Estitxu Irisarri Egia
Serendipiaz edo kausalitatez iristen zait askotan informazioa. Gure amak Manttoni deittu izan dit urteetan zehar, maitekiro. Luzaroan Maria eta Antonia antroponimoen hibridazioa zela uste nuen, Maider pertsona-izenean Mari eta Eder izenekin gertatzen den bezalaxe, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastika Datutegian datorren moduan. Baina sagardotegi garaiaren kanpaina betean, Berriakoek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola elkarrizketatu zituzten. Eta hantxe informazio gehigarria! Manttoni sagar mota bat da! Han eta hemen bilatuz gero, informazio gehiago ere aurki daiteke sarean zehar. Bai, nerabezarora arte, sagardoa egiten zen gure baserrian, baina teknologiak jakinarazi dit hori, ia oximorona dirudi.
Un poco de chocolate viene bien para cuando tenemos txirrinta. Halakoren bat baino gehiago irten dira amaren ahotik. Bai, euskara badaki eta ederki jakin ere! Baina amarekin erdaraz aritzeko ohitura hartu zuen, eta, ondorioz, gure arteko hizkuntza ere gehienetan gaztelania da. Hori bai, nabari da nongoak garen eta nondik gatozen eta harro gaude. Baina gatozen harira, uste nuen txirrinta amaren asmakizuna zela edo gaztelaniatik nolabait mailegatu zuela etxekoon idiolektoaren parte bilakatu arte, baina ez, ez dator RAEn, bai ordea Orotariko Euskal Hiztegian:
txirrinta. (AN-ulz, B, Sal, R). Ref.: A; Iz Ulz (txirrínte); ZMoso; Izeta BHizt2. Deseo, ansia. “El deseo (de alguna cosa). Ezkorroren txirrínte, el ansia de la bellota” Iz Ulz. “Rencilla” ZMoso 71 (= ‘capricho, deseo’; cf. VocNav s.v. rencilla). “Baut txistorra yateko txirrinte” Izeta BHizt2. |
Oso arrunta irudituko litzaidake gure familia Ultzama aldetik, Baztanetik, Zaraitzu ingurutik edo Erronkaritik baletor, baina Markina-Xemeingoak ziren amaren aldeko aitita-amamak. Hortxe gabiltza jakin-minez bai bera bai ni. Inork informazio gehiago balu, asko eskertuko nuke. Nafarroan umezain ibili zen tokitik ekarriko ote zuen amak? Amamaren nebaren batek soldadu garaitik? Bizkaiko inork ezagun ote du esamolde hori? Erantzunik gabe geldituko naiz momentuz, nahiz eta indarrik handiena amaren umezain garaikoak duela iruditzen zaidan. Baina egunerokotasunean erabiltzen jarraituko dudala eta dugula argi dago.
Mari Ahuntz amamak sarri erabilia: Besterik ezean, zapoa zotzean. Bertsio modernoa ere entzun izan dut: Ez dagoenean geyo (gehiago), zurekin Peio. Gaztelaniazko Cuando no hay más, contigo Tomás esaeraren kalkoa, urduri jartzen naiz. Ados, gaztelaniaz esatea baino hobea izan liteke, baina nik bestearen apologia egingo dut. Konformismoaren esaldi nagusitzat izan dut nik urteetan zehar, halaxe erabiltzen baitzuen amamak, baina zer diren kontuak, baratzeak babesteko teknika ere izan omen da Euskal Herrian eta euria erakartzeko erritual ere izan omen da eremu zabalagoan.
Bukatzeko, zotza edo gezia: martxa honetan, gizakia kapaz ikusten dut euria erakartzeko erritual zaharrari eutsi eta mundua zaporik gabe eta manttonirik gabe uzteko, txirrintagatik soilik.
“Besterik ezean, Peru atean” irakurri nuen behin, beste kalkoa baino egokitzapen hobea behintzat, baina orain ez dut topatzen non.
txirrinta: aragoieraz ere erabiltzen omen da.
https://aragonario.aragon.es/search/?q=chirrinta&l=ar-es
chirrinta
sustantivo femenino (s. f.)
aversión, fobia, manía (preocupación caprichosa), obsesión
Duela hiruzpalau urte, Astigarragako kulturetxe berriaren izena aukeratzeko galdeketa egin zen herrian. Oker ez banago, bi aukera eman zizkiguten: Erribera (betiko toponimoa) eta Manttoni. Nik Manttoniri eman nion botoa, baina Erriberak irabazi zuen. 😉
Eskerrik asko, “Manttoni”, zure artikuluagatik. Gure familian, amaren aldetik, gaztelaniaz, hitz ezaguna eta erabilia da “txirrinta” lehen bezala orain ere (“está con la txirrinta, tengo txirrinta de…). Gure aitona-amonek erabiltzen zuten (eta gure amak eta guk), eta biak nafarrak ziren (amona erdalduna zen), baina Sakanakoak (alegia, erdialdekoak, ez ekialdekoak), gerra ondoren Donostiaratuak. Bestalde, nire emaztea donostiarra da, Parte Zaharrekoa, eta haren ama ere Parte Zaharrekoa zen, erdalduna, eta esan dit amak ere erabiltzen zuela txirrinta eta hitz arrunta dela berarentzat.
Ahotsak.eus-en baduzu txirrita hitzaren lekukotza bat, Nafarroatik kanpokoa: Eibarren eta Tolosan bizi izandako Maria Luisa Sancho Olareaga (https://ahotsak.eus/tolosa/pasarteak/tol-057-011/). Eskarne lagunak pasatu dit, eta orduan gogoratu dut Durangon ere entzun dudala inoiz, bai euskaraz bai gaztelaniaz.
Segi bizkor!
Barkatu, txirrintaren “n”a bidean galdu da!
Maitasun berezia diot “txirrinta”-ri. Tolosan, amak, amonak… sarri erabiltzen zuten, nahiz eta euskaraz ez jakin. Gehienetan, “tengo txirrinta de…” esapidean.