Nominalizazioaren ekologia

Igone Zabala Unzalu

Hasiera-hasieratik aitortuko dut izenburua Rochelle Lieber morfologo ospetsuari kopiatu diodala. Izan ere, oso erakargarria egin zitzaidan 2016an argitaratu zuen liburuaren izenburua (English Nouns. The Ecology of Nominalization[1]), eta are erakargarriago liburuaren aurkezpena:

«Using extensive data from the Corpus of Contemporary American English, this groundbreaking book shows that the syntactic patterns in which English nominalizations can be found and the range of possible readings they can express are very different from what has been claimed in past theoretical treatment and, therefore, that previous treatments cannot be correct. Lieber argues that the relationship between form and meaning in the nominalization processes of English is virtually never one-to-one, but rather forms a complex web that can be likened to a derivational ecosystem. Using the Lexical Semantic Framework (LSF), she develops an analysis that captures the interrelatedness and context dependence of nominal readings and suggests that the key to the behavior of nominalizations is that their underlying semantic representations are underspecified in specific ways and that their ultimate interpretation must be fixed in context using processes available within LSF.»

Lieber-ek zalantzan jartzen ditu morfologia lexikoan tradizionalki erabilitako eratorpen-paradigmak, forma morfologikoak eta eratorrien esanahiak lotzen dituztenak. Morfologia lexikoaren oinarria den eratorpen-paradigmaren arabera, ohikoena dateke formen eta esanahien arteko harremana biunibokoa izatea, eta oso ezohikoa dateke hainbat forma egotea esanahi bakarrerako edota hainbat esanahi egotea forma bakarrerako. CCAE corpusean oinarritutako ikerketetatik abiatuta, ondorioztatzen du horren urrun dagoela formaren eta interpretazioaren arteko harremana aurreikusi bezalakoa izatetik, ezen eratorpen-paradigmaren kontzeptua bera zalantzan jarri behar baita. Hartara, formaren eta esanahiaren arteko harremana konplexua denez, nominalizazioa eratorpen-ekosistema modura irudikatzea proposatzen du.

Ekosistemaren metaforan, tipo morfologikoak (askotariko atzizkiak, Ø atzizkia edo bihurketa) bizidunen antzekoak lirateke eta, esanahiak (egilea, kokapena), aldiz, habitat edo txoko ekologikoen antzekoak. Ildo horretatik, atzizki bakoitzak txoko semantiko bat edo gehiago bete lezake, eta zenbait tipo morfologiko bizi litezke batera zenbait txoko semantikotan. Zenbait txoko semantikok oso populazio murritza izango lukete, eta atzizki bakarrak edo tipo morfologiko batek ere ez luke emango txoko horren esanahia. Edozein kasutan ere, ekosistemak betetzen dituzten bizidunak bezala, tipo morfologikoak ere elkarrekiko menpekotasuna duten sistema konplexutzat hartu beharko lirateke.

Eratorpen-ekosistema hori irudikatzeko, CCAV corpusetik ateratako adibideak erabiltzen ditu, eta atzizkiz atzizki doa erakusten askotariko esanahiak ematen dituztela, alegia, aurreikusitakoak baino askoz ere “txoko ekologiko” gehiago betetzen dituztela. Adibide bat ekarriko dut hona, kontzeptua ulergarriago egiteko:

AffixReadingWordExample in context
ationeventinvasionWashington Monthy 2004: The administration’s invasion of Iraq seems to have given bin Laden a historic gift.
resultassassinationPBS_NewsHour 2009: Syrian agents are suspected in the assassination.
agentadministrationAssociated Press 2012: The administration denied speculation that the sessions were moved for security reasons.
instrumentdecorationCountry Living 2007: Rather than being painted by hand, the decoration was likely a decal outlined with hand coloring.
inanimate patientacquisitionInc. 1996: So Smith is shopping for an acquisition.
locationexhibitionMagazine Antiques 2000: This too is now in the Victoria and Albert Museum, which also owns a tazza by Deck entitled La Bella Marguerite bought at the exhibition.
pathcontinuationAdolescence 2005: Figure 2 shows the results for the female adolescents, and again we use the frequency of delinquency in late adolescence to study the continuation of the different trajectories.

Atzizki bakoitzak sortutako eratorriek izan ditzaketen interpretazioak ez ezik, alegia, biztanle batek bete ditzakeen txoko semantikoak ez ezik, txoko bakoitzak izan ditzakeen biztanleak biltzen ditu, mapa moduko batean. Liever-ek inhabitant erabiltzen du atzizkien metafora modura, eta habitat eta semantic niche metaforak erabiltzen ditu esanahi edo interpretazioei erreferentzia egiteko. Adibide gutxi batzuk baino ez ditugu ekarriko hona, erakusteko txoko semantiko batzuk oso populatuta daudela eta beste batzuek oso biztanle gutxi dituztela. Bestalde, aukeratutako adibideetan ikus daitekeen bezala, txoko semantiko batzuek berariazko biztanleak badituzte ere, beste txoko semantiko batzuk berariazkoak ez diren denetariko biztanleek betetzen dituzte. Beltzez nabarmenduta ageri dira esanahi jakin baterako berariazkotzat har daitezkeen atzizkiak.

Haren analisiaren bidez, agerian uzten du azterketa teorikoek aurreikusitako eratorpenaren paradigmek benetako erabileraren zati bat deskribatzen dutela, baina tipo morfologiko guztien mugak gainditzen dituztela corpusetatik erauzitako adibideek. Zenbait tipo morfologikok lehen mailako irakurketa batzuk partekatzen dituzte, eta elkarrengandik bereizten dira beste batzuetan. Adibidez, agente/esperimentatzaile izen-sortzaileak diren zenbait atzizkik tresna-izenen sortzaileak ere badira, baina -ist atzizkiak ez du inoiz ematen tresna-izenik. Izen abstraktuen sortzaileak diren atzizki gehienek talde-izenak sortzeko bigarren erabilera ere badute, baina –ness atzizkiak ez du inoiz ematen horrelako irakurketarik. Atzizki ugarik sor ditzakete paziente bizigabeen izenak baita kokapen-izenak ere, baina atzizki baterako ere ez da berariazko funtzioa halako izenak sortzea. ‘Sinesmen-sistema’ adierazteko erabiltzen den atzizki bakarra –ism da, baina atzizki hori polisemikoa da  eta beste esanahi batzuk dituzten eratorriak ere sortu ditu: ‘jokaera’ (absenteeism), ‘hizkera-moduak’ (colloquialism) edo ‘gaixotasun mota’ (alcoholism). Liever-ek ateratzen duen ondorioa da forma morfologikoen eta esanahien arteko askotariko harremanak gertatzea dela norma eta ez salbuespena.

Oso azterketa sakona da, eta gogoeta pausatua eskatzen du horren ertz guztiak ondo ulertzera heltzeko. Nolanahi ere, uste dut kontuan hartzeko ondorio batzuk atera daitezkeela lehen hurbilketa batean. 

Hasteko, euskararen garapen lexiko-diskurtsiboaren jomuga hobeto irudikatzen laguntzen digu azterketa honek. Izan ere, ondo garatutako hizkuntzetan eratorpenaren emaitza ez bada forma bat = esanahi bat modukoa, eratorpen-paradigmek aurreikusten zuten bezala, euskararen garapenaren jomuga ere ez da izango halako paradigma bat, baizik eta web konplexu bat, Liever-ek eratorpen-ekosistema modura irudikatzen duena. Hortaz, euskararen garapen lexiko-diskurtsiborako oztopo izan liteke hitz eratorri batzuk okertzat hartzea euskararen eratorpen-paradigma teorikoaren aurreikuspenekin ondo egokitzen ez direlako. Ondo aztertu beharko lirateke betetzen dituzten txoko semantikoak eta azpian dauden motibazioak, sortutako eratorriak itsu-itsuan baztertu gabe.

Bestalde, tipo morfologikoak txoko semantikoen biztanletzat hartu beharrean, agian espezietzat hartu beharko lirateke, eta sortzen duten izen bakoitza biztanletzat. Izan ere, espezie bateko elementu batzuek betetzen dute txoko semantiko jakin bat, eta ez espezieko elementu guztiek. Gainera, txoko semantiko jakin batean espezie autoktonoen eta kanpotik etorritako espezieen arteko bizikidetza gertatzen da, eta espezie desberdinen arteko harremanak ere hartu behar dira kontuan, ekosistemaren funtzionamendua bere osotasunean deskribatuko badugu[2]. Izan ere, mailegatutako hitz eratorriekin batera jatorrizko hizkuntzaren sistema polisemikoaren konplexutasuna ere ekartzen dugu euskarara: absentismo, kolokialismo, alkoholismo… Gainera, gerta daiteke mailegu horietako batek txoko semantiko baten beharra asetzea, eta hori dela eta euskararen hitz-eraketarako sistema ez aktibatzea, adibidez, alkoholismo maileguak betetzen duen txokorako ez sortzea #alkoholzaletasun edo #alkohol-menpekotasun. Baina beste kasu batzuetan, gerta daiteke mailegua ez ezik, euskal hitz eratorria ere sortzea txoko semantiko berean erabiltzeko, edo hurbileko beste txoko semantiko batzuetarako: ebaluazio / ebaluaketa; konposizio / osaera. Gai konplexua da mailegutzaren eta hitz-eraketaren arteko harremanarena, baina kontuan hartu beharrekoa. Hortaz, saiatuko gara beste artikuluren batean garatzen.

Hizkuntza eranskarien ezaugarritzat hartu ohi da flexio-atzizkien eta esanahien arteko harremana estuagoa izatea hizkuntza flexiboetan baino: por preposizioa vs -k, -tik, -gatik, -gandik. Zenbait atzizki eratorle ere, estuki lotuta daude esanahi jakin batekin, adibidez, –keria atzizkiak beti ematen ditu kualitate gaitzetsiak adierazten dituzten izenak (alferkeria, erokeria, zerrikeria, indarkeria…) baina, beste atzizki batzuk, aldiz, askoz ere txoko semantiko gehiagotan hedatuta daude, esate baterako, –goa atzizkia: artzaingoa ‘ofizioa’, ikuslegoa ‘kolektiboa’, adiskidegoa ‘kualitatea’, zabalgoa ‘neurria’, edangoa ‘lekua’[3]. Areago, atzizki batzuek kategoria desberdinetako oinarriei lotzen zaizkie, eta askotariko txoko ekologikoak betetzen dituzte. Adibidez, –era atzizkia adjektiboei lotzen zaienean, dimentsioa adierazten duten izen abstraktuak sortzen ditu: luzera, zabalera, sakonera… Aditzei lotzen zaienean, aldiz, (-era /-kera), ‘gertaera’ (etorrera, igoera, joera…) edo ‘modua’ (orrazkera, idazkera, jarrera…) esanahi paradigmatikoak betetzen ditu. Hala ere, zenbait eratorrik txoko semantiko ugaritan barneratzen dira: sarrera eta irteera ‘lekua’, (kontzerturako) sarrera ‘objektua’, (artikuluaren) sarrera ‘objektuaren atala’, (hiztegiko) sarrera ‘objektuaren atala’.

Txoko semantiko beraren barruan ere denominazio-behar xeheagoak daudenean, oinarri bera erabili eta atzizki desberdinekin konbina daiteke, eratorpen-paradigma teorikoetatik urrunduta ere. Adibide ezagunak dira idatzi aditzetik eratorritako idazle eta idazkari egile-izenak, behar semantikoek bultzatuta sortu direnak nahiz eta –(k)ari atzizkiaren ohiko jokaera den izen kategoriako oinarriekin konbinatzea. Areago, -le/-tzaile askotan atzizki beraren halomorfotzat hartzen badira ere, esanahi desberdineko izenak ematen dituzte eskat oinarritik abiatta: eskale eta eskatzaile. Garbi dago horiek guztiek ez dutela esanahi konposizionalik, eta horien esanahia esperientzia linguistikoaren bitartez ikasten dugula. Ñabardura horiek harmonizatzen joatea izan beharko litzateke hiztegien eginkizuna, eta ez eratorri batzuei ezikusia egitea, edota gaitzestea. Adibide bat emateagatik, nire intuizioaren arabera erabilera eta erabilpen ñabardura semantikoren bat duten izen eratorriak dira, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak (EH) erabilpen sarreratik zuzenean bideratzen gaitu erabilera sarrera polisemikora: «erabilera iz. Erabiltzea; erabiltzeko modua». Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarritutako Egungo Euskararen Hiztegiak (EEH), aldiz, bi sarrera bereizten ditu:

erabilera ( ) 1 iz erabiltzea, eskuarki erabiltzeko modua. ik erabilketa; erabilbide.
erabilpen ( ) 1 iz erabiltzea. ik erabilketa; erabilera.

Hortaz, EEHren arabera, erabilpen erabil liteke ‘gertaera’ adierazteko eta, erabilera, aldiz, polisemikoa da, eta EHk jasotzen dituen bi adierak ditu. EEHren informazio hori EHkoa baino hobeto uztartzen da Garaterm corpus akademikotik atera ditzakegun datuekin: erabilera 7.133 agerraldi (% 79,48); erabilpen 1.842 agerraldi (% 20,52). EEHk jasotzen duen erabilketa sarrerak, aldiz, 7 agerraldi baino ez ditu Garaterm corpus osoan, eta erabilpen lemarekin alderatuta, % 0,38 baino ez dira agerraldi horiek. EPG corpusean ere erabilpen lemak 360 agerraldi ditu (% 98,4) eta erabilketa lemak, aldiz, 6 agerraldi (% 1,6). Bazterrekotzat har liteke, beraz, erabilketa eratorria, eta motibazio semantiko edo pragmatiko berezirik aurkitu ezean, alde batera utz liteke hiztegiak osatzeko orduan.

Luzeegi geratzen ari den artikulu hau ezin dut bukatutzat eman, ordea, erregistroen ikuspuntua gaineratu gabe. Lieber-ek ematen dituen adibide gehienak komunikabideetako testuetatik aterata daude eta, nire iritziz, eratorpen-ekosistemaz hitz egin beharrean, eratorpen-ekosistemez hitz egin beharko litzateke, pluralean, erabilera-eremuak eta erregistroak kontuan hartuz gero. Izan ere, hizkuntzaren erabilera orokorrak ez ezik erabilera espezializatuak kontuan hartuz gero, maila batean edo bestean definitutako espezialitate-alorrek eratorpen-ekosistema bereiziak osatzen dituztela  pentsatu behar dugu. Espezialitate-alor bakoitza ekosistema bat litzateke, eta barruan txoko semantiko batzuk lituzke espezie morfologiko desberdinek beteko lituzketenak. Espezie desberdinetako bizidunak (eratorri autoktonoak, maileguak) ez dira elkarrekiko independente, eta espezialitate-alorreko ekosistemaren barruan antolatzen dira. Hartara, elementu batzuk beste ekosistema batzuetan bezalakoak izango dira, baina beste batzuk bereizi egingo dira beste ekosistemetatik. Atzizkiei begiratuz gero, hainbat hizkuntzalarik[4][5][6] aldarrikatu duten atzizkien banaketa morfopragmatikora eramaten gaitu gogoeta-ildo honek. Gaia aspaldian tratatu nuen blog honetan Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika artikuluan.

Izen eratorri jakin batzuen erabileraren azterketa baliatuz saiatuko naiz erakusten semantikak ez ezik pragmatikak ere parte hartzen duela nominalizazioaren ekologian. Demagun erauzi aditzetik eratorritako erauzketa gertaera-izena. Hainbat espezialitate-alorretan erabiltzen dela ikus dezakegu Garaterm corpusean. Hona hemen banaketa, oso erabilera murritza duten alorrak baztertuta:

EremuaAgerraldi kopurua
Kimika674
Zientzia Teknologikoak222
Biziaren Zientziak119
Fisika61
Osasun Zientziak49
Matematika21
Hizkuntzaren Zientziak15

Alor batzuetan, ‘erauzten denak’ ez du lotura zuzenik erauzi aditzarekin, adibidez, hizkuntzalaritzan termino-hautagaiak edota bestelako hizkuntza-elementuak erauzten dira, baina beste alor batzuetan ‘erauzten den hori’ adierazteko, erauzkin edo erauzi erabiltzen da, alegia, emaitza-izen konkretuak sortzen espezializatuta dagoen –kin atzizkiaren bidezko eratorria, edo Ø atzizkiaren bidezko bihurketa. Hiztegi gehienetan dago jasota erauzi aditza, baina ez erauzi izena ez eta erauzkin izena ere. Salbuespena dira Elhuyar Hiztegiak eta Elhuyarren ZT Hiztegia. Hiztegi horietan erauzkin baino ez dago jasota, eta Kim. eremu-marka darama. Hain zuzen ere, kontsulta bat egin zidaten duela gutxi fakultateko kide batzuek kimika alorrean idazten ari ziren doktoretza-tesi baten harira: itzultzaile neuronalek eta hiztegiek erauzkin proposatzen bazieten ere, beren intuizioaren arabera, erauzi izena zen nagusiki erabiltzen zena kimikaren alorrean. Garaterm corpusera jotzen badugu, berehala ikusiko dugu  erauzkin izena baino ez dela ageri Biziaren Zientzietan eta Osasun Zientzietan. Kimikan eta Zientzia Teknologikoen barruan txertatu dagoen Ingeniaritza Kimikoan, aldiz, bi izenak ageri badira ere, erauzi izena nagusitzen da. Areago, erauzi izen modura ez ezik, fase izenaren modifikatzaile modura (fase erauzia) erabilita ere ageri da zenbait testuingurutan. Garbi dago erauzkin izena ezinezkoa dela beste izen baten modifikatzaile modura.

Hautatutako peptido proteotipiko guztiak erauzkin osoaren liseriketa-triptikoan monitorizatu ziren. (Biziaren Zientziak)

Epitelioen erauzkin gordinak aztertzen zirenean, hormonak parakrino eta entzimekin nahastuta agertzen ziren. (Osasun Zientziak)

Erauzketa etapan jaso genituen kannabinoideekin aberastutako oliba olioko erauzkinak MeOH-tan diluitu genituen 1:20 (mL) erlazioan.  (Kimika)

Behin xiringa prest zegoela, analitoak 25 mL DCM-tan eluitzen ziren eta lortutako erauzia Turbovap LV Evaporator-aren bidez lurruntzen zen guztiz, N2fluxu arin bat erabiliz. (Kimika)

Lurrundu ostean saiodiak berriro pisatu eta 4 mL tetrakloroetilenotan birdisolbatu ziren. Erauziak IR bidez analizatu ziren. (Kimika)

Ekipo baten bi faseak nahastu eta bereizi ondoren, fase findua hurrengo ekipora sartzen da elikadura gisa, eta fase erauzia kanporatu egiten da. (Ingeniaritza Kimikoa)

Atzizki ageriak dituzten aditzetiko izenak detektatzen errazagoak dira Ø atzizkiaren bidezko bihurketak baino, baina garrantzitsua da horiek ere deskribatzea garapen lexiko-diskurtsiboaren emaitza desiragarriak eta zaindu beharrekoak baitira. Hizkuntzalarion eta hiztegigileen eginkizuna da nominalizazioaren ekosistema konplexuen “bioaniztasuna” zaintzea eta sustatzea. Horretarako, irizpide semantiko eta pragmatikoak aintzat hartzen dituzten eta corpus esangarrietan oinarritzen diren deskripzio xeheak egin behar dira, eta hiztegien helburua izan behar da halako irizpideak erabiliz hurbileko aldakiak harmonizatzen joatea[7].


[1] Lieber, Rochelle (2016) English Nouns. The Ecology of Nominalization. Cambridge University Press.

[2] Hacken, Puis ten & Panocová, Renáta (arg.) (2020) The interaction of borrowing and word formation. Edinburgh University Press.

[3] Azkarate, Miren (1991) UPV/EHUko Irakaskuntza Proiektua. Argitaratu gabea.

[4] Gallegos, Alfonso (2003). Nominalización y registro técnico. Algunas relaciones entre morfopragmática, tradiciones discursivas y desarrollo de la lengua en español. Doktoretza-tesia, Albert-Ludwigs-Universität.

[5] Guz, Wojciech (2009): “English Affixal Nominalizations Across Language Registers”, Poznań Studies in Contemporary Linguistics 45(4), 461–485.

[6] San Martin, Itziar; Ezeiza, Joseba; Zabal, Igone a (2010): “Aditzetiko izenak erregistro bereizle gisa: corpus espezializatu baten azterketa morfopragmatikoa”, InXabier Alberdi & Pello Salaburu (arg.).  Ugarteburu Terminologia Jardunaldiak. Euskararen garapena esparru akademikoetan, Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua.

[7] Zabala, Igone (2021). “Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ekarpena lexiko espezializatuaren eta ez-espezializatuaren harmonizazioan”. In Andres Urrutia (arg.). Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. IKER 40, 285-299. Bilbo-Madrid-Frankfurt: Euskaltzaindia-Iberoamericana Vervuert.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude