Igarri barik izan da

Oskar Arana Ibabe

Umeak ginela, ardura handiko kontua izaten zen nola eragiten ziren liskarrak anaia arteko edo lehengusu arteko liskarretan. Umeen artean inor negarrez entzun orduko, laster etorriko zen helduren bat, baten edo besteren ama gehienetan, negarrez aritzea eragin zuen hura igerri barik izan ote zen ebaztera. Lasaigarria izaten zen, amaren edo izebaren baten ahotan, igerri barik izen da entzutea. Baketuta-edo begiratzen genion, atzera ere, zakarkeriaz baina asmo txarrik gabe amorrarazi gintuen anaiari edo lehengusuari. Aurki suertatuko ginen, ordea, bat edo beste negarrez, berriro ere.

Aspaldi ez dut entzun nire inguruan esapide hori. Umeak nahi baino gutxiagotan izaten ditudalako inguruan, beharbada… edo esapide hori ere iraungitzen hasia delako helduon eta batez ere umeen ahotan, gure eskualdean bederen. Bestalde, antzina izan zen, halaber, esapide horrek nire arreta erakarri zuenekoa: bitxi irizten nion, eta ez guztiz zabaldua gure inguruan; etxean ere, ez zuten guztiek erabiltzen, eta umetako nire buru hartan, ez nion “logika” argirik ikusten, igarri horrek, asmakizunetako ezetz igarri eta ezkutaketa-jolasetako eta bestelakoetako igarri egin dotzut horrek, zer egiten ote zuen min eragin osteko barka-bideetan. Bestalde, igarri barik izen da horren pareko ziren, eta gehiago erabiltzen ziren, beste hauek: gure barik izan da (eta bere antonimoa, gureta izen da)… edo, geroago, ikastolan, beste euskalkietatik ikasirik, nahi gabe izan da eta nahita izan da). Halaber, gure barik izen da hori bezain sarri erabiltzen zen konturatu barik izen da. Horiek ziren haserreak eta liskarrak baretzen zituzten esapide magikoak, bakegarriak. Hainbat formula aukeran, eta ez nuke jakingo esaten zer banaketa geografiko edo pertsonal zuen bakoitzak, nork erabiltzen zuen gehiago etxekoen artean, zaharrenek agian, edo aitaren aldeko ahaideek gehiago. Igarri barik izen da hura, ordurako jada, arraroa zeriztan, zaila ere bai, atabikoa, nolabait, eta banion estimu berezi bat, dohain bakegarriez gainera bazuelako berezitasun hori, geure-geurea izatea, eta zaharrenen esapidea, agian, eta nik ez erabat ulertzea zer ote zen igarri beharrekoa (beste adieran). Bitxia, halaber, zeren ez baitut gogoan igerrita izan da entzun izana, haren kontrakoa (bai, igarri dozu, zatekeen erantzuna, beharbada, baina ez dut gogoan halakorik entzun izana).

Nostalgiak –berriro ere– bultzatu nau hiztegietan eta corpusetan begiratzera, jasota ote dagoen, nola erabili ote den. Egia esatera, mendebaldeko hizkeretakoa dela jakin arren (eta igarri gabe aldaera are kasu gehiagotan agertzen denez begiratu ditudan hiztegi eta corpusetan, beharbada beste hizkera batzuetakoa ere bai), ez nekien (eta ez dakit) mendebaldean (edo beste hizkera batzuetan) zer hedadura daukan. Aspaldiko jakin-min bat asetzearren jarri naiz hartara, beraz –alta, gaur, lantokitik ateratzean, Martin arratiarrari galdetu diot, eta baietz, jakina, ukondoarekin kolpe bat igarri barik eman alegia eginez,… baietz, Arratian baietz–.

Egunotan, gainera, esapide horri buruz idatzi behar nuela nerabilela gogoan, pozgarri ere gertatu zait konturatzea litekeena zela “ohartu” handi eta nik miretsiaren baliokide bat eduki izana mendebaldean eta nik ez baliatu izana behar bestean edo merezi adina. Ironiarik gabe diot: “ohartu” hitzak badu, niretzat, ikasiaren edo liburuetan irakurriaren erregistro “jaso” moduko bat, ez da gure inguruan erabili izan ahozkoan (euskalkian, esan nahi dut). Ironiarik gabe, eta, jakina, euskalkien arteko lehia zoroetan erori gabe edo estandarraren norabideen kontrako iritzi zentzugaberik nire baitan alhatu gabe. Nire baliabideak ugaritu nahian baino ez, hain etxeko dudan esapide ia ahaztu horren aukerak neurtzearren bakarrik, edo orain esaten den moduan, esapideari balioa aitortzearren (balioa eman… agerira ekarri,… zer zaila gertatzen zaidan mettre en valeur / poner en valor horren ordain niretako gogobetegarri bat aurkitzea). Konturatu arruntegia begitantzen zitzaidan. Eta, hara, atzera ere erori umezaroan bertan jakin-mina eragiten zidan igerri barik izen da esapidearen erabilera hain berezituaren lilurara. Bistan da nondik zetorren nire trakestasuna, igarriri esanahi bakarra atxikitzen bainion, nahiz eta beste adieren erabilerak ere ezagutu eta ulertu. Egoera berezitu horretan iluntzen zen nire adimena: Igarri, zer?… esan ohi nuen neure artean.

Hiztegietan, esapideak badu Labayru hiztegian sarrera berezia, baina hemen darabilgun adiera atzenengo lekuan aipatzen da:

Labayru Hiztegia:
igarri barik/gabe Eu
1 adb. lok.
pausadamente, disimuladamente, insensiblemente; sin darse cuenta.
Igarri barik joan jakuz bakazino-egunak: Se nos han pasado las vacaciones sin darnos cuenta. (bizk)
Horrek igarri be egin barik edango leukez beste bost garagardo. (bizk)
Igarri gabe hondatu zituzten euren bizitzak. (bat)
sin konturatu barik/gabe, ezarian

Ematen diren gaztelaniazko ordainetan, sin darse cuenta hori litzateke gure kasukoa. Eta, adibideetan, ez da aipatzen barka-bideetako gure egoera berezi hori, nahiz eta lehenengo adibideko adierakoa izan, eta hirugarren adibidekoa ere bai. Eta sinonimotzat ematen da, gure kasuko erabilerarako, konturatu barik/gabe; beste sinonimoa, ezarian, ez dirudi ondo egokitzen zaionik gure kasuari. Ez da, beraz, sinonimo betea gure erabilera zehatz horretarako.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, bilaketa zehatza eginez, ez du ematen igarri barik esapidearen sarrera berezirik. Bai, jakina aditzarena:

igarri, igar, igartzen
1 du/dio ad. Ustearen edo intuizioaren bidez zerbait ezagutzera heldu edo zerbaitez konturatu. Ik. antzeman. Lehenengo egunetik igarri nion gogoan zer zerabilen. Ez diot igartzen zer arraioren bila dabilen. Begiratzen diezu eta ezin igarri duzu ezkonduak edo ezkongaiak diren. Ez zuen igarri erregearekin hizketan ari zela. Davidek bere buruari laster igarri zion munduan luzaroko ez zegoela. Ez ziokeen inork igarriko, erdaraz mintzatzean, hemengoa zenik. Euskal hitz garbiak, hots, bestetariko etorkia inork oraindik igarri ez dienak. Zertan igarriko zaizu kristaua zaren edo jentil fedegabea. “-ra/-rat” bereizkuntza nolakoa den igarri diodala uste dut, baina igartzea ez da frogatzea. Bizia kentzera zihoazkiola igarri zionean.
2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Jakin nahi zuen haren asmo gaiztoei igarri ote zien. Burutapen bakuna da, zoroak ere igarriko liokeena. Igartzen diozu irakurtzen duzun horri? Nola igar diezaioket, inork erakutsi ez badit?
3 du ad. Ezezagun dena, ezkutuan dagoena edo gertatzeko dagoena asmatu. Hitz haien esanahia ezin igarriz. Ezetz igarri nork idatzi didan. Zer gertatzen zen ezin igarriz.

Alabaina, aditzaren adieretan gure kasutik gertuen dagoena lehena izan arren, ez da gure kasua bete-betean hor sartzen, ustearen edo intuizioaren bidez zerbait ezagutzera heldu edo zerbaitez konturatu dio definizioak, eta igarri barik min emate horretan ez du usteak edo intuizioak jokatzen, oharmen hutsak baino. Ez du jasotzen, beraz, nire ustean, oharturen parekoa den adiera. Izan ere, ohartu sarrera begiratzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegian:

ohartu, ohart, ohartzen
1 da ad. Adimenaren edo oharmenaren bidez gauzaren batez jabetu. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duen izen sintagma bat, adierazpen-perpaus osagarri bat edo zehar-galdera bat har dezake). Ik. konturatu; erreparatu 2. Ez da horretaz ohartu. Ohartu naiz ona dela. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argia dela. Orduan ohartu zen gizon hura bere aita zuela. Kontu hartzen zeuden soldaduak ezertaz ere ez ziren ohartu. Ez zara ohartzen zer den? Ohart daitezela non dabiltzan edo nora doazen. Arras zahartzen eta ezintzen ari zela oharturik. Ondo ohartu gabe bekatu egiten denean. Abimelekek, zertan zebiltzan ohartu, eta aurrea hartu zien. Etsaiak zeuden tokira gauaz, inor ohartu gabe, sartu zen. Ez ote garen, ohartu gabe, paganoak bezalakatzen ari.
2 zaio ad. Ipar. Hitzekin esan edo adierazi nahi dugunari ohartu behar gatzaizkio. Ez natzaio ohartu. Ez zitzaion ohartu emaztekiaren beldurrari. Artzaina bazihoan, deusi ohartu gabe. || Jakintsu arrotzak ohartuago zaizkio guhaur baino gure mintzairari.
3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Espiritu argia eta ohartua. || Ez ohartuarena egin.

Hor, bai, gure igarriren kasu berezi horri bete-betean egokitzen zaio oharturi eman zaion adiera. Adiera ez ezik, baita sinonimoak ere, konturatu, eta erreparatu. Beraz, simetria hori sinonimoetan ere gertatzen da, zeren igarriri ematen zaion sinonimoak, antzemanek ere, ez baitu balio gure adibide berezirako. Hau da, badago sinonimia bat igarri barik izan da, konturatu barik izan da eta ohartu gabe izan da esapideen artean.

Ikus dezagun nola erabili den Ereduzko Prosa Dinamikoan igarri barik/gabe:

Igarri barik aldaerak hiru agerraldi baizik ez ditu ematen, hiru egileren liburu banatan (Xabier Amuriza, Miren Agur Meabe eta Joseba Sarrionandia). Ez da oso emaitza oparoa.

Eta igarri gabe aldaera galdetuta, askoz gehiago dira kasuak, denak liburuetan, ez prentsan: 8 esaldi, zazpi liburutan, zazpi egileren eskutik. Eta, horrek adierazi dit, nire usteaz beste, balitekeela ez izatea mendebaldeko hizkeretakoa bakarrik aztergai dudan esapidea. Baina ez dakit.

Igarri barik aldaeraren kasuak ekarriko ditut hona:

3.- Euren buruak galtzeko zori txarrean doiazala igarri edo gogoratu barik, sartuten dira itxas barrura, etxeak añako baga zuri sendoen artetik. Ag Kr 30.

4.- Zikinkeri guztijak erdereaz batera / Igarri barik sartu yakuz geure artera. Enb 41.

5.- Igarri barik berandutu jakuen. Gerrika 155.

6.- Orduan bidia igarri barik egiten dabe, etenbako barriketa pozkor gozuaren bitartez. Kk Ab II 142s.

7.- Iñok igarri barik bertaratu dira. Kk Ab I 58.

8.- Emakumea bada edatuna, […] iñok asko igarri barik salduko dauz oeko izarak bere. Ezale 1897, 143b.

9.- —Baña, zer diñok? –Ez,… ezebez… ezebez… Igarri barik urten jestan da. SM Zirik 27.

Urria, nolabait, erabilera.

Nire gogoa, berez, oharturen adiera bete-beteko erabileran eskaintzen dituen aukerak ustiatzea.

Jakinik, ordea, igarriren erregimenak, adiera horretan, nor/zer argumentua hartzen duela beti, absolutibo kasuan (igarri barik [hor zinela] = zer/ edo igarri barik [min ematen nizula] = zer), eta, subjektu isildua, aldiz, bi adibide horietan, [nik, berak,…] igarri barik [hor zinela] [min ematen nizula)] ergatiboan. Hain zuzen, esapidetua edo lokuzio bihurturik, osagarri beharrezko horiek isilduta, lausotzen zen ume nintzeneko adimena, gure esapide horren aurrean. Ohartuk, bestalde, oso erregimen bestelakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegiko goiko sarrera horretan ageri denez: -z instrumentalaz osagarria (ohartu zerbaitetaz), edo zaio aditz gisa jokatua, datiboan (ohartu natzaio zerbaiti); eta absolutiboan subjektua.

Eta abiatu naiz, beraz, begiratzera zer joko edo aukera ematen ote duen igarriren sarrerak Orotarikoan, oharturen sinonimo betetzat jotzeko moduko adibiderik ba ote duen sarreran bertan, ea Euskaltzaindiaren Hiztegian ematen zaion definizio hori baino zabalagorik ote dagokiokeen, gero nik baliatu ahal izateko, eta igarri barik kriptikotik baliatze-aukera oparoagoetara zabaldu ahal ote dudan, Orotarikoan adibideen artean aurkitutako horiez gainerako batzuen bidez. Eta bakan batzuk baino ez:

10.- Beltranek igarri zun orduantxe zergatik aldendu zitzaion emaztea. Etxde AlosT 53ç

11.- Atso barrabanak bere entzuleak isil, otzan ta eskurakoi jarri zituala igarri ebanean. Erkiag Arran

12.- Irakurleak igarriko eban azkenengo esaldi au euskal idazlearen eretxi bat dala. Etxabu Kontu

13.- Nere buruari igertzen nioken gaitza beraka asi zala. Ataño TxanKan 173 (ib. 175 igarri)

14.- Hizkuntza gaietan eskarmenturik duenak aurki igerriko dio liburu honen egileak ez duela gutxi entzun eta irakurri. MIH 303.
v. tbn. Ill Testim 26. JAIraz Bizia 83. Salav

(Igarri gabe aldaeraren kasuak gehiago dira Orotarikoan, adibideen artean bilatuta, baina ez askoz gehiago).

Horra, bada, Orotarikoan topatu, eman nahi niokeen erabilera zabalago horretarako bidea –adibidetegian (9) eta igarri sarrerako adibideen artean (4)–, hainbat esaldi aurkituta, zeintzuek, beharbada, zilegiztatuko bailukete Orotarikoan azpisarrera bat, edo Euskaltzaindiaren Hiztegian definizio zabalxeago bat, usteari edo intuizioari oharmena (ezen ez igarmena)ere gehituz. Ez dakit, ostera, ez ote den nire nahia gehiago, zilegitasuna baino, adibideen urriarekin.

Aukeren artean bat edo beste erabiltzeko orduan, agerian da irizpide erabakigarria gertatuko dela subjektua ergatiboan edo aboslutiboan erabiltzeko autua. Ematen du igarri aditzak subjektua ergatiboan izanez, eta ohartu aditzak absolutiboan, eta halaber konturatu aditzak, badela eragozpen semantiko moduko bat, ergatiboak ekintza aktiboa eskatzen duelako, eta ergatibotasunak subjektuaren ekintza bat iradokitzen duelako, eta, hartara, konturatu gabe igartzea zail egiten zaiola gure hizkuntza-senari, ergatibotasunari. Eta hor dagoke nire zailtasun haren beste arrazoi bat. Eta, orobat, igarri adiera horretan horren baliatua ez izatearen kausetako bat.

Baina sarriago erabili nahi nuke, nire moldakaiztasun dagoeneko ikertu eta agertu hori gorabehera, garai bateko igerri barik izen da enigmatiko eta magiko hori (eta esapideaz besteko egoeretan ere bai, hona bildutako adibideen bidetik). Ez, baina, min emateko, ezpada gure esapideei eusteko –min ematera, gainera, hobe igarri barik. Samurrago barkatzen zen–.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude