Zubi-hizkuntzak

José Ignacio Hualde

Google translate tresna erabili baduzu inoiz, beharbada konturatu zara gauza bitxiak gertzatzen direla. Askotan itzulpena oso txarra da edo ez du zentzurik. Baina badago bitxiagorik. Egin dezagun ariketa bat. Sorburu-hizkuntza bezala euskara eta xede-hizkuntza bezala gaztelania aukeratuz, idatz ezazu honakoa: «denboraren euliei gezi bat gustatzen zaie». Zure bertsioa nik dudana bada, hauxe da Googlek emanen dizun itzulpena:

translate
Zer gertatu da hemen? Txorakeria bat idatzi dugu eta Googlek gogoeta sakonago bat eman digu atzera itzulpenean! Normalean, kontrakoa gertatzen da, noski.

Hemen gertatu dena da, Googlek ez duela zuzenean euskaratik gaztelaniara itzuli: ingelesa erabili du zubi-hizkuntza bezala. Bidean kausitu duen ingelesezko esaldia anbiguoa denez (flies = ‘euliak’ eta ‘hegan egiten du’ eta like = ‘gustatu’ eta ‘bezala’ hitzekin homonimia baitugu), esanahirik normalena aukeratu du:

Denboraren euliei gezi bat gustatzen zaie > Time flies like an arrow > El tiempo vuela como una flecha.

Hau ez da euskara hizkuntza (erlatiboki) ttikia delako. Modu orokor batean itzulpen guztiak ingelesaren bidez egiten dira itzulpen-tresna honekin. Googlerentzat ingelesa «Jainkoaren hizkuntza» da: ingelesa ez bada zure sorburu-hizkuntza edo xede-hizkuntza, zubi-hizkuntza izanen duzu. Saia zaitez, adibidez, gaztelaniatik frantsesera beste edozein gauza itzultzen ingelesezko homonimoak erabiliz:

translate2

Google Translate algortimo multzo bat da, ez du pentsatzen; baina gai honi buruz pentsatzen hasteko balio digu. Itzultzailea haragi eta hezurrezkoa denean ere, jatorrizko testutik ez badu itzultzen, zubi-hizkuntzak itzulpenean izan dezakeen eragina ez da ttipia.

Itzulpena egitean, itzultzaileak aukerak egiten ditu beti eta aukera horiek nahitaez baldintzatuko dute itzulpenaren itzulpena. Hitzen esanahiak eta ñabardura semantikoak ere aldatzen dira hizkuntzaz hizkuntza, eta zubi-hizkuntzarenek izanen dute isla itzulpen bigarrenkarian halabeharrez. Honetaz egin nahiko nuke hausnarketa oraingo honetan.

Itzulpengintza-arazoak aztertzeko, askotan Biblia dugu adibide-iturririk oparoena, hainbeste aldiz eta hainbeste hizkuntzatara itzuli baita. Gaurkoan ere, zubi-hizkuntzei buruz gogoeta egiteko Bibliaren itzulpena ekarri nahi dut hizpide.

Umberto Eco zenak Bibliako Qohelet edo Ecclesiastes deituriko liburuaren hasierako bost lerroak aukeratu zituen testu zahar bat itzultzeko estrategia desberdinak erakusteko.[1] Hemen ere Ecok aukeratutako pasartea miatuko dugu, baina gehiegi ez luzatzeko, bigarren lerroa bakarrik aztertuz. Ariketa honetarako, Interneten aurkitu ditudan euskarazko hiru itzulpenak erkatu nahi ditut: Duvoisin kapitainarena, Jose Antonio Uriartek egin zuena, eta Elizen Arteko Biblia deitzen dena. Duvoisinek eta Uriartek Vulgata erabili zuten zubi bezala. Elizen Arteko Biblia, aldiz, antza denez, jatorrizko hizkuntzetatik zuzenean egindako euskal itzulpena da.

Vulgataren latina zubi-hizkuntza bezala erabili izanak zein neurritan baldintzatu du euskal itzulpena Duvoisinen eta Uriarteren bertsioetan? Kontuan har, kasu honetan printzipioz honek ez lukeela hain arazo larria izan behar, Vulgataren itzultzaile nagusia zen Hieronymus edo San Jeronimok esaten baitigu saiatu zela Jainkoaren hitza gertutik latineratzen, hitz ordena eta abar errespetatuz.

Euskarazko itzulpenak erkatu baino lehen, hona hebreerazkoa (diakritikorik gabe, arrazoi tipografikoengatik) eta San Jeronimoren itzulpena, hitzez-hitzeko euskarazko glosekin:

Hebreera Transliterazioa Vulgata Euskarazko glosak
הבל habel vanitas huskeria (lurrun, arnasa)
הבלים habalim vanitatum huskerien
אמר amar dixit esan zuen; dio
קהלת qohelet Ecclesiastes Kohelet-ek
הבל habel vanitas huskeria
הבלים habalim vanitatum huskerien
הכל hakkol omnia guztia
הבל habel vanitas huskeria

Jatorrizkoa eta latinezko itzulpena konparatzen baditugu, garbi dago San Jeronimok esan bezala egin zuela (ahapaldi honetan, behintzat), latinaren joskera jatorrizkoari moldatuz. Hebreeraren superlatiboa, habel ha-balim, hitzez-hitz itzultzen du: vanitas vanitatum (egitura sintaktiko hau agertzen den beste leku guztietan egin zuen bezala: shir ha-sh:irim > canticum canticorum ‘kantuen kanta, kanturik onena’, etab.). Era berean, esaldi kopulatiboen joskera semitikoari gertutik jarraituz, omnia vanitas idatzen du, est ‘da’ aditza jarri gabe.

Bestalde, Qohelet izena itzuli zuen, ecclesia hitzetik eratutako Ecclesiastes izenaren bidez. Umberto Ecok esplikatzen duenez, Qohelet izen propioa izan daitekeen arren, qahal ‘batzar’ hitzarekin du lotura etimologiko garbia. Beraz, ‘batzarrean hitz egiten duena’ edo ‘batzarreko lehendakaria, batzarburua’ bezala uler daiteke. ‘Batzar’ zen, noski, ecclesia hitzaren jatorrizko esanahia grezieraz.

Ikus ditzagun orain hiru euskarazko itzulpenak. Esan bezala, Duvoisinek eta Uriartek Vulgata izan zuten zubi-testu. Elizen Arteko Biblia, aldiz, hebreeratik zuzenean euskaratua omen da:

DuvoisinHutsalkeriaren hutsalkeria, dio Eklesiastesak: hutsalkeriaren hutsalkeria, eta oro hutsalkeria.

J. A. Uriarte: Urgulleria txit andia, esan zuen Eklesiastesek, urgulleria txit andia, eta guzia da urgulleria.

Elizen Arteko Biblia: Huskeria hutsa —dio Koheletek—, huskeria hutsa, dena huskeria da.

Ikusten dugunez, Duvoisinek oso estuki itzultzen du Vulgatatik pasarte honetan, testu honen sintaxia —eta, beraz, jatorrizko hebreerazko testuarena— errespetatuz neurri handi batean. Modu honetan, vanitas vanitatum itzultzerakoan Duvoisinek Vulgataren superlatibo semitikoa gorde du, nahiz eta singularrean: hutsalkeriaren hutsalkeria. Beste bi euskaratzaileek, aldiz, ad sensum itzuli dute egitura hau.

Uriartek vanitas hitzari gaztelaniaz (vanidad) eta beste hizkuntza moderno batzuetan (vanité, vanity) hitz honek garatu duen esanahia eman dio, eta jatorrizko esanahitik (‘lurruna, arnasa, huskeria’) asko aldendu da (konpara ezazu baita ere «nada de nadas, dixo Coheled», Escorial 3 in www.bibliamedieval.es). Ohartzen bagara, Uriartek egin duena eta goian ikusi dugun Google Translateko adibidea ez dira hain desberdinak. Zubi-hizkuntza bat erabili duelako, jatorrizko testuaren esanahitik asko desbideratu da.

Bertsoaren bukaeran ere, Duvoisin hurbiletik lotzen zaio Vulgataren testuari eta oro hutsalkeria itzultzen du, aditz kopulatiborik gabe. Beste bi itzultzaileek, aldiz, da aditza jarri dute esaldia osatzeko.

Esan daiteke, beraz, Duvoisinena dela lerro honen itzulpenik zintzoena edo literalena. Baina, hemen dago koska, Duvoisin Vulgataren latinezko testuarekin da zintzoa, ez (ezagutzen ez zuen) jatorrizko hebreerazkoarekin. Beraz, Vulgatatik itzuli duten beste askok bezala, Eklesiastesa izena erabiltzen du jatorrizko Kohelet erabili ordez. Hemen ikusten dugu zubi-testuaren pisua. Nire ustez, izen hau itzultzeko aukera zuzenak bi dira: edo hebreerazko izena bere horretan uztea, aldatu gabe, ortografian ez bada, Elizen Arteko Biblian egiten den bezala (Qohelet > Kohelet), edo xede-hizkuntzan (euskaraz, gure kasuan) antzeko esanahia duen beste hitz baten bidez itzultzea. Itzulpen batzuetan ‘Predikaria’ (ing. Preacher, fr. Prédicateur, al. Predigter, sued. Predikaren, gazt. Predicador), ‘Maisua’ (ing. Teacher) edo ‘jakituna’ (port. o sábio) erabili da (ikus hemen).

Izenak itzultzea gehienetan ez da oso egokia. Adibidez Casanova izenak ‘etxe berri’ esan nahi badu ere, ziur asko gehienetan ez genuke Etxeberri bezala itzuliko. Dena den, kasu honetan ez dago guztiz garbi qohelet izen proprioa den edo zer den. San Jeronimok itzuli zuen eta pentsatu behar dugu erabili zuen itzulpena esanguratsua zela orduko kristauentzat, ziur asko ecclesia-ren jatorrizko esanahia bizirik baitzegoen grezieraz eta latinez. Umberto Ecok esaten duen bezala, Qohelet = Ecclesiastes ez da itzulpen txarra, itzulpena egin zen testuinguruan.

Bibliarena kasu berezia da, inork ez baitu inolaz ere Jainkoaren mezua aldatu nahi. Baina kasu berezi honetan ere zubi-hizkuntzaren eragina ikusten dugu. Ezin da saihestu. San Jeronimo oso latineratze literala egiten saiatu zen arren, testua latinez jartzerakoan egin zituen aukerek eragina izan dute ezinbestean bere itzulpena zubitzat hartu duten itzulpen berriagoetan. Pentsatzekoa da literatur lanetan zubi-hizkuntzaren eragina askoz handiagoa izanen dela normalean.

Itzulpengintzaren teorialari batzuek idatzi dute itzulpena, berez, ezinezkoa dela, itzultzailearen lana, zeregina eta betebeharra jatorrizko testua xede-hizkuntzara ekartzea bada, batere xehetasun semantikorik galdu gabe. Zubi-hizkuntza bat erabiltzen badugu, are gehiago urrunduko gara jatorrizko testutik, halabeharrez.

Hala eta guztiz, batzuetan zubi-hizkuntza bat erabiltzeak ezusteko onurak dakartza. Hona adibide bat. Soinujolearen semea nobelaren «Pirpo eta Txanberlain, hiltzaileak» izenburuko kapituluan, Atxagak behin eta berriz «kortsikarren patentea» errepikatzen du, zenbait irakurleren harridurarako (ikus hemen, adibidez). Atxaga ez bide zen konturatu gaztelaniazko esapidean patentea dutenak kortsarioak direla eta ez kortsikarrak (Quandoque bonus…). Euskaratik zuzenean beste hizkuntza batera itzultzerakoan Atxagaren «kortsikarren patente» hau tranpa ederra izan daiteke (What’s a “Corsican’s patent”?). Margaret Jull Costa ingeleseratzailea, hala ere, ez zen amildegi horretatik erori, gaztelaniazko bertsiotik itzuli zuenez gero.

Galde daiteke, dena den, kasu honetan zein den benetako sorburu hizkuntza. Eleberria jatorriz euskaraz badago ere, Atxagaren «kortsikarraren patentea galdu diagu» horrek ez du sinesgarritasunik. Ziur asko egileari bururatu zitzaiona beste hau zen: «patente de corsoa galdu diagu»; baina, kode-aldaketa saihesteko, itzulpen arina egin zuen paperean ipintzerakoan. Costak ondo itzuli zuen gaztelaniatik ingeles ederrean; hau da frantsesez: «We’ve lost our carte blanche»; ingelesez frantsesez adierazten baita kontzeptu hau.

________________

[1] Eco, Umberto. 2001. Experiences in translation (Alastair McEwen-en itzulpena). Toronto: University of Toronto Press.