Claudia Torralba Rubinos
Arraroak izan dira azken egun eta asteak gurean. Duela gutxi joan zitzaigun amama –Asturiasen jaio eta euskara inoiz ikasi ez zuen euskalduna–, eta utzi didan gogoeta bat partekatu nahi dut zuekin, blog honetan egingo dudan lehen ekarpenean. Ez zen hori asmoa, baina tira, batzuetan gauzak espero ez ditugunean eta espero ez ditugun bezala iristen dira. Har ditzagun, bada, datozen bezala.
Amamak 90 urte zituen, eta zazpi biloba eta bi birbiloba euskaldun utzi ditu munduan. Asturiasko herrixka batean jaioa, Euskal Herrira gaztetan iritsi zen, baina hori ez zen oztopo izan euskaldun senti zedin. Beti esaten zuen: “a mí, cuando me preguntan si soy vasca o asturiana, yo siempre les digo que vasca, porque aunque yo no hable euskera, esta es la tierra de mis hijos y de mis nietos, y todos mis nietos lo hablan”. Harrotasunez, gainera.
Ziur nago zuetako askok ere jende edadetua daukazuela inguruan, eta nirekin identifikatuta sentituko zaretela esaten badizuet gutxienez hamar mila bider entzun niola hori esaten. Ohitu egin nintzen, eta batzuetan, irribarre egiten nion, ezer erantzun gabe. Egunero gauza bera entzuten duenaren etsipenarekin, beharbada. Egia esan, ez dakit inoiz inork galdetu ote zion asturiarra ala euskalduna zen, baina badakidana da berak oso presente izan zuela amaierara arte.
Gure gurasoak ez ditut aipatu, beste garai batean hazi eta hezi zituztelako. Frankismo-garaian eta ondoren borrokatutako euskaldunak dira guztiak, nahiz eta borroka hori batzuek euskaraz eta beste batzuek gaztelaniaz egin zuten. Edonola ere, beren kontzientzia soziolinguistikoa beti egon da islatuta guri eman diguten hezkuntzan eta hizkuntzan. Izan ere, ez al da benetan opari bat norberak hitz egiten ez duen hizkuntza bat ematea seme-alabei eta bilobei? Norberak ikasteko aukerarik izan gabe, aukera hori hurrengo belaunaldiari ematea?
Amama joan eta gero, pentsatzen aritu naiz, eta uste dut euskararekiko dugun zaletasuna, maitasuna eta atxikimendua ez direla ezerezetik sortu. Euskaraz ez zekien emakume horrek hileta elebiduna izan zuen, eta bilobak euskaraz zuzendu zitzaizkion azken agurrean, berari gustatzen zitzaion bezala. Izan ere, ez ulertzea ez zen inoiz izan gu euskaraz hitz egitera animatzeko oztopo. Eta ez bakarrik animatu, ez. Aktiboki parte hartu. Isilik, baina beti presente euskarazko ekitaldi, bertso-saio, jaialdi eta gainerako ekintza guztietan. Beti isilik, baina beti proaktibo.
Opari bat egin diguzu, amama. Zuk eta herri guztietan dauden beste ehunka eta milaka amamek. Emakumeak eta gizonak, zaharrak eta gazteak, lehengoak eta oraingoak, bertakoak eta kanpokoak. Zenbat jende euskara transmititzen, askotan norberak oso ondo hitz egin gabe ere. Edo hitz bakar bat ulertu gabe. Zenbat jende.
Guri, gazteoi, eginda eman diguzue lan hori. Badirudi euskara beti egon dela hor, berezkoa den eskubide bat dela. Eta askotan ez dugu tarte bat hartzen euskararen inguruan gogoeta egiteko. Guretzat arnastea bezain naturala den hori lortzeko, zenbat kolpe literal eta metaforiko jaso zituzten gure aurrekoek. Baina dena ez dago eginda, oraindik ere bide luzea daukagu urratzeke. Guk ere badugu zer esan eta zer egin gure hizkuntzaren bilakaeran.
Eman diezaiogun euskarari behar eta merezi duen tokia. Bestelako hizkuntzak mespretxatu gabe, ez dezagun ahaztu gurea zein den. Eta erabil dezagun, ahal bezain beste, ahal bezain ondo. Eta ondo ez bada ere, ondo egongo da. Ez dagoelako hizkuntza lotsagatik ez erabiltzea baino oker handiagorik.
Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Hori esaten dute behintzat. Baina ez da iraganeko edo etorkizuneko kontua. Ezta estatistika edo neurketa kontua ere. Orainean dago gakoa, orain hartzen ditugun erabakietan, egunerokoan. Etxean, kalean, eskolan, unibertsitatean, metroan eta supermerkatuan. Osasun-zentroan, abokatuaren bulegoan, tabernan eta autobusean. Amarekin, aitarekin, lagunekin, ezagunekin eta ezezagunekin. Hemengoekin eta beste toki batzuetan jaiotakoekin.
Jarrai dezagun euskaratik eta euskararentzat lanean, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Har dezagun guri dagokigunaren gaineko ardura. Aurrekoak, apurka-apurka, atseden hartzera joaten ari dira. Baina lana utzi digute, eta guk gogotsu heldu behar diogu, egindako esfortzuak ez daitezen ahaztu. Gureak ez ditzagun ahaztu.
Zuretzat, amama, eta zuk bezala, euskaraz hitz egiten ez duten euskaldun guztientzat.
Benetan ederra, Claudia. Besarkada bat.
Mila esker, Claudia. Zure gogoetak nire amona ekarri dit gogora, duela hilabete gutxi utzi gintuen. Gazterik joan zen Zamoratik Euskal Herrira. Txikia nintzela, euskarazko hitz eta esaldiak iraskasten nizkion, tira, ahalegintzen nintzen. Gogoan dut asko gustuko zuela.