Iñigo Satrustegi Andrés
Han nago ni, sofan botata, gauero moduan, edozein serie ikusten. Begiak zabalik mantentzeko apenas dut indarrik, baina, azkenerako Upright telesailaren bigarren denboraldia aukeratu dut gaurkoan. Filminen jarri dute. Eta spoiler gehiegirik egin gabe, lehenengo denboraldia luzaz hobea da. Baina behin ikusten hasita…
Filminek, bere on eta txarrekin, orain gutxi arte katalanez eta espainolez baino ez zituen azpidatziak. Beraz, aukera bakarra izan dut bigarren horiek hautatzea zerbait harrapatu nahi badut (gogoratu: sofan, gauez, erdi lo…).
Eta halako batean, ziup, esnatzeraino harritu nauen zerbait pasa da: bi pertsonaia nagusien elkarrizketak alarma guztiak piztu ditu. Tira, horrek eta ziztu bizian pasa den itzulpenak ere bai. “Ni izan ote naiz?”, pentsatu dut. Eta atzera egin dut agintearekin, rewind. Ez, ez nenbilen oker, itzulpenak bazuen bitxitik, eta ziur, buruhauste baten ondoriotik asko ere bai. Horrelaxe esan du aktoreetako batek Australiako ingelesean:
Yeah, you know, school is bullshit anyway, like “Mobydick is not just a whale”. No fucking dick. No just a dick either. |
Boom! Horratx hainbeste gustatzen zaizkigun hitz-jolas horietako bat. Melvillen eleberriak ez du, antza, protagonista sobera motibatzen. Are, eskola-porrota justifikatzeko ez ezik, sistema osoari rude-ki kritika egiteko ere baliatu du Meg-en roletik ari denak. Baina jolas horrek baino gehiago, harritu egin nauena, zera da, itzulpena/egokitzapena. Prest?
Sí. Pero igualmente, estudiar es una chorrada. Te sueltan “Lo del quijote no eran molinos”. No jodas. Ni tampoco una mancha. |
Klasiko kontua, beraz. Ez nuke sartu nahiko itzultzailearen jarduna epaitzera. Egokiagoa edo okerragoa, esango nuke lan zaila izan zuela, eta proposatutakoa ez dela inondik inora disparate bat. Kontrara, ariketa bat proposatzera natorkizue. Nondik joko zenukete zuek? Nola uztartu kulturkeria bat hizkera kaletarrarekin?
Hainbat bide irekitzea okurritzen zait niri:
- Jatorrizkoaren garaikide bat bilatzea: hots, XIX. mendera jo beharko genuke.
“Gernikako arbola ez da arbola bat bakarrik”. Ez putza. Ia arbolarik ere ez da.* Gaixo dagoen kontu horrengatik diot… Baina azaldu behar badut, grazia gutxi. |
- Euskal literatura klasiko eta kanonikoaren artean bilatu, jokatzeko adina ematen duena topatu arte:
“Kresala ez da soilik eleberri bat”. Ez putza. Ez da puzker bat ere.** Haizeen kontu horrekin hasita… Baina, hemen zalantza, zein literatur lanek izango luke Moby Dick eta On Kixoteren efektu bera? Etxepareren Linguae-k, Axularren Gero-k? Haur besoetakoa txertatzea politikoki ez litzateke zuzenegia, ezta? |
- Hoskidetasuna errespetatzea: literatur erreferentzia mantendu, eta errima soil bat egitea.
“Moby Dick ez da balea bat bakarrik”. Ez putza. Ez balea, ezta potrorik (ere).*** Kasu honetan, berriz, elementu falikoa galtzen da. |
- Hitz jokoa errespetatzea: Bai horixe, badakizue… zakilak, buztanak, faloak, pitilinak… erabilita eta bestelako genitalak, jakina. Kasu, aluak izan baitezake kutsu negatiboa.
“Makilakixki ez da soilik ipuin bat”. Ez putza. Makila bat bakarrik ere ez.**** Eta interpretazio librera utziko genuke hemen makilaren adiera. |
Tira. Unibertsitateko garaietako klaseak ekarri dizkit burura ariketak. Orduak eman genitzakeen gai bati bueltaka, eta erantzun bakar bat aurkitu beharrean, zalantzaz josirik itzultzen ginen etxera, edo, onenean, poteatzera.
Horixe, bada. Hortxe luzatzen dizuet proposamena. Zeintzuk dira gure Moby Dickak eta zakilak?