Hurrengo geltokia: espezismoa

Iñaki Segurola

Jende argitua ederki ari da hizkuntzak ideia eta jarduera gaiztoen kutsutik garbitzen. Sexismoan ari gara bide eder batzuk ebakitzen, hizkuntzak sexismoaren izurritik eginahalean garbituz. Gure euskara honek ez du aparteko lanik ematen aieka horretatik, seguraski hizkuntzari Ama Euskara hotsegiten diogulako eta, beraz, emea delako bera. Beti dago, ordea, oharkabeko arrastoren bat jo, igurtzi, astindu, marruskatu eta erauzi beharrekoa, eta, esanda bezala, ari gara bide eder bat egiten.

Gaurko honetan espezismoa atera nahi nuke argitara: hizkuntza askotan –eta gure honetan bertan– erdi-ezkutuan datzan espezismo gaiztoa, hain zuzen ere. Denok gara, era batera edo bestera, animaliak; ugaztunak ere bagara, eta, oso gustukoa dudan hitza erabiliz, «amakumeak» ere bagara, ama baten ume garenez gero gu eta beste izaki askotxo. Nere irudipena da, eta irudipena baino gehiago ere bai, gure hizkuntzetan beste animalia, beste ugaztun edo beste amakumeak modu iraingarrian erabiltzen direla hitzez, eta horrek erakusten digu, bidenabar esanda, gauzak oker dabiltzala egitez. Har ditzagun adibide moduan honako hitz euskarazko hauek: tximinokeria, zerrikeria, zakurkeria, astakeria, axerikeria edo xomorrokeria. Eta emanber ez dagoela gauza onik beste animalietan, aizue!

Gizonarekin edo gizakiarekin oso bestelako kontuak daude: badira gauza txarrak edo halamoduzkoak ere, eta hor dago gizonkeria, baina zer dago guretzat hoberik gizontasuna edo gizatasuna baino? Ikusten denez, espezismo zitalenak zainak oso barreneraino sartuak ditu gure hizkuntza dontsuan ere.

Gauza gaizto gehiago ere badaude zoritxarrez: animaliak osoki geure eskuan eta mendean behar ditugu baitezpada, edo hala dirudi behintzat. Konparazio batera, ardia, urdea eta behia etxekotuak eta eskuperatuak ditugu, baina zeharo hezi gabeko haien lehengusuei sasi-ardi (xaxardi), basurde eta betizu deitzen diegu, eta hitzezko jokabide honekin adierazten duguna da osoki gure mendekoa, eskupekoa eta eskortakoa ez den guztia sasigauza, basakeria edo izua dela berez. Bai ariera itsusia eta enpatimotza gurea! Maiz pentsatu izan dut, olgetan-benetan pentsatu ere, denok dirudigula Gizaburuagan jaioak eta giza-bihotzik gabe sortuak.

Sexismoaren kontrako borrokak ekin dion bide jatorretik, iruditzen zait badugula lan pixkat gure hizkuntza maitea beste animalien gaineko diskriminazio eta gutxiespenezko kutsutik garbitzen. Horrela lortuko dugu euskara izatea eraikitzen ari garen mundu garbi guztiaskatzaile txoragarriaren adierazpide egoki eta zuzena. Hala izan dadila!

5 erantzun “Hurrengo geltokia: espezismoa” bidalketan

  1. Gaur bertan “Urola Kostako HItza”n Azpeitiko animalista batek salatzen ditu “animaliekin egiten diren ASTAKERIAK”. Zer egiten dute ba? Animaliak ostikoz jo? Ez, ezta? Orduan ausart daitezela behingoz GIZONKERIA (eta GIZONTASUNa bera) salatzera, eta eman diezaiogun behingoz GIZON eta GIZA-ri merezi duten txar-kutsua.

  2. Inaki Segurolak dio: “Sexismoaren kontrako borrokak ekin dion bide jatorretik, iruditzen zait badugula lan pixkat gure hizkuntza maitea beste animalien gaineko diskriminazio eta gutxiespenezko kutsutik garbitzen.”

    Badirudi behin emakumeak diren animaliak kontuan hartuz gero, gainerako animaliak ere behar direla kontuan har, hau da, gizakiaren maila emakumeengana jaitsiz gero, zergatik ez gainerako animaliengana ere jaitsi?
    Txalupalariaren erantzunean ere parekatze bera ikus daiteke. Hizkuntza beti argibide!

    Bakartxo

  3. Oraintxe bertan (martxoaren 2ko arratsaldean) irakurri dut Iñaki Segurolaren artikulu hau eta Ignazio Txalupalarik eman dion “erantzuna”. Galdera ireki bat blog honen antolatzaileei eta irakurle guztiei: betetzen al dituzte “erantzun” honen tankerakoek gutxien-gutxieneko onargarritasun-irizpideak? Nire ustez, agerikoa da ezetz.

    1. Blogeko editoreok desegokitzat eta baztertzekotzat daukagu erantzun hori. Ezin izan genuenez garaiz gelditu, argitara atera da eta erantzunak izan ditu. Hartu ditugu berriro halakorik ez gertatzeko neurriak.

  4. Eskerrik asko eta muxu erraldoia Bakartxo, oraindik sen onik geratzen zaigula erakusteagatik… Giza onek eman kumek…

    Txalupalari (ziur horrez gain, haizela ehiztari): hominido batzuk sapiens generokoen artean ondo kamuflatuta bizi garela frogatzeko adibide paregabea haiz… Zientziak ikertu beharko gintuzke… Gorpu-emaile egingo al gaituk? Tira, har ezak almax bat…

Utzi erantzuna