Aldea eta xehetasunak

Igone Zabala Unzalu

Bereziak izaten dira beti hasierak eta bukaerak, eta ikasturte honetako azken ekarpenerako berezitasunaren bila inoiz burutik pasatu zaizkidan gaiekin bueltaka ari nintzenean, PPren karteletako ALDE leloak eragindako irri, trufa eta denetariko iritziak etorri zaizkit bila: hitzaren anbiguotasuna, horrelako leloak espainoletik itzultzeak halako emaitzak dakartzala, euskararekiko begirune eza, harridura-markaren gorabeherak… Baina, nago espainolezko leloan bertan datzala anbiguotasuna, hutsaren hurrengoa baita a favor leloak duen esangura. Bilatutako esanahirik eza dela ere esango nuke, gainera, oinarrizko sintaxiak a favor de quién edo de qué gauden nolabait adieraztea eskatzen baitu, eta begi-bistan baitago ez dutela nahi (edo ezin dutela) agerian utzi noren alde dauden, botoak galtzeko beldurraren beldurrez. Areago, subjektu bat ere behar du adierazpide horrek, espainolezko leloaren bitartez ere ez baitakigu hauteskundeetara aurkezten direnak norbaiten edo zerbaiten alde dauden, edo haien alde egitea eskatzen diguten.

Nolanahi ere, politikari eta sintaxiari buruzko gogoetak ez ezik, hizkuntza-politikari eta normalizazioari buruzkoak ere ekarri dizkit gogora pasadizoak. Izan ere, leloa irakurritakoan euskal hiztunek egin duten interpretazioa neutralizatu nahian edo, «autoritatearengana» jo dute PPkoek, Euskaltzaindiarengana, hizkuntzaren akademia batek erabilitako hizkuntza-sekuentzien interpretazioan atzeraeraginez eragiterik balu bezala. Hizkuntza erreala hiztunek erabiltzen dutena da, alegia, hiztunek ekoizten eta interpretatzen dituzten hizkuntza-sekuentziak, eta ez akademiek edo bestelako autoritateek gramatika eta hiztegietan kodifikatzen dutena. Euskararen normalizazioari buruzko zenbait mintzagai ere etorri zaizkit burura tropelean. Izan ere, euskararen normalizazioari lagunduko badiogu, hizkuntza normalizatzea ‘normal bihurtzea’ adieran ulertuta (eta ez ‘norma batera eramatea’ adieran), funtsezkoa da jomugan dugun «normaltasuna» zertan datzan jakitea. Eta gertatutakoak erakusten diguna da «hizkuntza normalek», zehaztasunez eta eraginkortasunez komunikatzeko ez ezik, nahita lausoak eta anbiguoak izateko ere balio dutela. Areago, komunikazio-ekintzen eraginkortasuna komunikazioaren xedea erdiesteko gaitasuna dela ulertuz gero, anbiguotasunez eta ase ezinezko aldagaiez betetako esaldiak ezin eraginkorragoak dira ahal den eta informazio gutxien ematea denean komunikazio-ekintzaren helburua.

Baina heldu diezaiogun berriro alde hitzari, post honen gaia izan behar zuenera salto egiteko, zehazkiago, alde izenaren konparazioen alorreko erabileretara joateko. Zer erabilerari buruz ari naizen erraz uler dadin, Euskaltzaindiaren Hiztegitik ateratako adibide batzuk emango ditut:

Alde handia dago batetik bestera.
Berrehun pezetako aldea dute salneurrian.
Lehen ziabogan bost segundoren aldea atera zion Arkotek Zierbenari.

Inolako aitzakiarik ez adibide horien aurrean, baina zalantza handiak sortzen dizkidate alde izena pluralean (edo mugagabean) daramaten beste erabilera batzuek. Adibidez, gogoratu oso antzekoak diren bi irudi erakusten dituzten denbora-pasak, diferentziak aurkitzeko gonbitea egiten digutenak. Honelako instrukzioak dakartzate batzuetan:

Aurkitu zazpi aldeak.

Nik neuk saihestu egiten ditut horrelako erabilerak, eta zazpi diferentziak edo zazpi desberdintasunak erabiliko nuke horrelako testuinguruan. Baina zer egin ikasle baten testuan horrelako erabilera aurkituz gero? Zuzendu? Iruzkinen bat egin? Dagoen-dagoenean utzi? Izan ere, Interneteko bilatzailean «aldeak aurkitu» jarrita agertu zaidan lehen emaitza Elhuyar aldizkariko artikulu bat izan da, nire ikasleren baten testua izan balitz iruzkinez beteta itzuliko niokeena, agian erabat okerrak liratekeen iruzkinez beteta, bide batez. Hona hemen artikuluaren hasiera:

Giza garunaren garapenean aldeak aurkitu dituzte

Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.

Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta aldeak detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da desberdintasuna.

Alde batera utzita «geneen espresio-patroia», blog honetarako idatzi nuen lehen artikuluan sobera eztabaidatu nuena, eta «gene berdinak», eztabaida sutsuren bat pizteko arriskua saihestearren, esan gabe doa alde izenaren konparazioen alorreko adiera, zati batean behintzat, gainezartzen dela desberdintasun, ezberdintasun, diferentzia eta desberdintza izenen esanahiekin, eta ohartu bezain laster, gaia alde batera uzteko tentazioa izan dut. Zenbat post, txosten eta iruzkin eman dituzten blog honetan bertan alor horretako izenek eta adjektiboek! Gogoratu, besteak beste, Maite Imazen Desberdintasunak eta diferentziak, Bego Montorioren Bereizkeria eta Xabier Aristegietaren KalkoManiak (eta II): ‘desberdintasun’ kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena. Baina oraingoan ez dut gaia tratatuko ez itzulpengintzaren, ez kalkoen, ez eta terminologiaren ikuspuntutik ere, baizik eta semantika lexikoaren eta sintaxiaren elkargunetik.

Nire iritziz, izen horien semantika lexikoan funtsezko bi ezaugarri sartzen dira jokoan: abstraktutasuna eta zenbakarritasuna. Abstraktutasunaren muturrean, berdintasun ez(a) dago. Desberdintasun / ezberdintasun izenek ere kontzeptu abstraktuak adierazten dituzte berdintasun izenaren antonimo modura jokatzen dutenean, baina beherago daude, nire intuizioaren arabera, abstraktutasun-eskalan. Izan ere, bigarrenak, lehenengoa ez bezala, pluralean joan daitezke eta, horrela, erreferentzia egin batera hainbat motatako desberdintasunei:

(1)

a) Berdintasun eza onartezina da herrialde aberatsetan.
b) Desberdintasuna onartezina da herrialde aberatsetan.

(2)

a) Mota guztietako gizarte-desberdintasunak areagotu dira azken lau urtean.
b) #Mota guztietako gizarte-berdintasun ezak areagotu dira azken lau urtean.

Diferentzia, desberdintasun eta ezberdintasun izenek izaki bi edo gehiago desberdintzat hartzera eramaten gaituzten ezaugarriak (ere) adieraz ditzakete. Adiera horietan [-abstraktu] eta [+zenbakarri] direla esan dezakegu, eta zenbatzaileak edota plurala onartzen dituzte. Nire intuizioaren arabera, alde ez da egokia adiera horretan, [-zenbakarria] baita:

(3)

a) Aurkitu bi irudien arteko 7 diferentzia(k).
b) Aurkitu bi irudien arteko 7 desberdintasun(ak).
c) #Aurkitu bi irudien arteko 7 alde(ak).

Azkenik, alde izen zenbakaitza da baina graduazioa onartzen duenez, eta graduazioa era kualitatiboan zein kuantitatiboan egin daitekeenez, nolakotasunezko adjektiboekin (4) edo neurri-sintagmekin (5) joan daiteke. Beste hitz batzuetan esanda, alde [-zenbakarria] eta [+/- neurgarria] dateke. Adiera horietan desberdintasun, ezberdintasun eta diferentzia izenak ere aurki ditzakegu:

(4)

a) Alde handia dago marka batetik bestera.
b) Desberdintasun handia dago marka batetik bestera.
c) Diferentzia handia dago marka batetik bestera.

(5)

a) Ehun euroko aldea dago marka batetik bestera.
b) Ehun euroko desberdintasuna dago marka batetik bestera.
c) Ehun euroko diferentzia dago marka batetik bestera.

Nire argudio-ildoari helduta, honela berridatziko nituzke goian aipatutako Elhuyar aldizkariko pasarteko konparazio-izenak:

Giza garunaren garapenean desberdintasunak (/diferentziak) aurkitu  dituzte

Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.

Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta desberdintasunak (/diferentziak) detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da aldea.

Erabilerak erabilera, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehaztasun sarreran bigarren adiera modura xehetasun izenaren sinonimoarena jasotzen badu ere, ausartuko naiz esaten antzeko analisia egin daitekeela zehaztasun eta xehetasun izenak bereiztekotan. Zehaztasun [+abstraktua] eta [-zenbakarria] dateke eta, xehetasun, aldiz, [-abstraktua] eta [+zenbakarria].

(6)

a) Hamaika xehetasun eman ditu erakundearen kudeaketari buruz.
b) #Hamaika zehaztasun eman ditu erakundearen kudeaketari buruz.

(7)

a) Zehaztasuna funtsezkoa da dokumentu zientifikoetan.
b) # Xehetasuna funtsezkoa da dokumentu zientifikoetan.