Nil igitur mors est (II)

Xabier Olarra

Jon Miranderen Nil igitur mors est poemaren gaztelaniazko itzulpena hizpide hartuta, hasi nintzen artikuluxka hau idazten. Baina honen aurreko artikuluaren dokumentazio lanean ari nintzela, erabat desbideratu nintzen, eta Lukrezioren jatorrizkoaren gaztelaniazko itzulpenetara lerratu nintzen (nire desbiderapen eta digresiorako joera ez oso ohikoak eramanda), eta bereziki Marchena Abatearenari eskaini nion komentario bat edo beste. Beraz, ziaboga eginda, banator hasierako puntura.

Gaurko ibilbidea, beraz, poesiaren itzulpenari buruzko oinarrizko betebehar batzuk aipatuz hasiko da, eta irakurleari utziko diot Miranderen poema horren gaztelaniazko itzulpenari buruz –Felipe Juaristirena da itzulpena– bere ondorioak atera ditzan.

Hasteko, egin diezaiodan leku pixka bat Adimen Artifizialari (hola, letra larri eta guzti), naturala flakotzen edo urritzen ari zaidan/gun garaian.

Honako galdera hau egin diot ChatGPTri, besteok ere “alferraren txokoa” erabiltzen noizbait hasi beharko dugula pentsatuta:

¿Qué me dices, amigo, sobre la traducción de la poesía?

 Txat bat denez, adiskide-jarreran mintzatu natzaio makinari. Eman dit bere erantzuna. Eta segidan honako mezu hau bidali diot:

La traducción de la poesía.

Baina Adimen Artifizialak ez du erantzun bera ematen bietan, agian lehenbizikoan “adiskide” deitu diodalako. Edo agian robotari norbaitek “makinalege” pixka bat erakutsi diolako. Izan ere, orain dela egun batzuk eman zidan erantzuna ere ez zen berdina izan. Baina bai oso antzekoa, ez dakit makinak pixkanaka ikasi duen erantzun zehatzagoak edo sendoagoak ematen, ala berdintsu jarraitzen duen. Hura oso didaktikoa izan zen, eta sarrera orokor baten ondoren lau baldintza edo betebehar aipatzen zituen poesia itzultzeko:

“Poesia itzultzea lan konplexua da, hizkuntza batetik bestera hitz eta egitura gramatikalen transposizioa egiteaz gain, jatorrizkoaren berariazko ñabardura eta konnotazio poetikoak atzeman eta transmititzea ere eskatzen duena.

1.- Esanahia ulertzea
2.- Erritmoari eta metrikari eustea
3.- Kultura-baliokidetasunak bilatzea
4.- Poesia-hizkuntza erabiltzea”.

Eta hau zioen, hurrena:

“Laburbilduz, poesiaren itzulpena prozesu delikatua da, eta jatorrizko poesia idatzi zen hizkuntza, kultura eta testuinguru historikoa sakon ulertzea eskatzen du. Jarraibide orokor horiei jarraituz, jatorrizko poemaren esentzia eta edertasuna atzemango dituen itzulpen eraginkorra lor daiteke[1]”.

Azpimarra nirea da, eta salbuespenak salbuespen, esan nezake funtsean ados naizela. Noski, abiapuntutzat hartzen badugu “poesia, hain zuzen ere, itzulpenean galtzen dena” dela, jai dugu. Oso definizio “poetikoa”, baina ez oso praktikoa. Betidanik itzuli da poesia, baina, geroxeago ikusiko dugunez, ez dago modu bakarra poesia itzultzeko.

Ondoriorik garrantzitsuena da itzulpenak “hizkuntza poetikoa” behar duela: hizkuntza artistiko eta sormenezkoa.

Hona zer dioen honi guztiari buruz Fernando García de la Bandak “Traducción de poesía y traducción poética” artikuluan[2]:

Esan genezake itzulpen poetikoa dela poesia-itzulpen mota bat, xede hizkuntzaren sisteman nolabaiteko autonomiaz integratzeko modukoa izan nahi lukeena, eta, horrenbestez, sistema horren konbentzio formalekiko egokia dena erritmoari, neurriari eta, behar izanez gero, errimari dagozkion kontuetan, eta aldi berean ahalegintzen dena jatorrizko hizkuntzan sorkari poetiko gisa duen mailaren parekoa lortzen bai lexikoaren sotiltasunaren arloan bai adierazkortasunaren egokitasunean, hurbiltasunean, sormenean, iradokizun-ahalmenean, indarrean etab.

Itzulpen poetikoa, beraz, poesiaren itzulpen mota ugarietako moduetako bat  baizik ez da, baina ez bakarra (cfr. Holmes 1970) ez eta, purismoak alde batera utzita, poesia-itzultzaile guztiek eta testu poetiko guztietan erdietsi nahi beharko luketen ideal bat: gauza jakina da autore batzuk, autore batzuen poema batzuk eta poesiaren egitura batzuk –errima eta neurria, adibidez— gogorragoak direla itzulpen poetikorako, eta zilegi dela itzultzaileak arazo horiei neurria hartu ondoren itzulpen ez-poetiko bat egitea erabakitzea, dela literala, prosazkoa, etab. (azpimarrak nireak dira).

Txatetik etorri zaigun erantzunean ikasi dugu poesia itzultzea “lan konplexua” dela, eta “prozesu delikatua”. Eta ikusi ditugu zein baldintza jartzen dituen prozesu delikatu hori ondo burutzeko: testua ulertzea, erritmoari eta metrikari eustea, kultur baliokidetasunak bilatzea eta poesia-hizkuntza erabiltzea. Bistan da AAk lan konplexua deitzen duen horren helburua “itzulpen poetikoa” lortzea dela. Eta hala ere, esango nuke baldintza funtsezko bat falta dela, begi-bistakoa bada ere gogoraraztea komeni dena: jatorrizko hizkuntzan poema batek dioena (adierazten duena, iradokitzen duena, gogora ekartzen duena, konnotatzen duena) xede-hizkuntzan ematea.

Orain ikus dezagun nola betetzen diren baldintza horiek Nil igitur mors est poemaren itzulpenean:

1.- Testua ulertzea. Berez nahiko kriptikoa den arren, Mirandek berak eman zuen poema ulertzeko “giltza”[3]. Itzultzaileak funtsean ulertu duela esan daiteke, nahiz eta baden irristadaren bat, aski nabarmena.

2.- Erritmoari eta metrikari eustea. Kontu honetan, bistan da itzultzaileak paso egin duela. Jatorrizkoan 5+4 silabako lerroak dira. Ez dago errimarik, baina hiru lehen ahapaldiek –tan hotsaz bukatzen dira. Eta Mirandek bere “giltzan” dio poema –la bukaera aho-zabalaz errematatu nahi izan duela poema. Horren trazarik ez dugu itzulpenean. Hori, Mirandek erritmoari ematen zion garrantzia kontuan izanda, aski larria iruditzen zait, besterik gabe paso egiteko. Alde batera utziko ditut jatorrizkoan ageri diren aliterazio nabarmenak, zeinen arrastorik itzulpenean aurkitzen ez den oso erraza.

3.- Kultur baliokidetasunak bilatzea. Kultur eremu orokor berdintsuan sortutako poesia denez, ez dut uste zailtasunik handienak hortik datozenik.

4.- Hizkuntza poetikoa erabiltzea. Bai, dudarik gabe Juaristiren itzulpenak betetzen du baldintza hori. Lortutako testua sar liteke gaztelaniaren hizkuntza poetikoaren sisteman.

5.- Baina itzulpenak ematen al du jatorrizkoak adierazten duena? Esango nuke gaztelaniazkoa askoz hizkera hanpatuagoa, hanpurutsuagoa eta “edertuagoa” dela, jatorrizkoa “bere horretan” itzuliz gero soilegi, trauskilegi edo sinpleegi iritzita edo.

Nik esango nuke itzultzaile-poetak bere sistema poetikoaren arabera berregin duela testua bere baitan, eta horren itzulpena eman duela. Eta hemen utziko dut kontua, azterketa sakonagoetan sartu gabe. Irakurleak bi testuak erantsita dituenez[4], erabaki beza nire inpresioa den ala berari ere hala iruditzen zaion.


[1] Orain artekoa ChatGPTk ingelesez edo gaztelaniaz eman didanaz elikatu dut elia, Elhuyarren itzulpen automatikoko tresna alegia, eta ohartu naiz makinek ederki ulertzen dutela elkar. Ukitu bat baizik ez diot egin behar izan eliak emandako itzulpenari. Hor goian dagoena eliaren itzulpena da, ez nirea.

[2] “Traducción de poesía y traducción poética”, Fernando García de la Banda, Universidad Complutense de Madrid.

https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=5308826: 2023/05/09

[3] Ene jainko-eidol zaharra, Lur!, Jon Mirande, Donostia, Elkar, 141.-144. or.

[4] Ilhun-argiak – Claroscuros. Jon Mirande, EHU, 2008. 68.-71. or.