Karlomagnoren siesta

Santi Leoné

Urtea hondarreko egunetara ailegatzearekin, normala izaten da urteko liburu, film, abesti edo komiki hoberenen zerrendak han-hemenka argitaratzea. Nik ere 2022an irakurria gisa libreta batean apuntatutakoari errepasoa eman diot: trankil, ez zaituztet nire lan gogokoenen listarekin zigortuko; bai, ordea, errenkada –nahi nukeenaren aldean motzegi– horretarik bat aipatuko. Eginhardoren Vita Karoli Magni (Karlomagnoren bizitza) irakurri dut joan den 2022an, IX. mendean idatzitako enperadore frankoaren biografia.

            Oraindik nire baitan noizbait izan nintzen historialariaren arrastoren bat gelditzen delako da naski, baina testua arrunt interesgarria iduritu zait. Karlomagno gizaki gisa ezagutzen lagundu dit testuak: janean eta edanean neurritsua zen, baina edanean are neurritsiagoa (“in cibo et potu temperans, sed in potu temperantior”); udan, gustuko zuen fruta jatea bazkaldu ondotik (“aestate post cibum meridianum pomorum aliquid sumens”); eta siesta ere egiten zuen, lo kuluxkarik ez, bi edo hiru orduko siesta, arropa eta oinetakoak erantzita (“depositis vestibus et calciamentis, velut noctu solitus erat, duabus aut tribus horis quiescebat”). XXIV. atalak Karlomagnoren alde intimoa erakusten digun bezala, XXIX.ak, berriz, frankoen hizkuntzaz izan zuen interesaren berri ematen digu: hilabeteei izena eman zien frankoen hizkuntzan (“mensibus etiam iuxta propriam linguam vocabula inposuit”), eta frankoen antzinako kanta epikoak bilarazi zituen, bilduma haiek galdu badira ere.

            Etorri den urte berri honetarako, segur aski beteko ditudan asmo onekin batera –hala nola gimnasiora inolaz ere ez joatea edo Irulegiko oroigarririk ez erostea– baditut badaezpadako bertzelako asmo batzuk ere, pizgarriagoak direnak baina, aldi berean, betetzen zailagoak. Bertzeak bertze, Greziako eta Erromako klasikoak irakurtzen segitzea. Behin-behineko zerrenda ttiki bat egina dut: Suetonioren Hamabi zesarren bizitzak, Historia augusta, Tazitoren Germania, Longoren Daphnis eta Kloe. Zerrenda luzexeagoa da, baina bego horrela. Austral argitaletxeko edizioan irakurri gogo dut Suetonio; Cátedrakoan, Historia augusta; Daphnis eta Kloe, Gredosekoan, eta Tazitorena ingelesez, Penguineko itzulpenean, Gredosekoa ere iaz irakurri bai baina ez baininduen batere konbentzitu.

            Kontua da, gaurgero irakurle bizkorren bat ohartu izanen den bezala, bakar bat ere ez dudala euskaraz irakurriko. Tira, aipatu ez dudan bat izan ezik: Egeriaren Ibilbidea.

            Egeria euskaraz irakurriko dut Xabier Monasterioren lan editorialari eta Maite Lopez Las Herasen itzulpenari esker –esker mila anitz, jaso ezazue nire txalorik beroena–, baina hortik kanpo –Lopez Las Herasek Balea Zurian egindako bertze itzulpen batzuk eta Euskal Herriko Unibertsitateko Klasikoak bilduman dauden aleak kenduta– euskal irakurlearendako basamortua hasten da antzinako klasikoen eremuan. Bai, itzulpenak badira han eta hemen barreiatuak, baina erreferentziako bilduma bat eskas dugu. Aski adierazgarria da Egeriaren itzulpena eginahal indibidualaren ondorio izatea, argitaletxe handi edo ertain baten lanaren emaitza izan beharrean.

            Halere, argitaletxeek duten ardura dutela, hemen Karlomagnok bezala, gure hizkuntza aberasteko interesa duten erakundeak dira, bistan dena, falta duguna. Gure ikasle gazteek eta gure irakurle helduek Greziako eta Erromako klasikoak euskaraz jasotzeko ez dakit eskubidea baina bai premia badutela onartu eta, horren ondorioz, plan bat martxan paratzeko eta finantzatzeko prest dauden erakundeak. Urtez urte hainbat titulu on itzularazteko eta prezio arrazoizko edizioetan kaleratzeko konpromisoa hartu nahi luketen erakundeak. Utopia ote? Parentesi arteko goitiko aipuen despit, Eginhardo ez nuen latinez irakurri, alemanez baizik, Reclam argitaletxeak egindako edizio elebidunean. Gibeleko aldean paratzen du prezioa: 3,80 €. Horretarako, jakina, XXIV. ataletik XXIX.eraino ailegatu behar da; hau da, kulturaren siesta alde batera utzi eta lanean hasi.

            Nolanahi ere, euskal telebista –erran nahi baita, teorian jende frankok ikusiko lukeen zerbait– hondatu nahian dabiltzanengandik ezin espero lau txorok irakurri nahi lituzketen testu zahar xelebreak euskarara ekarri nahi izatea. Zeren hemen, sorionekuak izateko, aski dugu gure antzinakotasunaren fetitxismoa, bertzelako antzinakotasunik bilatu gabe.

NOTA BENE: Nik ez dakit latinez, baina edizio elebidunen aldekoa naiz, ahal delarik. Latinez dakienak jatorrizko testua ere irakurri ahal izateko, eta jakin ez baina itxurakerietan ibili nahi duenak jatorrizko testua bere artikuluetan aipatu ahal izateko.