Estitxu Irisarri Egia
Gaur bi amonaren ahotik irtendako bi hitz ekarri nahi ditut lerrootara. Izan ere, haiek ere izan dira eta badira gure hezkuntzaren eta hizkuntzaren hezitzaile eta irakasle. Aipatu nahi ditudan bi hitz horien existentziaren berri bizitzako garai desberdinetan izan dut, baina hausnartu ostean, nire lexikoko harribitxi egin nahi ditut.
Nire garunean betiko hitza da moltsoa. Markina-Xemeingo Larruskain auzoko jatorria duen amonak horrela deitzen dio ura eroritakoan lehortzeko erabiltzen dugun trapu edo baietari, eta horrela deitzen diogu etxeko besteok ere. Hala ere, unibertsitate garaiko asteburu pasa batean konturatu nintzen hori ez zela horrela beste etxe askotan. Bazkariko garbiketako kide nuen mutilari pasau moltsua, mesedez esan nionean, aurpegi arraroarekin begiratu eta zer esan dozu? Zer da moltsua? erantzun zidan.
Hura ere euskalfilotarra[1] zen, baina hitz berria zen harentzat. Azalpena eman nionean, gustatu egin zitzaion, multzo eta moltsu arteko loturaz ohartu baitzen eta ondorioz, baita ni neu ere. Hasiera batean agian trapu-multzoa izan zena, laburduraz eta metatesiz, moltsua bilakatu da gurean. Gerora ez diot beste inori entzun, nahiz eta Hiztegi Batuan honelaxe jasota dagoen: moltso iz. Bizk. ‘multzo nahasia’. Aitortu behar dut niri neuri baieta edo trapu (hori gure glosarioan hautsa garbitzeko edo platerak eta eskuak lehortzeko baita) baino egokiago zaidala. Ahal dudan bitartean eta ahal dudan testuinguruan, txokokeriari eutsiko diot.
Bestalde, hitzari tiraka, ezin aipatu gabe utzi Orotariko Euskal Hiztegiak dakarren adiera hau:
(G-bet ap. A; vEys (G), Lh). “Parties sexuelles de la femme” vEys. “Palabra que denota lo pudendo femenino” A. “(Lf), vulve” Lh. Cf. Humb in RIEV 1923, 230: “Molsua (V-ger), miembro viril” (v. nota de Arzdi, que dice que hay error de sexo).
Hain zuzen ere, blogeko kide den Iratxe Goikoetxea Langarikak bere garaian Erabili.eus-en esan zuen bezala, hizkera kolokialean edo lagunarteko hizkeran aluaren sinonimoetako bat dugu, guztiz erabilgarria noizbehinka aluari atseden apur bat eman nahi badiogu.
Bigarren hitza, bestalde, orain dela gutxiko aurkikuntza da. Lagun on batekin berbetan nenbilen, hirugarren bati opari bat egiteko asmotan, eta gizon-koxkor bat erosikoyou? bota zidan. Haren ahotik ezin zitekeen gizakien salerosketari buruzko ezer izan, baina batzuetan pentsaera bihurritu egiten zaigula eta, zelakua? galdetu nion ustezko jolasari jarraituz. Ba barrun haziyek dazkena pentsatze nun nik. Hortxe jarri zen goraka dantzan nire ezkerreko bekaina eta ezinbesteko galdera egin behar: zer da gizon-koxkorra? Poltsatxo termikoak omen dira, uhin-labean berotu eta ohean beroa ematen diguten horietakoak. Gizon-koxkor, eta hortik abiatuta sor litezke nahi bada, emakume-koxkor (norberaren preferentzia sexualak kontuan izanik) edo gizaki-koxkor orokorra. Gustatu zitzaidan asmakuntza. Ez dakit Bidania-Goiatz aldeko amona horren kontua den edo hedatuago den zerbait, baina niri poltsa termikoa baino familiartekoagoa eta lagunartekoagoa iruditu zait. Beraz, berrerabilpenak duen garrantziaz ohartuta, astin ditzagun oihalak eta baita gure amonen hitzak ere!
[1] Euskalfilotar: Euskal Filologia ikasten ari denari edo ikasi duenari deitzeko erabilia.