Bakartxo Arrizabalaga Labrousse
Aurreko artikuluan egin nuen galderak hiru erantzun jaso ditu, zein bere gisakoa:
1: Tren-trenean ibiltzea benetako trenean ibiltzea litzateke batentzat, horretarako ulerbide zaizkiolarik entzunak dituen «olio-olioa» eta gaztelaniazko «harina-harina» moldeak.
2: Tren-trenean ibiltzea ongi ibiltzea litzateke, bestearentzat, guztiaren kontra egin beharretan ere, aitzin egiten lortzen duenaren adierazle, eta horretara esperientzia pertsonalak eraman du.
3: Tren-trenean ibiltzea eguneroko errepikatuan ibiltzearen adierazle litzateke hirugarrenarentzat, erdaratik harturik moldea.
Hiru erantzunak elkarrekin bateratu gabeko hiru bizipenen ondorio dira eta, batera ulertzeko bidea eskaintzen ez duten neurrian, ez dute «tren-tren» euskal hitz edo esamolde gisa hartzeko aukerarik ematen, bakoitza bere hizkuntzan ari baita, bakoitzak bere hizkuntza ezagutzatik, bere hizkuntza esperientziatik eta horien mugen barnean. «Tren-tren» beren barne gogoetetarako balia dezake bakoitzak, baina ez beste bi euskaldunekin komunikatzeko.
Abiapuntu izan liteke, ordea, baldin eta elkar adituz, hitz berri bat adosteko bidean abiatuko balira, bagina.
Peiloren egia irudituko zaio bati baino gehiagori orain arte esan dudana, alegia, hizkuntza adoste ahalegina dela, taldeka egiteko bat etortze lana, eta izendapenak lotuagoak direla talde asmo bati, jendeen arteko hurbiltze ahalegin bati, izendatuek dirdiratuko lituzketen funtsezko eta ezinbesteko izaera balizkoei baino.
Alabaina, tren-trenaren xelebrekeria hori ez da horren berezia, horren gure egunerokoarekin loturarik gabea. Tren tren hori, izendaturik ez duen izendapen huts gisa ageri dut hemen, baina, aurreko artikuluan esan nuenez, ez dut nik erabat asmatu; idatzirik ikusi eta ikusten dut, eta ikusi nuen lehen aldian nire hizkuntza esperientziekin talka egin zidanez –eta ikusten dudan bakoitzean oraindik ere egiten didanez–, besteei ere egiten ote zizuen jakin nahi nuen.
Nik galde egin dizuedan izendapen baten izendatua galdetu ordez, alderantziz egin ohi dela edo hala egin behar dela pentsatuko duzue, beharbada, hau da, izanik ez duena izendatzeko beharrik ez dela. Baina izendapenetik abiatzeko joera ez da horren berezi, horren bitxi, gure egunerokoan; bitxi da, ordea, zoritxarrez, izendatuaren maila apalera jaistea. Gutxitan galdetu ohi dugu «nola esaten zaio horri?» eta maiz, berriz, «nola esaten zaio euskaraz hitz horri?». Izendapenetik izendapenerako bide laster horretan, izendatuak izendatzeko ohitura galdu duen euskal mintzakidegoa bazter geratua zaigu, desegin eta desagertua, teteldurik, norbanako berberek osatzen dugun erdal mintzakideok alboratu baitugu.
Horregatik eskertzen diet arrapostua eman zidaten hiru mintzakideei, izendatuen bilatze jostaketara lotu izana, bai eta Isabel Etxeberriari bere azken artikuluan bere txiki handiaren asmamen handiaren berri eman izana, erabat galdurik ez garen argitxoa piztu baitzidan, ipurdia ere babes dezakegula jakitera emanez.