Euskaraz, batzuetan, generoa markatzeko beharraz

Naroa Zubillaga Gomez

Plaza honetan ere behin baino gehiagotan aipatu izan da euskarak abantaila duela generoa markatu behar ez izatearekin. Markatu nahi baldin badu, horretarako aukera du, jakina. Nik, orain, literatur itzulpen batean berriki topatu dudan kasu horietako baten berri eman nahi nizueke.

Liburua alemanezko Die Wand eleberria da, Marlen Haushofer austriar egileak 1963an argitaratua. Egilearen lan nagusitzat hartzen da, baina ahanzturan-edo erori dela esan liteke. Itzulpenak izan ditu inguruko hizkuntzetan: 1985ean frantsesera itzuli zuten, 1990ean ingelesera eta 1994an Genoveva Dieterich itzultzaileak gaztelaniara itzuli zuen. Duela gutxi, gaztelaniazko bigarren itzulpen bat argitaratu dute, 2020an argitaratua Claudia Toda itzultzailearen eskutik.

Liburuan, berrogei urte inguruko emakume batek bere egunerokotasuna kontatzen digu xehe-xehe. Horma ikusezin batek inguratuta eta bakartuta geratu da Austriako mendialdeko ehiza etxe batean, eta bakardadeko egoera horretan bizirauten saiatzen da.

Mendian gora doan une batean, halaxe deskribatzen du ikusten duena. Nire itzulpena gehitu diot jatorrizkoari:

Der Aufstieg zur Alm, der Weg war nicht schwer zu finden, dauerte drei Stunden. Der Weg war gut erhalten und breit, weil er ja dem Viehauftrieb gedient hatte. Wäre die Wand einige Tage später entstanden, hätten sich dort oben eine kleine Rinderherde und eine Sennerin befunden [Erraz aurkitu nuen goiko larreetarako bidea, eta igoerak hiru ordu iraun zituen. Bidea goera onean zegoen, eta zabala zen, abereak goiko larreetara eramateko erabilia izan baitzen. Horma egun batzuk beranduago sortu izan balitz, abelgorri talde txiki bat legoke hantxe, eta emakume bat unai lanetan].

Jatorrizkoan Sennerin hitz erabiltzen du egileak, Hirt esateko austriar aldaera, eta beste hainbat lanbide edo jarduerekin gertatzen den moduan, maskulinoa edo femeninoa markatzen da alemanez. Niri neure atentzioa eman dit egileak femeninoa erabili izana, eta iruditzen zait egileak nahita egindako atximurra dela. Beharbada ez, eta nire pentsamendua ere aurreiritziek eta aldez aurretik markatutako genero banaketak baldintzatuta egongo da ziur aski, baina niri neuri unai lanetarako gizonezko bat datorkit burura. Kontuan hartzen badugu, gainera, liburuan zehar egileak askotan aipatzen dituela emakumezkoek izan ohi zituzten (edo dituzten) zamak, zereginak eta beste, uste dut nahita egindako keinua dela paragrafo horretan emakumezko unaia aipatzea. Hau da, egileak emakumezko bat ikusi nahi luke, eta euskaraz markatu behar da. Edo hala iruditzen zait niri.

Are gehiago jarraian idazten duen paragrafoa kontuan hartzen badugu:

Die Almhütte war in gutem Zustand, und es ließ sich zur Not einen Sommer darin leben. Ich fand ein Butterfaß, zwei alte Kalender und das Bild eines mir unbekannten Filmstars, mit Reißnägeln an den Kasten geheftet. Die Sennerin war also ein Senn gewesen [Goiko etxola egoera onean zegoen, eta, behar izanez gero, udan bertan bizitzeko ere balio zuen. Gurinontzi bat aurkitu nuen, bi egutegi zahar eta ezezaguna zitzaidan zinema izar baten irudia armairuan txintxetaz finkatuta. Unaia, beraz, gizonezkoa izango zen].

Deskribapen horretan, egileak agerian uzten du garaiko pentsamoldea. Izan ere, armairuan zinema izar baten irudia edukitzeak ez bailuke nahitaez esan nahi unaia gizonezkoa denik, baina argi dago 60ko hamarkadako idazle austriarrarentzat erabakigarria dela, eta horrexek are gehiago funtsatzen dut unaia hasieran emakumezkoa dela eta, gero, azkenean, gizonezkoa izango zela zehaztu beharra.

Frantsesezko itzultzaileak bereizketa egiten du (vachère / vacher), baita ingelesezkoak ere (dairymaid / dairyman). Gaztelaniazko lehenbiziko itzultzaileak, berriz, lehenbiziko aipamenean pastora bat aipatzen du, baina, beharbada deskuidoan, beharbada nahita, bigarren aipamenean ez dator emakumezko unaia gizonezkoa izango zelako pentsamendua. Esaldi hori falta da. Gaztelaniazko itzulpen berrienak bereizketa mantentzen du (pastora / pastor), nahiz eta pastora dioen lekuan oin-ohar bat gehitzen duen, esateko Alemania hegoaldean, Austrian eta Suitzan erabiltzen den aldaera dela, femeninoan.