Deum uocant Vrcia

José Ignacio Hualde

Joanes Etxeberri medikuaren itzulpen baten harira, jainkoaren izenaren auzia atera da plaza honetara (Gidor Bilbao, «Eskuarara ganbiatzea», 31 eskutik 2015/12/09). Gaur egungo euskaraz, jainko hitza, alde batetik, izen arrunta da; adibide hauetan ikusten den bezala: Antzinako Egiptoarren jainkoak; Neptuno edo Poseidon itxasoko jainkoa da. Bada, baita ere, jainkosa hitza: Venus jainkosa. Bestalde, kristauen jainkoaren izena Jainkoa da, besterik gabe, edo Jaungoikoa. Jainko honek ez dauka beste izenik euskaraz —eta antzeko zerbait aurkitzen dugu herri kristau guztietan. Hemen, alderdi teologiko guztiak alde batera utzita, itzulpen arazo bezala aztertu nahiko nuke gaia.

Testamentu zaharrean, judutarren jainkoak bazuen izena, hots, יהוה = YHWH; edo beste transliterazio batean, JHVH. Baina, izen hori kontuz erabiltzeko esaten digu Bibliako jainkoak berak: «Ez erabili alferrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko» (Irteera 20:7, Elizen Arteko Biblia). Jatorrizkora bagoaz, ikusiko dugu testuak esaten duena hauxe dela: «Ez erabili alferrik YHWH-ren, zeure jainkoaren, izena». Debeku hori dela-ta, judutarrek erabaki omen zuten komenigarriena zela, badaezpada, jainkoaren izena inoiz ez esatea, sekulan ere ez, ezta irakurtzean ere, jainkoa ez haserretzeko; eta ondorioz, ez dakigu nola ahoskatzen zen Biblian agertzen den hitz hori. Zehazkiago, izenaren kontsonanteak ezagutzen ditugu; bokalak ez. Judutarren tradizioan, testu sakratuan YHWH hitza agertzen den lekuetan adonai (= ‘jauna’) edo ha-shem (= ‘izena’) irakurri behar da. Antza denez, tradizio honi jarraituz, Vulgatan YHWH izena Dominus bezala itzuli zen; eta, ondorioz, kristauen jainkoa izenik gabe gelditu zen. Gaztelaniazko itzulpen askotan ere, el Señor aurkitzen dugu; eta ingelesezkoetan the LORD (normalean, horrela idatzita, «maiuskula txikiz», nolabait adierazteko ez dela benetako itzulpena): «Thou shalt not take the name of the LORD thy God in vain; for the LORD will not hold him guiltless that taketh his name in vain». Frantzesesko Biblia protestanteetan, aldiz, l’Éternel da ohiko itzulpena: «Tu ne prendras point le nom de l’Éternel, ton Dieu, en vain; car l’Éternel ne tiendra point pour innocent celui qui aura pris son nom en vain».

Argi egon behar du YHWH = ‘jaun’ ez dela itzulpen zehatza. Jaun hitzak ez du YHWH itzultzen, adonai baizik; eta adonai eufemismo bat zen jainkoaren benetako izena ez aipatzeko. Bibliaren beste itzulpen batzuetan itzultzaile kristauek judutarren tabu zaharra ez dute errespetatu eta Yahweh edo Yehovah~ Jehowah erabili dute. Itzulpen edo egokitzapen hauek hipotesiak dira YHWH, tetragrammaton sakratua, ahoskatzeko; besterik ez. Beharbada bi forma hauetariko bat zuzena da (eta bestea okerra, nahitaez), edo beharbada biak okerrak dira. Ez dakigu Bibliako jainkoaren benetako izena nola ahoskatzen zen eta ez dago modurik jakiteko.

XII. mendean, Aimery Picaud bidaiariak idatzi zuen ezagutu zituen euskaldunek Urtzia izena ematen ziotela (kristauen) jainkoari. Azkuek eta beste batzuek pentsatu zuten behabada urtzia ‘caelus’ edo zela, eta ez ‘Deus’. Picauden lagun euskaldunek ez omen zuten galdera ulertu. Hala ere, Mitxelenak (2011 [1964]: 52) eta Caro Barojak (1973: 20) ebidentzia ikusita ondorioztatzen dutenez, ez dago motiborik pentsatzeko Musde Picaud tronpatu zenik galdera honetan, ematen dituen beste itzulpen guztiekin asmatu baitzuen.

Zer da Urtzia, beraz? Ortz-egun = Iovis dies ekuazioak argi eta garbi erakusten digu kristautasuna baino lehen, euskaldunek Urtzia ~ Ortzi erromatarren Iuppiter jainkoarekin identifikatu zutela. Hau da, ziur asko, Urtzia euskal panteoiko jainko baten izena zen, erromatarren Iuppiter (Tonans) bezala, zeruetako edo ekaitzen jainkoa zena (nahiz eta teonimo hau erromatarren garaiko epigrafian orain arte ez den agertu).[1] Germaniarrek, bide batez, modu berean kalkatu zuten egun-izen hau, erromatarren Iuppiter beren Thor jainkoarekin berdinduz, cf. Iovis dies > ing. Thurs-day ‘Thorr-en eguna’.

Irudiko luke, kristautasuna Euskal Herrian sartu zen garaian, euskaldunek estrategia berbera erabili zutela bigarren aldiz eta kristauen izengabeko jainkoa berriz ere beren Urtziarekin identifikatu zutela.

XII. mendean kristauen jainkoaren euskal izena Urtzia bazen, zergatik galdu zen izen hau euskaraz? Beharbada, ertaroko euskal teologo-filologo batzuk konturatu ziren Urtzia kristautasunaren aurreko jainko baten izena izana zela, kristauen jainkoaren izena izan baino lehen, eta pentsatu zuten, arrazoi teologikoengatik, hobe zela izen hau ez erabiltzea kristauen jainko bakarra izendatzeko. Edo beharbada zerikusirik du galera honek hizkuntzaren bilakaera fonologikoarekin: Urtzia > Ortzia > Ostia (= hostia, homonimia deserosoa sortuz)?

Aipamenak

Caro Baroja, Julio. 1973. Estudios vascos. Donostia: Txertoa.

Michelena, Luis. 1964. Textos arcaicos vascos. Madrid: Minotauro. Berrarg., 2011, In Luis Michelena, Obras Completas, XII (J.L. Lakarra & I. Ruiz Arzalluz, arg.), ASJUren Gehigarriak LXV. Donostia & Gasteiz: Gipuzkoako Foru Aldundia & Euskal Herriko Unibertsitatea.

_______________

[1] Honek ez du esan nahi hori hitzaren esanahi bakarra zenik. Alderantziz, agian, hitzak jainkoaren izena eta agerpena adierazten zituen aldi berean. Julen Manterolaren bidez jakin dudanez, Euskaltzaindiko euskal hiztegi etimologikoak oso informazio interesgarria ekarriko digu ortzi eta egun hitzen jatorrizko esanahiaz eta erabileraz.

5 erantzun “Deum uocant Vrcia” bidalketan

  1. Testamentu zaharrean judutarrek, ez hain sarri, Deum uocant Elohim ere. Jainkoa, handía izan arren, ez baita beti bakarra.

  2. 1. Eskerrik asko, Iñaki. Datu hori ez nuen ezagutzen.
    2. Antonio: YHWH = jainkoaren izena (Vulgatan, Dominus).
    Elohim = jainkoa (Vulgatan, Deus). Biblian singularra da, baina beharbada, hasiera batean “jainkoak”, pluralean, esan nahi zuen, -im atzizkiak pluraltasuna adierazten baitu normalean hebraieraz.

    1. Ez dut astirik orain liburutan begira hasteko, baina nire oroimen kaxkarraren arabera, Testamentu Zaharrean (bereziki lehen liburuetan) Jainkoa pluralean agertzea (hots, “jainkoak”) ez da batere arraroa (oker ez banago, Adam eta Evaren kontakizunean bertan). Baina kontu honetaz informazio benetan fidagarria lortzeko ziur aski iturri berezki autorizatuetara jo behar da (adibidez, gaztelaniaz, “Biblia de Jerusalén” delakora) eta, hala eta ere, onena litzateke biblista adituren bati galdetzea. Besteak beste, juduen monoteismoaren sorrerarena kontu dexente konplikatua omen da, ez dena bi hitzetan esplikatzen.

      Alegia, Ignacio, ulertzen dut esaten duzunean kontu honi “itzulpen arazo bezala” zintzo ari zarela esparrua ondo mugatu nahian, baina praktikan ez dakit posiblea den mota honetako arazoei zuztarretik heltzea biblisten (teologoen) laguntza eskatu gabe.

      Agian oker nago, afizionatu hutsa naiz, jakina. Iritzi bat besterik ez da, inpresio hutsetan oinarritua.

  3. Vulgata, YHWH edo Elohim.ei dagokienez, arras berankorra da iturri bezala. Latinarena, zaharra izanik ere, ez da azkenaurreko adabaki katoliko eta aldakorra baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude