Juan Kruz Igerabide Sarasola
Itzultzerakoan, sorburu-hizkuntzaren eta xede-hizkuntzaren tartean beste hirugarren (eta laugarren) bat sartzen denean, eskaileran behera estropezu egiteko aukerak biderkatu egiten dira. Halakoetan, tarteko hizkuntzen itzulpenak erkatuz zer edo zer bideratzen dira urratsak, eta ikusi ditugu gure artean emaitza txukun askoak; kontu ezaguna da hori.
Orain adieraziko dudan honetan, hala ere, ez ziren liburu-itzulpenak, baizik eta beste itzultzaile bat bitartekari. Esloveniara joateko zortea izan nuen, eskolaz eskola ibiltzera, eta niri laguntzen zebilen itzultzaileak, Barbara Pregelj andreak, Breda Smolnikar idazlea aurkeztu zidan, laurogeita urteko amona atsegina. Hau eta beste, lagun egin ginen, eta haren narrazio-lan nagusiaz mintzatu ginen: Han goian urkiak hostoberritzen direnean. Gaztelaniarako itzulpena egina zuen Barbarak, eta euskarara ekartzeko enbidoa bota zidan Barbarak, Bredaren aurrean. Halako amona maitagarriari nola esan ezetz. Gainera, istorioaren laburpena egin zidatenean, berehala harrapatu ninduen. Protagonista nagusia eta familia ezagutuak zituen Bredak, eta kontakizunean adierazi zituen sekretuek epaiketak eta guzti ekarri zizkioten. Urte luzeen ondoren, Bredari eman zioten arrazoi epaileek, eta nobelak bigarren bizialdi bat abiatu zuen.
Hogeigarren mendearen lehen erdian, emakume esloveniar bat Estatu Batuetara doa, eta han senar gaztearekin uxuala egiten hasten da, legez kanpo. Eta baita dirua egin ere. Ez dakit nola lortu zuten Capone eta enparauengandik aske jardutea hartan. Emakume hura oso artezki mugitzen, antza, ezkutuko salerosketan. Kontua da, alaba gaxtea izebekin utzirik, Esloveniara itzuli zirela senarraren amaren etxea jaraunstera. Eta Lehen Mundu Gerrak harrapatu hantxe, eta ezin itzuli. Orduan, emakumeak, salerosketan zeukan eskarmentua baliaturik, nekazaritzako produktuekin etekin handiko negozioak egin zituen; familia handitu, Bigarren Gerrak ere hantxe harrapatu, alemanengandik jendea salbatu… zer ez. Kalkutako Teresaren eta miss Tatcher-en arteko nahasturatik irtendako uxual hordigarria dirudi protagonistak.
Gaztelaniako itzulpena, lapitza eskuan, irakurri nuenean, aukera izan nuen Barbarari galdera mordo bat egiteko; eta apunte horiek guztiak esku artean nituela ekin nion eskaileran behera. Koskaren bat topatzen nuenean, aukera nuen berriro emailez galderak egin eta pasarte jakinen argibideak lortzeko.
Hasiera batean, zorrotz eutsi nahi izan nion gure arteko elkarrizketetan handik eta hemendik aztertua genuen estiloari. Hasieratik amaieraraino, punturik gabe eta puntu eta koma gutxirekin antolatua zegoen testua, dena segidan. Amaitu nuenean, arnasa falta zitzaidan, eta arnasa falta zitzaion testuari. Eta buelta berriro, argibide eske. Bredak testua idatzi zuenean, modan-edo zeuden halako esperimentuak. Kontua da, epaiketak zirela-eta liburua azkoz geroago zabaldu zelarik, egileak nolabait bere esperimentua lekuz kanpo geratu balitzaio bezala sentitzen zuela.
Orduan, baimena eskatu nion testua zenbait bloketan antolatzeko, eta zenbait puntu eta puntu eta koma gehitzeko. Eta berak eman, eta gaztelaniazko itzulpenerako ere bai. Tartean, argitaletxeko editoreak ere zer ikusia izan zuen aldaketa horretan, esanez berari ere itogarria egin zitzaiola irakurle gisa. Istorioak eta kontakizunak berehala harrapatzen dute irakurlea, baina gertaerak nondik nora doazen pista galtzeko arriskua gertatzen da testu hau komen bidez soilik antolatuta, denboraren hurrenkera eta atzera-aurrerak despistagarriak gertatzen direlako, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, eta, esan zutenez, jatorrizkoan ere hor nonbait.
Ez nuen halako aldaketarik egingo egilearen baimenik gabe, baina Bredak baietz, lasai antolatzeko testua, eta Barbaren bidez erakutsi nion nola egin genuen.
Bedeinkazio guztiak izanda ere, zimiko ttiki bat geratu zait barruan: ez dakit halakorik egin beharko genukeen, nahiz eta egilearen baimena izan. Ezagunak dira Carverri, adibidez, editoreak egindako aldaketak. Egile askori egiten dizkiete halakoak argitalpenak bideratzerakoan. Eta klasikoen itzulpenetan ere denetik ikusten da. Baina itzulpen kanonikoek eta serioek jatorrizko testuari ahalik eta gertuen atxikitzen zaizkio, nahiz eta ahalik eta gehien urrundu jatorrizko hizkuntzatik, xede-hizkuntzan sortua izatearen irudipena sorrarazteko asmoz. Alabaina, estilo-ezaugarri batzuk eraldatzeak, irakurleak irabazteko asmoz, jatorrizko idazlea galtzera garamatza beharbada.
Ez daukat epai argirik. Zalantzan geratzen naiz, per saecula saeculorum edo, eskaileran behera, estropezuka.