Zer suma, sobra ere

Estitxu Irisarri Egia

Urteak pasa dira 31 eskutik txokoa elikatzeari utzi genionetik, baina patuak, ahateak, zoriak edo zorriak aukera eman digu berriz ere txoko honi jaten emateko. Halere orri zuriaren aurrean hausnarrean aritzea ez da erraza, animalia hausnarkariren bat bilatu nahi izan dut laguntza eskean, baina iturriko ura arretzen duten egun heze eta frexko hauetan denak daude aterpean; hortaz, hementxe jarraitzen dut zesuman, zer suman, zesuma ala zer suma?

Goierritarren ahotik entzundako harribitxi hori lerrootara ekartzeko parada ezin hobea iruditu zait. Baina ez dakit nola idatzi beharko nukeen; izan ere, ahoz dena elkarturik iruditzen zait eta lotura honetan halaxe proposatzen dute, Zesuma taldeak ere elkarturik nahiago zuen, Orotariko Euskal Hiztegiak ez du sarreren artean eta Euskaltzaindia Hiztegiak ere ez. Gizapediak, bestalde, bildua du eta Berrian 2014an Gurutze Izagirrek politikari buruzko iritzi-artikulu honetan izenburuan erabili zuen. Beraz, sarean zehar azkar batean lortutako informazioaren arabera, zer suma da garaile. Momentuz, ondorio horretara iritsi naiz, baina beste inork bestelako arrazoi edota argudiorik badu, ongietorria izango da sobra ere (jakina?).

Bai, hortxe beste bat. Horren berri lehenago izan nuen: unibertsitate garaian. Debabarrenean ez genuen halakorik erabiltzen eta begiak zabal-zabalik nituela begiratu nion pisukide hari. Garai hartako filologotasuna asetzeko besteko azalpena jaso eta esanahia gutxi gorabehera ulertu nuenean, lasaitu nintzen, baina Euskaltzaindiaren bigarren adiera irakurrita urduritu naiz berriz. Orotariko Euskal Hiztegiak eta Euskaltzaindia Hiztegiak azpisarrera gisa biltzen dute, baina bi adierarekin. Hona hemen Euskaltzaindia Hiztegiak dakarrena:

sobra ere

1 adb. Gip. Itxuraz, nonbait. Harrotuta zebilen sobra ere, eta zirenak eta ez zirenak esan omen zituen.

2 adb. Gip. Noski, jakina.

Lehenengo adiera entzun izan dut. Bost puxtarri emango dizkiot sobra ere bi adieretan eta zer suma elkartzen dituenari! Zenbait goierritarri mesedea eskatu eta artifiziala, arrotza egin zaie ariketa. Hauxe da nire artefaktua beraz: Zirenak eta ez zirenak egin zituen sobra ere (noski) zerbait idazteko, baina ez zuen lortu; azkenean, zer suma zegoenean etorri zitzaion inspirazioa sobra ere (antza denez). Lehenengo sobra ere erabili nahi izan dut jakina edo noskiren sinonimo gisa, baina ez dut uste hala denik goierritar irakurleentzat. Nire garunak biak lotzen ditu egiantzekotasunarekin, dirudienez, antza denez, itxuraz eta horrelakoekin, ez dit ziurtasunik iradokitzen eta uste dut beste askorentzat ere hala dela. Nahiko nuke jakin noski eta jakinaren pareko noiz bilakatzen den.

Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, gaur egungo Goierriko erabilerarekin bat ez datorren “Sobrare, sin duda” adiera Ormaiztegin 1854an jaio eta Donostian 1941ean hil zen Serapio Mujika Zufiriak bildu omen zuen. Ez zen ibiliko hura ere, ni bezala, zer suma hori idatzi zuen unean?