Idatzia du/da, idatzita du/da edo idatzirik du/da?

Alfontso Mujika

Euskara ikasten hasi nintzenean, inork ez zidan gai hori aipatu edo argitu. EGLU I argitaratu zenean, 1991n, ikusi nuen izenburuko hiru moldeak ontzat-edo ematen zirela:

EGLU I (1991)
4.2.1.4. Partizipioa eta adjetiboa

Ikusia, erabilia, entzuna eta horien tankerako formak (-a-dunak) ekialde eta mendebalean erabiltzen dira. Ikusita, eginda eta horrelakoen erabilera, berriz, mugatuagoa da euskalki batzuetara.
Sintaxiaz ere, badirudi hiztunak bereizketa hauek egiten dituela:

1. Predikatu osagarria denean:
(545) (a) Atea irekia da(go)
(b) Atea irekirik da(go)
(e) Atea irekita da(go)

1997an, EGLU II argitaratu zen; han adierazitakoak bat zetozen EGLU Iekin, eta xeheago landuta zegoen gaia:

EGLU II (1997)
15.10. PARTIZIPIOAREKIN OSATURIKO PERIFRASIAK

15.10.1. -a(k) + Izan/egon

15.10.2. -IK + izan/egon

(476. or.) Esan behar da, forma horiek denak direla erabiliak euskaraz, baina -ik + izan aukera, esate baterako, Zuberoan erabiltzen dela eta hori bakarra erabiltzen dela gainera. Beste aukera, -ik + egon alegia, nafar-lapurteraz eta mendebaleko euskara idatzi landuan maizago ageri da.
 
15.10.3. -TA + Izan/egon
Mendebalean erabiltzen dira aukera hauek. Gainera, -ta + izan aukera oso gutxi erabilia da eta gipuzkeraz bakarrik.
 
15.10.4. -a(k) + ukan/eduki

15.10.5. -ik + ukan/eduki

15.10.6. -TA +ukan/eduki

Hemen ere bi perifrasi ditugu: eduki aditzarekin osaturiko perifrasia hegoaldekoa dugu, bai bizkaieraz bai gipuzkeraz erabiltzen dena; ez, ordea, ekialdean. ukan aditzarekin osaturikoa, berriz, batez ere gipuzkeraz erabiltzen da.
Hona hemen adibide batzu:

a. jantziak dagoeneko zintzilika jarrita ditu
b. semeak honezkero etxera etorrita dituzu
c. San Bartolometako arbiak ereinda zituzten auzoan
d. zuek etortzerako mahaia jarrita izango zuten, noski
e. “Eta ni zoratuta eta gogait eginda naukate” (Emiliano, Euskal musikalari bikaiñak, Itxaropena, 1967, 159‑60. orr.)
f. Unibertsitateko ikasketak bukatuta dauzkat
g. Donostiako San Sebastian jaiak ikusita al zeneuzkan?

Urte hartan berean argitaratu zuen IVAPek Juan Garziaren Joskera lantegi estilo-liburua (euskal itzultzaileok, noizbait, “klasiko” izendatu beharko dugun liburua). Han, maisu Juanen luma zorrotzak zehazki zedarritu zuen EGLUk hesirik gabe utzia zuen eremua. 572. eta 573. orrialdeetan heldu zion gaiari, eta, besteak beste, honela idatzi zuen:

Joskera lantegi (1997)
-IK atzizkidun partizipioa eta atzizki bera hartzen duten adjektibo/izenek ez dute onartzen (oraingo askoren ustearen kontra) izan/ukanik:
            Asperturik geunden, zeneuzkan [eta ez “ginen, zenituen”]
            Tristerik (prestik, pozik, zutik…) dago, daukagu [eta ez “da, dugu”]

Jakina, -IK batuago horren kide lokalista baina hain faboratuak ere (-TA) joko bera eskatzen du, eta asmakeria bitxiak baino ez dira honelako konbinaketak:
            Galduta zinen / Ikusita genuen / Zapalduta gaituzte…

Orduan hasi nintzen ni bereizketa horiek kontuan hartzen, jada aski urruti gelditu zaigun XX. mendearen hondarrean.

2011n, Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzuak Patxi Petrirenaren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak estilo-liburu txit erabilgarria argitaratu zuen. Joskera lantegikaurreratutako arrasto berean, honela dio:

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (2011)
9.3.7 Partizipioa predikatu-osagarrian

Lotura-aditza izan edo ukan denean, ezin da -ta/-rik aukera egin (okerrak dira 1.140b eta 1.141b); aukera horrek egon edo eduki aditza erabiltzea eskatzen du (1.140c, 1.141c).

(1.140) a. Nekatua naiz.
b. *Nekaturik/nekatuta naiz.
c. Nekatua/nekatuta/nekaturik nago.
(1.141) a. Film hori ikusia dut.
b. *Film hori ikusita dut.
c. Film hori ikusia/ikusita/ikusirik daukat.

Laburbilduz: izan eta ukan aditzekin -a(k) bakarrik erabiltzen da, eta egon eta eduki aditzekin, berriz, -a(k) nahiz ‑(r)ik/-ta.

Urte berean argitaratu zuen Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak EGLU VII liburua. Eta liburu horrek 20 urte lehenago EGLU Iek zabal-zabalik utzia zuen bidea ondo asko mehartu zuen, Joskera lantegi eta Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak obrekin bat eginik:

EGLU VII (2011)
5.1.2. -TUA(K)
Hori horrela, argi samar ageri da ez dagoela urrun artikuluaren erabilera hori –TUTA/–TURIK atzizkien erabileratik.
Jakina, atzizkiok ez dira bateragarri (oro har, zubereraz eta beste hizkera bakanen batean izan ezik) izan/ukan lotura‑aditzekin:
(90) *Ahantzirik/ahaztuta dira/ditugu.

(91) Ahantzirik/ahaztuta daude/dauzkagu.
(92) Ahantziak dira/ditugu.

Deigarria da izarñoa erabili izana (*), oso adierazpen biribila delako, adierazten baitu euskararen gramatikaren kontrakoa dela. Ez dugu ahaztu behar EGLU gramatika deskribatzailea dela, ez arauemailea. Alegia, ez da gauza bera estilo-liburu batean ―halakoa da, adibidez, Patxi Petrirenaren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburua― estilo-hobespen bat egitea eta, horren ondorioz, aukera bat okertzat jotzea, eta beste bat, oso desberdina, hizkuntza-akademiaren gramatika deskribatzaileak aukera hori gramatikaz kanpokotzat jotzea. EGLU VIIn bertan, honela adierazita dago izarño horren esanahia:

*        Zeinu hau daraman adibidea ez da gramatikala.

Eta ohargarria da, halaber, EGLUk bere burua zuzentzen duelako, txartzat jotzen baitu urte batzuk lehenago, EGLU I eta EGLU II lanetan, ontzat eman zuena.

Dena dela, EGLU VIIn berean ikus dezakegu EGLU VIIk berak agramatikaltzat jotzen duen erabilera hori (!!):

EGLU VII
(238. or.)
Aipatu behar da, badirela –TUZ GERO erabiltzen denean debekaturik ditugun aspektu-balioak ere:

(206. or.)
[…]; alegia, –TUZ GERO duten baldintzazkoekin ekintza burutuaren irakurketa debekaturik dugu.

(271. or.)
Bestetik, baditugu perpaus nagusian lokailu aurkaritzako bat txertatuta duten kasuak ere: hargatik, ordea, eta abar.

(304. or.)
Alegia, burua altxatuta duena ez da perpaus nagusiko subjektua.

Azkenik, EGLU VIIk zabaldutako bide horri, izarño eta guzti, eutsi dio Euskararen Gramatika obrak, Euskaltzaindiak 2021ean argitaratua (Aditza (ii): atribuzioa eta predikazioa kapituluko 24.3.3.1b atala, 954. or., eta Moduzko perpausak kapituluko 40.8 b atala, 1.826. or.):

(…) Atributua partizipioz osatua bada, espero bezala, artikulua eramaten du beti: Liburu hori oso ondo idatzia da; Arau horiek ondo pentsatuak dira; *Nekatuta/nekaturik naiz5.

5 Zubereraz azken adibide honen ereduko lekukotasunak badira, baina egungo hizkera estandarrean izan aditzarekin –tua motakoak erabiltzen dira. Berdin gertatzen da ukan aditzarekin ere: Liburu hori irakurria dut; *Liburu hori irakurrita dut. –tuta eta –turik daramatenak atributu gisa erabiltzeko egon eta eduki aditzetara jo behar da: Nekaturik nago; Liburu hori irakurrita daukat. Jakina, azken bi aditzok ere onartzen dituzte –tua motako atributuak: Nekatua nago; Liburu hori irakurria daukat.

tuta eta –turik atzizkiak ez dira bateragarri (oro har, zubereraz eta beste hizkera bakanen batean izan ezik) izan/ukan lotura aditzekin: *ahantzirik/*ahaztuta dira/ditugu.

Baina, hara!, Euskararen Gramatikak gaitzetsitako egitura hori obra horretan bertan erabili da, eta ez behin edo bitan: atxikita duela (1.476. or.), atxikita duela (1.481. or.), erantsita duela (1.430. or.), isilduta dutenak (1.679. or.); debekaturik ditugun (1.550. or.), errepikaturik duten (307. or.), isildurik duela (629. or.), isildurik duten (1.295. or.), juntaturik dituzten (1.161. or.), kokaturik dugu (2.015. or.), modifikaturik duten (1.861. or.), pilaturik dituzten (1.329. or.).

Luze jo du, baina hor amaitzen da kontu horren historia. Eta beharrezkoa da historia hori begien bistan izatea gaur egungo errealitatearekin alderatu ahal izateko.

Orain hasten da interesgarriena: nola ezkontzen da Euskararen Gramatikaren arabera egitura horiek gramatikalak ez direlako baieztapena erabilera (zaindu) errealarekin?

Jo dezagun orain Euskaltzaindiaren Hiztegira:

Euskaltzaindiaren Hiztegia
-TA UKAN (29 agerraldi, adibideetan zein definizioetan)
Forma hauek guztiak ageri dira[1]: urratuta zituen, belztuta zituen, esleituta duen, gordeta dugun, pilatuta zituen, gordeta zituen, gorrixkatuta dituzte, ezarrita dituen, irabazita zuen, estalita dituen, katigatuta zituztela, iragarrita du, irarrita duen, koskortuta dituzte, lokaztuta dituzte, estalita zituzten, minduta du, helduta duen, sartuta ditut, hautsita zuen; amaituta izatea, erreta izaten dutenean, ordainduta izango dituzue, koskatuta izaten du, giltzapetuta izan zuen, eginda izaten zituen, babestuta izateko, beteta izaten zituen, ahulduta izaten dituzte.

-(R)IK UKAN (55 agerraldi, adibideetan zein definizioetan)
Forma hauek guztiak ageri dira[2]: banaturik dituen, sarturik duen, bat eginik dituena, bat eginik duena, mindurik dituen, tolesturik dituenean, egituraturik dituena, banaturik duena, erantsirik duena, nahasirik zituena, atrofiaturik dute, atzendurik zuen, bereizirik dituena (2 aldiz), pizturik duzu, bildurik duen, bizarturik ditu, bereizirik duena, josirik duten, estuturik zuen, beterik duzula, beterik zuen, giltzapeturik zutela, beterik zituen, estalirik dute, handiturik zituela, gorderik duten, hesiturik duten, ahuldurik duena, tartekaturik dituen, antolaturik dituena, ikazturik duen, erroturik ditugu, biltegiraturik duen, markaturik dituen, elkarturik dituena, egituraturik dituena, landaturik dituen, nahasirik dituena, estalirik zituen, loturik zituelako, marrazturik duen, jantzirik dituena, tenkaturik dituen, erroturik ditugunez, loturik duen, biltegiraturik duen, nahasirik duena, biribildurik dituena, txertaturik dituena, ezarririk dituen, jantzirik duena, irarririk duen, tenkaturik dituen; setiaturik izan zuten.

Bestalde, -TA IZAN eta -(R)IK IZAN moldeko 4 agerraldi behintzat badira[3]: eserita ziren, ukanik naiz; beteta izaten ziren, loturik izaten den.

Bizpahiru agerraldi izan balira, irristadatxo bat zela pentsa zitekeen, baina 88 agerraldi izanda eta jakinda zer erredaktore-talde prestu eta goi-mailakoa duen hiztegi horrek eta zenbat begik ikusten duten argitaratu aurretik, zer pentsatu behar dugu?

Benetan esan daiteke -(R)IK UKAN ez dela gramatikala?

Hor dut nik lehenengo zalantza. Nola ezkontzen da gramatika deskribatzaile batek esatea, batetik, “Jakina, atzizkiok ez dira bateragarri (oro har, zubereraz eta beste hizkera bakanen batean izan ezik) izan/ukan lotura‑aditzekin”, eta, bestetik, “*Ahantzirik ditugu” gramatikaltzat ez jotzea? Hizkera batzuetan behintzat, gramatikala da, zalantzarik gabe. Hortik aurrera, hizkera horietatik kanpo ez erabiltzeko gomendioa ematea uler daiteke, baina gramatikaltasuna ukatzea?

Azter dezagun Orotariko Euskal Hiztegia obran zenbateraino den erabilera hori “zubererarena eta beste hizkera bakanen batena”:

Orotariko Euskal Hiztegia (-[r]ik UKAN)
izan (Con part. + -(r)ik). Tr. Documentado principalmente en autores suletinos. Superior baten manuaren azpian humilki iarririk baizen. SP Imit I 9, 1. Jinkuaren argiaz argitürik direnek. Mst III 58, 6. Lürra estalirik da. Mercy 14. Berarentzat gizon güziak hilik ziradiala. Egiat 218. Renautek trunpeta eragin / jarririk delarik. “Renaud, assis, […]”. Xarlem 365. Gaxua jarririk niz ihun lurrik gabe. Etch 126. Han gorderik dira hontarzunak / eztakit zoin lekutan. Arch Fab 171. Ikharatürik girate. UskLiB 216. Sakramentü hartan gorderik denian. CatS 73. Bazka bustirik bada utzi behar da idor artio. Ip Dial 75 (Dv bustia balin bada; It y Ur busti(j)a badago). Zelia eta lürra betherik dira haren gloriaz. Ip Hil 232. Egüberrien jitiaz / izan gitian boztürik. UNLilia 13. Ba bainan ihiztaria / gorderik da hurbil / urtsoa nahiz hil! Ox 102. Ekintza bati loturik gerala. Ldi IL 87. Illik da. Zait Sof 35. Gure aiten fedea beti pizturik da. Mde Pr 291.

ZUBERERA
Bizipidia segürtatürik dü (BN-arb, S)” Gte Erd 23; bestek manatürik düzü (S)” Gte Erd 223; Gezalez janik ditu hormak. Mde Pr 107; Hamaika urteak eginik zituen neskato batek inor ez zuela laguntzaile beharrik eskolatik etserako. Mde HaurB; Aipatu nizun ipuina bukatuxerik dut, garbitan ipintzen ari naiz orain. Mde Pr 192; Horiek herriak utzi zorian edo zeharo utzirik duen dantza piko bat salbatzea nahi dute. Mde Pr 43.; Errumako estadak 185 metra igaranttorik dü. Ip Apoc 14, 20n.; “Zuk bizkarra amiñi konkortürik düzü” Lacombe (ap. DRA).; Orai khentürik dükek ene ephantxügua. Etch 148; Gure armadaren erdia / dejaradanik galdürik dügü. Xarlem 645; Nik entzünik düdanaz. Etch 514; nik entzünik düdanaz da seme Tarbako. Etxahun; Jarririk dü etxen ogi jaten. Josef Egiategi, 225; zü jin bait, eginik düket, pour votre arrivée, je l’aurai fait. Gèze; Zure gloriatako entreprenitürik dütüdan gaizetan. UskLiB 53.; Soizie zunbat adar / sorturik dudan burian. AstLas 20. (…)

ZUBERERA EZ DENA
Leizarraga (asignaturik dugun; ixukaturik du; asignaturik dugun); Koldo Mitxelena(landaturik dituen; erroturik ditugunez; beterik zituen); Luis Villasante (esanik dudan); Elizen arteko Biblia (estalirik zituen); Juan Martin Elexpuru (loturik duelarik); Jose Juan Kortazar (Garbiturik zuen); Euzkel Egutegia. Tolosa (beterik dituela), Lizardi (deiturik ditugu); Jean Duvoisin (Ebatsirik du; hautsirik duena); Maurice Harriet (ikhasturik duen); Jean Hiriart-Urruti (sarturik duketen); Pablo Fermin Irigarai (entzunik ditudan); Alfonso Zabala (Saldurik ditugun); Gure Herria. Baiona (zimurkaturik zituen); Manex Etxamendi (eginik dut); Behe-nafarrera (Azkueren hiztegia) (iganik du); Jon Etxaide (menderaturik dute; egiñik zituzten; esiturik duten; ezaguturik dun); Jokin Zaitegi (lazturik ditut; ikusirik dut; urraturik dut; Eskutaturik dudan; exeririk duzu; beterik dukala; birloraturik zituztenean.

Garbi dago badela zubererarena; gainerako agerraldiak “beste hizkera bakanen bat” diren edo zerbait gehiago diren… it’s a matter of opinion.

Eta OEHtik kanpo? Gaur egungo literaturan? Ereduzko Prosa corpusean begiratuta, datuak aski argiak dira: gaur egungo idazle eta itzultzaile askok erabili dute -[r]ik UKAN egitura. Zehazki, hauek guztiak (adibide zehatzak ez ditut hemen erantsi jada luze doan idazki hau ez luzeagotzearren):

Ereduzko Prosa corpusean -[r]ik UKAN egitura erabili duten idazleak:
Joseba Sarrionandia, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Joan Mari Irigoien, Josu Zabaleta, Pello Salaburu, Xabier Mendiguren Elizegi, Edorta Jimenez, Iñigo Aranbarri, Joan Alonso, Oskar Arana, Monika Etxebarria, Xabier Montoia, Juan Kruz Igerabide, Gotzon Garate, Pello Zabala, Iñaki Heras, Lopez de Arana, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Joxean Agirre, Agustin Otsoa, Mirentxu Larrañaga, Aritz Gorrotxategi, Ramuntxo Etxeberri, Felipe Juaristi, Juan Luis Zabala, Joxemari Iturralde, Unai Iturriaga, Migel Angel Mintegi, Patxi Zubizarreta, Michel Oronoz, Koldo Biguri, Joxan Elosegi, Markos Zapiain, Alberto Ladron Arana, Fernando Morillo, Karlos Zabala.

Zubereran bizirik egonik, Orotariko Euskal Hiztegia obran dituen agerraldiak kontuan izanik, Euskaltzaindiaren Hiztegia obran zenbat erabili den aintzakotzat harturik eta gaur egungo literaturan zenbat idazlek erabili/erabiltzen duten ikusirik, ‑[r]ik UKAN egitura gramatikala ez dela esatea askotxo esatea iruditzen zait. Gramatikaltasuna zeren arabera epaitzen den aztertzen hasi behar genuke, noiz-non, baina hori beste gai bat da.

Nolanahi ere, estilo-erabaki gisa -[r]ik UKAN egitura ez erabiltzeko gomendioa ematearen aurka ez nago, eta haren sustatzailea ere izan ninteke; hala ere, norbaitek erabili nahi badu, aitortu behar dut ezen, datuak ikusita, arma ahulak ditudala kontra egiteko. Esan dezaket gure inguruan idatzirik du moldeak ez duela tradiziorik. Esan dezaket Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak esan duela egitura hori ez dela gramatikala eta erabilera errealari buruzko gainerako informazioa isildu… baina ez zait oso zintzoa iruditzen.

-TA UKAN/IZAN egituraren kasuan, berriz, uste dut gauzak argixeago daudela. Esan dezakegu egitura hori ez dagokiola inongo euskalkiri eta ez duela tradiziorik; eta Orotariko Euskal Hiztegia obraren datuek berresten dute baieztapen hori. Agerraldiak hutsaren hurrengo dira, denak XX. mendekoak dira eta ez dagozkie, gainera, lehen mailako idazle eredugarritzat har genitzakeenei:

Orotariko Euskal Hiztegia (-TA UKAN)
Andima Ibiñagabeitia (naasita dituten); Zeruko Argia (sortuta dugu); Eusebio Erkiaga (gogortuta zituenetan); Severo Altube (begiz-jota zituan); Javier Zubiaurre (gogortuta du); Iñaki Artetxe (usanduta dutela); Nemesio Etxaniz (janda dute)

Euskaltzaindiaren Hiztegia obran ere ageri dira horrelakoak (29 agerraldi; ikusi gorago) eta Euskararen Gramatika obran ere bai (4 agerraldi; ikusi gorago); hori kezkagarriagoa da, baina, nolanahi ere, ‑[r]ik UKAN egiturakoak baino urriagoak dira.

Ereduzko Prosa corpusean ere badira agerraldiak, eta ez gutxi. Idazle hauen testuetan, adibidez, aurkitu ditut:

Ereduzko Prosa corpusean -TA UKAN/IZAN egitura erabili duten idazleak:
Agustin Otsoa, Alberto Barandiaran, Alberto Ladron Arana, Ana Urkiza, Anjel Lertxundi, Bego Montorio, Edorta Jimenez, Edurne Elizondo, Felipe Juaristi, Harkaitz Cano, Hasier Etxeberria, Ibon Uribarri, Iñaki Iñurrieta, Iñaki Mendiguren, Jon Maiatza, Jon Muñoz, Jose Antonio Mujika, Joseba Sarrionandia, Josu Zabaleta, Joxean Sagastizabal, Juan Martin Elexpuru, Julen Gabiria, Karlos Zabala, Koro Navarro, Lopez de Arana, Luis Elberdin, Martin Anso, Mirentxu Larrañaga, Pello Lizarralde, Ramon Saizarbitoria, Xabier Paya.

Aski zabalduta dago (gero eta zabalduago), eta garbi dago idazlerik eta euskalari onenetako batzuek erabiltzen dutela. Amore eman beharko genuke? Ezin dut frogatu, baina badut susmoa nondik etorria datekeen egitura horren hedatzea. Hegoaldean guztiz normalak dira “idatzita daukat” gisakoak, hau da, ‑TA EDUKI egitura. Eta baliteke hor egotea jatorria: eduki aditza gehiegi erabiltzen dugula-eta estandarrerako ukan aditza erabiltzeko gomendioan. Gomendio hori ez da estilo liburuen kontu hutsa: begira zer ohar izan zuen Euskaltzaindiaren Hiztegia obrak eduki sarreraren amaieran 2012tik 2018ra bitartean (hiztegiaren 1. eta 2. edizioetan):

[Oharra: aitaren antza zuen, hogei urte zituen edo egun ederra izan dugu bezalakoen lekuan, Hegoaldean, batez ere gaur egun, eduki aditza erabiltzeko joera dago: aitaren antza zeukan, hogei urte zeuzkan edo egun ederra eduki dugu. Euskaltzaindiaren gomendioa da izan laguntzailearen alde egitea horrelakoetan].

3. edizioan (2019an), ohar horretako azken esaldia, gomendioa, desagertu egin zen, eta ez da berriro ageri harrezkero.

Litekeena da eduki aditzaren ordez ukan aditza automatikoki erabiltzera jotzean (inguruan zer dagoen edo zer egituraren parte den kontuan hartu gabe) gertatu izana tradiziorik gabeko egituraren loratzea: ‑TA EDUKI → ‑TA UKAN.

Niri gogortxoa gertatzen zait idatzita du irakurri edo entzutea (ez ahal naiz bakarra izango!): berria, arrotza, inongoa ez den zerbait iruditzen zait, baina gero eta zabalduago dago. Erabil dezagun idatzia du (eta idatzita dauka), saia gintezke idatzirik du ez erabiltzen (zubereraz ari ez bagara, behintzat) baina ez diezaiogun gramatikaltasuna uka, eta, oraindik borrokatzeko tenorean gaudela erabakiz gero, borrokatu dezagun idatzita du eskas hori.


[1] Sarrera edo azpisarrera hauetan: ahots korda, atzamarkada, babesletza, disko gogor, gaika, galtzagorri, gorrixkatu, instantzia, irabazi, itsumandoka, katigatu, klima aldaketa, klixe, koskortu, lokaztu, lotailu, menisko, mutiltxo , serum, sudur hezur; eraikuntza, erre, estra, koskatu, munstro, ogi opil, ordenamendu juridiko, ospel, osteoporosi.

[2] Sarrera edo azpisarrera hauetan: agenda, ageri izan, aingira morea, akaro, alde, amona mantangorri, amorfo, arotz aulki, arre, atrofiatu, atzendu, autobia, autobide, beheko su, bideokasete, bizartu, eskuzorro, esmokin, estutu, ezaintasun, garatxo, giltzapetu, goianengo, gorputz, handitu, hausnartu, hesitu, hildu, hirugihar, hirusta, ikaztu, indarkeria, izakin, koadrante, konposatu, kristalino, landatu, narratu, oihal, oin, poster, putzu, salterio, sendo, sokamutur, supositorio, surf ohol, torax, trailu, trajedun, zigilu, zitara; gurutzatu.

[3] Sarrera hauetan: ber, fazoin; arbolape, konketa.