Adimen artifizialak testu artifiziala

Naroa Zubillaga Gomez

Azkenean ere, egin dut proba.

Urte hasieran irakurri genion EHUko irakasle den Ekai Txapartegiri adimen artifizialak lana kenduko zigula irakasleoi. Hilabete beranduago Bill Gatesen elkarrizketa bat entzun nuen (ez osorik), eta, bertan, Microsoften sortzaileak esaten zuen adimen artifizialak lana kendu ez, baina lana erraztuko zigula eta lan-jardunaldi laburragoak izango genituela etorkizunean. DBHko irakasleak larritzen hasiak omen dira, ikasleei agintzen dizkieten zenbait lan (laburpenak egin, idazlanak idatzi) ez dituztelako ikasleek berek oso-osorik egiten, hasi eta buka. EHUn bertan ere mahai-inguru bat antolatu da gaiaren inguruan.

ChatGPT izena du, eta OpenAI enpresak garatutako adimen artifizialeko txata da. Zerbait galdetu eta erantzuna ematen omen dizu, baita testugintzarekin zerikusia duten zereginak ematen badizkiozu ere (idatzi Xren inguruko 10 lerroko idazlan bat, zein dira literatura postmodernoaren ezaugarriak, etab.).

Izena eman eta proba txiki batzuk egin ditut. Gehiegi ere ez, konturatu bainaiz, oraingoz behintzat, euskaraz ez duela oso ondo funtzionatzen. Hauxe galdetu diot lehenik: «Idatzi 10 lerroko idazlan bat tabakoari buruz», eta hauxe erantzun zidan (dagoen horretan kopiatu dut, ez beldurtu):

Tabako hainbat osagai kimiko ditu, horietako asko kanceroginak sortzen dituzte. Horregatik, tabakoaren erabilera okerrena da gizartearen osasunerako.

Eskuetan edo bizkarrean eskuan duzun cigarro batek ezin du osasun-arriskurik txikiena izan. Horrez gain, tabakoak hainbat gaitasun psikologiko eta fisiologiko sortzen ditu, hala nola adikzioa edo anxietatea.

Gaur egun, gizarteak tabako erabilera murrizteko ahalegina egiten ari da, baina oraindik asko daude tabako erabilera okerrena mantentzen dutenak. Tabakoaren erabilera utzi behar da, hainbat eragileen ondorioz, baina baietakoa da: tabakoak osasun-arazoak sor dezakeela eta hainbat abantaila inportanteek galtzea ekar ditzakeela.

Gizartean tabakoaren kontrako adierazpen ugari daude. Hala ere, tabakoaren erabilera mugatzen ez den tokietan, hainbat erakundeek baimenduta dagoena baino nabaritzen da tabakoaren erabilera.

Ondorioz, tabakoak osasunari kalterak ematen dizkio eta inportantea da tabakoaren erabilera murriztea gizartearen osasunerako.

Galdera bera egin nion gaztelaniaz, eta txatak bueltan sortu zidan testua euskarazkoa baino askoz txukunagoa izan zen. Zuzena behintzat, bai. Gauza bera ingelesez eta alemanez. Gainera, dominatzaileak diren hizkuntzatan askoz azkarrago jasotzen da erantzuna. Edukia, hori bai, guztietan zen oso-oso antzekoa.

Izan ere, ChatGPT hizkuntza-eredu erraldoi bat da, eta hizkuntza bakoitzean entrenatu beharra dago. Oraingoz, euskaraz egiten dizkiogun galderak ez ditu beti ondo ulertzen. Bernardo Atxagari buruzko lan akademiko nagusienez galdetuta, txatak Bernardo Atxagak idatzitako lan nagusienak esan zizkidan. Gazteleraz galdetuta, berriz, ondo ulertu zidan zer behar nuen, eta lan akademiko batzuen erreferentziak eman zizkidan. Idazle austriar bati buruzko lan akademikoez galdetuta, emaitza desberdinak eman zizkidan ingelesez eta alemanez galdetuta; auskalo zein zirrikitutatik egiten duen bidea mekanismo neuronalak hizkuntza batean eta bestean.

Argi dago, hori bai, testuak sortzeko baliatzen badugu, tentuz ibili beharko dugula, zenbaterainoko autoritatea ematen diogun adimen artifizialari. Izan ere, itzultzaile automatikoarekin gertatzen den bezala, tresna honi behar baino botere handiagoa ematen badiogu, hizkuntza bera homogeneizatzeko arriskua izango dugu. Adimen artifizialak testu artifiziala sortzen baitu.

Hala eta guztiz ere, utzi denborari bere lana egiten. Ziur naiz askok baliatuko dugula tresna hau, besterik ez bada, Google ordeztuko duen bilatzaile gisa.