Loaldi luze baten ondoren, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak 31 eskutik bloga berrabiaraziko du heldu den astean, eta, hala, 2012tik 2016ra bitarte gure pantailak euskararen erabilerari buruzko testu jakingarri bezain gustagarriz bete zituen ekimenaren bigarren etapari helduko dio.
Oraingo honetan hasierako asmoari eutsiko badiogu ere, zenbait berrikuntza dakartzagu. Hasteko, eta dagoeneko ikusiko zenuten bezala, itxura berria eman diogu webguneari, egungo blogen estilora moldatu behar zelakoan baikeunden. Bestetik, astean hiru testu argitaratuko ditugula erabaki dugu, gure artikulugileentzat lana eramangarriagoa izan dadin eta irakurleok ere patxadaz hartzeko abagunea izan dezazuen. Eta azkenik, eta logikoa denez, kolaboratzaileetako batzuk berriak izango dira, gure iritziz funtsezkoa baita beste esku batzuei ere parte hartzeko aukera ematea.
Has gaitezen, beraz. Eta, orain dela 10 urte baino gehiago esan genizuen bezala, oraingoan ere asko eskertuko dizuegu erantzuna eta oihartzuna.
Astelehena arte!
Harpidetza egiteko jarraibideak:
Erabiltzailea sortzeko, sartu artikulu batean, eta, behean, iruzkinen atalean, egin klik “saioa hasi” hitzen gainean (WordPresseko plantillak ez du nahikoa nabarmendu esteka, egia esan).
Gero, WordPresseko atarian, sakatu “Izena eman” botoia, eta erabiltzaile-izena eta helbide elektronikoa eskatuko dizkizu.
Onartutakoan, helbide horretara bidaliko zaizu pasahitza sortzeko esteka (adi spam karpetari!).
Esteka horretan sartuta, pasahitz alfanumeriko luze eta konplexu bat proposatuko zaizu, baina posible da hori ezabatu eta berri bat ezartzea.
Ongi etorri!