Hastapenak

Maitane Uriarte Atxikallende

Etxean sarritan esan izan didate gure ibilbide profesionalean zehar ez ditugula gure hastapenak inoiz ahaztu behar. Lanbidean umiltasuna inoiz ez galtzeko modua zela uste nuen nik, baina denborarekin ulertu dut oroitzapen horiek eguneroko lanaren magia ikusten laguntzen didatela nire ametsetako lanbide honetan.

2010eko maiatzean sartu nintzen lehen aldiz interpretazio-kabina batean. EHUko Letren Fakultateko kabinetako batean izan nuen lehenengo kontaktua nire egungo lanbidearekin, ate irekien jardunaldi batean. Ez dizuet gezurrik esango: magia ez zen kabinara sartze hutsarekin jaio. Kabinako aulkian eseri, kontsolako botoi guztiak ukitu eta mikroa ondo jarri ostean nire ahotik atera zen galderarekin hasi zen nire historia: “Interneteko hitzaldiren bat jartzerik izango al zenukete?”. Ez dakit nondik atera nuen galdera hura egiteko ausardia eta are gutxiago Angela Merkelen hitzaldi bat interpretatzekoa… Kontua da zerbaitetarako behintzat balio izan zuela, hitzaldi hura interpretatzean sentitutako adrenalinak eta gogobetetasunak markatu baitzuten nire bidearen hasiera.

Hamahiru urte igaro dira Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua hasi nuenetik eta oraindik gogoan ditut Gasteizko abenturak, ostegunetakoak barne. Unibertsitate garaia ez omen da inoiz ahazten… eta irakasteaz gain ilusioz bete eta bultzada eman ziguten irakasleak ere ez. Hain zuzen ere, irakasten duenarekiko pasioa transmititzen dakien, lanbidearen alde on zein txarrez hitz egitera ausartzen den eta noizbehinka gupidarik gabe zuzentzen gaituen irakaslea da gerora beti gogoratzen duguna. Bere garaian ez ginen konturatzen baina irakasle batzuen zorroztasunaren atzean etorkizuneko profesionalak prestatzeko erantzukizuna zegoen. Euskal interpretazioaren etorkizuna behar bezala bermatzeko arduraren pisua zeramaten sorbalda gainean, guk momentuan bertan ikusten jakin ez arren.

Unibertsitate “ofiziala” hasiera baino ez zela eta benetako ikasketak “kaleko unibertsitatean” egingo nituela ere esaten zidaten etxean. Zorionez, unibertsitatean interprete profesionalak izan genituen irakasle eta haiei esker nabarmen aurreratu genituen kaleko unibertsitatean egin beharreko ikasketak. Gradua bukatu ostean ere trebatzen jarraitzera animatu gintuzten, zuzenean lehoietara jaurti eta enkargu errealak onartzera animatu ordez:  haiekin kabina mutua egitera joan, gure kabuz praktikatzen eta gure burua ebaluatzen jarraitu, masterren bat egin… Bere garaian gureganako konfiantza falta zela pentsatuko genuen agian, baina beste behin, etorkizuneko interprete profesionalak behar bezala prestatzeko erantzukizuna zegoen guzti haren atzean, hots, haien etorkizuneko kabinakideak ondo prestatzekoa. Denborarekin, pazientziaz eta gogor lan eginda iritsi naiz nire irakasle izandako haien kabinakide izatera eta niri ere tokatu izan zait etorkizuneko interpreteak prestatzeko ardura hartzea. Tira, ardura baino gehiago, ohorea izan da. Izan ere, nire ustez ez dago zirkulua nolabait ixteko modu politagorik.

Denborarekin gailentzen dira irakasle fin haiek etorkizuneko interpretazio profesionalari egindako ekarpena eta gugan utzitako marka. Nire ustez, marka hori ez ahaztean datza lanbide ororen magia, interpretazio-lanaren egunerokotasunean zein enkargurik berezienetan ez baitago atzera begiratu eta gure hastapenak gogoratzeak emandakoa baino bultzada handiagorik, lanbidearekiko ilusioa eta umiltasuna inoiz ez galtzeko eta, beharbada, gu geu ere etorkizuneko interprete profesionalak prestatzera animatzeko.

Lanbide zoragarri hau zintzotasunez eta pazientziaz irakatsi zenidaten irakasle eta lankide guztiei eskainia.