Zer da hain mingarriki estutzen nauen zera hau?

Santi Leoné

[OHARRA: Testu honek, autoironiaren mozorropean, txertatua du propaganda]

“Katalanaren hamar solas itzulezin” du izenburua VilaWeben Jordi Badiak argitaratu zuen artikuluak, edo “Deu mots catalans intraduïbles”, jatorrizko bertsioan. Tituluak promes egiten duen bezala, Badiak gaztelaniaz –eta agian, gehitzen dut nik, ezta bertze hizkuntza batzuetan ere– ordain doirik ez duten hamar solas –hala nola caldre, feinada, pas edo plegar; zerrenda osoa ikusi nahi duenak irakur dezala artilulua– komentatzen ditu. Komentarioaren gibelean, diglosiaren kezka dago: hitz bereziak dira, eta arriskuan paratzen ditu espainolean, auzo hizkuntza indartsuan alegia, ordain zehatzik ez izateak.

Arriskuan egon ala ez, hizkuntza guzietan aurkitzen ditugu horrelako solasak: arruntak eta hiztun natiboek arrunt erabiliak, baina bertze hizkuntza batera bihurtu nahi dituen itzultzaileari buruhauste ederrak sortzeko gauza direnak. Horrelako hitz bat parafraseatuz hasten da, adibidez, Gregor von Rezzoriren Memoiren eines Antisemiten (Antisemita baten memoriak). Skutschno du izena lehen kapituluak, eta honela diote lehen lerroek:

Skutschno alemanera itzultzen zaila den errusierazko hitza da. Gogaitze aspergarria baino gehiago da: huts existentzial bat, zeinaren zurrunbiloak sortzen baitu halako irrika zehaztugabe baina aldi berean biziki hertsagarri bat”.

“Irrika” idatzi dut, baina ez dakit asmatu dudan. Jatorrizkoan, eine unbestimmte aber heftig drängende Sehnsucht ikusten dugu, eta zalantza egiten dut “irrika” hitzak Sehnsucht horren esanahaia ongi harrapatzen duen, Sehnsucht ere itzultzen zailak diren eleen klubekoa baita. Marlene Dietrichek sarrera bat eskaini zion bere Das ABC meines Lebens (Nire biziaren alfabetoa) lanean, eta hasmentatik afera argi utzi zigun aktoreak: “Bertze hizkuntzetan zehaztasun osoz aurkitzen ez dugun kontzeptua”. Eta ondotik: “Sasiordezkoa da dena. Bi hitzen arteko lotura –‘irrikatu’ [‘Sehnen’] eta ‘adikzioa’ [‘Sucht’]– ez da bertze inon gertatzen”. Duden hiztegiaren arabera, Sehnsucht norbaitenganako edo zerbaitekiko desira sakon eta mingarria da.

Osagaiak zein diren azaldu digu Dietrichek, eta definizioa eman Dudenek. Euskarara nola ekarri da orain kontua, iduri bailuke Dietrichek emandako pisten eta Dudenen irakurritako definizioaren mugen barnean hainbat aukera direla posible. Zalantzak zalantza, goitian aipatu Rezzoriren testuan “irrika” utziko nuke, izenondoek ongi lagunduta betiere, baina bertze testuinguru batean diferente euskaratuko nuke. “Haben Sie dann Sehnsucht nach Österreich?”, galdegin dio Krista Fleischmannek Thomas Bernhardi, honi Mallorcan egin zion elkarrizketa luzean; eta, hor, agian “herrimina” izan liteke ordain egokia: “Baduzu Austriarekiko herriminik?”. Bertze adibide bat emate aldera, Hugo Bettauerren Die Stadt ohne Juden (Judurik gabeko hiria) nobelan, berriz, Lotte Spinederrek zera azaldu dio erbestera joan behar izan duen Leo Strakosch senargaiari, medikuak erraten duena erraten duela, berak badakiela “dass es nur meine Sehnsucht nach Dir ist, die mich schwach und krank macht” –eta esaldia akaso “zureganako nahia dela ahuldu eta eritzen nauena” gisa eman liteke–.

Adibideak aise biderkatzen ahal dira, Sehnsucht zaila baita itzultzen, ez, ordea, han-hemenka harrapatzen. Eta sasiordezko dietrichtarren eremutik atera ez garelako sentsazioa izanda ere, testu eta testuinguru bakoitzean ahalik eta ordain doiena hautatzen saiatu bertze erremediorik ez dugu. Zer egin, bertzenaz, berez itzulpena baino gehiago parafrasia eskatzen duten solasekin? Ikus dezagun bertze adibide bat: berriki, Argia aldizkarian Nosferatu filmaren gaineko erreportajea argitaratu du Santi Leoné izeneko batek. “Bertze munduko haize hormatua” du izenburua erreportajeak, eta, antza, Lotte Eisner kritikariari ebatsi dio esaldia Leonék; izan ere, geroago aipu osoa dakar testuak, honela euskaratua: “Eta gaur oraindik benetan sentitzen dugu, filma ikusten dugularik, bertze munduko haize hormatua dabilela irudi errealistetan”. Alta bada, jatorrizko testura joz gero, hauxe aurkituko dugu: “Und wirklich fühlen wir noch heute, wenn wir den Film sehen, dass ‘ein frostiger Luftzug aus dem Jenseits’, wie Béla Balázs es nennt, in den ‘naturmöglichen Bildern’ weht”. Hara! Alemanezko testua irakurrita, bi gauza deskubritu dugu: Leonék Eisnerri lotsagabeki egotzi dion aipua ez dela benetan Eisnerrena, Béla Balázs izeneko kritikari batena baizik, eta, oraindik larriagoa dena, naturmöglich –naturan gertatzen ahal dena, naturan posible dena– bidegabeki errealista ziztrin batera murriztu duela eta, horrela, Nosferatu genero fantastikotik erauzi eta kasik Kammerspiel bat bihurtu duela. Agian itsuskeria horiek barkatzen ahalko genizkioke Leoné delako horri, kontuan hartuta Argiako erreportajearen helburua ez zela Eisnerren liburua euskaratzea, film klasiko baten berri ematea baizik, eta akaso horregatik egileak ez zuela testua izen gehiegirekin zamatu edo bere burua hitz batekin katramilatu nahi izan; halere, horrelako gauzak egiten dituen morroi batek, bistan dena, neketan mereziko luke itzulpengintzari buruzko hau bezalako blog batean idaztea.

Itzulpen traketsak alde batera utzita, Skutschno, Sehnsucht, naturmöglich eta ordain zehatzen faltan parafrasia eskatzen diguten solas guziek gogorarazten digute itzulpengintza ariketa zaila eta inperfektua dela. Marlene Dietrichek zorrotz ebatzi zuen kontua bere Alfabetoan: “Bi hitzen arteko lotura –‘irrikatu’ [‘Sehnen’] eta ‘adikzioa’ [‘Sucht’]– ez da bertze inon gertatzen. Horregatik iduritzen zait beti ez duela benetan Sehnsucht sentitzen sentsazio horri ‘Nostalgia’ edo ‘Nostalgie’ deitzen dionak”.

Nola ekarri xede-hizkuntzara jatorri-hizkuntzak bere-berezko duen kontzeptua? Are gehiago, sentitzen edo atzematen ahal dugu sentsazio bat, sentimendu bat, gure hizkuntzak hura izendatzeko kontzeptua eskas badu? Arratsalde batzuetan –igande arratsaldeetan batez ere, baina ez orduan bakarrik– mingarriki estutzen nauen zera hori nostalgia ote da, edo Sehnsucht? Ez dakit; baina berriz heldu dela sumatzen hasia naizenez –eta artikulu hau neurrikoa dena baino gehiago luzatu dudala iduritzen zaidanez–, hemen utzi eta banoa musika pixka bat aditzera. Rammstein, jakina. Sehnsucht diskoa: glücklich werde ich nirgendwo

Erantzun bat “Zer da hain mingarriki estutzen nauen zera hau?” bidalketan

  1. Mirandek honela itzuli zuen Friedrich von Schillerren Sehnsucht poemaren izenburua : Erri-min.
    Ikus Ene jainko-eidol zaharra, Lur, 166-167 or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude