Kodifikatu vs kodetu

Igone Zabala Unzalu

Eguneroko jardunean askotariko hizkuntza-elementuak erabiltzen ditugu oharkabean gure komunikazio-premiak asetzeko. Batzuetan beste hiztunen batek gure erabileraz harrituta galdetzen digunean hasten gara gogoeta egiten erabilera horien azpian egon daitezkeen arrazoiez. Horixe gertatu zitzaidan duela gutxi. «Halako hiztegian kodifikatua» idatzi nuen eta, «Zergatik kodifikatua eta ez kodetua?» galdetu zidan, orduan, solaskide batek, bide batez esanda, informatikaria zena. Banekien bi aditz horiek niretzat ez zirela sinonimo, baina azalpen zehatza behar nuen. Banekien kodetu mezuei buruz aritzeko erabiliko nukeela: mezuak (linguistikoak edo bestelakoak) kodetu eta deskodetu egiten dira. Biologia Molekularraren alorrean ere esaten da «geneak proteinak kodetzen dituzten DNA-sekuentziak direla» eta geneak transkripzio eta itzulpen prozesuen bitartez adierazten direnean, «deskodetzen direla» ere esan daiteke.[1] Kodifikatu aditza edo kodifikazio izena, aldiz, hizkuntza bateko hiztegi-elementuak eta horien adierak hiztegietan jasotzeaz aritzen nintzenean erabiltzen nuela pentsatu nuen. Horretaz gain, gogoratu nuen ikasleei Haugen-ek[2] proposatutako hizkuntza-plangintzaren lau urratsak (selection, codification, implementation eta elaboration) azaltzeko orduan ere erabiltzen nuela kodifikazio terminoa eta, kodifikazio prozesuaren barruan, graphization, grammatication eta lexication bereizten zituela Haugen-ek.

Bere momentuan ez nion buelta gehiagorik eman kontuari, baina gaur, auzia blog honetara ekartzea pentsatu dudalarik, hiztegietara jo dut argibide bila. Hiztegi Batuan kodetu, kodifikatu, kodetze, kodeketa eta kodifikazio daude jasota, esanahiari buruzko argibiderik gabe bada ere. Elhuyar Hiztegietan kodetu eta kodifikatu aditzak eta kodifikazio, kodeketa, kodetze eta kodifikatze izenak ageri dira, horretan ere xehetasun edo bereizketa semantiko-pragmatikorik gabe. Zehazki Hiztegiak, aldiz, zenbait bereizketa egiten ditu jasota dituen bi aditzen eta hiru izenen artean:

codificar 1 t (leyes) kodifikatu. 2 (mensajes) kodetu. 3 inform kodetu.

codificación 1 f (de leyes) kodifikatze, kodifikazio. 2 (de mensajes) kodetze.

Azpimarratzekoa da antonimoetarako deskodeketa eta deskodetze baino ez dutela jasotzen Elhuyar Hiztegiek eta Zehazki Hiztegian ere deskodetze / deskodeketa   izenak eta deskodetu aditza baino ez ditugula aurkituko. Hartara, ondoriozta dezakegu kodetu / deskodetu bikotea badagoela, baina kodifikatu aditzak ez duela eman #deskodifikatu antonimoa, hiztegi horien arabera, behintzat.

Erreferentziazko esanahiren baten bila jo dut, orduan, Euskaltzaindiaren Hiztegira, eta kodetu sarrera baino ez dut aurkitu. Zati batean behintzat Zehazki Hiztegian bezala, kodetu aditza mezuekin edo mezuak osatzeko sistemekin lotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

kodetu, kode/kodetu, kodetze 1 du ad. Kode bat eratu. 2 du ad. Mezuez mintzatuz, kode bateko arauen bitartez osatu.

Azkenik, Euskaltermen egin ditut bilaketak, espezialitate-alorrekin lotutako argibideren bat aurkitzeko asmoz. Aditzerako kodetu baino ez dut aurkitu, Informatika, Zuzenbide eta Hizkuntzalaritza alor-markekin. Izenerako, aldiz, aukera bat baino gehiago ageri dira espezialitate-alorretan zehar: kodetze Ekonomia eta Enpresa, eta Hizkuntzalaritza alorretan; kodeketa eta kodetze Informatika alorrean eta, azkenik, kodifikazio eta kodegintza Zuzenbide alorrean.

Azpimarratzekoa da Hizkuntzalaritza > Soziolinguistika azpialorrean kodetze terminoak Terminologia Batzordearen ponderazio-marka gorena daramala ((4) ), eta honela definituta dagoela:

Hizkuntzaren barietate estandarra finkatzeko arauak ezartzen dituen estandarizazio-fasea. Lexikalizazioa, grafizazioa eta gramatikalizazioa hartzen ditu barnean.

Alegia, nik kodifikazio esaten diodan Haugen-en codification terminorako gomendatzen du Terminologia Batzordeak kodetze ordaina. Definizio horrekin lotutako ingelesezko ordainari erreparatu diodanean, aldiz, encoding aurkitu dut, eta ez Haugen-ek berak erabilitako codification. Descodificación terminoa bilatu dut orduan, eta Hizkuntzalaritza > Semiotika azpialorrean kokatuta, deskodetze ordaina aurkitu dut euskararako, eta decoding ingleserako.

Interneten ingelesezko terminoen bilaketa azkarra eginez, ondorioztatu dut encode (/decode) eta encoding(/decoding) Semiotikan, Informatikan, Genetikan eta Hizkuntzalaritzan erabiltzen direla mezuak edota informazioa kode batetik bestera bihurtzeko prozesuei erreferentzia egiteko. Codify eta codification izenen definizioetatik, aldiz, ondorioztatu dut termino horiek bestelako adiera batzuetarako erabiltzen direla: metodoak edo erregelak sistematikoki antolatzea, ideiak edo teoriak formulazio estandar edo konbentzionalen bitartez adieraztea, hedatutako eskakizun edo praktika bat arau bihurtzea edota, Zuzenbide alorrean, sistema juridiko baten legeak eta arauak egitea eta kodeetan biltzea.

Hizkuntza-plangintzaren testuinguruan, hauxe dio Haugen-ek[3] kodifikazioaz eta horren urratsetako bat den lexikalizazioaz:

Codification may also be the work of a single individual, who more or less informally, more or less knowledgeably, decides to give explicit, usually written, form to the norm he has chosen… Beyond grammatication comes lexica­tion, or the selection of an appropriate lexicon. In principle this also involves the assignment of styles and spheres of usage for the words of the language.

Hiztegi-elementuak eta beren adierak eta erabilerak hiztegietan «kodifikatzea» funtsezkoa da hiztunen eta diskurtso-komunitateen erabilerak «norma» partekatuetara eramateko, baina kodifikazioak, komunikazioari lagunduko badio, kontuan hartu beharko du hiztegi-elementuen aldakortasuna, aldakortasun horren atzean egon daitezkeen kausa semantiko-pragmatikoak, diskurtsiboak eta estilistikoak identifikatzeari begira.

Artikulu hau idatzi ahal izateko egindako ibilbidearen ostean, ondorioztatu dut euskarazko hiztegiek eta datu-base terminologikoek bereizi egin beharko lituzketela kode izenetik eratorritako sarrerak (kodetu, deskodetu, kodetze, deskodetze, kodeketa, deskodeketa…) eta egokitutako maileguak diren kodifikatu eta kodifikazio, arrazoi semantiko-pragmatikoak baitaude bereizketa horien atzean eta, gainera, bereizketa horiek ondo egokitzen baitzaizkio lehen termino-sorkuntzan erreferentea den ingelesezko terminoen banaketa semantiko-pragmatikoari.

[1] Hain zuzen ere, blog honetan idatzi nuen lehen artikuluan (“Geneen adierazpen-askatasuna”), Biologia Molekularraren alorreko terminologia garatzeko zientzialariek erabili duten metafora-ildoaz aritu nintzen: «geneak hizkuntza jakin batean idatzitako edo kodetutako mezuak dira».

[2] Haugen, Eimar (1966) “Linguistics and Language Planning”, In William Bright (ed.) Sociolinguistics. The Hague: Mouton, 50-71.

[3] Haugen, Eimar (1983) “The Implementation of Corpus Planning: Theory and Practice” In Juan Cobarrubias & Joshua A. Fishman (ed.) Progress in Language Planning: International Perspectives. Berlin / New York /Amsterdam: Mouton Publishers, 269-291.

2 erantzun “Kodifikatu vs kodetu” bidalketan

  1. Artikulu interesgarria, Igone. Oro har bat natorrela uste dut, ‘kodetu’/’kodifikatu’ bereizi beharrari buruz, baina inguruko hizkuntzei begira jarrita, zalantzak sortzen zaizkit, beti bezala. Ea zer diozun:

    – Ingelesez, hiru aditz daude:
    – to encode (to decode): means to perform an operation that transform some information from one representational form to another. Something that is performing the act of encoding is, for example, an encrypter, or a compressor.
    – to code: means to express information through a proper standard representation.
    – to codify: to put (laws or rules) together as a code or system; to put (things) in an orderly form.

    – Gaztelaniaz, berriz, nik dakidala behintzat, ‘codificar’ (eta ‘descodificar’) baino ez.

    Informatikan ingelesezko ‘to encode’ (‘to decode’) eta ‘to code’ erabiltzen ditugu, eta euskaraz ‘kodetu’ (‘deskodetu’) eta ‘kodetu’ ematen ditugu. ‘codify’, berriz, zuzenbideko kontua da, batik bat, nahiz eta “gauzak txukun eta ordenatuta ezartzea” ere esan nahi duen.

    Nire zalantza da, beraz, ea ingelesezko terminoen banaketa semantiko-pragmatikoari erreparatzea beharrezkoa den. Izan ere, gaztelaniazkoari erreparatzen badiogu, euskaraz ere ez genuke ‘kodifikatu’ behar, ‘kodetu’rekin aski genuke.

    Baina, arrazoi beragatik, ingelesezkoari begiratzen badiogu hertsiki, euskaraz ere hiru beharko genituzke: ‘kodetu’ (‘deskodetu’), ‘koderatu’ (sekula erabili ez dena, nik dakidala, baina hain gaizki ere ez legokeena ‘to code’ horren baliokidetzat) eta ‘kodifikatu’.

    Xabier Artola Zubillaga.

    1. Eskerrik asko iruzkinagatik, Xabier. Kontua da gaztelaniaz “codificar” aipatzen dituzun adiera horietarako ez ezik, (Sozio)linguistikan ere erabiltzen dela Haugen-en “codify”/”codification” kontzepturako. Kontzeptu horrek badu lotura bat zuzenbideko adierarekin; izan ere, hizkuntza-elementuen erabilera-arauak hiztegietan, gramatiketan eta estilo-liburuetan islatzea esan nahi du.

      (Sozio)linguistika alorreko kontzeptu hori euskaraz adierazten dugunok (edo nik ezagutzen ditudanek behintzat) “kodifikatu” erabiltzen dugu euskaraz. Beraz, kontua ez da ingelesezko bereizketa euskaraz kalkatzea ala ez, baizik eta euskaraz erabiltzen ditugun bi formak “kodetu” eta “kodifikatu” gure erabilera (espezializatuen arabera banatzea.

      Informatikan “kodetu” eta “deskodetu” erabiltzen duzue eta zuen eskuetan dago “koderatu” ere erabiltzen hastea ‘to code’ esateko, edo orain arte bezala “kodetu” erabiltzea ‘to encode’ eta ‘to code’ adierazteko. Zuen komunikazio-beharrek baldintzatuko dute erabakia. Orain arte bezala ondo moldatzen bazarete “kodetu” sarrera polisemikoarekin, ez duzue edukiko “koderatu” neologismoa sortzeko.

      (Sozio)linguistikako kontzepturako, aldiz, ‘to codify’ erabiltzen dute ingelesez, eta “kodifikatu” erabiltzen dugu euskaraz kontzeptu hori gure espezailitate-alorrean adierazteko beharra izan dugunok. Hortaz, Euskaltermen ageri den sarrera ez dator bat ez ingelesezko terminoarekin ez eta euskaraz erabiltzen dugun terminoarekin ere. Hortaz, egokitu beharko lukete, nire iritziz, bai euskararako eta bai ingeleserako ere, termino horren erabilera kontuan hartu nahi badute behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude