Hizkuntzaren pertzepzio erreflexiboa

Aiora Jaka irizar

Ulertzen ez dugun hizkuntza bat ikastea oso gauza ederra izan liteke, dibertigarria, atsegina, are erraza batzuentzat, edota zeharo konplikatua, zaila eta etsigarria beste batzuentzat. Jende askok uste du hizkuntza zailak eta hizkuntza errazak daudela munduan: euskara, jakina, zailen artean kokatzen da, eta gaztelania eta ingelesa errazen artean. Blog honen irakurleok ondotxo dakigu guztiz baieztapen funsgabea dela hori, eta munduko hizkuntza guztiak izan daitezkeela ikasteko errazak nahiz zailak. Erdaldun gehienei euskara ikastea zaila gertatzen bazaie, ez da berez edo objektiboki hizkuntza zaila delako, baizik eta, batetik, ez duelako beste ezein hizkuntzaren antzik, eta, bestetik eta batez ere, euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoak ez duelako kasurik gehienetan hizkuntzaren barruan murgiltzeko testuinguru aproposik eskaintzen.

Pasa den irailetik, euskara ikasi nahian dabiltzan erdaldunen antzeko egoera batean aurkitu dut neure burua, bizi naizen herriko bi hizkuntzak (cria eta inuktituta), batetik, nik ezagutzen ditudan beste hizkuntzen guztiz bestelakoak direlako, eta, bestetik eta batez ere, hizkuntza guztiz minorizatuak direlako: nahiz eta biztanleriaren % 95ek hitz egiten duen gutxienez bi hizkuntza horietako bat, ingelesak presentzia erabatekoa du hezkuntzatik hasi eta aisialdi nahiz zerbitzuetaraino.

Baina bi hizkuntza minorizatu hauek ikastea zail bihurtzen duten bi faktore horiez gain, hirugarren arrazoi pisutsuago bat ere badela esango nuke, herri honetara iritsi naizenetik hizkuntzak ikastea eragotzi didan oztopo garrantzitsu bat: hiztunek berek beren hizkuntzari buruz azalpenak emateko duten gaitasun mugatua. Criaren eta inuktitutaren hiztegi eta gramatikak hutsaren hurrengoa izanik (bereziki criaren kasuan; inuktituta badirudi aztertuago eta finkatuago dagoela cria baino), bertako hiztunak ditut hizkuntza ikasteko baliabide bakar. Baina liburuetan aurkitu ezin ditudan azalpenak eskatzen hasten natzaienean, ohartzen naiz gehienetan ez dutela galdera ulertu ere egiten. Ia egunero gertatzen zaizkit honelakoak: «How do you say “What time is it?” in cree?» galdetzen diet nik, eta haien erantzuna: «It’s three o’clock». Ez dute ulertzen nik jakin nahi dudana ez dela zer ordu den, baizik eta nola galdetzen den criz zer ordu den. Etsipengarria da hiztun natiboak aurrez aurre izanik hizkuntzari buruz ezin komunikatu ahal izatea.

Lehengo batean, osaba Joxe Manueli nire frustrazioen berri ematen ari nintzela, garai bateko misiolarien pare sentitzen nintzela aipatu nion: inoiz inork idatzi ez duen hizkuntza bat deszifratu nahian, gramatika eta fonetika arauak ondorioztatzeko lanetan, fonemak idazteko sistema bat asmatzeko ahaleginean… Osaba Joxe Manuelek berehala jotzen du halakoetan liburuetara, eta, hurrengo bideokonferentzian, hantxe etorri zitzaidan nire oraingo egoera bete-betean ilustratzen duen aipu batekin. Euskaratu eta zuei eskaini nahi dizuedan pasartea José María Sánchez Carrión Txepetxen tesi ospetsuan aurkitzen da, eta XX. mende hasieran Marokoko riftarren gramatika bat idatzi zuen Fray Pedro Sarrionandiaren aipu bat biltzen du bere baitan:

Hizkuntzaren pertzepzio logiko edo erreflexibo baten faltak azaltzen du (neurri batean) misiolari, antropologo eta abarrek sentitzen duten etsipena, hautatutako komunitateetan integratzeko asmoz bertakoen hizkuntza ikastea erabakitzen dutenean eta ohartzen direnean laguntza oso eskasa edo guztiz baliogabea ematen dietela bertakoek beren hizkuntzaren izaera eta funtzionamendua eredu logikoen arabera argitzeko: «Riftarrak, beren ezjakintasun sakona dela kausa, guztiz ezgauza dira hitz egiten duten hizkuntzaren gainean beren kabuz inolako argirik egiteko. (…) Zeharo ezgauza dira inori irakaspen txikiena ere emateko, hainbesteraino, non ez baitute ulertzen ezein hitz nahiz esaldi abstraktu edo isolatu, hots, elkarrizketarekin lotura zehatzik ez duenik. Ezinezkoa da kontu honen inguruan duten ezjakintasunaren eta ezgaitasunaren ideia bat izatea, aurrez haiekiko tratu praktikorik izan ezean» (Sarrionandia, 1925 XVII eta XVIII).

(Sánchez Carrión 1987: 131, nire itzulpena)

Fray Pedro Sarrionandiaren hitzei arrazismo eta gutxiespen kutsu nabarmena darie, eta, gaur egun, haren esanak ez lirateke politikoki zuzenak izango (gogora datozkit oraintxe iaz Maialen Lujanbiok EHUko udako ikastaroen irekieran emandako hitzaldian jakintzari buruz esandakoak), baina aitortu behar dut nik neuk horixe bera sentitzen dudala askotan crien laguntzaz cria ikasten ahalegintzen naizenean. Gehienek ez dakite beren hizkuntzan idazten (eskolan, lehen hezkuntzako lehen mailatik hasita, ingelesez irakasten da dena, «hizkuntza cria» irakasgaia izan ezik), eta ez dira gauza hizkuntzak nola funtzionatzen duen esateko. Eskolan hizkuntza cria irakasten duen emakumeari galdetu nion behin zergatik den «zure» determinatzaile posesiboa batzuetan «chi-», beste batzuetan «st-» eta beste batzuetan «ku-» (nik neuk ondorioztatua nuen ordurako arau fonetiko bat, baina irakasle batek berrestea nahi nuen), eta harrituta begiratu zidan, bere bizitzan lehen aldiz ohartuko balitz bezala ingelesez beti «your» esaten dena criz hiru modu desberdinetan esan daitekeela. «A, egia da! Hitz guztiak banaka-banaka ikasi beharko dituzu, pixkanaka ulertzeko zein hitzek hartzen duen zein aurrizki…». Ez zen gai izan azaltzeko kontsonantez hasten diren hitzek «chi-» hartzen dutela, a eta i bokalez hasten direnek «sti-», eta u bokalaz hasten direnek «ku-».

Halako egoera batek hiztun «ezjakinak» sortzen ditu, Fray Pedro Sarrionandiaren hitzetan, edota «hizkuntzaren pertzepzio logiko edo erreflexiborik ez duten hiztunak», Txepetxen hitzetan. Honela jarraitzen du Txepetxek alfabetizazioaren eta kontzientzia linguistikoaren arteko loturaren inguruan:

Badirudi Piagetek «pentsamendu logikoa» deritzonaren sorrerarekin erlazionatuta dagoela pertzepzio logikoa, eta, zehazkiago —A. R. Luria psikolinguista errusiarraren azterketen ondoren badirudi zuzena dela halakorik onartzea—, silogismoak egiteko gaitasunarekin eta horien bidez ondorio «logikoak» eratortzeko prozesuarekin; ondorio logiko horien artean leudeke, jakina, hizkuntzaren beraren izaerari buruzko ondorioak. Luriak deskribatzen duen esperimentuetako bat —hala izenda baliteke— horrexetan datza, hain justu: hizkuntzaren beraren barruan, nola iragaten den pertzepzio naturaletik pertzepzio erreflexibora, eta, horrekin batera, besteak beste, baita «kontzientzia linguistikoa» hartzera ere. Hala, argi geratzen da nor bere hizkuntzan alfabetizatzearen helburu benetakoa ez dela soilik hiztunari idatzizko zeinu sistema bat irakastea, baizik eta, lehenik eta batez ere, bere hizkuntzaren pertzepzio erreflexibo-arrazional bat eskaintzea, horixe baitakar berekin kode idatziaren ikasketak.

(Sánchez Carrión 1987: 131, nire itzulpena)

Criak beren hizkuntzan alfabetizatu ezean, beraz (eta oraingo hezkuntza sistemak ez du halakorik bermatzen, inolaz ere), nekez garatuko dute beren hizkuntzaren pertzepzio erreflexibo-arrazionalik, eta, ondorioz, ez dira gauza izango beren hizkuntza inori irakasteko; are gutxiago beren hizkuntza ikasteko gramatika edo ikaslibururik idazteko. Crien artean bizitzera etortzen den kanpotarrak, beraz, ingelesa erabiltzea beste aukerarik ez du izango criekin komunikatzeko, eta ondotxo dakigu zer gertatzen den halako egoera «elebidunetan». Txepetxen tesia 16 bat urte nituela irakurri nuen, eta gauza asko eta asko ez nituen ulertu, baina ondo gogoan gelditu zitzaidan nola zioen euskaldunberririk izan ezean euskarak ez zuela bizirik iraungo. Beste hainbeste esan genezake criaz: cri-berririk gabe, criarenak egingo du.

Eta, halere, hemen jarraituko dut, koadernoa besapean hartuta batari eta besteari galdezka…

Erreferentziak:

Sánchez Carrión, José María (Txepetx) (1987). Un futuro para nuestro pasado (claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las lenguas, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Sarrionandia, Fray Pedro (1925). Gramática de la Lengua Rifeña. Madril: Akal.