Euskara maitea

Estitxu Irisarri Egia

Euskara maitea:

Idatzi ezin daitekeen hizkuntza; museokoa, museorakoa edo muserakoa, etxekoa edo etxerakoa, idatzi ezin daitekeen hizkuntza, txokoratua, txakurrekin eta haurrekin erabiltzekoa, biraorik ez duen hizkuntza, kontzeptu baterako hitz bat baino gehiago erabiltzen dituena, beste kontzeptu batzuk izendatu ezin dituena, hizkuntza txiroa, gazteen artean erabili ezin daitekeena, ligatzeko balio ez duena, zientzia zer den ezagutzen ez duena, basatien hizkuntza, separatistena, terroristena. Horrelako hainbat baieztapen eta topiko entzun izango dituzu urteen joan-etorrietan. Gorrituko zitzaizkizun honezkero amorruaz masailak eta belarriak!

Lizardik behinola zuri eskainitako hitz haiek gogorarazi nahi dizkizut gaur, inoiz ez dezazun etsi:

Baina nik, hizkuntza larrekoa,
nahi haunat ere noranahikoa:
jakite-hegoek igoa;
soina zahar, berri gogoa;
azal horizta, muin betirakoa.

Pentsatzen dut horrelako kemen hitzak eskertuko dituzula, eta nork ez! Historian zehar apurka-apurka zure besoak zabaltzen joan zara, baina zein da zure lekua? Urteen poderioz eta hizkuntza inperialisten eraginez garai batean murriztu zizuten hura? Eskualde xumeago batekin konformatu behar duzula esaten dizute batzuek, baina egoskorra izan behar duzu eta tinko eutsi zureari! Ala, beharbada, etsi eta denboraren poderioz eta zabarkeriaz ahultzen eta hondatzen joateko erabakia hartuko duzu?

Hezkuntzak leku handia egin dizula ikusiko duzu askotan, baina beste batzuetan, bakarrik sentituko zara ziurrenik. Izan ere, ezagutza eta erabilera ez dira sinonimo. Binomio bateraezin dira askotan. Zertarako nahi zaitugu zurekin ezin badugu hitz egin edo ez badugu hitz egin nahi? Jaun hark zioen ez zaitugula galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta dakigunok ez zaitugulako erabiltzen. Komunikatzen gara zurekin? Zuri laguntzeko gai al gara? Batzuek ahoan eta gogoan zaitugula diogu, eta, agian, egia izango da, baina gure esku dagoen guztia egiten al dugu?

Hain ezaguna zaigun estres linguistikoaren aurrean zein jokabide dugun aztertuko nuke gustura zure ondoan eserita. Lehenengo hitza euskaraz egiteko joera dugu askok. Baina etorkin batekin nola hitz egiten dugu? Pasatzen al zaigu burutik euskaraz jakin lezakeela? Izan ere, harrigarria da gaztelaniarekin harreman gutxi duten horiek euskararekin lortzen duten konexioa. Noski, testuinguruak ere eragin handia du.

Zer iruditzen zaizu, bestalde, zurekin hitz egin eta ikasi nahi, baina ezin dutenen kasua? Batzuetan, «hezkuntza sistema mugatuagatik», beste batzuetan, «eskualde okerrean» jaio edo bizitzeagatik. Zure bidezko hezkuntza eskatu eta aukera hori lortu gabe geratzen direnek izan behar duten pazientziaz ere aritu gintezke, nahi baduzu, edo zurekin Euskararen Nazioarteko Egunean soilik gogoratzen diren horietako batzuez.

Bestalde, nola egin zu gazteengana gerturatzeko? Musika, neska-mutil kontuak, literatura, filmak, telebista-saioak, biraoak, kale-hizkera, Interneteko webgune interesgarriak, etab. Baliabideak ehunka, baina estrategietan eskas gabiltzala dirudi. Ez zaituzte motibagarri ikusten edo ez dakigu zu eder egiten. Biluzik, eguneroko arropekin edo egun berezietako jantziekin jantzita, ez dugu lortzen. Zurekin hartu-emana egunero izan arren, mespretxatu egingo zaitu gazte askok.

Gauza bera gertatzen da heldu askoren kasuan ere. Euskal Herrian aspalditik bizi arren, ez dira gutxi zure besoek besarkatzea lortu ez dutenak, izan euskaldunen seme-alabak, izan erdaldunen seme-alabak. Muturrera jo eta gorroto zaituenik ere bada. Esaten dutenez, guztiek maite bagaituzte, zerbait gaizki egiten ari garen seinale da. Beraz, zer egin behar dugu, konformatu? Etsi? Ala guztien maitasuna lortzen saiatu? Eskertuko nizkizuke ideia eta gomendioak nora ez honetatik irteten lagun zaitzadan. Motibazio eta interes txikia oraindik ere Euskal Herriko txokoetan barrena. Berri Txarrak taldeak zioen bezala:

Batzu[k] mila kilometrora,
bihotzetik gertu alegia,
beste batzu[k] bertan bizita
horren urrun.

Badirudi distantziak baduela magikoa den zerbait. Exotismoa agian. Estatutik kanpoko eta kontinentez kanpoko unibertsitate eta euskal etxeetan eta autodidakten munduan interesa pizten jarraitzen duzu. Ezagutzen dut Black Friday batean ska musika CD bat erosi zuen estatubatuar bat, Negu Gorriak taldearen Kolore biziak abestiari esker maitemindu zen zurekin. Baina, hemen, zugandik gertu daudenek, euskara, eskuarekin laztandu eta ezpainekin musukatu zaitzaketenek ez dute zure magnetismoa sentitzen.

Noranahikoa nahi zaitugu, dudarik ez, baina ez zaitez bilakatu, mesedez, mundu mailako xelebrekeria, eta gurean desagertu. Izan ere, hegoek nolabaiteko prestigioa emango dizute, nola ez, eta baita lana  ere, baina existentzia ez dizute ziurtatuko, dakigun bezala, faktore askoren (kulturaren, hezkuntzaren, ezagutzaren, erabileraren, maitasunaren, tolerantziaren eta abarren) batuketa baita.

XXI. mendeko garapen jasangarri bezalako binomio ezinezkoak edo oximoronak sortu ditzakegun momentu honetatik, eta Interneten luze-zabal hedatzeko moduan zauden denbora tarte honetatik, inoiz zure garapen jasangarria bermatu ondoren gure lurraldean aske izango zaren esperantzaz, gutun hau (beti iruditu baitzait mezu elektronikoa baino erromantikoagoa) idatzi nahi izan dizut nire sentipen gazi-gozoak zurekin elkarbanatzeko. Terapeutikoa izan da erabat, ez dut irtenbiderik aurkitu, baina barrua apur bat hustuago dut. Halere, urduri eta zain jarraitzen dut, zu salbu ikusi arte ez baitut kenduko bizarra.

Har ezazu muxu linguistiko bat, hizkuntza-musu bat eta mihi-musu bat, gela hotzeko gauak epel dakizkizun.

Zure maitalea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude