Aiora Jaka Irizar
Aurreko hilabetean Connie Fife poeta criaren bi poema euskaratu eta eskaini nizkizuen; emakume beraren beste poema bat dakarkizuet oraingo honetan. Ameriketako indigenei —eta Fife bezala guraso zuri baten eta indigena baten arteko elkarketatik sortutako mestizoei— deitzeko zuriek erabiltzen dituzten gutxiespenezko hitzen inguruko poema da. On egin!
izendapena
arraza erdi
arraza erdi
squaw[1]
mini ha ha printzesa[2]
nire hezurren artean harrapatutako ahotsak
giltzaduren artean biratzen eta bihurdikatzen zaizkit
hainbeste urte igaro ondoren beleak indarrez elikatzen nauela
kanporantz bultzatzen ditut itota hiltzearen beldurrez
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
bi esku sartu ditut nire poltsikoetan
bat marroia bestea zuria (biak maskurtuak)
zeremonietako kantetako hitzak atera ditut
esku-ahurrean biraraziz
haien aurpegiak aztertuz (eta nirea berraztertuz)
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
abesti batzuk nituen eztarrian lo
nire eskola-urteetan zehar
historia-liburuek bortxatu nahi ninduten bakoitzean
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
uda oso bat eman nuen mozkortuta
inoiz egon gabeko leku batera itzultzeko asmo irmoaz
nire korridoreetan barrena bidaiatuz
poema itsusi baten atzaparretan harrapatuta
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
helen betty osborne[3] hil zutenak libre geratu ziren
hiltzaileek gobernatutako herrialde batean bizi naiz
normala negarrari ematea hogeita hamar urte bete nituenean
oraindik ere ez zait axola nire aita frantsesa izatea
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
jaio nintzen lekuan dinosauroak entzun daitezke oraindik
mantso-mantso munduaren beste alderantz mugitzen
urtean behin haien lorratza usnatzera itzultzen naiz
oraindik argi ikus daiteke errepide eta hirien artean
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
margotutako luma bat daramat nire kastore-larruzko kapelan
neure buruari barre egitea gogorarazteko
lagunek desengainua hartzen dute usoa dela esaten diedanean
heroikeriak aspergarriak dira eta sakratutasuna ohikotasunean datza
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
ez dut tipi batean bizi nahi
ez nire apartamentua epela denean
berogailu eta kafe eho berriaren usain eta guzti
nahiago dut herriko hotel batean ostatu hartu nor naizen gogoratzeko
arraza erdi
odol erdi
squaw
mini ha ha printzesa
nire hezurren artean harrapatutako ahotsak
oihuka hasten dira poema berri bakoitzean
bai baitakite bizirik jarraituko dudala
haiek hil ondoren ere
____________
[1] squaw: Ameriketako emakume indigenei deitzeko ingelesez erabiltzen den gutxiespenezko hitza. Hizkuntza algonkinei mailegatutako hitza da, nahiz eta jatorrizko hizkuntzetan “emakume” esan nahi duen soilik, konnotazio negatiborik gabe —ni bizi naizen herriko criek, adibidez, honela esaten dute “emakume”: ᐃᔅᐧᑳᐤ (iskwaau)— (itzultzailearen oharra).
[2] Princess Mini Ha-Ha: Minnie Devereaux, txeiene herriko aktore kanadarra; XX. mende hasieran hainbat filmetan hartu zuen parte, Ameriketako indigenen irudi oso negatibo eta estereotipatua emanez beti (i.o.).
[3] Helen Betty Osborne: 1973an bahitu eta hil zuten 19 urteko emakume cria. Informazio xeheagoa hemen (i.o.).
Bitxia egiten zait irakurtzea, tarteka-tarteka, Leonard Cohenen abestien euskal bertsioak eta orain Connie Fiferen olkerkienak. Leku berean.
Benetan, ez dakit zer pentsatu, zer esan.
Bi poeta? Bi mundu?
Barkatu, Juan Luis, badakit gustu txarrekoa izan daitekeela horrelako kontrajartze batekin ateratzea. Ziur naiz zu zeu ere biziki hunkitzen zarela Fiferen olerkiekin. Ez da hori kontua, ez da hori nire asmoa.
Eta hala eta guztiz ere, ni Fiferen alde (bihotzak dio).
Mila esker, Aiora, olerki eder (eder?) horiengatik.
OHARRA: oker ez banago, Cohen ere kanadarra da.