Cabrera Infanteren igelaren karrazkak

Xabier Olarra

Aurreko batean aipatu nuen Lino Novás Castillo idazle eta itzultzaile galego-kubatarrak Hemingwayren Agurea eta itsasoaren itzulpenean egin zuen irristada, lehoi soilak itsas lehoi bihurtzea, alegia. Ikus Guillermo Cabrera Infanteren Tres tristes tigresen bere pertsonaia baten bidez zer dioen kontu horretaz (edo, garbiago, geroago egin zioten elkarrizketa interesgarri honetan: http://www.trans.uma.es/pdf/Trans_5/t5_207-215_SJillLevine.pdf).

Besterentzat hain neurri zorrotza erabili zuenak bere buruarekin zer moduzko neurriak erabiltzen zituen jakin nahirik, hurbildu naiz berriki haren Dublinesesera, 1972 Lumenek eman zuen Dublinersen haren bertsiora alegia, ea idazteko eta itzulpenerako trebeziez gain zoologia ere (eta taxonomia biologikoa, zehazki) menderatzen ote zuen.

Cabrera Infanteren Dublineses, esan beharra daukat lehenik, aise irakurtzen den liburua da, jatorrizkoaren ordain egokia iruditzen zait bi testuak alderatu ditudan kasuetan, nahiz eta, konparaketa zorrotza eginda, hemen ere aurkituko dugun irristadaren bat edo beste han-hemenka, Cabrerak ere, Homerok bezala, egiten baititu tarteka bere lo-kuluxkak.

Eta beste itzulingururik gabe, goazen harira. Hona zer aurkitzen dugun, Joyceren Dubliners ixten duen kontakizunean, The dead/Los muertos narrazioan (bidenabarrean, oraingo itzulpenetan izenburua pluralean ematen da, ingelesezko anbiguoa zehaztuz. Baina frantsesezko eta italierazko lehenbiziko itzulpenetan Le mort, eta Il morto, ikusi ditut. Izan ere, ipuinak gazterik hildako BAT du gai nagusia. Hori, dena dela, beste baterako utzi beharko):

“Can’t you see that I’m as hoarse as a crow?” said Mr. D’Arcy roughly (Dubliners, The Dead).

–No se dan cuenta de que estoy más ronco que una rana? –dijo Mr. D’Arcy bruscamente. (Dublineses, Guillermo Cabrera Infante, Lumen, Barcelona 1972).

–Ez al duzue ikusten beleak baino karrazka handiagoa egiten dudala? –esan zuen D’Arcy jaunak, zakar (Dublindarrak, Irene Aldasoro, Alberdania, 1999).

–Ne voyez-vous pas que je suis rauque comme un crapaud, dit M. d’Arcy rudement.

Hasteko, esan beharra dago, zehaztasun gehiegitan sartu gabe, crow hori corvidae generoko hainbat espezietako hegazti sail luze bat izendatzeko erabiltzen dela. Beraz, crow = bele, erroi da, eta ez inola ere ez rana ez crapaud (apoa, frantsesezko itzultzailearen ordaina), zoologiaren ikuspegitik behintzat. Zenbat itzultzaile, hainbat itzulpen?

Orduan, nondik dator aldaketa nabarmen hori? Cabrerak «crow» zegoen tokian «frog» irakurri ote du? Ez dirudi horrelakorik gerta zekiokeenik besterenak epaitzerakoan hain begi zorrotza izan duenari, nahiz eta irakurketa okerrak eta horien ondoriozko itzulpen aldrebesak denok egin ditugun.

Badirudi beste zerbait gertatu zaiola, ingelesaren bere ezagupen sakonaz arrandian ibili dela edo nola edo hala nabarmentzeko moduren baten bila. Izan ere, jakintsuegiaren hanka-sartzea dirudi beste ezer baino gehiago.

Marrantatua, eztarri-lakartua edo erlastua egotea, hain zuzen ere, bi piztia horiek oinarri hartzen dituzten honako bi esamolde desberdin hauen bidez ematen da ingelesez, Google doktorearen laguntzaz aise egiazta daitekeen bezala:

  1. hoarse as a crow = very hoarse. (Belea bezain erlats = oso erlats)
  2. have a frog in your throat = to have difficulty in speaking because your throat feels dry and you want to cough (hitz egiteko zailtasunak izan, eztarria lakartua izatearen edo eztul egin beharraren ondorioz)

Beraz, erlastua edo «eztarria lakartua» izatearen ideia hori adierazteko bi modu horiekin koktel bat egin du gure kubatar ospetsuak, eta horren itzulpena zerbitzatu digu, kulturen arteko mestizajera bere ekarpen berezia egin nahirik edo. Kontua da gaztelaniaz «ronco como una rana» ea ezagutzen al duen Google jaun orojakileari galdetuta, «eroarena» egiten duela, ez dugula inolako erantzun taxuzkorik jasotzen halako bidea hartzeari leku egingo liokeenik. Beraz, zilegi da aldrebeskeriatzat edo nabarmenkeriatzat hartzea.

Arrazoi zoologiko edo taxonomiko «hertsi» horietatik ihes egitera behartzen zuten arrazoi literarioak hartzen ote ditu babesetarako gure kubatar arnegatuak? Ez dakit. Kubako bere haurtzaroan aurkitu ote zituen horretarako motiboak? Auskalo. Nik, ikuspegi literariotik, ohiko bidetik ibiltzekoak aurkitu ditut, holako ateraldiekin ez nabarmentzekoak, alegia.  Izan ere, ba al dago inolako justifikaziorik, kasu honetan, belea igel bihurtzeko?

Argiago esateko, Hilak izenburua duen narrazio batean, zerk eransten dio giro beltzagoa, ilunagoa, siniestroagoa, parte txarrekoagoa kontakizunari, igelak ala beleak? Dudarik duenak irakur beza –esate baterako– Edgar Alan Poeren The Raven (edo, Jon Miranderen bertsioan nahi izanez gero, Bela).