Iratxe Goikoetxea Langarika
Anonimo bidaltzaile bat dugu ETBn. Ikus-entzule batek mezu anonimoak bidaltzen dizkie Gaur Egun albistegiko aurkezleei. Mezu berdintsuak denak, jende kopuruetan pertsona erabiltzearen kontrakoak. Argibiderik gabeak, baina nahiko argiak. Honelakoxeak: 150 pertsona / 150 lagun.
Ikus-entzule horri belarriko mina egiten dio, antza, pertsona hitza zenbakiekin lotzeak. Gure etxean, ostera, tontobixkorkerian beti, lagun-ek zirikatzen ditu mihinak: «Suerte txarra da, gero! Istripuan 20 hil, eta danak lagunak izatea be!».
Inork ez du zalantzan jartzen lagun berbaren jatortasuna testuinguruotan. Baina are tradizio luzeagoa du pertsona-k, idatziz behintzat. OEHn jasotzen denez, XVI. mendetik hona erabili izan da, Leizarragagandik hasita. Berriagoa da lagun-en idatzizko erabilera, XIX. mende hasieratik dago dokumentatuta jende kopuruak aipatzeko.
Ez da hori lagun hitza «larri» dabilen eremu bakarra. Esaterako, bikote baten bi erdiak bata bestearekiko aipatzeko (galtzerdia eta laguna[1], pilotaria eta laguna…) lehiakide bi agertu zaizkio: bikotekide sortu berria eta bikote orojalea. Lehenengoa zuzentzat ematen dugu; bigarrena, ez, ordea.
Eta hala ere, aholkuak aholku, bikote nagusitu da euskaldun askoren ahotan. Eta ez da harritzekoa: gaztelaniazko pareja ispilu hipnotikoa da, eta bikote silaba bi laburragoa da bikotekide eta bikote lagun baino.
Dena dela, zenbat lagun hiztegian[2]! Okaran lapurren egiteko erru lagunak ere bai.
Lagunak, lagun zakidaz, okaranak gorriak dakidaz
Izenburuko esaldia Azkuek Elgetan jaso zuen esalege horretatik hartu dut. Negozio ona egiteko laguntza eske erabiltzen ei da, eta baditu atentzioa ematen duten osagaiak:
- «Okaranak gorriak» esatea eta ez «okaran gorriak». Errima bako antzeko esalegeetan bestela agertzen da sintagma: Lagunak, lagun zakidaz okaran berdeak batzen (Azkue, Lekeitio).
- Lagun izan aditz zaharra agertzea, nor-nori erregimenarekin, zabalago dabiltzan lagun egin edo lagundu Halako adibide urri dago erlijio testuetatik kanpo
- «Lagunak» eta «zakidaz» berben arteko komunztadura falta. Zakidaze da plurala; halere, erraz gordeko litzateke errima laguna Errimarik ez, baina komunztadura zuzena dute Gotzon Garatek eta Antonio Zavalaren bildumetan jasotako aldaerek: Ene laguna, lagun zakidaz intxaur berdeak jaten (Zavala); Laguna, lagun zakidaz intxaur berdiak jaten (Garate). Azken honek emandako gaztelaniazko ordaina: El amigo más leal, más que en el bien te acompaña en el mal.
[1] Hona hemen txapinen alargunen misterioa, argituta.
[2] Idazkeran, ordea, kontraesanak, betiko moduan: dantza-lagun, etxelagun, joko-lagun, mezalagun, ohelagun…