Hankaz gora (II)

Estitxu Irisarri Egia

(…)

Lagun hurkoa engainatzeko artea, iruzurgileek arduragabeak kaleetan zehar ehizatzen praktikatzen dutena, gorenera iristen da politikari arrakastatsu batzuek beren talentua lantzen dutenean. Munduaren aldirietan, estatuburuek beren lurraldeetako saldoak eta arrastakinak saltzen dituzte likidazio prezioan sasoia bukatuta, hirietako aldirietan gaizkileek beren lapurretetako altxorra prezio arbuiagarrian saltzen duten bezala.

Loria militarra erdiesten duten krimenengatik kondekoratutako jeneralek eskala handian nola, halako lana egiten dute hiltzeko alokatzen diren pistolariek. Erasotzaileek, bazterretan zain, ordenagailu bidez jendetzari den-dena ebasten dioten espekulatzaile handiek emandako zorte-kolpeen artisau-bertsioak diren atzaparkadak jotzen dituzte. Natura eta giza eskubideak era bortitzenean bortxatzen dituzten bortxatzaileak ez doaz inoiz preso. Haiek dituzte kartzeletako giltzak. Den bezalako munduan, alderantzizko munduan, bake unibertsala zaintzen duten lurraldeak beste lurraldeei arma gehien fabrikatzen eta saltzen dietenak dira; banku arriskutsuenak narkodolar gehien garbitzen dituztenak dira eta lapurtutako diru gehien gordetzen dutenak; industriarik arrakastatsuenak planeta gehien pozoitzen dutenak dira; eta ingurugiroaren salbazioa ingurugiroa bera suntsitzen duten enpresen negoziorik bikainena da. Inpunitatea eta zoriona jende gehien ahalik eta denbora laburrenean hiltzen dutenek merezi dute, lanik txikienarekin ahalik eta diru gehien irabazten dutenek eta kosturik txikienean ahalik eta naturaren zatirik handiena sarraskitzen dutenek.

Oinez ibiltzea arriskua da eta arnastea lorpena da alderantzizko munduko hirietan. Beharraren preso ez dena beldurraren preso da: batzuek ez dute lorik egiten ez dituzten gauzek eragindako antsietateagatik, eta beste batzuek ez dute lorik egiten dituzten gauzak galtzeak sortzen dien izuagatik. Alderantzizko munduak lagun hurkoa etsai moduan ikusteko entrenatzen gaitu eta ez promesa moduan ikusteko, bakardadera mugatzen gaitu eta droga kimikoekin eta lagun zibernetikoekin kontsolatzen gaitu. Gosez, beldurrez edo aspertasunez hiltzera kondenaturik gaude, bala galduren batek ez badigu existentzia laburtzen.

Askatasun hori, zorigaiztoko mehatxu horien artean aukeratzeko askatasuna, gure askatasun posible bakarra izango al da? Alderantzizko munduak errealitatea jasaten irakasten digu, aldatzen irakatsi ordez; iragana ahazten, entzuten irakatsi ordez, eta etorkizuna onartzen, imajinatzen irakatsi ordez: horrela egiten du krimena, eta horrela gomendatzen du. Bere eskolan, krimen-eskolan, nahitaezkoak dira inpotentzia-, amnesia- eta etsipen-eskolak. Baina ikusia dago ez dagoela desgraziarik gabeko graziarik ez ifrentzurik gabeko aurkirik ez bere arnasa bilatzen ez duen etsipenik. Ez eta kontraeskolarik gabeko eskolarik ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude