, kideen bilera, gairen baten inguruan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko egiten dena.
    aurreiritzi
    iz. Zerbaiti buruzko iritzi edo ustea, hura ezagutu edo aztertu aurretik sortua. Gaiaren inguruan dauden aurreiritziak eta mito faltsuak salatu ditu.
    transferentzia
    1 iz. Botere, egiteko edo kideko bat eskualdatzea. Azken bi hilabeteotan eskualdatu gabe dauden transferentzien inguruan, isilpeko bilerak izan dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.
    xaramela
    2 iz. Ipar. Kantua, doinua. Badut zenbait xaramela aterarik ene ardien inguruan.
    zuzenketa
    1 iz. Oker-edo dagoena zuzentzea, bereziki idazlan batean egiten dena. (…) Zenbait ohar eta zuzenketa bidali zizkidan nire liburuan agertzen diren argitasun eta iritzien inguruan.
    ——————
    Eta Euskaltzaindiaren Euskararen Gramatika obra berrian ere erabili da:
    Hiru horiek dira, funtsean, azpisail nagusiak. Horien inguruan emango ditugu Euskaltzaindiaren Hitz-Elkarketa/4 (1992) sailkapeneko hainbat eta hainbat hitz elkartu.

    Atal hau amaitu aurretik, garrantzitsua da ohar bat egitea kategorien eta ale lexiko batek izan dezakeen egituraren arteko bereizketaren inguruan.

    Auzia berez konplexua da, eta gai honen inguruan egin diren proposamenetan ez dugu hemen sakonduko.

    Elkarketaren lehen perpausak suposarazten duenak ez du haren ondorio zuzena izan behar nahitaez; haren inguruan pentsaturiko zerbait ere izan daiteke.

    Hain zen nabaria, herriko giroan, gai haren inguruan zerbait esateko beldurra (Irigoien)

    ?? Villepinek Sarkozyren inguruan ikerketak egitea galdegin zion (Sokarros)

    Baita gramatika horretan ageri den bibliografian ere:

    “-(t)ar atzizkidun hitzen jokabide sintaktikoaren inguruan”, FLV 91 (443-462).

    Petrirena, P. (2006a). “Aurkaritzako lokailuen inguruan”, Administrazioa Euskaraz 53 (16-17).
    ——————
    Bestalde, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) obrak badu adiera hori jasoa, eta EPG corpuseko datuak ematen ditu:

    23 inguruan (-en atzizkiaren eskuinean zeri buruz-i erantzunez)

    Orduan, arazo horren inguruan hausnartzen ari zela, bainu bat hartzera joan omen zen. Santiago Iruretagoiena

    Eztabaidagai (latinez quaestio) baten inguruan aldeko eta kontrako autoreen iritziak jaso. Askoren artean

    Askori irudituko zaie Lukreziorekin aurrez aurre baleude bezala ari direla gauzen izaerari buruz eztabaidan, edo Zizeronekin erretorikaren inguruan, eta ondorengo asko Varronekin arituko dira latinari buruz hizketan. Santiago Iruretagoiena

    Begira aita Julian Alustizak “Euskal baserriaren inguruan” liburuan bildu digun elur klaseen lezioa. Pello Zabala

    Nork egingo dit iruzkina lerro horien inguruan? Oskar Arana

    Torturaren inguruan sortzen diren dilema moralak “klasikotzat” har ditzakegu etikaren alorrean. Askoren artean

    Garai batean, istorio beldurgarriak kontatzen zituzten masturbazioaren inguruan; bizkarrezur muina desegiten zela, eta horrelakoak. Luis Elberdin

    Genomaren inguruan garatzen ari diren proiektu hauek ekarriko dituzten aurrerapenak maila guztietan ikusiko ditugu etorkizunean. Pello Salaburu

    Transgenikoen inguruan dagoen eztabaida. Berria – Gaiak

    Kontuan hartu behar da XX mendearen lehen laurdenean hotsaren inguruko azterketetan fonetika besterik ez zela ezagutzen eta onartzen. Lourdes Oñederra

    Kristautasunaren inguruko gaiez hark egindako gogoeta pertsonala sakona, zabala eta filosofia-kutsu handikoa izan zen. Askoren artean

    Pitagorasen inguruko kontuak ziren denak. Jon Muñoz
    ———————————————-
    Garbi dago erabiltzen dela (gehiegi, beharbada, Fernandok dioen moduan) eta, nire ustez, garbi dago hiztegietan jaso beharreko adiera dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude