Harritzen nauten hiru kontu txiki

Juan Luis Zabala

Ibon Sarasolak «zeroz azpitik» esapidearen erabilera gaitzetsi duela gogoratuz eta baliatuz, maiz entzuten eta entzuten ditudan aldiro harritzen nauten hiru kontu txiki ekarri nahi ditut hizpidera, eta, halakorik behar izanez gero, debatera.

  • Irudipena dut modu arriskutsuan ari dela zabaltzen bainoren ordez baina erabiltzeko joera nire gusturako oso zatarra. Euskal Herriko irrati esataririk onenetakoei ere entzun dizkiet dagoeneko honelakoak: «Urlia ez da Sandia baina zaharragoa» («Urlia ez da Sandia baino zaharragoa» esan beharrean). Sinonimoak ote dira ba baina eta baino? Gipuzkoa ia osoan baina esan ordez baino (edo baine) esaten denez, onargarria iruditzen zait, ahozko hizkeran bederen, adibidez, «Urlia zaharra da, baino Sandia zaharrago» esatea («Urlia zaharra da, baina Sandia zaharrago» esan beharrean), pentsatu gabe atera daitezkeelako horrelakoak edonoren ahotik; bainoren ordez baina erabiltzea, ordea, pentsatzea eta ahalegin bat egitea eskatzen duen oker bat dela iruditzen zait, ezin zaiola hiztunari modu naturalean atera horrelakorik ahotik. Oker ote nago?
  • Antzeko gisan, ezin dut ulertu zergatik tematzen diren esatari asko, azpeitiar batzuk tartean, Azpeitiako esaten Azpeitiko esan ordez, Euskaltzaindiari ez ezik beren berezko joerari eta erabilera zabalduenari ere uko eginez, auskalo noren aginduari men eginez. Urrrrrteak daramatzate horrela. Zer premiarekin?
  • Hirugarren gaiaren inguruan zalantza handiagoak dauzkat, eta galdera huts moduan formulatuko dut: zuzenak al dira gisa honetako esaldiak: «Urliak astakeria jo du Sandiak esandakoa» («Urliak astakeriatzat jo du Sandiak esandakoa» beharrean)?

Hiru kontu txiki dira, baina harritu eta ezinegona eragiten didatenez, zuen iritzien berri jakin nahi nuke.

6 erantzun “Harritzen nauten hiru kontu txiki” bidalketan

  1. Niri min handia ematen dit iratian “hamaikean”, “seiean”, “lauean” eta antzekoak entzuteak: bi mila eta hamaikean, hilaren lauean… Eta horren analogiaz-edo, “mahaiean” eta “garaiean”. Esatari batzuek beti-beti erabiltzen dute horrela.

  2. Zerrenda luzatzearren, baina ez gehiegi:

    1.- Azken boladan, “asanblada” geroz eta gehiago erabiltzen da, “batzar” polit eta jatorraren kaltetan eta batere beharrik gabe…

    2.- Aspaldi nahastuta ditugu udalbatza eta udalbatzarra, arazo terminologiko larria sortzeraino. Gainera, bestela ere terminoei dagokienez nahiko nahastuta dabiltzan udal langile euskaldunen nahasmena areagotzen du horrek, erabileraren kaltetan eta “pleno” horren mesedetan. Euskaltermi erreparatzea besterik ez dago… http://www.euskara.euskadi.eus/q91EusTermWar/kontsultaJSP/q91aBilaketaAction.do;jsessionid=T6S0WZTpdKxBRm0mxs6pGLT9dGzrJ16LhVkvLJDhMpGp3wnVnKTh!-133763695

    Bestalde, alboko hizkuntzetan ere hanka-sartze, akats eta zehaztasun gabeziak daude erregistro eta testuinguru guztietan, baina ez da gurean bezalako matrakarik ematen horrengatik. Ez da nire asmoa gureak zuritzeko aitzakiarik jartzea, baina euskal hiztunok maiz geure buruarekin zorrotzegi jokatzen dugulakoan nago (agian, hizkuntzaren profesional ere bagarenon lana izango da “hizkuntzaren mediku” izatea, baina “hizkuntzaren polizia” bihurtzen gara sarritan eta “hiztun arruntek” lasaitasuna behar dute, eroso hitz egiteko aukera, ezta?)

    Onartezina, deitoragarria eta erreklamatzeko modukoa iruditzen zaidana da Euskaltermen geroz eta lodiago bihurtzen ari den zukulusaltsa, oso tresna garrantzitsua delako, eta diru publikoz ordaindutakoa gainera. Argi dago ez direla Euskalterm orekatu eta ordenatua lortzeko behar diren baliabideak hornitzen ari…

    Zer deritzozue?

  3. Juan Luisen hirugarren gaiari dagokionez, seguruena berak ere begiratuko zuen, baina, badaezpada:

    “Hiztegi Batua”k eta “Euskaltzaindiaren Hiztegia”k forma bakarrik jasotzen dute, baina “Orotarikoa”k hau dio sarreraren 14. adieran (pixka bat moldatu dut formatua, eta erreferentzia batzuk kendu ditut):

    .

    Eta adibide hauek jasotzen ditu ( formarekin egindakoak kendu ditut, eta beste hainbeste edo gehiago dira):

    .

    1. (informazio gehiena jan dit; ea orain!)
      Juan Luisen hirugarren gaiari dagokionez, seguruena berak ere begiratuko zuen, baina, badaezpada:

      Hiztegi Batuak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak –tzat jo forma bakarrik jasotzen dute, baina Orotarikoak hau dio jo sarreraren 14. adieran (pixka bat moldatu dut formatua, eta erreferentzia batzuk kendu ditut):

      14. (G-goi, AN-gip ap. Gte Erd; H). Tomar por, tener por, reputar, considerar. “Orrek bere burua obenatakoa jotzen du (AN-gip) […] orrek bere burua besterik baño obea jotzen dik (G-goi)” Gte Erd 59.

      Tr. Usado con -tzat o (a menudo alternando en un mismo autor) con sustantivo o adjetivo en caso absoluto indeterminado; aparece asimismo, con menor frecuencia, con adjetivo (o similar) determinado; tbn. hay algunos ejs. con bezala (Ldi IL 82, Or QA 106, Txill Let 121).

      Eta adibide hauek jasotzen ditu (-tzat jo formarekin egindakoak kendu ditut, eta beste hainbeste edo gehiago dira):

      Izen aiek iru mugarri bezela yotzen ditut. Ib. 82.
      Usoa errudun jo? Etxde AlosT 90.
      Nere burua betirako galdua jotzen det. JAIraz Bizia 60.
      Genesis ez zala yo bear gertakizun. Or QA 105.
      Kontrabando ekartzea pekatu aundi jotzen zuan. And AUzta 80.
      Gizarteko bizitza […] gaiztotzerik makurrena jotzen dute. Ib. 177.
      Gure itzurren au, adierazterik ederrena io diteke. Or in Gazt MusIx 28.
      Askok Gaztelurena dala diote, bañan beste batzuk Udarregirena jotzen dute. A. Zavala Auspoa 61, 59.

  4. Azpeitiako, Azkoitiako, bai; eta, justu alderantziz, Azpeitin, Azkoitin. Gazteenek horrela esaten dute dute orain, betiko, ohiko eta zuzen /azpeitiyen/ edo /axkottixen/ esan beharrean (-xe eta -ye dira -a artikuluaren herriotako aldaerak); ez duk harritzekoa, 2013ko Andramaixetako programan hau baihuan azalean irakur zitekeena: “Azkottin, abuztun 14tik 18re”.

  5. Talde armagiña.
    Jokalari bilbotarra..
    Futbolean jolasten.
    Hainbat….
    Ahal dugu ….
    Euskeran titulautako hainbeste lagun den garaian…..baserritar xumeen maila ezin gainditu …Etzeok, etzeon erreza!!!

Utzi erantzuna