Maitane Uriarte Atxikallende
Interpretazio-zerbitzua garestiegia dela esan izan digute askotan eta gure aurrekontua ikusitakoan eskuak burura eraman omen ditu batek baino gehiagok. Bada, Netflixek interpretazio-lanari eta oro har gure akrobaziei buruzko dokumental bat atera bitartean, pedagogia-lana egitea eta yoga eskoletara joatea tokatuko zaigu, pazientzia ez galtzeko.
Oro har, egia da interpretazio-lana ondo ordainduta dagoela. Ondo ordainduta baino, behar bezala ordainduta dagoela esango nuke nik, enkargu bakoitza prestatzen igarotzen dugun denbora kontuan hartuta. Sorpresa! Enkarguak aldez aurretik prestatzen ditugu, bai, askok besterik gabe jatorrizko hitzaldia entzun bezain pronto magia egiteko gai garela uste duten arren. Nik ez diet pertsona horiei ilusioa kendu nahi, niri ere asko gustatuko litzaidakeelako David Copperfield izatea, baina zoritxarrez honek ere trukoa dauka: interpretazio-lan bakoitzaren aurretik, orduak eta orduak (egunak, baita) pasatzen ditugu ikasten. Pena da, baina ez gara gai guztietan adituak, eta, hitzaldiak ondo jarraitu ahal izateko, aldez aurreko prestaketa-lan handia egitea da bide bakarra.
Ez dizuet gezurrik esango: jada urte batzuk daramatzat interprete-lanetan, eta, gai askotan adituak ez bagara ere, gure jakin-minari esker eta enkargu bakoitzerako egin behar izandako prestaketa-lan horri esker, ia-ia entziklopedia ibiltariak bihurtu garela esango nuke. Tira, ez gara Wikipedia, kuadrillako lagunek hala uste badute ere, baina egia da interpretazio-lanari esker gairik imajinaezinenen inguruko gauzak ere dakizkigula. Adibidez, ba al zenekiten Amerikako Estatu Batuetako sezesio-gerran, tropak kuartelera bajarik gabe itzultzen zirenean, arbel handi batean “ 0 killed” idazten zutela (zero hildako) eta hortik datorrela gaur egun dena ondo dagoela esateko erabiltzen dugun “OK” esaera?
Aldez aurreko prestaketa-lanaz ari garen honetan, guztiz logikoa dirudien baina oraindik bezero batzuei asko kostatzen zaien zerbait aipatu beharra dut: enkargu bat aldez aurretik prestatu ahal izateko, enkargu horren inguruko informazioa eman behar zaigu lehenbizi. Hizlari batzuei ahaztu egiten zaie, beste batzuei azken orduko adrenalina gustatzen zaie eta bi minutu lehenago pasatzen digute, beste batzuk ezer pasatzeko beldur dira konfidentzialtasuna dela-eta (guk beti diogu jasotako informazio guztiaren konfidentzialtasuna bermatzen dugula eta diskrezioz dihardugula)… Beraz, esan bezala, Sherlock Holmes-en pare ibiltzea tokatzen zaigu sarritan, dokumentazio faltaren aurrean guk geuk ikertu behar izaten baitugu, gure kabuz.
Prestaketa-lanaren ostean, lan egin behar dugun tokiraino joatea tokatzen da. Askotan Willy Fog-ek baino kilometro gehiago egiten ditugu eta baliteke kanpoan lo egin behar izatea (gehienetan gasolina, bidesariak eta hotela interpretearen poltsikotik ordaintzen dira). Horra hor, ba, garestiak ez garela ikusarazteko beste arrazoi bat.
Laburbilduz, irakurle maiteok: ez gara garestiak, profesional sakrifikatuak gara, beste asko bezalaxe. Gure lana maite dugu eta behar den guztia egiten dugu gure hizlariek eta entzuleek elkar uler dezaten, horrek egun bakarreko enkargu baterako astebete ikastea eta ehun kilometro egitea eskatzen badu ere. Ni ez naiz matematiketan aditua, baina kalkulu bat edo beste eginez gero, horrelako enkarguetarako merke ateratzen garela esango nuke nik. Merke, batzuetan Cirque du Soleil-eko akrobaten pare dabiltzan artistak izateko.