Idoia Santamaria Urkaregi
«Euskararen erabilerari buruz aritzeko talde-bloga» du izenburu 31 eskutik-ek, eta hori izango du abiapuntu sarrera honek ere; oraingoan, baina, gehienetan egiten dugun bidaiaren noranzkoa alderantzikatzea proposatzen dizuet: gaztelaniatik euskararako txangoaren ordez, euskaratik abiatu eta gaztelaniaren geltoki batean jaistea.
Esaldiko elementuen ordenari buruzko kontu bat nabarmendu nahi nuke hemen: euskarazko galdegaiak gaztelaniazko esaldietan hartu behar duen lekua edo, beharbada egokiago, hartu behar ez lukeena.
Ez naiz terminologia-kontuetan katramilatutako; alegia, gaztelaniaz batzuetan FOCO, beste batzuetan REMA terminoak erabili izan dira esaldi batean nabarmendu nahi den elementua izendatzeko. Hori litzateke, oso sinple esanda (sinpleegi, baiki), euskarazko GALDEGAIAren parekoa-edo. Zein da arazoa? Bada, euskaraz —hemen ere oso sinple esanda— aditzaren aurrean jarri ohi dugula esaldian nabarmendu nahi duguna, ezer nabarmendu nahi badugu behintzat. Adibidez:
Aitak GONA GORRI BAT erosi zuen. |
Esaldi hori gaztelaniara itzuli beharko bagenu, ez genuke zalantza handirik egingo:
Mi padre compró UNA FALDA ROJA. |
Bi esaldi horietan, euskarazko eta gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko alderik nabariena ageri da: erran nahi baita, euskaraz, zerbait nabarmendu nahi badugu esaldian edo informazio berria eman nahi badugu, aditzaren aurretik jarri ohi dugu (goiko esaldian, GONA GORRI BAT) eta gaztelaniaz, aldiz, aditzaren atzetik (UNA FALDA ROJA)[1].
Kontuan izan behar dugu, hala ere, gaztelaniak erraz botatzen dituela elementuak aditzaren atzera, ez bakarrik nabarmendu nahi d(it)uena(k). Esate baterako:
Mi padre compró una falda roja para mi madre |
Esaldi horretan, bi elementu ditugu aditzaren atzetik: «una falda roja» eta «para mi madre». Zer elementu nabarmentzen du gaztelaniazko esaldi horrek? Bada, esaldi hori bakarrik hartzen badugu aintzat, bietako edozein. Nola jakin orduan zer nabarmentzen duen esaldi horrek (ezer nabarmentzen badu, noski, beste aukera bat ere posible baita: esaldi osoa izatea informazio berria eta, beraz, ezer ez egotea nabarmenduta). Zerbait nabarmenduta dagoen jakiteko eta, hala bada, bi elementu horietatik zein dagoen nabarmenduta jakiteko, testuingurua beharko genuke (eta aurreko diskurtsoa, eta idazleak eta irakurleak partekatzen duten informazioaren berri izan). Horrek bakarrik argituko digu auzia.
Gatozen orain berriki parean egokitu zaizkidan bi adibide ikustera.
1) Testuinguru pixka bat aurrena: Hamaika Telebista, adimen artifiziala baliatuz, azpidatziak eskaintzen hasi da berriki saio batzuetan. Horren berri emateko, euskarazko prentsa-ohar bat idatzi zen aurrena, eta gaztelaniara itzuli gero.
Honela zioen euskarazko testuak (izenburu nagusia eta bi lead-ak jaso ditut aurrena, —letra etzanean bi horiek— eta, ondoren, prentsa-oharraren hasiera):
Hamaika Telebistak azpidatziak jarri ditu martxan adimen artifiziala baliatuz Hamaika Telebista ahotsa azpidatzi moduan ematen hasi da bere web-orrian, Orai NLP Teknologiak langunearekin elkarlanean. Duela aste batzuk dago martxan: adimen artifiziala baliatuz, bideoetan esandako hitzak azpititulu bihurtuko dira hemendik aurrera www.hamaika.eus webgunean. Donostia, 2023ko otsailaren 28a. Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean. |
Azken esaldiari erreparatu nahi diot:
Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean. |
Hona hemen esaldi horrentzat emandako gaztelaniazko itzulpena:
Hoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika. |
Esan berri dugunaren arabera, gaztelaniazko itzulpen hori ez litzateke egokia izango, nahiz gramatikala izan. Euskaraz aditzaren aurretik nabarmendutako «gaur bertan» hori ezin dugu gaztelaniaz aditzaren aurretik eman, ez badugu irakurlea nahastu nahi behintzat. Honelako zerbait idatzi beharko genuke gaztelaniaz, euskarazkoaren pareko informazioa emateko:
El proyecto se ha presentado hoy mismo en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika. |
Hots, gaztelaniaz aditzaren atzetik eman beharko genuke euskaraz aditzaren aurretik eman duguna. Norbaitek esango du, beharbada, «Hoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia» esaldian «Hoy mismo» ere izan daitekeela elementu nabarmendua gaztelaniaz, ahoz egiten baititugu horrelakoak, intonazioa baliatuz:
HOY MISMO se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia. |
Bai, ahoz (euskaraz ere egiten ditzakegu antzeko jokoak). Baina idatzizko jardunaz ari gara hemen, idatziz ez baitugu intonaziorik edo ahotsaren modulaziorik. Beraz, gaztelaniaz zerbait nabarmendu nahi badugu idatziz, ez zaigu komeni aditzaren aurretik jartzea, gaizki-ulertu bat eragin baitezakegu, edo, gutxienez, irakurlea nahasi baitezakegu eta, beharbada, testuan atzera eta aurrera eginarazi. Izan ere, goiko esaldi hori irakurtzean, erraz ondorioztatu dezake edonork gaztelaniazko esaldian «(se ha presentado) el proyecto en el edificio PIA de Donostia» dela nabarmendu nahi dena, eta interpretazio hori ez litzateke egokia izango, gure testuingurua kontuan harturik.
2) Prentsa-ohar bereko bigarren adibidea orain:
EU (jatorrizkoa): Lehen urrats batean, Hamaikako albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko «Gurean Gaur» ataleko ekoizpenetan zehazki. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.
ES (itzulpena): En una primera fase, la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistas se mostrarán subtituladas, concretamente en las producciones de la sección «Gurean Gaur» de su página web. En cualquier caso, está previsto que el sistema se active también en los directos de la página web o de la televisión. En fases sucesivas, se ofrecerán subtítulos no solo en programas previamente grabados, sino también en más contenidos, y se incorporarán al euskera contenidos procedentes de otras lenguas.
Aurreko adibidearen arazo bera dugu hemen ere. Euskarazko lehenengo esaldia irakurrita, ulertzen dugu azpitituluak faseka txertatuko dituela Hamaikak eta, aurrena, albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuko dituela. Eta, aurrerago, eduki gehiagotan ere txertatuko dituela.
Gaztelaniazko itzulpena irakurriz, ordea, ez dugu gauza bera ulertzen. Lehenengo esaldiko informazioak adierazten digu albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuta agertuko direla aurrena (eta irakurleak, beraz, uler dezake beste moduren batean agertuko zaizkiola aurrerago; demagun, bikoiztuta). Ez da hori, baina euskarazkoak dioena. Honelako zerbait eman beharko genuke gaztelaniaz, bi hizkuntzetako informazioa parekatzeko:
En una primera fase, se mostrarán subtituladas la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistas…
Horrenbestez, komeni da kontuz antolatzea esaldi barruko elementuak euskaratik gaztelaniarako itzulpenetan.
Informazio bila?
Inork gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko informazio sakonagoa nahi badu, iturri oso gertuko bat gomendatuko nioke lehen-lehenik:
- Juan Garzia, Joskera lantegi (IVAP, 1997; bereziki, 2.5 atala: «Galdega/mintzagai… terminoak zehaztuz eta bereizkuntzak argituz»).
Informazio mamitsuz beteta dago liburua. Askotan esan izan diot neure buruari gaztelaniari buruz gehiago ikasi dudala liburu hori kontsultatuz berariaz gaztelaniaren gramatika lantzen duten beste liburu asko irakurriz baino.
Beste iturri saihetsezin bat RAEk eta espainolaren akademien elkarteak 2009an argitaratutako gramatika mardula da:
- Nueva gramática de la lengua española; zehazki, sintaxiari buruzko II. liburukiaren «Las funciones informativas» atala (2.963.-3.034. or.).
Honaino gaurko txangoa. Paseoaren ondoren, hamaiketakoa. On egin.
[1] Ohar garrantzitsu bat: idatzizko moldeaz ari gara hemen, ez ahozkoaz, euskaraz zein gaztelaniaz beste estrategia batzuk baliatzen baititugu ahoz. Horri buruzko azalpen zabalxeagoa dago aurrerago.
Guztiz ados azalpen guztiekin (eta eskerrik asko, Idoia, propagandarengatik), baina badut xehetasun (pare) bat lehenbiziko adibidearen haritik. Idatzian ere, badira kontu batzuk ordenaren gainetik-edo marka dezaketenak galdegaitasuna. Kontuok semantikoak izanik, berdintsu eragiten dute hizkuntza batean zein bestean. Adibidera etorrita, hortxe ageri dira, sintesi ezin estuagoan, kontu biak: a) “gaur”/”hoy” deiktikoa da, eta, beraz, joera markatua du foku-kontrasteak markatzeko; b) “bertan”/”mismo” aurreko elementu horren enfasia markatzekoak dira, eta, beraz, areagotu egiten dute (izugarri) galdegai/foku izateko joera. Horrekin ez dut esan nahi berdin diola non kokatzen den halako sintagma esaldian, baina bai posizio kanonikotik kanpo ere, idatzian ere, gaztelaniaz ere, fokutzat interpretatu ohi direla. Barkatu konplikazioa, baina ez da (kasu honetan) nirea, hizkuntzarena baizik.
Arrazoi osoa, Juan.
Eskerrik asko puntualizazioagatik.