Itzulpen ariketak II. ‘Puta’ (Nelly Arcan)

Miel A. Elustondo

Nire aitak behin eta berriz esaten zuen hiritzar handia izugarria egiten zitzaiola, hiria gauza gaitzesgarriz betea dagoela, bateko putak eta besteko homosexualak, bateko aberatsak eta besteko famatuak, sasoi beteko ekonomia eta indartsuenaren legea, hirian gauza guztiak ere hondamendia eta ulertezinak direla, hizkuntzen eta arkitekturaren kakofonia, udaberriko lokatza eta eraikin modernoen itsuskeria, eta nola liteke elizako fatxada bat unibertsitaterako sarbidea izatea, galdetzen zuen sumindurik nik horretan parterik banu bezala, mutilatu batek bedeinkatu gabeko gurutzearen antza du elizak, Jainkoaz gabetua da, eta nola liteke unibertsitateko pabiloiek peep showen aldera izatea irteera, nora goaz unibertsitatetik prostituziora urrats bat baizik ez badago, eta egia da, eta zientifikoki froga daiteke, eliza bateko fatxada hura nik klase gehienak ditudan pabiloirako sarbidea da, ondarearen izenean mantendu eta zaharberritutako fatxada da, ongi ematen duelako utzi zuten horrela, eta ikasgeletako leiho asko dantzariak larrugorritan diharduten tabernetara begira daude, feminitatearen neon arrosetara, klaseak eta klaseak eman nituen sexu-langile pila hura aztertzen, eta aurkikuntza galanta izan nuen izendapen hori, munduko lanbiderik zaharrenari, funtzio sozial zaharrenari bestek egiten dion aitortza ageri da izendapen horretan, liluragarria zait ore bat lantzen den moduan lantzea sexua, plazera lana izatea, atsegina nondik-bait erauzi ahal izatea, horrek ahalegina eskatzea eta ordainetan soldata jasotzea, murrizketak izatea, arauak behar izatea, eta ikasle gehien-gehienen irudiko putekiko elkarbizitza horretan txarrik ez zegoen, horixe da deigarriena, azkar ohitzen gara gauzetara haietatik ihes egin ezin duzunean, espaloia gainditu eta zure apunteetara heltzen direnean, eta hurbiltasun horrek eragin handia izan zuen nigan, kontrako espaloira aldatzeko gogoa piztu zidan, eta esadazu nola eutsi behar zion teoriak hainbeste plazer tentaldiri, nolanahi ere han inork ez ninduen ezagutzen eta udaberria oso zegoen aurreratua, eta udaberriak beti jardutera, soka zeure lepoan jartzera, bultzatzen zaitu, eta mendiko arropa eranzteko aukera sortu zenean, nik gogo onez onartu nuen eskaintza.

Prostituitzea oso erraza gertatu zitzaidan, zeren betidanik jakin nuen besteren batena izango nintzela, izen bat bilatuko zidan komunitate batena, eta sarrera-irteerak arautuko zizkidatela, zer egin behar nuen eta nola, aginduko zidan nagusi bat izango nuela, zer esan behar nuen eta zer ez, betidanik jakin dut denetan txikiena izaten, denetan sexiena, eta gainera ordurako zerbitzari-lanean ari nintzen tabernan, non alde batean putak zeuden eta bestean bezeroak, eta behar baino eskupeko handixeagoa ematen zidaten, nik ere behar baino arreta handixeagoa eskaintzearen ordainetan, eta poliki-poliki eta modurik naturalenean anbiguotasun halako bat sortu zen gure artean, zenbait hilabetez bezeroek erabili egin ninduten ni eta nik erabili egin nituen bezeroak, harik eta indarrez erakartzen ninduen hartaraxe joatea erabaki nuen arte, eta pentsatzen jarriz gero, iruditzen zait beste aukerarik ez nuela, ordurako puta izatera destinaturik nengoela, puta nintzela puta izan baino lehen ere; aski izan nuen La Gazette egunkari anglofonoa gainbegiratzea, eta hantxe azaldu zitzaidan escort agentzien orrialdea, aski izan nuen telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzea, Montrealgo agentziarik garrantzizkoenarena, iragarkiak zioenaren arabera, agentziak escort onenak baizik ez zituen kontratatzen eta bezerorik onenak baizik ez zituen onartzen, alegia, han emakumerik gazteenak eta gizonik aberatsenak biltzen zirela, gizonen aberastasunak beti konbinatu izan du ongi emakumeen gaztetasunarekin, hori mundu guztiak daki, eta ni oso gaztea nintzenez batere pentsatu gabe onartu ninduten, etxe batera eraman ninduten eta gela batera sartu ninduten luzamendurik gabe, eta bospasei bezero errezibitu nituen, bata bestearen atzetik, hasiberriak oso ospetsuak dira, esan zidaten, politak izan beharrik ez dute, gela hartan egun bat aski izan nuen irudipena edukitzeko zera hura bizi guztian egiten ari nintzela, bat-batean zahartu nintzen, baina dirutza ere irabazi nuen, lagunak egin nituen, bai, posible zen konplizitatea izatea, ikaragarria da, kidetasun horren oinarrian gorroto komun bat baitzegoen, bezeroekiko gorrotoa, baina prostituzio girotik irteten ginen orduko atzera emakume normalak izatera itzultzen ginen, sozialak, bata bestearen etsai.

Eta ziztu bizian zahartzen hasi nintzen, bezero segida handi haren aurrean belauniko jartzeari utzi ahal izateko zer edo zer asmatu behar nuela pentsatu nuen, gela hartantxe ematen bainuen denbora guztia, eta terapia egiten hasi nintzen hitzik esaten ez zuen gizon batekin, eta halako burutaziorik, ni diban batean etzanaraztea, kontuan harturik egun osoa ohean ematen nuela gizon haren adin bertsuko gizonezkoekin, nire aita izan zitezkeen gizonekin, eta psikoanalisi hark inora ez ninderamanez, ezin nuenez hitz egin, gizonaren isiltasunak zeharo lotzen ninduelako eta esan behar nuena esateko beldurrez bizi nintzelako, erabakia hartu eta idazten hasi nintzen denboran eta denboran barruan isilik gorde nuena ateratzeko; halakoren batean, adierazi nahi nuen seduzitzeko neukan premia haren atzean zer ezkutatzen zen, ez nuen premia hura gainditzen asmatzen, ezin esplikatu prostituzioaren gehiegikeriara bota ninduen zera hura, bestek zu izatea espero dutena izateko premia, eta idazten dudanean ere inoren gogoko izateko nahia nagusitzen baldin bada, da baitezpadakoa zaidalako hitzetara ekartzea nire baitan ezkutaturik dagoena eta nahikoa delako inork hitz batzuk irakurtzea haiek hitz desegoki bihurtzeko, eta idatzi ahala, etenarazi nahi nukeenak indar handiagoa hartu zuen, askatu nahi nuen korapiloa are gehiago estutu zen, leku guztia betetzera heldu zen, eta korapilo horrexetatik sortu zen nire idatziaren lehengaia, agortezina eta alienatua, lotan dagoen ama baten eta munduaren azkenaren zain dagoen aita baten artean bizirauteko borroka.

Eta horregatik dago liburu hau osoki asoziazioz egina (…)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude