Xabier Olarra
Artikulu honen lehen zatian izenburuen itzulpenean itzultzaileengan aurkitzen ditugun jokabideetako lehenaz aritu nintzen, ohikoenaz, itzulpen «zuzenaz» alegia, eta, oraingoan, bertan aipatutako beste biak aztertuko ditut labur-labur, itsaso zabal horretan sakoneraino murgilduz gero doktoretza-tesi bat egiteko adina gai dagoela jakinik.
B. Egokitzapena
1. Pop. 1280 > 1275 âmes > 1280 almas > 1280 arima
Jim Thompsonen lan ospetsuaren izenburuaren itzulpenean ikusten dugun aldaketa ez da handia, frantsesezkoan izan ezik. «Pop. = Populazioa» «arima» bihurtu izana testuan bertan justifikatua dago, nobelan bertan ere sinonimotzat hartzen baitira. Hor itzultzailea —eta Série Noire bildumaren zuzendari Georges Duhamel— Nick Corey sheriffaren ahotik ateratako astakeria bat oinarri harturik (beltzek ez dutela arimarik), herrixka horretako populazioaz izenburuak dioena aldatzera ausartu da! (1.280 arima -5 = 1275) Les belles infidèles gailurreraino eramanak. Traizioaren eta desleialtasunaren gozoak paradigma bihurtuta.
2. Double Indemnity > Assurance sur la mort > Pacto de sangre > Galbidea
Kasu honetan, euskaraz legokiokeen Indemnizazio/kalteordain bikoitza «itsusiari» ihes egiteko, James M. Cainen nobelatxoan oinarritutako filmak gaztelaniaz izan zuen izenburuaz (Perdición) baliatu nintzen.
Dena dela, aipatzekoa da bai gaztelaniara bai frantsesera nobelatxo hori ekarri duten itzultzaileei aseguru-kontratuetako mordoiloan oinarritutako izenburu hori ez zaiela oso erakargarria iruditu, eta egokitzera (edo aldatzera/ordezkatzera) jo dutela.
3. The Turn of the Screw > Le tour de l’ecrou > Otra vuelta de tuerca > Koxka bat estuago.
Zalantza handiak eta eztabaida ez gutxi izan ondoren, euskarazko ordain horretara iritsi ginen, berez legokiokeena, Tornilloaren buelta / Torlojuaren bira, «itsusi» samarrak iruditzen baitzitzaizkigun bai itzultzaileari eta bai argitaratzaileari. Berez dagokion ordainari buelta emateak ere, tornilloa tuerka bihurtzeak alegiak, ez zuen arazoa konpontzen, estetikaren aldetik. Aipatzekoa da, halaber, torlojua (screw) > tuerka (azkoin, dranbal) bihurtu izanak ez duela inolako arazorik sortu gure inguruko hizkuntzetan.
Gainera, kasu horretan, «esapide» arrunt bihurtu den izenburu baten aurrean ginen, eta irtenbide hori, tajuzko ordain bat aurkituz gero, eguneroko hizkuntzan ere baliagarria izango zen. Nolabaiteko arrakasta izan duela esan dezakegu (idazleren batzuek bere egin dute), baina enteratu ez direnek —eta haien izena legiotxo da— bakoitzak bere kasara emango diote beren irtenbidea.
4. Handcarved Coffins> Ataúdes finamente tallados > Cercueils sur mesure> Eskuz landutako hilkutxak
Kasu horretan, Truman Capoteren narrazio labur horren izenburu soila gutxitxo iruditu zaie, nonbait, itzultzaileei, eta fintasuna gehitzea nahitaezkoa iruditu zaio gaztelaniarako itzultzaileari (nahiz eta, kontakizunean jakingo dugunez, hilkutxa horiek hiltzaileak berak eskuz —labanaz zehazki— zur puska bati txirbila kenduz eginak izan. Fintasun gutxi, beraz. Frantsesezko ordaina eman duenari ere ez zaio aski iruditu eskuz eginak izatea azpimarratzea, eta «neurrira» eginak direla gehitu behar izan du.
5. Chien de printemps > Perro de primavera > Afterimage> Udaberri alua
Kasu horretan, Patrick Modianoren nobelatxoaren izenburuak bi adiera izan ditzake: «Txakur zaildu gabea», eta Udaberri «alua» («gaiztoa»). Ingelesezko itzulpenaren egileak liburuaren sarreran argitzen du zergatik ihes egin dion, Afterimage horren bidez, itzulpen literalari (In his introduction Polizzotti explains that the third title — literally ‘dog of spring’, figuratively an expletive meaning rotten or miserable spring — has been freely translated).
Euskarazko ordaina, “alua” hitza erabiltzeagatik eztabaidagarria izan liteke, baina badirudi itzulpen literalari ihes egitea komeni zela, nobelaren esanahiari heldu nahi izanez gero.
6. To Kill a Mockingbird> Matar a un ruiseñor > Quand meurt le rossignol, 1961> Alouette, je te plumerai, Isabelle Stoïanov ( 1989) Ne tirez pas sur l’oiseau moqueur, Isabelle Stoïanov en itzulpenean Isabel Hausserrek berregina. Aipagarria da hirugarrenean aurkitu dutela ordain egokia, bai hasierako rossignol hura eta geroxeagoko alouette hori alauda arvensis (hegatxabala), beste txori batzuk baitira.
Mockingbird hori (Estatu Batuetako fikzioan hain arrunta den txoria) mimus polyglotus omen da (itzultzaileon zaindari izendatu beharko genukeena, mimoaz gain poliglota ere ba omen da eta), ez inolaz ere «txori erresiñula» edo urretxindorra (Luscinia megarrhynchos). Euskaltermek ‘burla-txori’ edo ‘zozo isekari’ ordainak ematen ditu txori poliglotarentzat. Beraz, jatorrizkoaren ordain zuzena eman nahi izanez gero, horrelaxe eman beharko genuke. Beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan ere hasierako (des)bide horretatik jo dute: Uccidere un usignolo, Wer die Nachtigall stört, Matar un rossinyol, Por Favor, Não Matem a Cotovia / Mataram a cotovia (hegatxabala edo enara), baina ez guztietan, errusieraz edo neerlanderaz, esaterako, ez dute txoriaren izena aldatu.
Frantsesez adinako aldaketarik ez da izan beste hizkuntzetan. Hor, gure burla-txoriari burla eginez (azeriak beleari bezala), lehenik urretxindor bihurtu zuten, gero hegatxabal (alauda arvensis) eta azkenik berez zegokion izena eman diote, ingelesezkoari behar adina hurbilduz: mocking bird = oiseau mocqueur. Baina liburuaren izenburua osorik ematean, moldaketara jo dute hor ere, «ne tirez pas» horren bidez gaur egungo gizartearen ehizaren kontrako jarrerari edo amore emanez.
Ikusi egin beharko euskaraz Harper Leeren nobela ospetsua itzultzen ari direnek zertan uzten duten abiapuntutik hautatua duten «urretxindor» hori.
C. Ordezkapenak
Aipatzekoa da, halaber, izenburuekin erabiltzen den —dugun— azken prozedura, egokitzetik (edo «desegokitzetik») harantzago doana: ordezkapena deitu diot, holako asko ezin baitaitezke inola ere itzulpentzat jo.
The Long Goodbye > Sur un air de navaja > El largo adios > Ez adiorik.
Garbi gelditzen da gaztelaniazkoak bakarrik jarraitu diola zuzen jatorrizkoari. Besteok, belarri-kontuengatik edo auskalo, desbideratzea erabaki genuen.
Frantsesez badira itzulpen berriagoak okerra modurik errazenean konpondu dutenak: ingelesez bere horretan utzi dute izenburua. The Long Goodbye izenburuarekin ageri da R. Chandlerren nobela honen frantsesezko itzulpen berriena (Le long adieu irensgaitza egiten ote zaie —itzultzaile?, argitaratzaile?, irakurle?— frantsesei?
Goraxeago emandako adibideak ikusita, gehiegikeria horietatik aldenduz bide «zuzenera» itzultzea ote gaurko joera? Ez ba. Hona eskuartean berriki erabili dudan liburu sorta baten izenburuen itzulpenak, adibide gisa:
ELENA FERRANTE. NAPOLIKO TETRALOGIA
1 L’amica geniale > La amiga estupenda > L’Amie prodigieuse / My Brilliant Friend > Adiskide paregabea
2 Storia del nuovo cognome > Un mal nombre > Le Nouveau Nom > The Story of a New Name
3 Storia di chi fugge e di chi resta > Las deudas del cuerpo >Those Who Leave and Those Who Stay
4 Storia de la bambina perduta > La niña perdida > The Story of the Lost Child.
Beraz, badirudi liburugintzan marketinak gero eta indar gehiago duenez, ohitu egin beharko dugula horrelako desbiderapenetara, nahiz eta, gehienetan, oso zilegiak izan ez.