Fernando Rey Escalera
Aspaldi honetan zer pentsatua eman didan kontu bat aipatu nahi dut gure blog honetan: “-ren inguruan” barra-barra aditzen eta irakurtzen dugu azken urteotan orain arte horretarako erabiltzen ziren beste egitura batzuen kaltetan:
“Klima aldaketaren inguruan hitz egin genuen” “Klima aldaketaz hitz egin genuen” “Klima aldaketaren gainean hitz egin genuen” “Klima aldaketari buruz hitz egin genuen” |
Duda piztu zait “-ren inguruan” egokia ote den horretarako, kalko okerra edo egokia den, eta zenbateraino dagoen errotua. Begi-bistakoa iruditzen zait, nolanahi ere, fenomenoak gure arteko joera batzuk salatzen dituela. Noizean behin moda batzuk pizten dira euskararen erabileran –hizkuntza guztietan, segur aski–, eta, batzuetan, zaila izaten da erabakitzea hizkuntzaren bilakaera naturala den edo, besterik gabe, gure egoera diglosikoaren adierazgarria, zergatik jartzen diren modan egitura batzuk eta zergatik baztertzen diren orain arte oso erabiliak ziren beste batzuk, zer hartzen den egokitzat edo dotoretzat… Adibide asko eman genitzake zenbait moda nola zabaltzen ari diren ikusteko, baina nik, orain, bi aipatuko ditut: “balioan jarri” eta “-tze aldera”. Bi horietako lehenbizikoari buruz Irantzu Epeldek 2012an idatzi zuen horri buruz gure blogean, eta Berrian berriki eman du horri buruzko gomendio bat. Bigarrenez, beharbada, noizbait idatziko dut blog honetan berean.
Baina natorren harira:“Hablar de…, hablar sobre…, hablar acerca de…” esateko (barkatu, baina ez dakit frantsesez), hiztegietan begiratuz gero, hiru dira baliabide nagusiak: a) -i buruz; b) -z; c) -ren gainean.
Elhuyar: [acerca de] -z, -i buruz, -en gainean. ¿qué piensas tú sobre ese asunto?: zer diozu zuk gai horri buruz? no quiero discutir más sobre eso: ez dut horretaz gehiago eztabaidatu nahi. Labayru: -(r)en ga(i)nean, -(e)z, -(r)i buruz. No quiero oír hablar más sobre política; Politikearen ganean ez dot berba erdirik bere entzun gura. Están hablando sobre mí; Nitaz ari dira zerbait esaten. Adorez: -z, -i buruz, -en gainean. sobre eso ya hablaremos; hitz egingo dugu horretaz. ¿qué dices sobre la economía?; zer diok ekonomiaz? no sé nada sobre tu quehacer; zure egitekoaren gainean ez dakit ezer. Zehazki: -i buruz, -z, -en gainean. el primer capítulo trata sobre los derechos humanos, lehenengo kapitulua giza eskubideei buruz ari da; dos palabras sobre el jabalí, bi hitz basurdearen gainean. |
Harrigarria da “-ren gainean” egitura nola ari den desagertzen euskararen erabilera jasoan, nahiz eta toki askotan zabalduena eta naturalena izan. Galdeka ibili naiz nire inguruko euskaldun batzuei, eta hori dute erabiliena. Dena dela, nekez irakurriko dugu inon eta gutxitan entzunen dugu telebistan. Arrazoia agerikoa da: jende askori kalko desegokia iruditzen zaio, erdarakada. Jatorria edozein dela ere –batek daki noiz pasatzen den hitz edo esamolde bat kalko izatetik hizkuntzaren parte onartua izatera–, oso errotua dago eta egon da gure hizkuntzan. Dena dela, badirudi gero eta zokoratuago dagoela, batez ere euskara jasoan, euskara ona izanagatik eta Euskaltzaindiak onartua egonagatik.
“-i buruz” egiturak, berriz, sekulako arrakasta izan du, gaur egun euskaldun askoren ahoan modu bakarra izateraino. Egitura horren adiera nagusia beste bat izanik ere –Orotariko Euskal Hiztegian esaten digunez, “Hacia, en dirección a; mirando a, frente a, contra…”–, gutxitan erabiltzen da gaur egun horretarako.“Acerca de…, sobre…, de…” adiera du orain erabilera zabalduena. Eta arrakasta izan badu, ederki, baliatu gaitezen horretaz, baina, ahal dela, Iparraldeko euskaretan erabilera nagusia zein izan den ahaztu gabe.
Kasu instrumentala ere hortxe dugu, eta, nire irudiko, oso bizirik dago, aski osasun onean.
Eta “-ren inguruan”? Ba al dugu horren lekukotasunik? Esan dudan bezala, hiztegietan ez da aipatu ere egiten. Berdin da “sobre”, “acerca” bilatu edo beste modu batez bilatu. Aipatu ere ez. Horregatik, harriturik, Orotariko Euskal Hiztegian begiratu nuen, eta hor ere, aipatu ere ez.
Euskara Batuaren Eskuliburuan ere begiratu dut, gure oraingo biblia txikiak zerbait esanen duelakoan, baina ez du auzia aipatzen. Dena dela, gaiari heltzen ez badio ere, beste gai batzuez ari dela, adibideetan, egitura horretaz baliatu da. Nik lau adibide aurkitu ditut:
“Euskaltzaindiak ez du araurik eman hitzarmen edo konbentzio honen inguruan”. “Egoki eta premiazko deritzogu, ordea, obra honetan auzi horren inguruan zerbait esateari”. “Horien inguruan Euskaltzaindiak ez du araurik eman euskara estandarrerako”. “Gai honen inguruan, oinarrizkoa da 38. araua ere”. |
Egungo Euskararen Hiztegian eta Gaur Egungo Prosan ere egin dut bilaketa, eta ia-ia ez dago horren aipamenik.
Santiago Iruretagoienaren adibide pare bat ikusi dut, Oskar Aranaren esaldi bat edo Pello Zabalaren Euskal baserriaren inguruan liburuaren izenburua. Luis Elberdinen esaldi bat ere bada eta Berria egunkariaren esaldi bat edo beste. Eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren esaldi hau ere bai: “Hari luze horren matazak korapilatu egiten dira, behin eta berriro, XIX. eta XX. mendeetan, lekukotza nabarmenak baititugu aurretiaz esandako horien inguruan”.
EIMAren Kalko okerrak izeneko lanean ere begiratu dut. Ez da aipamenik egiten, baina, harrigarriro, azalpenak ematerakoan egitura horretaz baliatzen da liburua:
“Interferentzien eta kalkoen inguruko sarrera teoriko labur baten ondoren,… / Azken ohartxo pare bat egin beharra dago baldintzazko adizkien inguruan / Hona hemen, hala ere, oinarri eta jarraibide batzuk kalko-arrisku zabal horren inguruan / Ez genuke hainbestetan kezkatu behar halako aditzen inguruko zalantzez”. |
Laburbilduz: beste modu bat zabaldu da azken hamarkada hauetan. Kalkoa ematen du (“hablar en torno a”), baina kalko egokitzat hartu behar dugu? Hasi beharko genuke sartzen hiztegietan-eta? Eskertuko nuke zuen iritzia.