Quandoque bonus dormitat Homerus II

Xabier Olarra

Aurrekoan Lino Novás eta Agurea eta itsasoan hark egindako irristada bat nuen hizpide, eta oraingoan Ulysses gaztelaniara itzultzearekin bere osperik handiena lortu zuen itzultzaile bat ekarriko dut gogora, José María Valverde, eta haren Ulisesko irristada pare bat.

Gogoan dut Maria Garikanok Hotsa eta ardaila (The Sound and the Fury, William Faulkner) argitara eman zuenean esan zuela akats nabarmenak aurkitu zituela gaztelaniazko itzulpenean, eta horrek ulertezin eta zentzurik gabe bihurtzen zituela hainbat pasarte. Han Benji pertsonaiaren diskurtsoaren imitazioak (pertsona atzeratua) pasarte horien zentzugabetasuna oharkabean pasatzea errazten zuen, eta itzulpen-konparaketa sakon batek bakarrik jar zezakeen hori agerian.

Ulisesen edo Hotsa eta ardailaren irakurketaren zailtasunak noiz edo noiz itzultzailearen lan pattal edo aldrebesari egotzi izan zaizkio (Borgesek edo Gabriel García Márquezek Ulisesen gaztelaniarako lehenbiziko itzulpena, José Salas Subiratena, ederki larrutu zuten –«mala» edo «muy mala» zela esanez zakarrontzira botaz–, nahiz eta itzulpen hura, ni bezalako zenbaiti gaztetan eztarrian trabatu zitzaiguna, oraindik ere gaur egun argitaratzen den, batez ere Atlantikoaz haraindian), baina obra horien berezko zailtasunari eman izan zaie gehienetan irakurgaiztasunaren errua. Ez naiz hasiko besterik gabe itzultzaileen lanaren alde, baina lasai esango dut hain txarra omen zen itzulpen haren ondoren gaur hizpide izango dudan –eta hainbatek hainbeste famatu izan duten– J. M. Valverderenarekin ere berdintsu trabatu nintzela, irakurle helduxeagoa nintzen garaian bigarren aldiz heldu nionean irlandarraren maisulanari. Ez dut honekin esan nahi zailtasunak, funtsean, itzulpen horietako akatsen edo irristaden ondorio direnik, baizik eta, batzuetan, lortutako fama edo fama txarra ez dagoela beti erabat justifikatua.

Aurreko artikuluan irakur daitekeenez, Guillermo Cabrera Infanteren pertsonaietako batek Tres tristes tigresen esaten zuen Agurea eta Itsasoaren lehenbiziko orrialdean hiru akats nabarmen aurkitu zituela. Hala ere, esan beharra dago pasarte horretan bi pertsonaia agertzen direla eta bien arteko elkarrizketan batak oso aintzat hartzen duela Lino Novás itzultzailea, eta besteak, berriz, oso txartzat daukala. Idazlearen beraren iritziaz gehixeago jakin nahi duenak hona jo dezake:  http://www.trans.uma.es/pdf/Trans_5/t5_207-215_SJillLevine.pdf

Gaur J. M. Valverderen itzulpeneko adibide bat aipatuko dut –irristada bat–, nahiz eta beharbada ez den oso dotorea bere buruaren defentsan argudiorik eman ez dezakeenari horrelako eztenkadak ematea. Baina, itzulpen horrek defendatzaileak eurrez dituenez, agian aterako zaio baten bat alde.

Erdi txantxetan Twitterren Ulisesen zatiak ematen hasi nintzenean, jatorrizkoa neure kabuz itzuli ondoren J. M. Valverderen bertsioarekin konparatzen nuen, nire desbiderapenak zenbatekoak ziren ikusteko, eta haren arabera hasi nintzen nirea «txukuntzen», hark zituen defendatzaileen jarraitzaile ez itsu baina bai betoker samar bihurturik. Oraindik ez nuen aldamenean hurrengo urteetan bilduko nuen metro eta erdi zabaleko bibliografia lagungarria –Ulysses Annotated, eta frantsesezko bi bertsioak, Francisco García Tortosa eta María Teresa Venegas-Lagüensen gaztelaniazkoa (aurrekoak baino fidagarriagoa nire ustez), katalanezkoa, alemanezko biak, italierazkoa, galegozkoa eta besteren bat–. Esan behar dut, itzulpenean aurrera egin ahala, nire hasierako jarrera fidakorra laster samar bihurtu zela eszeptikoxeagoa, eta hurrengo hilabeteetan neure buruaz bezain gutxi fidatzen hasi nintzela maisuaz. Hona zergatik.

Ulyssesen lehenbiziko orrialdean honako esaldi hau aurkitzen dugu:

–For this, O dearly beloved, is the genuine christine: (James Joyce 1922)

–Porque esto, oh amados carísimos, es lo genuinamente cristino. (J. M. Valverde, 1976)
–Porque esto, oh amados míos, es el verdadero Cristo (José Salas Subirat, 1946)
–Porque esto, oh amadísimos, es la verdadera cristina: (García Tortosa Venegas-Lagüens, 1999)

–Denn dies, geliebte Gemeinde, ist das wahre Eucharistilin: (Georg Goyert, 1927)
–Denn dies, o geliebte Gemeinde, ist der wahre eucharistische Jakob: (Hans Wollschläger, 1975)

–Car ceci, ô mes bien-aimés, est la fine-fine Eucharistie: (Auguste Morel et alii, 1929)
–Car ceci, ô mes bienaimés, est l’authentique Christine (Jacques Aubert et alii, 1999)

–Perché questo, o miei diletti, è il genuino cristino: (Giulio de Angelis, 1960)
–Poiché questa, o miei dilettissimi, è genuina e cristina sostanza… (Gianni Celati, 2013)

–Porque isto, ó amadisimos fillos, é a verdadeira cristina: (Eva almazán et alii, 2013)
–Hau, ene maite bihotzekook, bene-benetako kristina da-ta: (X. Olarra, 2015)

Non dago koska? Ba, «christine» harrigarri horretan, jakina. Espero zena –eta egoerak berez zekarrena– «christian» izan zatekeen, baina Joycek «christine» idatzi zuen, eta hiztegietara jotzen badugu, Christine azalduko zaigu ordaintzat, baina izen berezi gisa, ez, ordea, bestelako adierarik. Gainera, «christine» letra xehez idatzi izanak ere ez du asko laguntzen.

Zer egin zuten hasierako itzultzaile gehienek? «Ad sensum» itzulpen bat, logikaren araberakoa, edo saihesbideren bat bilatu. Baina berriki itzuli dugunok, Don Gifforden Ulysses Annotateden ageri den oharrari jarraituz, episodio osoan meza santuaren parodia disimulatu bat dagoela onartuta, kontuan harturik Meza beltzetako elementuetako bat aldaretzat emakume baten gorputza erabiltzea zela, interpretazio horren araberako ordaina eman dugu. Eta horregatik itzuli dugu nola edo hala «gorputz bihurtzen zen ogia» emakume batena zela –Kristina kasu honetan, Kristoren emakumezkoa–, eta pasarte horretan zehar-adierazpen hori dagoela nabarmendu dugu nola edo hala. Interpretazio hori egokia izan daitekeela egiaztatzeko aski genuke Googlen «misa negra» bilaketaren emaitzei begirada bat ematea.

messes noires

mn2

Zer gertatu zitzaion J. M. Valverderi? Berak itzulpen hori egiten zuen garaian bereizi ohi zen gaztelaniaz –Espainiako Real Academiaren hiztegian agertu ez arren–, esate baterako, «marxista» eta «marxiano» (bata jarraitzaileei buruzko adjektiboa zen eta bestea sortzaileari buruzkoa). Ingelesezko hiztegian, berriz, onartzen da «marxian» eta «marxist». Badirudi Valverdek «christine» horrekin topo egin zuenean «cristiano» (jarraitzailea) eta «cristino» (sortzaileari berari zegokion adjektiboa) bereizi nahi izan zituela, ohartu gabe «cristino» bazegoela dagoeneko gaztelaniazko hiztegian, eta, garai batean historiako eskoletan ikasi behar izan genuenez, hitz horrek hau adierazten duela, R. A. E. dioenez:

cristino 1. adj. Partidario de Isabel II, bajo la regencia de su madre María Cristina de Borbón, contra el pretendiente don Carlos.

1984an Hans Walter Gablerrek Ulysses (the corrected text) argitara eman ondoren, Valverdek berak atzera egin zuen bere lehenbiziko irristada hartatik eta «cristiano» paratu zuen 1988 inguruan Lumenek egin zuen argitalpenean. Bertsio zuzenduaren hitzaurrean berean sumatzen zaio ez zuela oso gogotsu hartu zuzenketa lan hori, eta esango nuke axaleko ukitu batzuk baizik ez zizkiola eman. Hori iruditzen zait larriagoa irristada bera baino, aukera hori galdu izana.

Bukatzeko, esan dezadan Francisco García Tortosak (Joyceren obran aditua eta gaztelaniazko hirugarren bertsioaren itzultzaile) María Teresa Venegas Lagüensekin batera egindako itzulpenaren Atarikoan esaten duen bezala: «Joyceren Ulysses itzultzeari aurre egiten dion edonork merezi duen errespetuak gaitzespenezko iritziak ematetik begiratu behar gaitu, eta biak [bere gaztelaniazko itzulpenaren aurreko beste biak, alegia], bakoitza bere modura, Joyceren obraren zabalkunde eta ezagupenerako baliagarriak izan ziren espainolaren lurraldeetan –esan gabe doa gure itzulpenak garbi uzten duela biak hobegarriak direla». (Oharra: ez da plural maiestatikoa, baizik eta itzulpena biren artean egin izanaren aitorpena).

Badut beste adibide bat, baina gaurko «pheredikia» gehitxo luzatu denez, hurrengorako utziko dut bigarrena.