Loaldi luze baten ondoren, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak 31 eskutik bloga berrabiaraziko du heldu den astean, eta, hala, 2012tik 2016ra bitarte gure pantailak euskararen erabilerari buruzko testu jakingarri bezain gustagarriz bete zituen ekimenaren bigarren etapari helduko dio.
Oraingo honetan hasierako asmoari eutsiko badiogu ere, zenbait berrikuntza dakartzagu. Hasteko, eta dagoeneko ikusiko zenuten bezala, itxura berria eman diogu webguneari, egungo blogen estilora moldatu behar zelakoan baikeunden. Bestetik, astean hiru testu argitaratuko ditugula erabaki dugu, gure artikulugileentzat lana eramangarriagoa izan dadin eta irakurleok ere patxadaz hartzeko abagunea izan dezazuen. Eta azkenik, eta logikoa denez, kolaboratzaileetako batzuk berriak izango dira, gure iritziz funtsezkoa baita beste esku batzuei ere parte hartzeko aukera ematea.
Has gaitezen, beraz. Eta, orain dela 10 urte baino gehiago esan genizuen bezala, oraingoan ere asko eskertuko dizuegu erantzuna eta oihartzuna.
Astelehena arte!