Nil igitur mors est (I)

Xabier Olarra

Joan den abenduaren 28an Jon Miranderen heriotzaren 50. urteurrena bete zen. Haren poema esanguratsuenetako bat da, hain zuzen ere, goian dagoen izenburua duena. Haren heriotzatik hamar bat urtera hasi nintzen haren poemen bilduma bat prestatzen, 1984an argia ikusi zuena, Ene jainko-eidol zaharra, Lur izenburuarekin.

Nil Igitur mors est poemaren izenburua Lukrezioren De Rerum Natura, III, 830etik hartua da, non laburbiltzen baitu poeta latindarrak heriotzari buruz Epikuro filosofoak erakusten zuena, esaldi honetan:

Nil igitur mors est ad nos neque pertinet hilum
quandoquidem natura animi mortalis habetur.

Heriotza ez da, beraz, ezer eta ez dagokigu ezertan,
arimaren izaera hilkorra dela uste baitugu[1].

Epikuroren arrazoibidea honako hau zen, Markos Zapiainek Gauzen izaeraz liburuaren kritikan laburbiltzen digunaren arabera:

“Hortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira; eta, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratu. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu[2]”.

Beldurrak eta larritasunak, beraz, ez du zentzurik. Eta Lukreziok, ideia horri are oinarri sendoagoa eman nahian, argi eta garbi adierazten zuen arima hilkorra zela, eta, beraz, ez zela existitzen, ez greziarrek sinesten zuten Hadesik, ez erromatarrek sinesten zituzten azpimunduko Akeronte ibairik ez arimak beste mundura eramaten zituen Karonte txaluparirik.

Hala ere, arrazoibideak arrazoibide, bistan da heriotzari diogun beldurra ez dela inola ere desagertu. Baina badirudi Mirandek Lukrezioren edo Epikuroren ikuspegia bereganatua zuela, bizi zelarik honelakoak idatzi baitzituen bere poemetan:

ERESI
Aineza gal bizia goiz batez…
Ainendi hil gazterikan, nihaur…

Badirudi bere heriotzaz frogatu zuela bereganatua zuela Epikuroren filosofia.

Lukrezioren poemak gutxi gorabehera 15 mende eman zituen “galduta” harik eta Poggio Bracciolini eskribauak Alemaniako monasterio batean aurkitu zuen arte. De Rerum Natura poema luzean agertzen den mundu-ikuskerak Errenazimendutik aurrera literaturan eta artearen hainbat adarretan izan duen garrantziaz gehiago jakin nahi duenak jo beza Stephen Greenblatt The Swerve: How the World Became Modern saiakerara.

Baina orain arimaren hilkortasun/hilezkortasunaren kontuari helduko diogu, eta ikus dezagun nola eman zuen gaztelaniaz, XIX. mendean, José Marchena abateak[3]:

La muerte nada es, ni nos importa,
Puesto que es de mortal naturaleza[4]:

Aurreko bertsoetan arimaz ari baita, ulertu beharra dago arima dela hilkortzat jotzen dena, Amurizaren (eta egin diren itzulpen ia guztietan) garbi dagoen bezala. Hala ere, kontuz ibili beharra dago, honelakoren bat ere aurki baitaiteke: “Nada es la muerte y nada nos importa desde que se considera inmortal la naturaleza del alma” (De la naturaleza de las cosas, Lukrezio, Carola Tognettiren itzulpena, Greenbooks editore, 2021). Ez dakigu nondik nora agertu den Lukrezioren eta Epikuroren dotrina osoa hankazgoratzen duen itzulpen hori, baina badirudi ez duela balio daukan prezioa (0,94 €) ere (dohainik ere eskura daiteke).

José Marchenari buruz Menéndez y Pelayok idatzitako liburuan ederki egurtzen bazuen ere idazlea bera, franko goresten zituen haren itzulpen batzuk, Molièreren bi komediarenak, esate baterao. Bistan da ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula  Lukrezioren liburu osoa endekasilabo zurietan ematea. Oraindik ere haren bertsioa  argitaratzen eta erabiltzen dute Venezuela bolibarzalean, nahiz eta Espainian egin diren itzulpen egokiagoak, are edukiaz gain (Marchenak bezala) neurria eta erritmoa ere ekarri dutenak, hala nola García Calvorena, edo hitz-lauz, berriz, besteak beste, Eduard Valentí i Fiolena. Azken hori famatzen du Jordi Fibla[5] itzultzaile laureatuak. Hala ere ez du gaitzesten José Marchenarena eta garbi dio itzulpen hori irakurtzea merezi duela: «En definitiva, a la pregunta de si vale la pena leer la traducción del poema de Lucrecio que hizo José Marchena en su juventud, respondo que sí, y lo mismo digo de la obra que Menéndez Pelayo, en sus antípodas ideológicas, escribió sobre él».

Ikusten dugu De rerum natura gaztelaniaz bietara irakurtzeko aukera dugula. Euskaraz, oraingoz, hitz lauz bakarrik daukagu. Klasikoak bilduman agertu zenez (Testu filosofikoen bilduma), logikoa ere bada, nolabait. Baina ez da ahaztu behar Lukreziorena poema luze bat dela (5.000 bertsotik gora). Uste dut Amurizak, pixka bat saiatuz gero, hitz neurtuz ere eman zezakeela.

Horrela, Markos Zapiainek Lukreziori buruz dioskunez:

Eta zergatik erabili ote zuen Lukreziok poesia, Epikuroren doktrina Memmio eskaintza-hartzaileari eta oro har edozein irakurleri helarazteko? Liburuan bertan dioenez, medikuak sendabelar eta botika mingotsa eztiz nahasten duen bezala, umeak har dezan, halaxe eman digu Lukreziok Epikuroren doktrina filosofiko lehorra poesiaren eztiaz adierazia, Memmioren eta gainerako irakurleon burmuinera atseginez igaroaraztearren.

Klasikoen estimazioa garaiotan hain urria den arren, ea hitz lauzko itzultzaileak berak hartzen duen poema bikain hau modu irensgarriagoan ekartzeko nekea. Lanaren erdia-edo egina dauka.

Honek guztiak, dena dela, beste kontu bat jartzen digu hausnarketarako: Nola itzuli behar dira hitz neurtuz eta lege jakin batzuen arabera sortuak diren poemak, hitz lauz ala hitz neurtuz?  Baina hori, jakina, saiakera oso baterako gaia da, eta hurrengo baterako utziko dut.


[1] Gauzen izaeraz, Lukrezio, Xabier Amurizaren itzulpena, Klasikoak S.A., Bilbo, 2001.

[2] https://kritikak.armiarma.eus/?p=620

[3]  Elizgizona izan gabe abate izengoitia zuen idazle eta itzultzaile interesgarri honi buruz, ikus https://eu.wikipedia.org/wiki/Jos%C3%A9_Marchena

[4] https://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/de-la-naturaleza-de-las-cosas-poema-en-seis-cantos–0/html/ff0be64e-82b1-11df-acc7-002185ce6064_3.html#I_0_

http://www.traduccionliteraria.org/1611/art/montes.htm

[5] https://vasoscomunicantes.ace-traductores.org/2022/02/25/vale-la-pena-leer-la-traduccion-de-marchena-jordi-fibla/