Polisemia eta konposizionaltasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskara normalizazio bidean dagoen hizkuntza dela beti buruan dugularik, zenbaitetan ez zaigu erraz gertatzen “normala” dena eta ez dena bereiztea. Anbiguotasun lexikoa da horren adibide paradigmatikoa. Bat-batean ohartzen gara hitz batek esanahi bat baino gehiago dituela eta egoneza sortzen zaigu, esanahi-aniztasunak komunikazioa oztopa dezakeelakoan. Xabier Aristegietak blog honetan plazaratutako Ondorio artikulua da egonezin horren adibideetako bat. Nolanahi ere, anbiguotasun lexikoa ohiko fenomenoa da hizkuntza naturaletan, eta semantika lexikoaren funtsezko aztergaia, hain zuzen ere.

Anbiguotasun lexikoaren barruan homonimia eta polisemia bereizten dira. Homonimia gertatzen da hitz batek elkarren artean harremanik ez duten zenbait esanahi dituenean, adibidez, banku ‘eserlekua’ vs banku ‘finantza-erakundea’.  Polisemia gertatzen denean, aldiz, hitz batek esanahi bat baino gehiago ditu, baina elkarren arteko harremana dute esanahiok, adibidez, banku ‘finantza-erakundea’, odol-banku eta elikagai-banku. Bereizketa horrek ondorio bat izan ohi du lexikografia-lanetan: homonimoak aparteko sarreretan bereizi ohi dira eta, polisemia-kasuak, edo kasu batzuk behintzat, sarrera beraren azpisarreretan deskribatu ohi dira. Nolanahi ere, hizkuntza-fenomenoetan gertatu ohi den bezala,  anbiguotasun lexikoarena ere eskala kontua da, eta zenbaitetan aipatutako bi fenomenoen arteko bereizketa egitea ez da horren erraza.

Polisemia ez da (edo polisemia kasu guztiak behintzat ez dira) hizkuntzaren normalizazio ezaren seinale. Izan ere, edozein hizkuntza garatzen doanean aurreikusten dena da hiztegi-sarrerak gero eta polisemikoagoak izatea, polisemia eragiten duten faktoreak neurri handian lotuta baitaude hizkuntzaren erabilerarekin berarekin eta erabilera-aniztasunarekin. Hona hemen Escandell-ek zerrendatzen dituen eragileak:[1]

  • Objektu berrien izendapena
  • Jakintza-eremuetan zeharreko espezializazioa
  • Erabilera figuratuak
  • Kalko semantikoak
  • Homonimoen berrinterpretazioa

Hizkuntzalaritzaren lan-ildo klasikoetan hizkuntza baten hiztegia edo lexikoia hitz-esanahi multzo estatikotzat hartu izan da, baina hurbilketa horiek huts egiten dute hitzak testuinguru berrietan erabiltzen direnean egiten den sormenezko erabilera azaltzeko orduan. Hutsune horri erantzun nahian garatu dira semantika lexikoaren bestelako azterbideak, adibidez, erreferentziazkotzat hartu ohi den Pustejovski-ren hiztegi sortzailearen eredua.[2] Eredu horren oinarrietako batzuk dira ondoko hauek:

  • Esanahiak ez dira finkoak eta ez daude zerrendaturik sarrera lexikoetan.
  • Esanahiak testuinguruan “osatzen” dira.
  • Esanahia prozesu dinamikoa da: testuinguruaren araberako esanahiaren “sorrera” edo “aktibazioa”.
  • Esanahia konposizionala da.

Semantikalarien azterbideak eta formalismoak konplexuegiak dira eta, horiek menderatuko banitu ere, ez luke inolako zentzurik foro honetan horietaz aritzeak. Azpimarratu nahi ditudanak dira, besterik gabe, esanahien dinamikotasuna eta faktore pragmatiko eta diskurtsiboek esanahiaren sorrera edo aktibaziorako duten garrantzia. Inolako azalpenik edo testuinguruaren ezagutzarik gabe, edozein euskaldunek interpreta ditzake ondoko hiru esaldietan sarrera eta ondorio hiztegi-elementu polisemikoek “aktibatzen” dituzten esanahiak, hiztegi-sarrera horien konfigurazio semantikoa ezaguna baitugu euskal hiztunok.

(1) Artikuluaren sarrera eta ondorioak berridatzi behar ditut.

(2) Ondorio larriak ekarri dizkit ekitaldirako sarrerak galdu izanak: ordutik haserre dago Maite.

(3) Jendea honantz zetorrela ikusi dugu, eta atera dugun ondorioa izan da sarrera nagusia itxita zegoela.

Hizkuntza-sisteman erabat finkatutako polisemia-kasuak hiztegi-sarrera batzuen konfigurazio semantikoaren ezagutza faltagatik gerta daitezkeenetatik bereizi behar dira, ordea. Adibidez, behin baino gehiagotan suertatu zait ondorioztatu aditzaren erabilera okerrak zuzendu behar izatea. Izan ere, ondorio izen polisemikoak ez bezala, ondorioztatu aditzak esanahi bakarra du: ‘ondorio logikoak atera’. Arazorik gabe uler dezakegu (4) adibidea, testuinguruari esker, baina ez da euskararen sistemaren araberakoa, ”hiztun osoek” partekatzen ez duten esanahi bat aktibatu baitu. Hala ere, erabileraren erabileraz esanahi hori orokortuko balitz, sarrera lexikoaren konfigurazioa aldatu dela eta esanahi berria hizkuntza-sistemaren parte bihurtu dela onartu beharko genuke.

(4) Iruzur fiskalak gizarte-berdintasunik eza *ondorioztatzen

Esanahi berrien aktibazioa hizkuntzaren erabilera orokorretan gertatzen da maiz baina, beste askotan, espezialitate-alor baten barruan gertatzen da. Hiztegi-unitateen balio espezializatuak aktibatzen direla esaten dugu orduan, edo hiztegi-elementua espezializatu dela. Horrelako kasuak dira lan eta indar izenen Fisika alorreko espezializazioa edota foro honetan aspaldian azaldu nuen aldaki izenarena. Orduan, esanahi espezializatu berria espezialitate-alorreko diskutso-komunitateko kideek partekatuko dute, eta ez seguruenik hizkuntza-komunitateko hiztun guztiek.

Bestalde, hizkuntza-mendekotasunaren ondorio bat izan ohi da hizkuntza menderatzaileen hiztegi-elementuen konfigurazio semantikoa kalkatzea, baina kalkatze hori gatazkan sar daiteke hizkuntza hartzailearen konposizio-sistemarekin. Adibidez, ohikoa da euskara informalean e-mail hiztegi-elementua mailegatzea horrek dituen hiru adieretarako (5) eta, euskarazko ordaina eman nahi denean, hiru adiera horietarako forma bakarra (posta elektroniko) erabiltzea, ingelesezko hiztegi-sarreraren polisemia kalkatuz. Baina euskarazko elementu lexikoaren gardentasunak eskatzen digu hiru adiera horietarako izen desberdinak erabiltzea (posta, mezu, helbide):

(5)
a. {e-mailez / posta elektronikoz} bidaliko dizut informazioa.
b. {e-mail /#posta elektroniko / mezu elektroniko } bat bidaliko dizut.
c. Emango didazu zure {e-maila/#posta elektronikoa / helbide elektronikoa}?

Bukatzeko, baditugu askoz ere konplexuagoak diren kasuak, hala nola, elkarren arteko harreman estua duten hiztegi-elementuen konfigurazio semantikoen gainezarpena. Adibidez, eskatu aditzetik eratorritako eskaera, eskari, eskakizun, eske eta eskabide hiztegi-elementuen adierak hiztegietan eta corpusetan aztertzen baditugu, oinarrizko hiru adiera aurkituko ditugu: i) zerbait eskatzearen ekintza, ii) eskatzen dena eta iii) zerbait eskatzeko erabiltzen den idatzia edo diskurtso-jarduna. Hiztegi eta corpusetan kontsultak eginez eta lehen hurbilketa batean, ematen du hiru adieretarako erabiltzen direla sarrera horiek guztiak. Nolanahi ere, bereizteko joera batzuk ere ikus daitezke, nire iritziz hitzen egiturarekin zerikusia dutenak. Izan ere, –kizun eta bide morfemek esanahi jakin batzuetara garamatza. Hain zuzen ere eskabide eta eskakizun sarreretan ñabardura batzuk ikus daitezke Euskaltzaindiaren Hiztegian.

  • Orokorrenak eta, beraz, polisemikoenak, eskaera eta eskari direla esango nuke, hiru adieretarako erabiltzen baitira.

(6)
i. Debekua mantentzeko {eskaera / eskaria} egin zuen.
ii. {Eskaera / Eskari} eta galdera zerrenda paperean idatzita eraman.
iii. {Eskaera / Eskaria}  erregistroan aurkeztu behar da.

  • Eske ekintza edo idatzia adierazteko erabiltzen da eta ez ii adierarako.

(7)
i. Gutunean alkateari eske sutsua egiten zaio.
iii. Auzi-eskea aurkeztu dute epaitegian.

  • Eskabide ii eta iii adieretarako erabiltzen da, baina esan daiteke iii adierarako espezializatzen ari dela. Euskaltzaindiaren Hiztegian erreferentzia egiten zaio espezializazio horri.

(8)
ii. Ongi iruditu zitzaien eskabidea legebiltzarkideei.
iii. Eskutitzak eta eskabideak geldiaraztearekin konformatu ziren.

  • Eskakizun ii adierarako erabiltzen da bereziki, baina ‘eskatzen dena’ modura definitu dugun adiera horretan hainbat ñabardura egin daitezke:

– Norbanako edo talde batek oro har lortu nahi dituenak adierazteko, eskakizun erabili ohi da.

(9) Langileen aldarrikapen eta eskakizunak

– Norbanako edo erakunde bati zehazki eskatu zaiona adierazteko, aldiz, eskaera edo eskaria.

(10) Azterketa atzeratzeko {eskaera / eskaria} onartu diet ikasleei.

– Zerbait lortzeko eskatzen dena edo zeregin batek eskatzen duena adierazteko, eskakizun erabili ohi da.

(11) Lanpostuaren baldintza edo eskakizun orokorrak

– Merkatu batek eskatzen duen produktu, ondasun edo baliabideen kantitatea adierazteko, eskari erabili ohi da.

(12) Altzairuaren eskaintza eskaria baino hogeita hamar aldiz handiagoa da.

– Merkatu batek eskatzen duen produktu, ondasun edo baliabideen kantitatea adierazteko, eskari erabili ohi da. Ekonomia alorreko adiera espezializatutzat har daiteke hau, eta hala islatzen da hiztegietan.

(13) Altzairuaren eskaintza eskaria baino hogeita hamar aldiz handiagoa da.

– Saltzaile edo hornitzaile bati erosteko eskatzen zaiona adierazteko ere, eskari nagusitzen dela esango nuke.

(14) Eskaria webgunearen bidez helarazten diet eta erosketak etxera ekartzen dizkidate.

Nire intuizioak hiztegi eta corpusetan aurkitutako informazioarekin kontrastatzen saiatu naiz, baina oso sare korapilatsua osatzen dute aztertutako hiztegi-sarreren konfigurazio semantikoek. Azkenean beldur naiz ez ote duzuen erabateko desadostasuna izango egindako bereizketekin. Edozein argibide ongi etorria izango da.

_________________

[1] ESCANDELL, Victoria (2007) Apuntes de semántica léxica. Madrid: Universidad Nacional de Educación a Distancia.

[2] PUSTEJOVSKY, James (1995) The Gererative Lexicon. Cambridge: The MIT Press.