Beowulf euskaraz?

José Ignacio Hualde

Otsaileko nire artikuluan gogoeta bat proposatu nizuen; hots, pentsatzea Leizarragak nola itzuliko zukeen kalbindarren salmo-liburua.

Ez dakigu egunen batean agertuko diren Leizarragaren salmoak nonbait. Beharbada Leizarragak erreginaren agindua osoki bete zuen eta salmoak ere idatzi zituen euskaraz, baina beranduegi bukatu zituen. Noski, Nafarroako Henrike errege kalbindarra Frantziako errege katoliko bihurtu ondoren ez zegoen argitaratzerik. Bien bitartean, erramu boneta Gilen Mejutorentzat!

Oraingo saio honetan poesia eta erritmoari lotutako beste gogoeta-proposamen bat dakarkizuet. Euskaraz, inguruko hizkuntzetan bezala, errima erabiltzen da, neurriaz gain, bertsoak egituratzeko. Erdi Aroko hizkuntza germanikoetan, aldiz, errima ez zen ohikoa, eta aliterazioak, erritmoaz gain edo erritmoaren indargarri, betetzen zuen egituratze funtzio hori poemetan. Beowulfen, adibidez, nabarmena da aliterazioa poeman zehar. Hasierako lerroetan bertan kausitzen dugu:

Hwæt!
wē Gār-Dena   in geār-dagum
þēod-cyninga    þrym gefrūnon,
hū ðā æðelingas    ellen fremedon.

Hona nire itzulpen-saio kaxkarra:

Adi egon! Antzinako lantzadun daniarren buruzagien ospeaz entzun dugu,
nola aitoren seme horiek ekintza ausartak burutu zituzten.

Bertso bakoitzean aliterazio patroia eratzen duten hitzak hauexek dira: lehen lerroan, Gār-Dena ‘lantza-daniarrak’ eta geār-dagum ‘antzinako egunak’; bigarren lerroan, þēod-cyninga ‘herri-erregeak, buruzagiak’ eta þrym ‘ospea, loria’; eta hirugarrenean 0ædelingas ‘aitoren semeak’ eta 0-ellen ‘ekintza ausartak’ (hasierako kontsonanterik gabe, 0-0).

Poemaren zati askotan aliterazioaren pisua are handiagoa da, eta lerro gehienetan hiru aldiz errepikatzen da aliteratzen duen soinua: bi aldiz lehen hemistikio edo lerro-erdian eta berriro ere bigarren hemistikioaren hasieran, hurrengo bertsoetan ikusten dugun bezala:

210






Fyrst forð gewāt;    flota wæs on ydum,
bāt under beorge.    Beornas gearwe
on stefn stigon—    streamas wundon,
sund wið sande;    secgas bæron
om bearm nacan    beorhte frætwe
gūð-searo geatolīc;    guman ūt scufon,
weras on wil-sīð    wudu bundenne.

Beowulf ingeles modernora bertsotan itzuli dutenek askotan edo gehienetan erabili dute aliterazioa neurri batean beraien bertsioetan, nolabait jatorriko testuaren musikaltasuna transmititzeko. J.R.R. Tolkienek honako itzulpena ematen du, jatorrizko erritmoari eta aliterazio ereduei hertsiki lotzen zaiena:

Time passed away.    On the tide floated
under bank their boat.    In her bows mounted
brave man blithely.    Breakers turning
spurned the shingle.    Splendid armour
they bore aboard,    in her bosom piling
well-forged weapons,    then away thrust her
to voyage gladly    valiant-timbered.

Seamus Heaney-k askatasun handiagoarekin itzultzen ditu gaurko ingelesera bertso hauek:

Time went by, the boat was on water,
in close under the cliffs.
Men climbed eagerly up the gangplank,
sand churned in surf, warriors loaded
a cargo of weapons, shining war-gear
away with a will in their wood-wreathed ship.

Heaney-ren itzulpenean aliterazioak ez ditu betetzen jatorrizko murriztapenak. Sariak irabazi dituen itzulpen eder honetan itzultzaileak libreago jokatzen du; baina, hala ere, aliterazioa erabiltzen du, arau berriekin bada ere. Efektua berria da eta irakurleak jatorrizkoaren oihartzuna entzuten du zeharka.

Ez dut poema honen euskarazko bertsiorik aurkitu; eta ni ez naiz gai Beowulf euskaratzeko, ezta hurrik eman ere. Baina hemen badira ni baino askoz trebeagoak eta jakintsuagoak direnak. Ez dakit euskarazko bertsio hipotetiko batean zentzuzkoa izango ote litzatekeen aliterazioa erabiltzea, ala zentzuzkoaren kontrakoa, kontuan hartuz oso desberdina dela euskararen hizkuntz erritmoa. Hori da nire galdera.

Erantzuna pentsatzeko tenorean komeni da ondo ulertzea aliterazioak nola funtzionatzen duen, zertan datzan, poema honetan, eta oro har tradizio germaniko zaharrean. Lehen begiratu batean irudiko luke aliterazioa hitz hasierako kontsonanteen hoskidetasunaren bidez gauzatzen dela. Baina ez da benetan horrela. Hoskide ez dute hitz hasierek izan behar, silaba azentudunen hasierako kontsonanteek edo kontsonante taldeek baizik (bokalez hasten diren silabek hasiera hutsa dute). Gertatzen dena da azentua ia beti lehen silaban doala ingeles zaharrean, beste hizkuntza germaniko zaharretan bezala. Baina badira salbuespenak, eta salbuespen horiek erakusten digute aliterazioa silaba azentudunek eramaten dutela, ez nahitaez hitz-hasierako silabek. Hori adibidez lerro honetan ikusten dugu, non lehendabiziko hitzak azentua bigarren silaban baitarama:

218

Gewát þa ofer wǽgholm      wínde gefysed
“alde egin zuen uhinen gainetik, haizeak eraginda”

Metrika sistema hau silaba azentudun eta azentugabeen arteko alternantzian oinarritzen da, eta aliterazioak efektu erritmikoa indartzen du. Hemistikio bakoitzak bi azentu nagusi edo “gorakada” (ingelesez lift) ditu eta aliterazioa silaba azentudun horietan markatzen da. Guttienez, lerroko lehen eta hirugarren gorakadek aliteratzen dute; gehienez, lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak. Hori da araua.

Eta hemen dugu arazoa euskaratzeko: aliterazioa erabiltzeko jakin behar dugu azentuak non jartzen diren; baina, dakigun bezala, euskalki eta euskal hizkera desberdinetan azentuera desberdinak ditugu.

Euskara batuan, azentua hitzaren bigarren silaban jartzea da araurik hedatuena (salbuespen batzuekin). Aukera bat, beraz, azentuera hori erabiltzea izango litzateke, azentua bigarren silaban kokatuz: antzínateko lantzádunak. 201. lerroa, adibidez, honelaxe itzul daiteke agian:

Orénak irágan,     urétan barkúak

Aldiz, irágan, úretan ahoskatuz ez genituzke jatorriko testuaren aliterazio eta erritmo arauak errespetatuko. Hala ere, dudarik gabe, bidezkoena izango litzateke itzultzaile euskalduna bere hizkuntz intuizioez baliatzea azentuak kokatzeko eta horren arabera hoskidetasunak eraikitzeko.

Horra beraz ariketa proposamena.

Erreferentziak

Heaney, Seamus. 2000. Beowulf: A new verse translation. New York & London: Norton.

Russom, Geoffrey. 1998. Beowulf and Old Germanic meter. Cambridge: Cambridge University Press.

Terasawa, Jun. 2011. Old English meter: An introduction. Toronto: Toronto University Press.

Tolkien, J.R.R. 1984. The monsters and the critics and other essays. Boston: Houghton Mifflin. [Bereziki: “On translating Beowulf”, 49-71 or.]

Hiztegi on bat hemen: https://bosworthtoller.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude