Puntuazio markak itzuli behar dira?

Angel Erro

Erantzun laburrak baietz dio. Puntuazio markak itzuli behar dira (gaztelaniaz hasierako galdera ikurra gehitu, euskaraz kakotx sinpleak bikoitz bihurtu, edo guillemet, alemanezko aipu markak ere berdindu; azken hizkiaren eta puntuazio ikurraren artean frantsesez uzten den espazioa desagerrarazi edo gehitu, nondik nora ari zaren…).

Erantzun ez hain laburra ere baiezkoarekin hasten da, baina berehala sortzen zaizkio bainak. Berez, helburu hizkuntzako puntuazio sistema aplikatzea da jarraitu beharreko iparra, baina zer egin sorburu hizkuntzako idazleak puntuazio sistema pertsonala garatu omen duenean? Ez naizenez plano teorikoan luze irauteko gauza, nire esperientziara joko dut erantzun posibleren baten bila.

Munduko Poesia Kaierak bildumarako itzuli nuen Emily Dickinsonen gidoi luze eta maiuskulak itzulpenean ere gordetzearen tradiziora lerratu nintzen (haien bitartez, aditu batzuen ustea egiazkoa izatera, poetak adierazi nahi izandako zerbait, oso sotila, galaraziko nuelakoan bestela). Ez nago beti ados orduan hartutako erabakiarekin. Kontrako bidea hartzearen aldeko argudio onak ere bazeuden aukeran. Alde batetik, berezkoa zuen, bai, Dickinsonek, puntuazio bitxi hura, baina ez gaurdanik ikusita uste dugun bezainbeste: garaiko tradizio bat hartu eta gainerabili zuen.

Beste bi itzulpen berriagoetan puntuazio markak itzuli ala ez (eta nola) buruan ibiltzeko aukera izan dut. Uxue Apaolazaren ipuinak euskaratu ondoren, zuzentzailearen ohar batek zer pentsa txikia eman dit: “El traductor ha respetado la puntuación del texto original, y yo también la he mantenido, salvo en contadas ocasiones”. Apaolazak ez ditu Dickinsonen gidoi luzeak eta maiuskulak erabiltzen, baina puntuazioari ematen dion arreta zorrotzak seguruenik eraman nau besteetan baino estuago lotzera haren puntuazio ikurrei (Anjel Lertxundik 2008ko Arnasa galtzen izeneko zutabean erreparatu zion Apaolazak puntu eta koma ikurra erabiltzeko joera ez ohikoari).

Zer pentsa handiagoa eman dit beste kasu batek. Leire Bilbaoren Etxeko urak Aguas madres bihurtzean, egilearen erabakimenean gelditu zen azkenean poemetako batzuek falta duten puntuazioarekin zer egin gaztelaniaz. Esan gabe doa, jatorrizkoan ez dauden puntuazio markak gehitzeak interpretazio bat hobesten duela, balizko anbiguetateak baztertzen dituela (baina zer da bestela itzultzea?). Poesiaren generoan errespetu zaleago jokatu ohi du itzultzaileak, azken buruan ahalik eta elementu gutxienekin saiatu da (onenean) poeta ahalik eta gehiena adierazten. Hitz (edo ikur) bakoitza gogoeta luzearen (edo sen inspiratuaren) emaitza den heinean horrelakoak bere horretan mantentzearen alde egin nuen. Gaztelaniazko editoreak puntuazio markak paratzeko sentitu zuen bulkada edizio irizpide hutsa ala itzulpen osagabearen irudipena ote zen galdetu nion neure buruari.

Euskarazko poesian bada puntuazio ikurrak ez erabiltzearen halako joera bat, ia tradizioa esanen nuke, bertsolari txapelketako bertsoak transkribatzeko moduari ikasia, akaso, eta abangoardiako poesiaren hausturek indartua. Poetek berek ez dute zertan jakin zer den hala idazteko arrazoia, baina itzultzaileak erabaki beharko du modu batera ala bestera eman (jatorrizkoaren irakurleak sentitzen ez duen edo apaldu zaion estrainamenduaz zamatu ala libratu itzulpenaren irakurlea), edo poetari galdetu, bizirik egotera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude