«Beltzaldi ontan»

Gidor Bilbao Telletxea

Euskarazko itzulpengintzaren historiako bidean koxkaren batzuk berdindu eta bihurgune zenbait zuzendu guran, aspaldi honetan gero eta gehiago interesatzen zait zubi-testuak agerian jartzea, zeharbidezko itzulpenak jatorrizkotik zuzenean euskaratuak bailiran ikertzeak azterketaren emaitzetan dituen ondorioengatik.

Aiora Jakak eta Maialen Marin-Lacartak, «Txinatar literatura euskaraz: zeharbidezko itzulpenetatik zuzenekoetara itzultzaile-bikoteen eskutik» artikuluan (nahi baduzue, irakurri bereziki 48-50 orrialdeak), nik hemen egin nezakeen baino hobeto azaldu zuten kontuaren garrantzia eta fenomenoaren inguruko ikuspegi negatiboaren arrazoiak xehetu zituzten; gainera, niri hemen interesatzen zaidan ikuspegi historikoa aztertzeaz gain, etorkizuneko itzulpenetarako zeharbidezko itzulpenen eta itzultzaile-bikoteen lanaren garrantzi praktikoa ere azpimarratu zuten.

Oraingoan, Andima Ibinagabeitiaren latinetiko euskal itzulpenek berritu didate interesa. Iñigo Ruiz Arzalluz lankideak 1992an ikertu zituen, susmatzen dudanaren arabera behar baino gutxiago irakurri den azterketa batean, Ibinagabeitiaren Bergiliren Unai eta Alor-kantak itzulpenaren ezaugarriak (Ruiz 1992: xxvii-xlvi). Gainera, zehaztasun miresgarriz frogatu zuen Ibinagabeitiak Virgilioren Bukolikoak eta Georgikoak euskaratzean zehazki zein jatorrizko testu eta zein zubi-testu erabili zituen:

Ibiñagabeitiak esaten ez badu ere, duda izpirik gabe froga daiteke —hasieratik hasteko— Bukoliken itzulpena E. de Saint-Denisek «Les belles letrres»-erako prestaturiko eta 1942-an lehenengo aldiz argitaratu edizio elebidunetik egina dela (Ruiz 1992: xxvii).

Ibiñagabeitiak, beraz, E. de Saint-Denisen itzulpen biak [Bukolikoak eta Georgikoak, hain zuzen] begien bistan izan zituen ordu oro, eta jaramon egin ere itsuan egin zien. Honek ez du esan nahi ordea —berehala ikusiko da, horretarako froga berezirik bilatzeke— jatorrizko latina begiratu ez zuenik (Ruiz 1992: xxxi).

Aurkezten duen froga-andana eztabaidaezina da, eta garbi geratzen da frantsesezko itzulpenetik abiatuta bakarrik ulertzen diren elementuak agertzen direla hala Georgikoen nola Bukolikoen euskal itzulpenetan; bestelako frogak ere aurkezten ditu, ordea, latinezko jatorrizko testua ezinbesteko duten pasarteak hain zuzen.

1994an, Aintzane Arrieta Gandiagak Ibinagabeitiaren itzulpen argitaragabe bat editatu zuen: Ovidiusen Maita-Bidea. Kasu honetan, hain zuzen Ibinagabeitiak Euzko Gogoan (1952an) argitaratu ahal izan zuen zati bakarrean, itzulpenaren sarrera gisakoan, itzultzaileak berak aipatzen du zubi-testua:

Nere itzul lanerako Henri Bornecque-k sendotu textua erabili dut batez ere. Ikusi ditut beste batzu ere, baina aipatu yaunarena egokiena irudi zait (Ovide, L’Art d’Aimer. Texte établi et traduit par Henri Bornecque, Paris 1951). Idazt-une illunak argitzeko izkera arrotzetara egin itzulpenak ere begipean izan ditut. Alare latinari alik ertsien atxiki natzaio.

Baina Aintzane Arrietak erakusten duenez, frantsesezko zubi-testuaren eragina itzultzaileak aitorturikoa baino handiagoa da:

Latinekoari ahalik eta hertsien jarraitzen saiatu dela dioskun arren, Bornecque-ren edizioa hartu eta itzulpen honen sarrera, paragrafoen zatitze edota oharrei gain so bat ematea aski da eredu Jaun frantsesa izan zuela jakiteko (Arrieta 1994: lv).

Andima Ibinagabeitiak latinetik euskaraturiko beste testu bat ere iritsi da guregana, oraindik argitaratu gabea. Idatziren batean aditzera ematen da Andimak osorik euskaratu zuela Lukrezioren De rerum natura liburua, baina Iñigo Ruizek (1992: xxiii) zehaztu zuen Ibinagabeitiaren paperen artean testu horren itzulpen-orri bakarra aurkitu zuela, Izadiaz (Naturaz) izenburuarekin, hain zuzen liburuko lehenengo 43 bertso-lerroen itzulpena.

Orri horren argazkia, gaur egun, etxetik ikus dezakegu guztiok, Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta Artxiboaren katalogoan (zehazki Artxiboaren Katalogoan, Andima Ibinagabeitiaren funts dokumentalen artean); testuaren edizioa laster argitaratuko dugu beste nonbait. Azkue Biblioteka eta Artxiboan «195?» data ipini diote zuhurtasunez, baina pentsatu daiteke 1952-1953 tartekoa izan daitekeela, Ibinagabeitiak Jokin Zaitegiri 1952-XII-24an idatziriko gutun batean aipatzen baitu lehenbizikoz esku artean duen lana («Lukreti-ren Izadiaz-koaren zati batzuk ere itzulita dauzkat»), eta gero 1953-XII-17an, Bingen Ametzagari zuzendurikoan («Lukreti-ren zati asko itzuli ditut, bañan bertanbera utzi dut» (apud Ruiz 1992: xxiii).

Ibinagabeitiak Virgilioren eta Ovidioren testuak euskaratzeko izan zituen zubi-testuak Les belles lettres bildumakoak direla jakinik, zentzuzkoa zen pentsatzea Lukrezio euskaratzeko ere bilduma horretara jo bide zuela. Eta, zalantzarik gabe, hala da: bilduma horretarako Alfred Ernout-ek lehenbizikoz 1920an paratu eta frantseseraturiko liburua da Ibinagabeitiak mahai gainean zuen testu nagusia, hala latinez nola frantsesez.

Azal-azaleko begirada batean baieztatu daiteke susmoa: latinez bertso-lerrotan idatziriko testua Ernoutek frantsesez hitz lauz eman zuenean, paragrafoen banaketa jakin bat ezarri zuen, ikusi ditugun frantsesezko, ingelesezko eta gaztelaniazko gainerako itzulpenetakoen aldean desberdina. Ibinagabeitiarena, ordea, bat dator Les belles lettres bildumakoarekin, batere salbuespenik gabe. Beste nonbait erakutsiko dugu, zehaztasun gehiagorekin, itzulpen honetan ere badirela ezinbestean frantsesezko testutik abiatuta ulertu behar diren euskarazko pasarteak, eta beste batzuk ezinbestean frantsesezkotik abiaturik ulertu behar direnak.

Baina aipa dezadan behingoz izenburura eraman dudan pasartea, eta azaldu dezadan zergatik ekarri nahi izan dudan gaur Ibinagabeitiaren testu hau blog honetara. Beste edozein egoeratan, zalantza-izpirik gabe, pasarte bat hautatzekotan, Venusen eta Marteren arteko enkontruarena (I 33-40) aukeratuko nukeen:

ua ere, betiereko maitasunez zauriturik zure magaletara etortzen da, eta begiak zuregana zuzenduz lepazamar guria atzera iraukiz, iñoiz ere aspertzeke, maitasunez, zure gan, yainkosa, bere begi irrikariak bazkatzen ditu, eta etzanda, arnas-gabe, zure aotik zintzilik egoten da. Zuk iainkosa, etzanda dagoana zeure soin gurenez laztandu ezazu, itz goxoak aotik dario

Baina gaur, nahi gabe, hurrengo lerroetara joan zaizkit begiak (I 41-42):

Nam neque nos agere hoc […] tempore iniquo / possumus aequo animo

Car en ces temps de malheur […] nous ne pouvons d’une âme égale travailler à notre oeuvre

beltzaldi ontan guk ere ezin dezakegu gogo-onez lan egin

Pentsatu dut Ibinagabeitiak, erbestean, min berezia sentituko zuela lerro horiek euskaratzean; min berezia emango ziola «guk ere» hori idazteak.

Nire kasuan, Josune Olabarriari esker ezagutzen dut, beste hainbat euskal testu zahar eta berri bezala, Ibinagabeitiaren testu hau. Berak erakutsi zion Aiora Jakari ere, soilik euskarazko itzulpengintzaren historiarekin erlazionaturiko bi kasu aipatzearren, Jon Miranderen itzulpen argitaragabeetarako bidea. Google-n ez dut aurkitu, haren izena idatzita, hemen txertatzeko moduko esteka hotsandikorik; baina askok dakigu hark urte askotan egin zuenagatik, eta eskatu diogun guztietan eskaini digun laguntzari esker, egin ahal izan ditugula hainbat ikerketa. Euskalaritzan asko gara haren zordun.

Atzo, 2016ko martxoaren 16an, bere azken lan-eguna izan zen Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta Artxiboan; indartsu iritsi da erretiro-egunera, baina «beltzaldi ontan» festarik gabe joan da, kezkaturik geratu baikara Josunek eginiko lan handiaren etorkizunarekin.