Message in a drum: Karmelo Etxegarairen olerki (ezezagun?) bat

Garikoitz Knörr

Oraingoan ere, Twitterreko txio batekin abiatuko dut ekarpentxo hau. Duela hilabete batzuk, tweet misteriotsu eta interesgarri bat bota zuen Xabier Moraza (@xabiermoraza) gasteiztar musikariak, argazki eta guzti: 1948koa omen zen danbolin baten barruan, ezkutaturik, testu bat agertu zen; euskarari buruzko olerki bat, Etxegaray’tar Karmelo batek sinatua. Hona hemen Xabier Morazaren txioa:

danbolin

Honela dio testuak:

MAITE DUGU EUSKERA

Zaŕa dalako
Edeŕa dalako
Gure mendietako
Usainduz usaindurik[1]
Datorkiguelako
Baña batez ere
Gure-gurea dalako
Jakintsuak goraltzen dute
Aspaldian jazo ziren gauzak
Adierazteko ongi datorkielako
Guri ere, oŕetarako
Ondo datorkigu
Baña ala ezpalitz ere
Maite izango genuke Euskera
Gure eŕia, gure anaia,
Gure ama, gure odola,
Maite oi dugun erara.

Etxegaray’tar Karmelo

Hori guztia idazmakinaz dago idatzia; gero, beherago, honako hau ageri da, eskuz:

(EMENTXE IPIÑITA DAGO NIGATIK 1.955’n URTEAN)

Geroago, beste argazki hau bidali zuen Morazak, non «FM 1-XII-1948» irakurtzen baita, danbolinaren barrualdean arkatzez idatzia:

danbolin2

Orduan —egun berean— lerro batzuk idatzi nituen aurkikuntza horri buruz, batez ere olerkia lehenbailehen jaso eta nolabait digitalizatzearren, baina galdera batzuk gelditu zitzaizkidan airean. Berriki lortu ditut erantzunak, Xabier Morazaren eta, batez ere, Aintzane Martinen laguntzari esker. Azken horrek, lehenengo txioa ikusi eta eskuz idatziriko lerroko idazkera beraren aitarena zela esan zuen. Eta bigarren argazkiak zalantza guztiak desagerrarazi zizkion (orduan izenik aipatu ez bazuen ere, duela gutxi harekin kontaktuan jarri naiz, misterioa argi ziezadan): Felix ‘Peli’ Martinen inizialak ziren.

Hona, beraz, azken ikerketatxoaren ondorio edo emaitzak:

Danbolina Jesus Moraza udal-txistulariak (Xabierren aitak) bildu zuen Arabako Aldunditik, eta hura berritzeko prozesuan aurkitu zuten ezustekoa.

Bestalde, orain badakigu, beraz, Peli Martin (1923-2013) —besteak beste— txistulari, euskaltzain urgazle eta Arabako garai bateko Hezkuntza eta Kultura Diputatua zela danbolinaren jabea, eta berak itsatsi (ezkutatu?) zuela hor Karmelo Etxegarairen olerki hura, 1955ean.

Olerkiari dagokionez, Karmelo Etxegarai Korta (1865-1925) historialari eta euskaltzaina izan zen —ia ziurtasun osoz— egilea, horren antzeko olerki ugari idatzi eta argitaratu baitzituen, batik bat Euskal-Erria aldizkarian.

Galderaren bat edo beste gelditzen da argitzeke, hala nola olerkia Peli Martinek berak makinaz idatzi ote zuen ala, aldiz, Etxegarairen eskuizkribu originala ote den, baita testua bera zein urtetakoa den ere. Hala eta guztiz, uste dut lortu dugula buru-hausgarriaren pieza nagusiak argitu eta lotzea, eta, bide batez, Karmelo Etxegarairen olerki —ustez— ezezagun eta argitaragabe baten berri ematea. Eta, azken baina ez hutsen, Peli Martin gasteiztar euskaltzale handia ekarri dugu gogora. Har bitez lerro hauek haren omenaldi xume gisa.

[1]      Beharbada egileak honelako zerbait esan nahi zuen: «gure mendietako usainak usaindurik» (edo halako zerbait; «usainduz usaindurik» horri ez diot zentzu handirik aurkitzen).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude