Ordena naturala

Esti Lizaso

Aiora Jakak idatzitako «”Garrantzi”-ren garrantziaz» artikuluaren ildotik, zer aurkituko dugun jakin arren, behin eta berriz azalpen eske hiztegira eramaten gaituzten hitzei helduko diet gaur. Bada, nire kasuan, “ordena” da horietako bat.

Iñigo Roquek itzulitako Gauzen ordena naturala eleberriaren izenburua oximoron bat iruditu izan zait beti. Izan ere, nire buruan, “ordena” ez da hitz batere naturala.

Gure inguruan –a itsatsia jateko dugun joeragatik izango da, akaso. Berandutxo ikasi genuen barra-barra esaten genituen egi, anai, atton ta gauz haiek denak –a bat behar zutela bukaeran. Eta jakin genuenean ere, txorakeri galanta iruditu zitzaigun, hitza hondatzea, arau logikoa haustea.

Gehiago edo gutxiago kostata, barneratu ditut gehientsuenak. Hala ere, zerbait “ordenan” jarri behar dudan bakoitzean, kalanbre bat sentitzen dut buruan, hainbesterainokoa, ezen, ez batean eta ez bitan, azkenean gauzak “hurrenkeran” uztera iritsi bainaiz. #Daitort

Hala ere, -a itsatsien komeriak arintzeko, eman ziguten zeri eutsi, –a hura noiz jarri asmatzeko trikimailu edo logika berri bat; erdaretara jotzea, alegia. Hitzak erdaraz –a bazeraman, euskaraz ere bai. Eta hala ibili izan naiz, tarteka, -a haren bila.

Latineko ordo, ordinis hitza omen dago jatorrian.

Ingelesez, order eman du.

Frantsesez eta katalanez, ordre.

Orain arte, a-ren arrastorik ez.

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan oraindik ez dago berariazko sarrerarik. “Ordu” sarreran egiten zaio aipamen ordo-ri, baina ez diote funts handirik ikusten proposamen hari:

Schuchardten ustez, lat. ordo, -inis ‘hurrenkera’ da hitzaren jatorri formala, baina lat. hora-ri hartu omen zion esanahia: “in zer ordu da? setzt ordu zwar dem Laut nach das lat. ordo fort, dem Sinne nach aber hora” (1922a: 69). Proposamen honek bi arazo nagusi ditu: esanahi aldaketarena, batetik, eta lat. ordo nominatiboa, ez akusatiboa, jatorri moduan proposatzea, bestetik. Horretaz gain, orde eta ordu batera aztertzen ditu Schuchardtek (1893b: 336), lehenak ordena espaziala eta bigarrenak ordena tenporala adierazten dutela esanez.

Egungo Euskararen Hiztegian “orden” jasota badator, baina gutxi erabiltzen dela dioen oharrarekin. Euskaltzaindiaren Hiztegian “ordena” aipatzen da bakar-bakarrik. Beraz, Orotariko Euskal Hiztegiak dioenarekin bizi behar; hau da, tradiziozko hitza delako eta literaturan (Bizkaian izan ezik) hala jasoa dagoelako erabili behar dugula “ordena” –a eta guzti. Oraingo honetan, tradizioa gailentzen zaio logikak sortu ohi dizkigun arauei. Tradizioa nondik datorren, bota hemen zuen hipotesiak, txukun-txukun, ordenean. Erantzunik bada, kontatuko dizuet hurrenean.

Erantzun bat “Ordena naturala” bidalketan

  1. Oso galdera interesgarria. Orotariko Euskal Hiztegian, “ordena” formarekin batera, “ordea” eta “ordia” ere aurkitzen ditugu. Frantsesaren hiztegi etimologikoan (FEW), aldiz, “ordene” aldaera aurkitzen dugu frantses zaharrean, eta “ordia” gaskoiera zaharrean. Beraz, badirudi euskarak galo-erromantzetik mailegatu zuela hitz hau Erdi Aroan.
    https://lecteur-few.atilf.fr/index.php/page/lire/e/183561

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude